238. ALDIZKARIA - 2014ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

720/2014 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko 2014. urterako deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Maiatzaren 29ko 18/2013 Foru Legearen bidez, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, Fundazioen eta Babes Jardueren Zerga-erregimena arautzen duena, aldatu zen, azken lege-testu horri hamargarren xedapen gehigarria erantsi baitzitzaion.

Xedapen horretan, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, irabazi asmorik gabeko entitateek gizarte zerbitzuen, garapenaren aldeko lankidetzaren eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloetan garatutako proiektuetan egiten diren ekarpen eta dohaintzei aplikatuko zaizkien pizgarri fiskalak arautzen dira; betiere, pertsona pribatuak –fisikoak nahiz juridikoak– izanik ekarpen eta dohaintzen egileak.

Onura fiskal horiek bateraezinak dira, zenbateko beretarako, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako gainontzekoekin. Orobat, ekarpen edo dohaintzen entitate onuradunek zenbait baldintza bete beharko dituzte pizgarri horiek aplikatzeko.

Xedapen gehigarri berriaren 1. atalak Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilaria gaitzen du foru agindu baten bidez ezar ditzan aurkezten diren proiektuek bete beharko dituzten eraginkortasun, efizientzia eta gardentasun baldintzak, baita “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko prozedura ere.

Lege agindu hori kontuan izanda, foru agindu honen bidez onesten dira 2014. urtean “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, eta aintzatetsi egiten dira pertsona fisikoek edo juridikoek egindako ekarpen eta dohaintzak, legez ezarritako onura fiskalak eskuratzearren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko 2014. urterako deialdia onestea, baita oinarri arautzaileak ere, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Zerga Ogasuneko Kudeaketa-zuzendaritzara, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Kudeaketa-zuzendaritzara, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Kudeaketa-zuzendaritzara eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko azaroaren 25ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

2014. urtean “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako.

1. Xedea.

Irabazi asmorik gabeko entitate sozialek garatutako proiektu berariazko edo orokorrei “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko baldintzak eta prozedura arautzea du xede deialdi honek, baita araubide berezi bat ezartzea ere pertsona fisikoek edo juridikoek, legez ezarritako onura fiskalak eskuratzearren, jarduera horiei egindako ekarpen eta dohaintzetarako.

Foru agindu honen ondorioetarako, epe jakin batean, zehaztutako lurralde batean eta talde onuradun jakin batentzat berariazko helburu bat lortzeko antolatutako jarduera multzo autonomoa izateagatik bereizten diren esku-hartze sozialak joko dira proiektu berariazkotzat, baldin eta gauzatu eta ondoren haien ondorioek iraun egiten badute; definizio horren barrenean, esku-hartze sozial planifikatutako programak, proiektuak edo beste izen bat dutenak sartzen dira.

Orobat, proiektu berariazkotzat hartuko dira esku-hartze sozialaren esparruan egindako jarduketak hobetzeko ikerketa dakartenak eta aurreko lerroaldean aipatutako jarduketa esparruetako bati erreferentzia egiten diotenak.

Foru aginduaren ondorioetarako, proiektu orokortzat hartuko da entitate batek egiten dituen proiektu eta jarduera berariazkoen multzoa, bere estatutuetako helburuak betetzeko.

Aipatu zigilua emanez, gizarte zerbitzuen, desgaitasunerako arretaren, garapenaren aldeko lankidetzaren eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloetan garatzen diren zenbait proiektu berariazkok edo orokorrek Nafarroako herritar guztientzat eta, zehazkiago, haien hartzaile izan daitezkeenentzat, duten garrantzia aintzatetsi gogo da. Aintzatespen horrekin batera, aipatu proiektuak gauzatzeko, partikularren –pertsona fisikoak edo juridikoak izan– dohaintza edo ekarpen ekonomikoak bultzatu gogo dira, legez ezarritako onura fiskalak haiei aplikatuta.

2. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Baldintza orokorrak.

“Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua lortzeko interesa duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte garatzen dituzten proiektu berariazko edo orokorretan:

a) Legez eratutako pertsona juridikoak izanen dira, beren izaera juridikoaren araberakoak, eta dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

b) Irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eratuta egonen dira legearen arabera, edo onura publikokotzat deklaratuta.

c) Haien estatutuen helburuetan propio adierazita egonen da hurrengo arlo hauetako batean lan egitea: gizarte zerbitzuak, desgaitasunerako arreta, garapenaren aldeko lankidetza, edo emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea.

Irabazi asmoko erakundeen obra sozialeko fundazioak edo patronatuan merkataritza sozietateen parte-hartzea dutenak berariaz baztertuta daude proiektuak aurkeztetik.

d) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea edo ordezkaritza iraunkor bat izatea lurralde horretan. Azken kasu horretan, behar adinako egitura eta antolaketa izan beharko dute Nafarroan, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko eta deialdi honetan aurkeztutako proiektuak autonomiaz kudeatzeko; gainera, bi urteko antzinatasuna izan beharko dute, gutxienez ere.

e) Bi urteko antzinatasuna izan beharko dute, gutxienez ere, erregistroan inskribatu zirenetik, eta epe horretan Nafarroan jardun dutela frogatzeko modua.

Beharkizun honetatik salbuesten dira tamaina edo presentzia txikiko elkarteei sostengua emateko eratu diren elkarteen koordinakundeak, baldin bazkide diren elkarteen %90ek gutxienez betetzen badituzte antzinatasunaren eta benetako jardueraren baldintzak.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

Orobat, tributudunek zerga arloko betebeharrak eguneratuta dituztela joko da baldin zorra etenda badago tributuaren likidazioa inpugnatuta dagoelako, edo bestela, zorraren ordainketa geroratu edo zatikatzeko eskaera onartuta izanik, tributudunek puntualki betetzen badute ezarritako ordainketa plana.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekurik ez urratzea.

2.2. Betebehar berariazkoak.

Betebehar orokorrez gain, proiektu orokorretarako zigilua lortu nahi duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Foru Komunitatean jendearentzako irekirik dauden bulegoak edo lokalak edukitzea.

b) Egiturarako gastuen batez bestekoa entitatearen gastuen %15 baino gutxiago izatea azkeneko bost urtean.

c) Azken bi urteetako kontuak auditaturik izatea.

d) Azken hiru urtean urtero 250.000 euro kudeatzea batez beste.

3. Proiektuen ezaugarriak.

Proiektuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte haientzat “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua eskatuz gero:

a) 2014an hasi beharko dute gauzatzen, eta urte horretan berean bukatzen ahalko dira edo, bestela, urte anitzekoak, hiru urte naturalekoak gehienez ere.

b) Nafarroan antolatu eta zuzendutako proiektu sozialak izan beharko dute, eta haien jarduketa eremua zehaztu beharko da, eskualdekoa den edo nazioartekoa.

c) Jendeari zerbitzuak, baliabideak edo laguntza ematera edo ikerketak egitera bideratutako proiektuak izan beharko dute, eremu hauetako batean:

1.–Elkartasun sozialeko jarduerak premia egoeretan, hala nola, izaeragatik edo egoera sozial edo ekonomikoagatik zailtasunak dituztenei edo egoera ahulean bizi direnei zuzendutako proiektuak, edo lanik eta prestaziorik gabe dauden pertsonei arreta ematera zuzendutakoak.

2.–Garapenaren aldeko lankidetza proiektuak, giza garapena eta pobretasunaren aurkako borroka bultzatzen dutenak, martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legean aurreikusitako edozein modalitatetan.

3.–Autonomia Sustatzeko eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta Emateko Legearen garapena bultzatzea.

4.–Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea.

d) Gizarte Politiketako Departamentuak 2014rako lehenetsitako lerroetako batean sartuta egon beharko dute:

–Zailtasunak dituztenei oinarrizko laguntza emateko unibertsaltasunera bideratutako proiektuak.

–Irisgarritasun unibertsalera bideratutako proiektuak.

