241. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2014ko abuztuaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Otsagabiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2014ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 21ean, baita udaletxeko iragarki oholean ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Otsagabiko Udalak, 2014ko urriaren 31n egin bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Otsagabiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Hori horrela, argitara ematen da aipatu ordenantzaren testu osoa, orok jakin dezan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako ondorioak izan ditzan.

Otsagabian, 2014ko urriaren 7an.–Alkate udalburua, María Luisa Sáez García-Falces.

ORDENANTZA, OTSAGABIKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Euskara Otsagabiko hizkuntza da eta bere herritarren ohiko hizkuntza izan da historian zehar. Horregatik, Otsagabiko Udalak euskara herritar guztien kultur ondare komuntzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hizkuntzatzat.

Hainbat hamarkadatan alde batera utzia, gizartearen haren aldeko nahiari eta bertze estatus bati esker, belaunaldi berrietako jende gehiena euskalduna da. Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Otsagabian, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez, era egokian eman beharko ditu.

Hortaz, Otsagabiko Udalak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Beraz, Otsagabiko bizilagunek zerbitzuak eta arreta euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta bizilagunen gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela bizilagunen eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die bizilagunei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, bertzeak bertze:

“...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin”.

“...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)”.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskara zerbitzu hizkuntza bat izatea udalerriko herritarrentzat, eta euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak berariazko xede hauek ditu:

a) Bizilagunei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

b) Bizilagunei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

c) Euskararen erabilera finkatzea Udalaren kanpoko irudian.

d) Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

e) Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz nahitaez, eta nahitaezkoa ez den lanpostuetan euskarak zer balorazio izanen duen.

f) Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

g) Euskara sustatzeko bertze jarduera batzuk bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

h) Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bertzelako elementuen izendegirako.

3. artikulua. Ordenantza hau Otsagabiko Udalaren mugapean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez; orobat, zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen II., III., IV. eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Otsagabiko Udalak bertze administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria edo euskarria ele bitan idatziko da.

Ordenantza honi dagokionez ele bitan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala bereizirik ager daitezen eta testua argi gelditzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Otsagabiko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Administratuekiko harremanak

7. artikulua. Herritarrek Otsagabiko Udalarekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Udalera, idatziz, euskaraz jotzen duten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna, gaztelania erabiltzen dutenei erantzuteko epe berean. Horretarako itzulpen zerbitzua erabiliko da –gaitasuna duen langilerik ez badago–, eta zerbitzu horrek bizilagunak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du gaztelaniaz, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena.

Halaber, pertsona fisikoak zuzentzen zaizkionean, Udalak haien komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz nahiz buruz buru.

Bizilagunen artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko.

10. artikulua. 8. eta 9. artikuluei dagokienez, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile elebidunak egotea bermatzeko, ordenantza honen V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

11. artikulua. Otsagabiko Udalak eta bere mendeko erakunde autonomoek gaztelania eta euskara erabiliko dituzte herritarrekin oro har aritzen direnean.

Hala, ele bitan izanen dira bai euskarri tradizionalean bai teknologia berrien bitartez egiten diren komunikazioak.

Beraz, ele bitan izanen dira:

a) Bandoak, ediktuak, bizilagunei egindako oharrak edo gaztiguak, aktak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Udalak bizilagunei zuzentzen dizkien adierazpen, jakinarazpen eta gutun guztiak.

h) Udalak prestatzen dituen publizitate eta dibulgazioko elementuak: liburuxkak, kartelak etab.

i) Bertze edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

j) Barne erabilerako inprimakiak.

k) Posta elektronikoz bidalitako mezuak.

l) Udalaren web orriko testuak.

m) Udalaren eta bere mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa.

n) Udal informazioko aldizkari bat eginez gero euskaraz eta gaztelaniaz eginen da.

12. artikulua. Udal jardueraren publizitatea eta hedapena baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan –prentsa idatzia, irratia, telebista eta Internet– bi hizkuntzetan eginen da, eta euskaraz bakarrik hedabidea hizkuntza horretakoa bada.

13. artikulua. Udalaren edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

14. artikulua. Udaleko kargudunek bi hizkuntzak erabiliko dituzte jarduera publikoan.

15. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorrean Udalaren esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte adierazpen publiko guztietan, euskarria edozein dela ere.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek, eta zein den eskatzen den jakite maila. Zerrenda hori ordenantza honi erantsiko zaio, onetsi ondotik. Horretarako, irizpide orokor hauek aplikatuko dira:

a) Eginkizun nagusietariko bat herritarrekin harreman zuzena baldin badute, plantilla organikoko lanpostu guztietan, edozein mailatakoak izanik ere, euskara nahitaezkoa izanen da, gutienez ere B2 mailan izan ere.

b) Plantilla organikoko A mailako lanpostuetan C1 pareko euskara maila eskatuko da; B mailakoetan, gutienez ere, B2 parekoa eskatuko da; eta C mailakoetan, B1 parekoa eskatuko da, gutienez.

c) Plantilla organikoko E eta D mailako lanpostuetarik aitzineko irizpideen arabera nahitaez jakiteko mailarik esleiturik ez dutenetan, salbuespenik gabe %10eko balorazioa izanen dute, merezimendutako, E mailako lanpostuetarako, eta %15ekoa, D mailakoetarako, oposizio-lehiaketak guztira duen puntuazioaren gainean. Lehiaketarik gabeko oposizioa hautatuz gero, euskara aginduzkoa izanen da (B1 maila edo handiagoa).

17. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek beren hartan segituko dute nahiz eta, printzipioz, esleitutako euskara maila ez bete.

Aldiz, osoki balioko du deialdi berrietan, barnekoak edo irekiak izan, merezimendu lehiaketetan edo lekualdatzeetan, eta edozein arrazoi dela-eta langileak ordezkatu behar direlarik (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroa...).

18. artikulua. Enplegatu bat behin-behinekoz ordezkatu behar baldin bada, ordezkapena egiten duenak gutienez ere izan beharko du plantilla organikoan lanposturako eskatzen den euskara maila.

19. artikulua. Lanpostu berriak betetzeko Otsagabiko Udalak egiten dituen deialdi guztietan, aitzineko irizpide orokorrak erabiliko dira.

20. artikulua. Ordenantza honen edukiak orobat balioko du mankomunitate gisa ematen diren zerbitzu guztietarako edo enpresa publikoetarako, Otsagabiko Udalak haietan parte hartzen badu.

21. artikulua. Ordenantza honen edukiak orobat balioko du Nafarroako Gobernuak udal mugapean ematen dituen zerbitzuetan.

22. artikulua. Euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanpostu baterako deialdian izangaiek euskarazko eskakizunak betetzen ez dituztenean, lanpostua hutsik geldituko da, eta beste deialdi bat eginen da. Bigarren deialdian lanpostua berriz hutsik gelditzen bada, aldi baterako beteko da (urtebetez, gehienez ere). Horrela, berriz eginen da deialdia eta hizkuntza gaitasuna duen langileak beteko du.

23. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo beste baliokide baten bidez frogatuko da haren ezagutza; bestela, behar den eskakizuna badela erakusten duen proba gaindituta.

Nolanahi dela ere, euskara maila proba baten bidez egiaztatu behar bada, proba hori NAPIko egiaztapen unitateko teknikariek eginen dute.

24. artikulua.

a) Euskara ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

b) Udalak hizkuntza prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta egin litezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

c) Udal langileak hizkuntza prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, duten ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Otsagabiko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

25. artikulua. Otsagabiko Udalak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzaileen eskubidea, euskara zein gaztelania erabiltzekoa, bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusitako eran.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

26. artikulua. Otsagabiko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

27. artikulua. Otsagabiko Udalak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko beste entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

28. artikulua. Alde horretatik, Otsagabiko Udalak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduentzako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazio kanpainetan ere.

29. artikulua. Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da eta udalerriko postontzietan banatuko da.

30. artikulua. Udalak kirol, kultura, gazteria edo bertze edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira. Ordenantza honek markaturiko xedeak betez, Udala ahaleginduko da euskararen presentzia handitzera herrian egiten diren jarduera sozial guztietan.

31. artikulua. Otsagabiko Udalaren diru-laguntza hartzen duten taldeei, diru-laguntza horren xedeko jardueretan euskara erabiltzeko eskatuko zaie, baita jarduera horiek sustatzeko publizitatean ere.

32. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta diru-laguntza izanen dute Otsagabiko elkarte eta taldeen ekimenaz eragiten direnek.

33. artikulua. Otsagabiko Udaleko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

34. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

Herriaren izen ofiziala Otsagabia/Ochagavía da.

35. artikulua. Otsagabiko Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Arazorik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.

36. artikulua. Oikonimiari (etxeen izenak) dagokionez, Udalak laguntza emanen die bizilagunei beren etxeen izenak katastroan inskribatzeko, euskarazko adierari lehentasuna emanez eta, zalantzarik bada, Euskaltzaindiari eginen zaio kontsulta.

IX. KAPITULUA

Ordenantza betetzea

37. artikulua. Batzorde bat eratuko da, ordenantza hau aplikatu eta garatzeko etorkizunean hartzen diren neurri teknikoak zuzentzeaz eta jarraitzeaz arduratuko dena; hartan Euskara Zerbitzuak hartuko du parte.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, eratutako batzordeak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

38. artikulua. Udala lankidetzan ariko da hizkuntza politikan eskumenak dituzten entitate guztiekin, ordenantza hau aplikatu eta garatzeari eta hizkuntza normalizazioaren zeregin orokorrari dagokienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Otsagabiko Udalak sortu edo bultzatutako programa guztiak garatzeko, kontuan hartuko da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia, eta Euskara Zerbitzuak emanen die aholkua Udalaren zerbitzuei euskararen normalizazioa bermatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabortz egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1415182