243. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1859/2014 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena”. 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean hartu zuen erabakia, hau da, “Erabakia, Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena”.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN ADMINISTRAZIO ARAUBIDEKO KONTRATAZIOA ARAUTZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zenetik, Estatuko legeriak arautzen zituen Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak egitea eta horiek kudeatzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak abenduaren 10ean emandako 1482/2004 Ebazpenaren bidez onetsi zen Kontratazio zerrendak eta izendapenak egiteko prozedura eta kudeaketa erregimena arautzen duen erabakia.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2006ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileei aplikatzen zaien araubide juridikoa Nafarroako Foru Erkidegoaren araudira egokitzeko prozesua hasi zen, maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituenak, 106.1 artikuluan ezarritako arau-agindua betez.

Kontuan harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzura aldi baterako kontratatzen diren langileen gaietan ez dela halako egokitzapenik egin, aldi baterako kontratatzeko zerrendak egiteari eta horiek kudeatzeari buruzko arau bat onetsi beharra dago, Nafarroako Foru Erkidegoaren arautegira egokitzeko, Unibertsitatearen esparruan ezartzen diren berezitasunak galarazi gabe.

Baldintza horiek kontuan hartuta, Unibertsitateko Kudeatzailetzak arau propio bat prestatu du, NUPeko langileen aldi baterako administrazio araubideko kontratazioaren kudeaketa arautuko duena. Hona hemen hitzez hitz.

Kudeatzaileak proposatuta eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuekin aurretik negoziatuta, honako hau da bere kideek aurretik eztabaidatu eta gero, Gobernu Kontseiluak, 2014ko azaroaren 25ean egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen aldi baterako administrazio araubideko kontratazioa arautzen duen erabakia, erabaki honi atxiki zaiona.

Bigarrena.–Erabaki hau Kudeatzailetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari igortzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2014ko azaroaren 25ean.–Errektorea, Julio Lafuente López.

ERANSKINA

Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubideko kontratazioa arautzen duena

1. artikulua. Xedea.

Erabaki honen helburua da aldi baterako kontratuak egiteko zerrendak prestatzeko prozedura, eta zerrendok kudeatzeko araubidea arautzea.

2. artikulua. Aldi baterako langileak.

1. Aldi baterako langileak aukeratzeko deialdia egingo da. Deialdi horren publizitatea egingo da, eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira.

2. Edonola ere, aldi baterako langileak aukeratzeko prozedurek bidea eman behar dute kontratazioa ahalik eta eraginkorren eta zaluen izan dadin.

3. artikulua. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldi baterako kontratua edukitzeko hautagaien zerrendak egiten ahalko ditu, eta zerrenden arteko lehentasun hurrenkera hau izango da:

a) Proba gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnen zerrendak.

b) Sartzeko hautaketa prozesuetatik datozen hautagaien zerrendak, hautagaiek hautaketa prozesuko proba bat gainditu dutenean.

c) Aldi baterako kontratazioak egiteko hautaketa probetarako deialdi publikoaren bidez osatutako hautagai zerrendak.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hautaketa probetarako deialdiaren bidez osatutako hautagai zerrendak.

4. artikulua. Proba gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnen zerrendak.

1. NUPen funtzionario sartzeko deialdietako probak gainditu baina lanposturik gabe gelditu direnek osatuko dituzte zerrenda hauek.

2. Lanposturik gabeko gaindituen zerrendako lehentasuna, sartzeko hautaketa prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera ezarriko da, 8. artikuluan ezartzen dena alde batera utzita.

3. Artikulu honen arabera osatutako zerrendek indarra edukiko dute bost urteko gehienezko epe batean, indarra hartzen duten egunetik kontatzen hasita.

Zerrenden indarraldiak iraun bitartean lanposturik gabe gelditu eta proba gainditu dutenen beste zerrenda batzuk egiten badira, lanpostu bera betetzeko, zerrenda berriagoetako hautagaiek lehentasuna edukiko dute zerrenda zaharragoetakoen aurrean.

5. artikulua. Sartzeko hautaketa prozesuetatik datozen hautagaien zerrendak, hautagaiek hautaketa prozesuko proba bat gainditu dutenean, eta proba horiek gainditu eta lanposturik gabe geratu den hautagairik ez dagoenean.