–Autonomia sustatzeko proiektuak, edozein populaziori zuzenduak (teknologia berriak, diagnostiko goiztiarrak, errehabilitazioa, jarduera fisikoa, etxebizitza ereduak, etxean irauteko teknologiak).

–Mendekotasuna, desgaitasunak edo buruko gaixotasunak dituztenak edo arrisku egoeran daudenak gizartean edo lanean integratzeko proiektuak.

–Proiektu soziosanitarioak, honelakoak tratatzen dituztenak: osasun arazoak, gehienetan progresiboak, kroniko bihurtzen direnak, non, behar bezala tratatuz gero, bizi baldintzak nabarmen hobetzen diren.

–Mendekotasuna, desgaitasunak edo buruko gaixotasunak dituzten pertsonen familiei zuzendutako proiektuak.

–Mendekotasuna, desgaitasunak edo buruko gaixotasunak dituzten pertsonen aisiarako proiektuak.

–Minbizia duten eta premia bereziko egoeran dauden pertsonen familiei zuzendutako proiektuak, ospitalizazioek iraun bitartean aldi baterako ostatu hartzeetan laguntza emateko.

–Jarduteko gaitasunean autonomia ez dutenen eskubide juridikoak, ekonomikoak eta ondarekoak defendatzea.

–Bazterketa faktore ugariko jendearen gizarteratzea bultzatzen duten proiektuak, prebentzio, arreta eta birgaitze sozialeko jardueren bidez.

–Gutxiengo etnikoen gizarte integrazioa bultzatzen duten proiektuak.

–Bizitegi bazterketaren proiektuak.

–Gizarte integrazioko etxebizitza programa, entitate laguntzaileen bidez.

–Prestaziorik gabeko langabeei arreta emateko proiektuak.

–Etorkinei lehen harreran informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridiko-administratiboa emateko proiektuak.

–Prebentzioa eta/edo laguntza sustatzen duten proiektuak, egoerarik ahulenean dauden etorkinentzat.

–Jokabide baztertzaile, arrazista eta xenofoboak prebenitzera bideratutako proiektuak.

–Familian biltzeko prozesuetan diren adingabe, gazte eta emakumeei arreta emateko proiektuak, eta bigarren belaunaldiko etorkinentzakoak ere bai.

–Ijito planaren barreneko ekintzak jasotzen dituzten proiektuak.

–Truke proiektuak abiaraztera bideratutako proiektuak, hala nola, denbora bankuak, familia nafarrei eguneroko bizimoduko arazo txikiak konpontzen laguntzeko helburuz eta, azken batean, elkarren arteko laguntzan eta elkartasunean oinarritzen diren sare sozialak sortzen lagunduz.

–Problematika jakin batzuk (kontsumoa, nerabezaroa, porrotaren tolerantzia, eta abar) lantzen dituzten familientzako prestakuntza proiektuak, guraso gaitasunaren eta gurasotasun positiboaren arloan.

–Gazteen indarkeria prebenitzen duten proiektuak, indarkeria matxista prebenitzen dutenak batez ere.

–Erreforman eta babesean diren adingabeen autonomia sustatzeko proiektuak.

–Emakumeen zeregina enpresetan sustatu eta bultzatzen duten proiektuak.

–Enpresetan emakumeen garapena sustatzen dituzten proiektuak eta hobekuntzak ekartzen dituztenak emakumeak zuzendaritza postuetan sartzeko, baita enpresako zuzendaritzan erantzukizun handiagoa duten postuetan ere.

–Emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzen laguntzen duten proiektuak.

–Etxeko lanean eta pertsonen zainketan gizasemeen eta emakumeen erantzunkidetasuna sustatzen dituzten proiektuak.

–Genero berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan sentsibilizazioa sustatzen duten proiektuak.

–Gazteen artean genero indarkeriari aurrea hartzeko proiektuak.

–Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei eta egoera bereziki ahulean dauden indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko proiektuak.

–Genero indarkeriaren testuinguruetan bizi diren edo genero indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta emateko edo prebentziorako proiektuak.

