4. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an hartua, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen araubidea eta prezio publikoak ezartzen dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 7. artikuluko d) idatz-zatiaren arabera, gizarte zerbitzuen erabiltzaileen betebeharretako bat zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzea da, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean.

Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak gizarte zerbitzuen hartzaileek prestazio bakoitzean izanen duten partaidetzaren araubidea ezartzen du.

Uztailaren 25eko 7/2012 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari dagozkio gizarte zerbitzu orokorren zorroaren prestazioen kudeaketa eta koordinazioa, ondoko arlo hauetan: mendekotasuna dutenentzako arreta, adinekoentzako arreta, desgaitasuna dutenentzako arreta eta gaixotasun mentala dutenentzako arreta.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onesten dituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluak Gobernu Kontseiluari esleitzen dizkion ahalmenetako bat da sistema publikoko zentroak eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gobernu Batzordeak 1997ko ekainaren 18an hartutako Erabakian, erakunde autonomo horrek zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onetsi ziren. Erabaki horrek eta izan dituen aldaketek arautu dituzte zerbitzu berekiei zein hirugarrenekin kontratatutako zerbitzuei aplikatzen zaizkien prezioen sistema, hau da, erabiltzaileen ekarpena, eta diru kopuruak eguneratu dituzte, eta urtez urte bildu, ia modu berean, prezio publikoei dagozkien salbuespenak eta hobariak.

Gizarte zerbitzuen sistema publikoa osatzen duten zerbitzuei heltzeko bideek eta, bereziki, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zerbitzuetako bati heltzekoak, erregulazio bakar bat izatera behartzen dute, bat etorriko dena Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema osatzen duten irizpideekin, kontzeptu desberdinengatik zerbitzu berdinak jaso behar dituzten pertsonek ez dezaten tratamendu ekonomiko desberdina eta justifikatugabea izan.

Esleitutako ahalmenak erabiliz, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak,

ERABAKI DU:

Lehendabizikoa.–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak, eranskinean ageri direnak, onestea.

Bigarrena.–Erabaki hau Gizarte Politiketako Departamentuari eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ondoriorik gabe uztea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gobernu Batzordeak 1997ko ekainaren 18an hartutako Erabakia, erakunde autonomo horrek zuzenean edo zeharka kudeatzen zituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onesten zituena; orobat, izan dituen aldaketak.

Laugarrena.–Erabaki honetan aurreikusitako araubidea osatzen duten prezio publikoek eta arauek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.

Iruñean, 2013ko abenduaren 17an.–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko idazkaria, Carlos Arana Aicua.

ERANSKINA

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuei aplikatuko zaien prezio publikoen araubidea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ematen dituen zerbitzuei aplikatuko zaizkien prezio publikoen zenbatekoak eta araubidea ezartzea du xede Erabaki honek, zerbitzu horiek zuzenean kudeatuz nahiz beste entitate publiko batzuekin itunduz edo entitate pribatuekin kontratatuz eman.

2. artikulua. Zerbitzu motak.

Hauexek dira Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ematen dituen zerbitzuak, Erabaki honetan aurreikusitako prezio publikoen bidez ordain daitezkeenak:

a) Zahar-etxeko arreta.

b) Eguneko eta gaueko arreta.

c) Egoitza-etxeko arreta.

d) Tutoretzapeko etxebizitzako, etxebizitza funtzionaleko eta/edo etxebizitza gainbegiratuko arreta.

e) Larrialdiko telefono zerbitzua.

f) Laguntzadun garraio egokitua.

g) Jantoki zerbitzua egoiliarrak ez direnentzat.

h) Igerilekua egoiliarrak ez direnentzat.

i) Zentro berekietan kokatutako beste instalazio batzuk.

3. artikulua. Ordainketa egitera behartuak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako zerbitzu bakoitzaren onura jasotzen duten pertsona fisikoak daude prezio publikoak ordaintzera behartuta, Erabaki honetan araututako moduan.

Zerbitzuaren erabiltzaileak adingabeak edo juridikoki desgaituta daudenak direnean, guraso-ahala edo tutoretza dutenak egonen dira ordaintzera behartuta. Pertsona heldu desgaituen kasuan, ordezkatutako pertsonaren errentaren eta ondarearen kargura ordainduko da.

4. artikulua. Prezio publikoak.

Finkatu diren kopuruak dira Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zerbitzuaren erabiltzaileak ordaintzeko zehazten dituen prezio publikoak, zerbitzuaren kostuan parte-hartzea dela eta.