1. Zerrenda hauetan egongo dira NUPen sartzeko deialdi batean aurkeztu direnak eta osorik gainditu ez dutenak, baina aldiz, deialdiko probaren bat gainditu dutenak.

2. Hautagaien zerrendako lehentasunak, 8. artikuluak ezartzen dituen salbuespenez aparte, ondorengo irizpideen eta aplikatzeko hurrenkeraren arabera ezarriko dira:

a) Proba kopururik gehien gainditzea.

b) Proba bat baino gehiago direnean, proba guztietan ateratako puntuen batuketarik handiena.

3. Artikulu honen arabera osatutako zerrendek indarra edukiko dute bost urteko gehienezko epe batean, indarra hartzen duten egunetik kontatzen hasita.

Zerrenden indarraldiak iraun bitartean lanposturik gabe gelditu eta proba gainditu ez dutenen beste zerrenda batzuk egiten badira, lanpostu bera betetzeko, zerrenda berriagoetako hautagaiek lehentasuna edukiko dute zerrenda zaharragoetakoen aurrean.

6. artikulua. Hautaketa probetarako deialdi publikoaren bidez osatutako hautagai zerrendak.

1. Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendak egiteko deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

2. Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan sartuko dira hautaprobetan eskatzen den puntuazio minimoa, gutxienez, lortzen duten guztiak.

3. Hautagaien zerrendako lehentasuna, sartzeko hautaketa prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera ezarriko da, 8. artikuluan ezartzen dena alde batera utzita.

4. Artikulu honen arabera osatutako zerrendek indarra edukiko dute bost urteko gehienezko epe batean, onartzen diren egunetik kontatzen hasita.

Zerrenden indarraldiak iraun bitartean lanpostu bera betetzeko beste zerrenda batzuk egiten badira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdi publikoaren bidez, zerrenda berriagoetako hautagaiek lehentasuna edukiko dute zerrenda zaharragoetakoen aurrean.

7. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hautaketa probetarako deialdiaren bidez osatutako hautagai zerrendak.

1. Atal honetan aurreikusten den hautaketa-sistema aplikatuko da aurreko artikuluetan aipatzen diren zerrendetan hautagairik ez dagoenean, eta justifikatzen denean kontratazio behar handiak daudela edo lanpostuak betetzea zaila dela, beren izera dela-eta.

2. Hautaketa sistema honek eskatuko du dagokion deialdia onestea, zeinean parte hartzeko baldintzak eta egin beharreko hautaketa probak ezarriko baitira. Parte hartu ahalko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile edo enplegua hobetzeko izen emanda daudenak.

3. Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan sartuko dira hautaprobetan eskatzen den puntuazio minimoa, gutxienez, lortzen duten guztiak.

4. Hautagaien zerrendako lehentasuna, sartzeko hautaketa prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera ezarriko da, 8. artikuluan ezartzen dena alde batera utzita.

5. Artikulu honen arabera osatutako zerrendek indarra edukiko dute hiru urteko gehienezko epe batean, onartzen diren egunetik kontatzen hasita.

Zerrenden indarraldiak iraun bitartean lanpostu bera betetzeko beste zerrenda batzuk egiten badira, hautaprobak egiteko Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren deialdiaren bidez, zerrenda berriagoetako hautagaiek lehentasuna edukiko dute zerrenda zaharragoetakoen aurrean.

6. Kanpaina baterako kontratazioen kasuan, eta behar bezala justifikatutako aparteko premiazko arrazoiak gertatzen badira, eskatzen ahalko zaio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari hautagaien zerrenda bat bidaltzeko.

Kasu hau gertatzen denean egiten diren zerrendek indarra edukiko dute zerrendak egitea ekarri zuen kanpainak dirauen artean.

8. artikulua. Hautagaien zerrendetako lehentasunaren araubide orokorraren salbuespenak.

1. Aldi baterako kontrataziorako hautagaiak izan eta ehuneko 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa daukatenek, hautaprobak gainditu, minusbaliotasun gradua egiaztatu eta lanpostuaren lanak eta eginkizunak aurrera eramateko bateragarria dela erakusten dutenek lehentasuna edukiko dute beren zerrendan dei diezaieten.