–Nafarroako Lankidetzaren II. plan zuzentzaileko herrialde lehenetsietan edo herrialde gutxiago aurreratuetan milurteko garapen helburuak zuzenean edo zeharka betetzen laguntzen duten proiektuak.

–Lankidetza teknikoko proiektuak, Nafarroako GGKEetako tokian tokiko bazkideen gaitasunak sortu edo indartuko dituztenak, milurteko garapen helburuak lortzen laguntzeko.

–Gizarte sentsibilizazioko proiektuak, nafarren lankidetzaren jarduketak hedatzen eta ezagutzen laguntzen dituztenak, eta garapenaren aldeko hezkuntza proiektuak.

e) Entitate bakar batek edo zenbaiten artean gauzatzen ahalko dira proiektuak; dena dela, guztiek bete beharko dituzte 2. oinarrian aurreikusitako baldintzak.

f) Eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioak aplikatuta, proiektuen zeharkako gastu gisa onartuko den gehieneko portzentajea, hau da, proiektuaren jarduerari zuzenean ezin esleitu zaion entitate(ar)en funtzionamendu kostua proiektuaren guztirako kostuaren %15 izanen da, gehienez ere.

Dohaintzak eta “zigilu” honen esparruan garatutako jardueren berariazko zabalkundea handitzearren fundraising kanpainetan egindako gastuak ez dira aipatu portzentajean sartuko. Fundraising eta zabalkunde-komunikazioko gastuak ez dira, guztira, proiektuaren guztirako gastuaren %5 baino handiagoak izanen.

Proiektuak aktibo finkoetako inbertsioa behar badu, eta zerbitzuak beharrezkotzat eta interesezkotzat jotzen badu, ondasun motari dagokion urteko amortizazio portzentajea izanen da proiektuaren zuzeneko gastua, indarra duen kontabilitateari jarraituz, eta proiektua gauzatzen den denborarako baino ez. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko ondasuna eskuratzeak sortzen dituen finantza gastuak.

g) Gauzatzen diren proiektuak esparru orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroak bermatutako prestazio gisa aurreikusita dauden jarduketak badira, ez dira onartuko.

h) Gizarte Politiketako Departamentuak diruz lagundutako proiektuak foru agindu honen xede izaten ahalko dira, baldin eta diru-laguntzen bateragarritasuna aurreikusita bada beste iturri batzuetatik datorren finantzaketarekin, pribatuak barne, lehendik lortutako diru-laguntzen oinarri arautzaileetan.

i) Entitate bakoitzak nahi adina proiektu berariazko aurkez ditzake, salbu proiektu orokor baterako aurkezten bada; kasu horretan, bakarra aurkez dezake.

j) Edukiagatik, hartzaileengatik edo izan ditzakeen emaitzengatik, gizarte, hezkuntza eta ekonomia eremuetan pertsonen aukera berdintasunaren eta eskubideen aurka jo dezaketen proiektuak baztertu eginen dira deialdi honetatik.

4. Eskaerak aurkeztea: epea eta tokia.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzerako, horretarako prestatu den ereduaren arabera, hura Gizarte Politiketako Departamentuaren bulego nagusietan (González Tablas, 7, Iruña) eta aipatu departamentuaren web orrian eskuratuta.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2014ko abenduaren 20ra bitarte aurkezten ahalko dira.

Eskaerak Gizarte Politiketako Departamentuaren erregistro nagusian, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan eta aipatu baliabideak erabiliz aurkeztuko dira.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Eskaera bat aurkezteak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5. Dokumentazioa.

5.1. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazio orokorra.

a) Entitatearen estatutuak.

b) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

c) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

d) Entitatearen izaera dela-eta dagozkion erregistroetan inskribatu izanaren ziurtagiriak, baldin eta erregistro horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikita ez badaude.

e) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusita daude.

f) Entitatearen txosten teknikoa, aurreko bi urtean Nafarroan egindako jarduerak eta/edo proiektuak laburki azaltzen dituena.

Bi entitatek batera eskaera eginez gero, biek aurkeztu beharko dituzte eskatzen diren dokumentu horiek.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da dokumenturik aurkeztu beharko, baldin eta Administrazioak lehendik dauzkan datuak badira. Kasu horietan, aipatu dokumentuetan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, aldaketarik ezaren berri emateko.