Diru-kopuru horiek ez dira inolaz ere zerbitzuek aipatu erakundeari sortzen dioten benetako kostua.

Diru-kopuru horiek ekitaldi ekonomiko bakoitzaren hasieran eguneratuko dira, non ez dituen Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak aldatzen.

1. Adineko pertsonen arloa.

1.1. Adineko pertsonak:

a) Zahar-etxeko arreta:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 758,83 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 1.391,73 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 1.460,47 euro/hilabetea.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.529,22 euro hilean.

Plaza itunduak dituzten egoitzetan, itundutako moduluaren prezioa tarifa publikoa baino txikiagoa bada mendekotasun mailaren arabera, tarifa hauek aplikatuko dira:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 560,12 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 1.027,30 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 1.078,03 euro hilean.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.128,77 euro hilean.

Sendatu bitarte aldi baterako sartutako pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun larriari dagokion tarifa aplikatuko da.

b) Eguneko eta gaueko arreta.

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 324,66 euro hilean.

–Mendekotasun mailaren bat aitortua duten pertsonak: 463,89 euro hilean.

1.2. Psikogeriatria:

a) Zahar-etxeko arreta:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak, mendekotasun moderatua dutenak eta mendekotasun larria dutenak: 1.391,73 euro hilean.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.529,22 euro hilean.

b) Psikogeriatriako eguneko eta gaueko arreta: 463,89 euro hilean.

2. Desgaitasuna duten pertsonen arloa.

2.1. Desgaitasun fisikoa edo/eta patologia mistoa duten pertsonak:

a) Zahar-etxeko arreta:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 1.364,58 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 1.398,66 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 1.449,04 euro hilean.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.499,42 euro hilean.

Sendatu bitarte aldi baterako sartutako pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun larriari dagokion tarifa aplikatuko da.

b) Tutoretzapeko etxebizitzako edo etxebizitza funtzionaleko arreta: 501,02 euro hilean.

c) Eguneko eta gaueko arreta: 463,89 euro hilean.

d) Eguneko arreta 21 urtetik beherakoentzat, hezkuntza arreta ematen duen zentroan: 150 euro hilean.

2.2. Adimeneko desgaitasuna duten pertsonak:

a) Zahar-etxeko arreta:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 1.182,63 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 1.212,20 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 1.255,85 euro hilean.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.299,49 euro hilean.

Sendatu bitarte aldi baterako sartutako pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun larriari dagokion tarifa aplikatuko da.

b) Tutoretzapeko etxebizitzako edo etxebizitza funtzionaleko arreta: 501,02 euro hilean.

c) Eguneko arreta: 463,89 euro hilean.

d) Eguneko arreta 21 urtetik beherakoentzat, hezkuntza arreta ematen duen zentroan: 150 euro hilean.

3. Gaixotasun mentala duten pertsonen arloa.

a) Zahar-etxeko arreta:

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 1.182,63 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 1.212,20 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 1.255,85 euro hilean.

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 1.299,49 euro hilean.

Sendatu bitarte aldi baterako sartutako pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun larriari dagokion tarifa aplikatuko da.

b) Tutoretzapeko etxebizitzako, etxebizitza funtzionaleko eta/edo etxebizitza gainbegiratuko arreta: 501,02 euro hilean.

c) Eguneko arreta:

–Programa terapeutikoa eta errehabilitaziokoa (CPRS): 0 euro hilean.

–Eguneko zentroko programa (CPRS), jantokiko zerbitzurako ekarpena: 83,40 euro hilean.

d) Gaueko arreta: 463,89 euro hilean.

f) Egoitza-Etxea: 955,70 euro hilean.

4. Zerbitzu komunak:

a) Larrialdiko telefono zerbitzua:

–Mendekotasun handia duten pertsonak: 6,59 euro hilean.

–Mendekotasun larria duten pertsonak: 6,59 euro hilean.

–Mendekotasun moderatua duten pertsonak: 7,30 euro hilean.

–Mendekotasunik ez duten pertsonak: 7,30 euro hilean.

b) Lagundutako garraio egokitua:

–Arreta anbulatorioko zentroetara joatea: 73,96 euro hilean.

–20 km-tik gorako distantziak: egindako kilometro kopurua (joan-etorria) 0,20 eurorekin biderkatuta, gehienez ere 147,94 euro hilabetean.