2. Aldi baterako kontrataziorako hautagaiak izan eta 55 urte baino gehiago daukatenek, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan administrazio eta zerbitzuetako langile zerbitzuak eman badituzte 15 urtez, gutxienez, lehentasuna edukiko dute beren zerrendan dei diezaieten beste edozein hautagairi baino lehenago, 1. atalean deskribatzen den egoeran daudenei izan ezik.

3. Interesdunak aurreko atalean ezartzen diren baldintzak betetzen dituela jakinarazi behar dio zerrendak kudeatzeko eskumena daukan unitateari.

9. artikulua. Deitzeko arau orokorrak.

1. Hautagaiek utzi behar dituzte, gutxienez, harremanetarako telefono zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat, deitzen dietenean aurki ditzaten; noski, beste harremanetarako telefono batzuk ere uzten ahal dituzte, eta informazio hori beti eguneratuta eduki beharko dute.

2. Hautagaiei lehenagoko artikuluetan ezarri den lehentasun-hurrenkeraren arabera deituko zaie.

3. Kasu guztietan, gutxienez hiru aldiz saiatuko dira lokalizatzen hautagaia, kontratu bat eskaintzeko, hark utzitako kontakturako baliabideen bitartez, bi eguneko epe batean.

Dei bakoitzaren berri jasoko da, nola, zer egunetan eta zer ordutan egin den ere jasoz.

4. Egoerak hala eskatzen badu, hautagaien hautaketa ekintza publiko batean egingo dira. Horrela denean, iragarki publikoaren bidez egingo da deia, zeinean sartuko baita zer hautagairi deitu zaion zer kontratu eskaintzeko.

5. Hautagai bati deitu eta kontratatzeko eskaintza bat eginez gero, ez badu erantzuten, eskaintzari uko egiten diola ulertuko da, eta 13. artikuluak ezartzen duena aplikatuko da.

6. Hautagai batekin harremanetan sartzea ezinezkoa gertatzen denean, zerrendan hurrengoa dagoenari deituko zaio, eta horrela hurrenez hurren, eskaintzen diren lanpostuak betetzen diren arte.

Hautagaiak, zeinekin ezin izan baita harremanetan sartu, zerrendako azkenak izatera pasatuko dira.

7. Eskaintzen diren kontratuak, hasiera batean, hiru hilabetekoak edo gutxiagokoak direnean, behin baimendu ondoren, prest dagoen lehen hautagaiari eskainiko zaizkio, harremanetan sartzea lortzen den lehenarekin, eta berehala lanean hastea onartzen duenarekin, artikulu honetako 3. atalak esaten duenarekin bete beharrik gabe.

8. Kontratu bat onartzen duten hautagaiei ez zaie kontraturik eskainiko beste edozein lanpostu egiteko, ez bada deia maila edo kategoria handiagoko lanpostu bati dagokion zerrenda batetik egiten dela.

9. Aldi baterako arduraldi partzialeko kontratazioetan, saiatu egingo da lanaldia osatzen zerbitzu berean dauden eta bete behar diren beste behar batzuekin, betiere posible bada kontratu beraren barruan, eta interesduna ados baldin badago.

10. artikulua. Salbuespenezko lehentasuna deia jasotzeko.

Orain arte deiak egiteko esan den guztiaren kaltetan gabe, hautagai batek lanpostu bat bete duenean aldi baterako kontratuarekin, eta aipatu kontratua bukatu eta ondorengo 15 egunetako epean zerbitzu berean lanpostu berdina aldi berean betetzeko baimena ematen denean, NUPek kontratu hori hautagai horri eskainiko dio, betiere berriz deitzeko unean honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Lanpostua betetzeko prest dauden eta prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran dauden hautagairik ez izatea.

b) Deia egiten denean hautagaia indarra daukan zerrenda baten barruan egotea.

c) Haren kontratua ez amaitzea kontratuari uko egin diolako.

11. artikulua. Deia amatasunarengatiko edo adopzioarengatiko lizentziako kasuetan.

1. Aldi baterako kontratua izateko hautagaiak direnei, amatasunarengatiko edo adopzioarengatiko lizentzia baten epe baten barruan daudenei, deitzen bazaie kontratu bat egiteko eta onartzen badute, kontratua gordeko zaie lanpostura benetan sartzen diren arte, eta kontratua orduan izenpetuko da.

2. Kontratua onartu ahal izateko, beharrezkoa izango da kontratuaren luzerak aukera ematea lizentzia duena benetan lanpostuan sartzeko.