5.2. Proiektuen dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, horretarako ezartzen den ereduan.

5.3. Proiektuen jarraitutasuna.

Gizarte Politiketako Departamentuak onetsitako deialdietako batean diruz lagundu diren proiektuei dagokienez, baita, azken bost urtean gutxienez hiru urtetan, proiektuetan edo programa orokor batean oinarritutako lankidetza hitzarmen baten bidez garatu direnei dagokienez ere, eta 3. oinarrian adierazitako lerro lehenetsietako batean sartuta badaude, ez da oinarri honen 5.1 atalean adierazitako dokumenturik aurkeztu beharko.

Gizarte Politiketako Departamentuak 2014an onartutako deialdi batean aurkeztutako proiektuei dagokienez, ez da beharrezkoa izanen oinarri honen 5.2 atalean adierazitako agiri bat aurkeztea; nolanahi ere, hori espresuki adierazi beharko da eskabidean.

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerari aginduzko dokumentuak eransten ez bazaizkio edo akatsen bat badute (betiere, akats materialak, proiektuaren balorazioan eraginik ez dutenak) akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala eskatuko dio instrukzio organoak entitate interesdunari, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuari eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari esleitzen zaizkie prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, zein den aurkeztutako proiektuaren esparrua, horren mende.

Gizarte Politiketako kontseilariak joko du proiektu bat “Konpromiso sozialeko proiektutzat”.

7. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko prozedura.

7.1. Eskaera, entitateari zein proiektuari buruzko aginduzko dokumentazioa duela, aurkeztutakoan, organo instruktoreak haren ebaluazio teknikoa eginen du.

7.2. Organo instruktoreak bere proposamena eginen du aurkeztutako proiektuari buruz 8. oinarrian aurreikusitako balorazio irizpideak aplikatuta, eta proposamen hori Gizarte Politiketako kontseilariari igorriko zaio, foru agindu baten bidez, ebatz dezan.

7.3. Foru agindua entitate interesdunei jakinaraziko zaie; bertan, hura emateko funtsak adieraziko dira, baita onartutako proiektuaren oinarrizko ezaugarriak ere, hala nola, zer entitatek gauzatuko duen, haren xedea, egiteko epea, justifikazio epea eta sartu beharrekotzat jotzen den beste edozein.

Foru agindua, beranduenez ere, eskaera aurkezten den datatik hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da. Epe hori bertan behera uzten ahalko da, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko edo proiektuaren inguruko argibideak emateko eskatzen zaienean interesdunei.

Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.

7.4. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigiluak proiektua gauzatu bitartean izanen du indarra, hau da, proiektuan adierazitako indarraldian, eta deialdiaren oinarrietako baldintzen arabera; zigilu hori proiektuaren edozein dokumentaziori eransten ahalko zaio, behar den foru aginduan jakinarazten denetik.

7.5. Orobat, Gizarte Politiketako Departamentuak bere web orrian argitaratuko du “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua merezi duten proiektuen zerrenda, eta haren zabalkundeaz arduratuko da, enpresek eta herritarrek haren ezagutza izan dezaten.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira aurkezten diren proiektuak, haiek 3 multzotan banatuta:

a) Entitatearen gaitasuna.

1.–Nafarroan duen ezarpena. Nafarroan dituen ezarpena eta oinarri soziala: Foru Komunitatean daramatzan urteak eta entitateak dituen bazkide kopurua (fundazioen kasuan, laguntzaile eta boluntario kopurua).

2.–Gaitasun finantzarioa: emaitzen kontuaren eta finantzabidearen azterketa.

3.–Gaitasun operatiboa eta esperientzia bere esku-hartze sozialaren eremuan:

–Azken urteotan egindako proiektu kopurua.

–Proposatutako helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura nahikoa izatea.

–Lokalik ote den aztertuko da eta, baldin bada, haien erabilera partekatua.

–Kontratatutako langileak eta haien eginkizunak.