–Zentro bereki eta itunduetako erabiltzaileak lekuz aldatzea:

  • Zentroak programatu gabeko jarduerak edo presakoa ez den arretarako eta beste erabilera batzuk: 3,68 euro erabiltzaileko (joan-etorria).
  • 20 km-tik gorako distantziak: egindako kilometro kopurua (joan-etorria) 0,20 eurorekin biderkatuta.

c) Jantoki zerbitzua ez-egoiliarrentzat: 4,17 euro/eguna.

d) Igerilekua egoiliarrak ez direnentzat:

–5,58 euro saioko, langile espezializatuak barne, eta gehienez ere hiru pertsona saioko. Pertsona gehigarri bakoitzeko kostua: 1,81 euro.

–3,58 euro saioko, langile espezializatuak kanpo, eta gehienez ere hiru pertsona saioko (zerbitzua hartuko duen entitateak langile espezializatuak ekarri beharko ditu: begiralea eta zaintzailea). Pertsona gehigarri bakoitzeko kostua: 1,16 euro.

e) Zentro berekietan kokatutako beste instalazio batzuk:

–Ekipamendu espezializatua dutenak: 5,58 euro saioko; gehienez ere 3 lagun saio bakoitzean. Pertsona gehigarri bakoitzeko kostua: 1,81 euro.

–Ekipamendu espezializaturik gabe: 5,58 euro orduko.

5. artikulua. Murrizketak eta norberak libre erabiltzekoa.

Ezarritako prezioetan murrizketak aplikatzeko, gizarte zerbitzuen erabiltzaileek, beren legezko ordezkariek edo zerbitzuak eskatzen dituzten pertsonek beren familia unitateko urteko diru-sarrera guztien frogagiria aurkeztu beharko dute erakunde autonomo eskudunean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez.

Erabiltzaileen baldintza sozioekonomiko guztiak baloratu ondoren, jarraian zerbitzu bakoitzerako aipatzen diren murrizketak aplikatuko zaizkie, oro har, ezarrita dauden prezio publikoei.

Salbuespen gisa, murrizketak planteatzen ahalko dira, orokorrean aurreikusita ez daudenak, zerbitzuak ordaindu beharrak eragindako egoera ekonomiko larrian daudela frogatzen dutenentzat (txosten teknikoak eta beharrezkoak diren dokumentu ekonomikoak).

Erabiltzaileak libre erabiltzeko adierazitako kopuruak besterik gabe eguneratuko dira ekitaldi ekonomiko bakoitzaren hasieran, Foru Komunitatean kontsumorako prezioen indizeak izandako aldaketaren arabera.

1.–Adineko pertsonen arloa.

a) Zahar-etxeko arreta.

Alde batera utzirik zerbitzu honen erabiltzaileek sor dezaketen zorra segurtatzeko eraturiko bermeak, tarifa publiko osoa ordaintzeko behar adina baliabiderik ez dutela frogatzen dutenean, hileko per capita errentaren %90 aplikatu ondoren ateratzen den zenbatekoa ordainduko dute norberaren ekarpen gisa, tarifa muga izanik.

Portzentaje hori aplikatu ondoren ez da inolaz ere egoiliarrak libreki erabiltzeko geldituko 1.757,06 eurotik beherako kopururik urtean, mendekotasunik ez duten pertsonen kasuan, eta 1.728,74 eurotik beherakorik mendekotasuna duten pertsonen kasuan.

Erabiltzailearen ezkontidea eta/edo haren mendeko seme-alabak familiaren etxean bizi baldin badira, urteko per capita errentaren ondorioetarako, 2.387,17 euro kenduko dira familia-unitatearen guztirako diru-sarreretatik, haietako bakoitzak libreki erabil dezan.

b) Eguneko eta gaueko arreta.

Zerbitzu hau erabiltzen dutenei, tarifa gisa, hileko per capita errentaren %50 aplikatuko zaie, hirugarren pertsonarentzako laguntza barne dela; betiere, aurreko atalean libreki erabiltzeko kopurua bermatuko da.

2) Desgaitasuna, patologia mistoa, duten pertsonen arloa eta gaixotasun mentala duten pertsonen arloa.

Betiere, zerbitzu eta prestazioen kostuan parte-hartzeak norberaren gastuetarako gutxieneko kopurua, haietako bakoitzarentzat adierazitakoa, bermatuko dio erabiltzaileari.