3. Lanera sartzea amatasunarengatik edo adopzioarengatik ezarritako lizentziak amaitzen den epearen egunean izango da, edo lehenago, interesdunak hala eskatzen badu, errespetatuz, edozein kasutan, amarentzat ezarrita dagoen erditze ondorengo atsedenaldi derrigorrezkoa.

4. Kasu hauetan, amatasuna edo adopzioa izan ez balitz hasieran aurreikusten zen lanera sartzeko egunetik, benetan lanera sartzen den egunera arteko epea administrazioari zerbitzuak emandako epetzat hartuko da. Aitorpen hau lortzeko beharrezkoa izango da kontratua izenpetzea, eta eragina edukiko du lanera sartzen den unetik beretik.

12. artikulua. Premiazko prozedura.

1. Salbuespenez, berehalako kontratazioa edo izendapena beharrezkoa duten aparteko egoerei aurre egiteko, Langileen Kudeaketako Atalak telefonoz deituko die hautagaiei zerrendan ezarritako hurrenkeraren arabera, hautagai bat lokalizatu arte.

2. Prozedura hau ez da aplikagarria izango Unibertsitatearen langileen zerrendan dagoen eta hutsik den lanpostu bat hornitzeko.

3. Kasu hauetan “Deitzeko arau orokorrak” ez dira aplikagarriak izango.

13. artikulua. Kontratazio eskaintzei uko egitea.

1. Hautagairen batek uko egiten badio eskaintzen zaion lanpostuari, zerrendatik kanpo geratuko da, ondoren aipatzen diren egoeretako batean dagoela egiaztatzen ez badu:

a) Derrigorrez uko egin behar diola, indarrean daukalako izendapen edo administrazio-kontratu edo lan-kontratu bat.

b) Ohiko lan egunekoa baino 100ko 50 gutxiagoko denbora partzialeko kontratu bati uko egitea.

c) Aukeratutako campus batean ez den beste campus bateko kontratuari uko egitea.

d) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo amatasunarengatik edo adopzioarengatik lizentzia edukitzea. Arrazoi hau dela-eta kontratu bati uko egiten diotenei ez zaie berriz kontratua eskainiko behar bezala justifikatzen duten arte beren ukoa justifikatu zuen egoera bukatu dela.

e) 3 urte baino gutxiagoko seme-alaba bat zaindu behar izatea, berdin seme-alaba naturala edo adoptatua den. Arrazoi hau dela-eta kontratu bati uko egiten diotenei ez zaie berriz kontratua eskainiko, hilabete bat pasatu arte, gutxienez, ukoa izan zenetik, ez bada lehenago ukoa justifikatu zuen arrazoia desagertu dela.

f) Bigarren mailako odolkidetasuneko edo lehen mailako kidetasuneko ahaide bat zaindu behar izatea, adina, istripua edo gaixotasuna dela-eta, bere burua gobernatzeko gauza ez dena. Arrazoi hau dela-eta kontratu bati uko egiten diotenei ez zaie berriz kontratua eskainiko, hilabete bat pasatu arte, gutxienez, ukoa izan zenetik, ez bada lehenago ukoa justifikatu zuen arrazoia desagertu dela.

g) Norberaren ezkontza edo antzeko egoera, uztailaren 3ko 6/2000 bikote egonkorren berdintasun juridikorako Foru Legearen arabera, eskaintzen den kontratuaren eguna egoera hori sortu baino hamabost egun lehenago edo hamabost egun geroago gertatzen bada.

h) Minusbaliatuaren izaera behar den bezala aitortua izatea, eta minusbaliotasunaren ezaugarriak bateragarriak ez izatea kontratua egiteko eskaintzen den lanpostuaren baldintza espezifikoekin.

2. Lehenagoko atalean bildutako kasuetan, c) eta h) letretakoetan izan ezik, hautagaiek zerbitzuak emateko prest daudela jakinarazi behar dute. Jakinarazpen hau egiten ez den bitartean, prestasunik gabekoen egoeran egongo dira, eta ez zaie dauden zerrendeei dagozkien lanposturik eskainiko. a), e) eta f) letretan jasotzen diren kasuetan, kausa sortzen duen gertaera bi aldiz baizik ezin erabiliko da justifikazioaren ziotzat.