Erabiltzailearen ezkontidea eta/edo haren mendeko seme-alabak familiaren etxean bizi baldin badira, urteko per capita errentaren ondorioetarako, ahaide bakoitzarengatik erabiltzaileak libreki erabil dezan utzitako kopurua kenduko da familia-unitatearen guztirako diru-sarreretatik.

a) Egoitzako arreta 18 urtetik gorako pertsonentzat:

Zerbitzu hau erabiltzen dutenek hileko per capita errentaren %90 ordainduko dute, tarifa muga izanik. Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz erabiltzaileak libreki erabiltzeko geldituko den diru kopurua ez da urtean 2.620 euro baino txikiagoa izanen.

b) Egoitzako arreta 18 urtetik beherako pertsonentzat:

Zerbitzu hau erabiltzen dutenek hileko per capita errentaren %90 ordainduko dute, tarifa muga izanik. Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz erabiltzaileak libreki erabiltzeko geldituko den diru kopurua ez da urtean 3.858,20 euro baino txikiagoa izanen.

c) Tutoretzapeko etxebizitzako, etxebizitza funtzionaleko eta/edo etxebizitza gainbegiratuko arreta.

Zerbitzu hau erabiltzen dutenek urteko per capita errentaren %50 ordainduko dute, tarifa muga izanik. Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz erabiltzaileak libreki erabiltzeko geldituko den diru kopurua ez da urtean 3.858,20 euro baino txikiagoa izanen.

d) Egoitza-etxea:

Zerbitzu hau erabiltzen dutenek hileko per capita errentaren %90 ordainduko dute, tarifa muga izanik. Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz erabiltzaileak libreki erabiltzeko geldituko den diru kopurua ez da urtean 3.223,44 euro baino txikiagoa izanen.

e) Eguneko eta gaueko arreta:

(I) Ezarritako tarifa aplikaturik, erabiltzaileak libreki erabiltzeko geldituko den diru kopurua ez da urtean 3.223,44 euro baino txikiagoa izanen.

(II) Zerbitzu hau erabiltzen duten 21 urtetik gorako pertsonek hurrengo hobari edo murrizketak izanen dituzte, beren familia-unitatearen urteko per capita errentaren eta ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren (IPREM) arabera:

IPREM %

PER CAPITA ERRENTA EUROTAN

TARIFAKO HOBARIAREN %, GARRAIOA BARNE

TARIFAKO HOBARIAREN % GARRAIORIK BEHAR EZ BADU

GEHIENEZ ERE %50

3.727,57

100

100

%50ETIK AURERA

3.727,58

85

80

%60TIK AURRERA

4.473,09

80

75

%70ETIK AURRERA

5.218,31

75

70

%80TIK AURRERA

5.964,12

70

65

%90ETIK AURRERA

6.709,64

65

60

%100ETIK AURRERA

7.456,14

60

55

%110ETIK AURRERA

8.200,66

55

50

%120TIK AURRERA

8.946,18

50

45

%130ETIK AURRERA

9.691,69

45

40

%140TIK AURRERA

10.437,21

40

35

%150ETIK AURRERA

11.182,72

35

30

%160TIK AURRERA

11.928,23

30

25

%170ETIK AURRERA

12.673,75

25

20

%180TIK AURRERA

13.419,26

20

15

%190ETIK AURRERA

14.164,78

15

10

%200ETIK AURRERA

14.910,29

10

5

%210ETIK AURRERA

15.655,80

5

0

%220TIK AURRERA

16.401,32

0

0

II. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Organo eskuduna.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari dagokio erabaki honetan araututako prezio publikoen kudeaketa eta likidazioa, entitate itunduen esku uzten dituen eginkizun eta ahalmenak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagozkionak galarazi gabe.

7. artikulua. Ahalmen ekonomikoa.

1. Erabiltzailearen beraren ekarpena finkatzeko, haren ahalmen ekonomikoa hartuko da kontuan.

Erabiltzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, eskatzailearen familia-unitateko kide guztien errenta hartuko da kontuan, baita haren ondaren pertsonala ere.

Eskaera aurkezteko egunean zein den azken zergaldia, aitorpena aurkezteko epea mugaegunera iritsia duena, hari dagokiona izanen da errenta eta ondarea zehazteko zenbatuko den denbora.

Orobat, ahalmen ekonomikoa zehazteko, onuradunak ondarearen gainean egindako xedapenak zenbatuko dira, xedapen horien eta zerbitzu eskaeraren artean iragandako denboraren arabera egozten ahal diren portzentajeei jarraituz.

2. Erabaki honen ondorioetarako, honako hauek osatuko dute familia-unitatea:

a) Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

b) Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik direnak.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia-unitateko kide izanen dira 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta gurasoengandik bereizita bizi ez badira. Desgaitasunen bat eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera handiagoak dituzten 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, familia-unitatean sartzen ahalko dira norberak edo bere legezko ordezkariak eskatuta.

8. artikulua. Errenta zehaztea.

1) Errentatzat hartuko dira familia-unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen diru-sarrera guztiak:

a) Lanaren etekinak, gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak barne, horien araubidea edozein izanik ere. Besteren konturako lan-etekinen sarrera gordinetatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak kendu behar dira, baita eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutakoa ere.

b) Ondasun higigarrien nahiz higiezinen kapitalaren etekinak.

c) Enpresa- edo lanbide-jardueretako etekin garbiak.

2) Onuradunaren diru-sarreretan errenta gisa hartuko da abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 31. artikuluan agertu eta antzeko ezaugarriak eta xedeak dituzten prestazioen zenbatekoa.

3) Adineko onuradunen errenta zehazteko, ohiko etxebizitza erosteko edo haren alokairua kontratatzeko urtero mailegu gisa kengarriak diren zenbatekoak hartuko dira kontuan, indarra duen zerga araudiak dioen moduan; orobat, mendekotasuna duenaren ohiko etxebizitzan oztopo fisikoak egokitu edo kentzeko jasotako laguntzak edo diru-laguntzak deskontatzen ahalko dira kopuru horretatik.

4) Desgaitasun arloan, onuradunen urteko errenta zehazteko, erabiltzailearen familiak haren minusbaliotasunagatik jaso dezakeen edozein eratako prestazio ekonomikoak ere erabiltzailearen diru-sarrerak izanen dira, zentroetako erabiltzaileak eskolatzen laguntzeko beka eta laguntzak izan ezik. Era berean, egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileek zentro okupazionaletan lortutako eskersariak ez dira zenbatuko, zerbitzu mota horretan norberak libre erabiltzeko ezarritako kopuruaren %50 arte, gehienez ere.

9. artikulua. Ondarea zehaztea.

Ondaretzat hartuko da erabiltzailearen higigarrien eta higiezinen kapital osoa, prestazioa hasi aurreko lau urteetan baloratua; edozein ondare-gutxitze frogatu beharko da. Justifikatu gabeko ondare gutxitze edo xedapenen kasuan, haien eta zerbitzu eskaeraren artean iragandako denboraren arabera portzentajea aplikatuta zehaztuko da zer ondare-balio egotzi. Horren balioa kalkulatzeko, aplikatu beharreko zerga araudia hartuko da kontuan.

Ondarearen balioa kalkulatzeko, ez da ohiko etxebizitzaren balioa kontuan hartuko, baldin eta familia-unitateko kideak badaude etxebizitza horretan bizitzen jarraitzen dutenak, nahiz egoitza-zerbitzua izan. Titularkideren bat bada, eskatzailearen jabetzari dagokion portzentajea bakarrik hartuko da kontuan.

Ondarearen balioa zenbatzeko ez da kontuan hartuko familia-unitateko kideen ondasun eta eskubideen balioa, enpresa nahiz lanbide jarduera betetzeko beharrezkoak izanez gero, betiere jarduera hori familia-unitateko kideetako edozeinek azturaz eta zuzenean burutzen badu eta unitatearen errenta-iturri nagusia bada.

Desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteko eta, xede berarekin, Kode Zibila, Prozedura Zibilari buruzko Legea eta tributu arloko araudia aldatzeko azaroaren 18ko 41/2003 Legean araututako ondare babestu batera ekarritako ondasun eta eskubideak, haren titularra onuraduna denean, ez dira kontuan hartuko ondarea zehazteko, lotura horrek irauten duen artean. Ondare horretatik sortutako errentak, aldiz, kontuan hartuko dira, ondarean sartu ezean.

10. artikulua. Hilabeteko per capita errenta eta banakako ekarpena.

Hilabeteko per capita errenta kalkulatzeko, urteko ahalmen ekonomikotik abiatuko da, hori 7. artikuluaren arabera kalkulatuta, eta hura familia-unitateko kideen kopuruaz eta hamabi artean zatituta.

Erabiltzailearen banakako ekarpena ateratzeko, 5. artikuluan ezarritako portzentajea aplikatuko zaio hilabeteko per capita errentari, zerbitzu bakoitzerako finkatutako prezio publikoa muga izanik.