3. 1. atalean aipatzen diren egoeretako batean, h) puntuan biltzen dena ez beste gainerako guztietan, dauden hautagaiek behar bezalako dokumentuaren bidez egiaztatu beharko dute, hilabeteko epean, uko egiten dioten lanpostua eskaini zieten egunetik kontatzen hasita, eta kasu horretan ukoaren unean zeuden hautagaien zerrendako toki berean geratuko dira.

4. Oro har, aldi baterako kontrataziorako prestatzen diren zerrendek balioko dute bai Iruñeko campuseko beharrak betetzeko, baita Tuterako campusekoak betetzeko ere, ez bada deialdiak horretarako aukera ematen duenean berariaz aipatzen dela horri buruzkorik parte hartzeko inprimakian.

14. artikulua. Zerrendetatik kanporatzea.

Deia egiteko bidea eman duen zerrendatik kanpo utziko dira egoera hauetako batean daudenak:

a) Eskaini zaien lanpostuari uko egin dietenak, justifikatu gabe.

b) Dagokion kontratua ez izenpetzea, hautagaiari leporatzen ahal zaion arrazoi batengatik, deialdiaren ondorengo lanpostua onartu eta gero.

c) Proba aldia ez gainditzea.

d) Izenpetutako kontratuari uko egin diona, arrazoia ez bada Nafarroako Unibertsitate Publikoan funtzionario sartu dela, beste lanpostu batean, maila berekoa edo maila baxuagokoa, edo hitzarmen honetako 9.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Hautagairekin harremanetan sartzeko ezintasun errepikatua, hiru aldiz saiatu eta gero interesdunak utzi dituen telefonoetara edo helbide elektronikoetara idatzi eta gero.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoan funtzionario sartzea lanpostu berean edo maila handiagoko batean.

g) Lanpostua bertan behera uztea.

h) Kontratua amaitzea bestelako arrazoiak direla-eta, gaitasunaren edo kontratatuak bete behar duen lanpostuaren lanari egokitzearen faltaren ondorioz, aski ez den errendimenduan gauzatzen dena, edo lanpostuari dagozkion eginkizunak behar bezalako eraginkortasunaz ezin betetzean.

i) Interesdunak hala eskatuta.

Xedapen Gehigarria.–Akordio honetan, gaztelaniaz, genero maskulinoan emandako izendapenak genero femeninoan emanda daudela ulertuko da, emakumeak badira izendatuak.

Lehen Xedapen Iragankorra.–Hitzarmen hau argitaratzen denetik aurrera sortzen diren kontratazio zerrendetarako deiak egiteko, 8. artikuluak salbuespenezko arauei buruz ezartzen duena aplikatuko da.

Bigarren Xedapen Iragankorra.–Hitzarmen honek indarra hartzen duenean indarra daukaten aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendei, bertan ezartzen den indarraldiari buruzko araubidea aplikatuko zaie. Era berean, indarra hartzen duenetik aurrera, hitzarmen honek ezartzen duen lehentasun-araubidea aplikatuko da.

Hirugarren Xedapen Iragankorra.–Zerrenden indarraldia iraungi bada, eta kontratazioa egiteko premiazko egoera bada, azken zerrendak erabiltzen ahalko dira, nahiz eta beren epea bukatuta egon, Giza Baliabideen Zerbitzuak beste zerrenda bati ekitearen kaltetan gabe, artikulu honetan ezartzen denaren arabera.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauak indargabetzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen abenduaren 10eko 1482/2004 ebazpenaz onetsi zen Kontratazio eta izendapen zerrendak prestatzeko prozedura, eta bere kudeaketa araubidea arautzen dituen hitzarmena indargabetu egiten da, baita hitzarmen honen aurka egiten duten lerrun bereko edo gutxiagoko gainerako xedapen guztiak ere.

Lehen Azken Xedapena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erabaki honek.

Bigarren azken xedapena.–Kudeatzailea gaitzea.

Kudeatzailea gaitu egiten da, erabaki hau garatzeko, egoki jotzen dituen ebazpenak eta jarraibideak emateko. Halaber, kudeatzailea gaitu egiten da jarraibideak emateko araudiak indargabetzeari edo konpentsatzeari dagokionez, lerrun handiagokoa izanik, derrigor bete beharrekoa denean.

Iragarkiaren kodea: F1416213