Ondasun higigarrien kapitala 180.000 eurokoa edo handiagoa duten erabiltzaileen ekarpena zerbitzuaren benetako kostuaren prezioaren eta zerbitzuari lotutako prestazioaren gutxieneko diru-kopuruaren (Estatuak bere mendekotasun mailarako ezarritakoa) arteko aldea izanen da.

4. artikuluan ezarritako zerbitzu komunak ordaintzera behartutakoek osorik ordainduko dute dagokien prezio publikoa, ahalmen ekonomiko nahikoa dutenean.

Zerbitzuen erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa finkatzeko, familia-unitatea osatzen dutenen edozeini dagozkiokeen laguntza, prestazio, pentsio edo sorospenak eskatu izanaren frogagiriak eskatzen ahalko dira.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zehaztuko du erabiltzaileak zerbitzuari eginen dion ekarpena, indarra duen araudiari jarraituz hari edo familia-unitatea osatzen duten guztiei dagozkiekeen diru-kopuruak zenbatuta.

11. artikulua. Banakako ekarpenak berrikustea.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zuzenean edo zeharka emandako zerbitzuak ordaintzeko banakako ekarpenak ofizioz edo interesdunak nahiz horren ordezkariak eskatuta berrikusiko dira, prezio publikoa aldatzen duen edozein inguruabarretan gorabeherarik dagoenean.

Zerbitzuen onuradunak behartuta daude banakako ekarpenean eragina izan dezakeen haien inguruabar ekonomiko eta pertsonaletako edozein aldaketaren berri ematera, hura gertatu eta hogeita hamar egunean, gehienez ere.

III. KAPITULUA

Sorrarazpena eta ordainketa

12. artikulua. Sorrarazpena.

2. artikuluan ezarritako edozein zerbitzu edo jarduera eman edo egiten den une berean sortuko da Erabaki honetan araututako prezio publikoak ordaintzeko betebeharra.

13. artikulua. Ordainketa.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zuzenean edo zerbitzua ematen duen entitateak, banku-helbideratzearen bidez, ordainagiria kobratzeko dagokionari aurkezten dion unean ordaindu beharko da esleitutako banakako ekarpena.

14. artikulua. Zorra onartzea eta bermeak ezartzea.

Behar adinako baliabide likidoak ez izateagatik, hilabeteko ekarpen ekonomikoarekin zerbitzuaren prezio publiko osoa ordaintzen ez duten erabiltzaileek zorra sortuko dute Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziarekin, egiten duten ekarpenaren eta erakunde horrek zentro bereki edo itunduetarako ezarritako prezioaren arteko aldea, hain zuzen. Prezio horiek Zahar-etxeetako egonaldiak finantzatzeko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa arautzen duen abenduaren 29ko 17/2000 Foru Legean daude finkatuta.

15. artikulua. Ez-ordaintzea.

Zerbitzu bakoitzagatik sorrarazitako prezio publikoaren ordainagiria banku bidez itzulita ordaintzen ez bada, haren zenbatekoa eskatuko da, eta 30 egun naturaleko epea emanen da ordaintzeko.

Epe hori eskatutakoa ordaindu gabe iraganik, premiamenduaren bidezko administrazio prozedura erabiliko da prezio publikoa eskatzeko, diru-bilketaren araudian xedatutakoari jarraituz.

Aurreko ataletan adierazitakoa galarazi gabe, behin eta berriro eta justifikatu gabe ordaintzen ez diren zerbitzuen erabiltzaileak, onuradunari edo horren ordezkariari aldez aurretik abisatuta, ordu arte jasotako zerbitzuak bertan behera uzteko espediente baten xede izan daitezke.

Xedapen iragankor bakarra.–Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak indarra hartu aurreko diru-sarrerak.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak indarra hartu aurretik sartutako erabiltzaileentzat, prestazio bermatu baterako eskubidea frogatzen ez badute, baliatzen ahal den/laguntza behar duen erabiltzaile gisa sartzeko irizpidearen tarifak mantenduko dira, eta mendekotasunik gabeari/mendekotasun larria duenari dagozkion tarifekin berdinduko dira, non ez den mendekotasun maila aplikatzen zaion tarifa baino handiagoa.

Iruñean, 2013ko abenduaren 17an.–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko idazkaria, Carlos Arana Aicua.

Iragarkiaren kodea: F1318098