–Boluntarioak: boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

–Kalitatearen kudeaketa: entitateak dituen zigiluak, ziurtagiriak, homologazioak edo beste kalitate aitorpen batzuk baloratuko dira; denak onartuko dira, bai kalitatea aseguratzen dutenak, bai guztirako kalitatearen kudeaketarenak (2015etik aurrera, deialdiaren baldintzen barrenean sartuko da); orobat, auditoria soziala egin izana baloratuko da.

b) Proiektuaren kalitatea (barne koherentzia, baliabideen azterketa).

1.–Aurkezpena: azalpen argitasuna eta proiektua nola dagoen idatzita baloratuko da, bai eta hizkera ez baztertzailea, datuak sexuaren arabera banatuta aurkeztea eta kalitate adierazleak izatea ere.

2.–Barne koherentzia: helburuen, jardueren, emaitzen eta horien neurketaren arteko koherentzia baloratuko da; hau da, ea Jarduerak eginez Emaitzak lortuko ote diren, eta ea Emaitzak lortuz Helburuak erdietsiko ote diren.

Orobat, baloratuko da zer neurritan den egokia neurketa metodoa (adierazleak eta egiaztatze iturriak) planifikatutako jarduerak eta aurreikusitako emaitzak bete ote diren egiaztatzeko, bai eta proiektuaren aurrekontuaren aurkezpena ere, ea ahalbidetzen duen haren eraginkortasuna egiaztatzea.

3.–Kofinantzaketa: bazkide, erabiltzaile eta beste ekarpen pribatu eta publiko batzuen bidezko diru-sarrerak; entitateen kasuan, gauzatan egindako ekarpenak eta ekarpen balioztatuak kofinantzaketaren barrenean sartuko dira.

4.–Gardentasuna: proiektua gauzatzeko erabilitako funtsen gardentasuna bermatzen duen edozein tresna gehigarri, entitateak ezarria, baloratuko da.

Zehazki, publizitatearen eta justifikazioaren ikuspegietatik baloratuko dira gardentasun tresnak: bildutako funtsen zenbatekoa eta jatorria ezagutzera emateko erabilitako baliabideak, proiektuan lortu diren emaitzak eta funtsak zertan erabili diren frogatzea (informazioa eskuratzeko erraztasunaren arabera graduatuko da balorazioa).

5.–Proiektuaren iraunkortasuna: kanpoko laguntza publikoa edo pribatua bukatuta, proiektuak zenbat dirauen baloratuko da.

6.–Proiektuan parte-hartzea: proiektuak hartzaileentzat duen interesa baloratuko da, baita kalkulatzen den pertsona onuradunen kopurua ere.

c) Zer neurritan egokitzen den edo bat datorren departamentuaren lehentasunekin, eta zer eragin duen behar den esparru sozialean.

1.–Hirugarren oinarriko d) atalean modalitate bakoitzeko adierazitako lehentasunetara egokitzea.

2.–Nafarroan egindako ekintzen kasuan, proiektua Nafarroako Foru Komunitatearen herrietan ezartzeko entitateak duen gaitasuna hartuko da kontuan. Garatzen ari diren herrialdeetan egindako proiektuen kasuan, Foru Komunitatearekin ezarrita dituzten loturak hartuko dira kontuan.

3.–Entitateen koordinazioa: proiektuetan bat heldu diren alderdiak atzeman eta batera gauzatzeak abantailak izanik, entitate batek baino gehiagok batera gauzatzen dituzten proiektuek izanen dute lehentasuna, bi entitatek edo gehiagok bakoitzak bere aldetik egindako izaera eta ezaugarri bertsuko proiektuen gainetik.

8.2. Hauxe da multzo horietako bakoitzari esleitu zaion gehieneko puntuazioa:

a) Entitatearen gaitasuna (finantzarioa, operatiboa eta Nafarroan duen ezarpena): 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea (barne koherentzia, baliabideen azterketa): 45 puntu.

c) Egokitasuna edo bat etortzea esparru bakoitzean definitutako lehentasunekin: 40 puntu.

Zigilua emateko, gutxienez ere, 75 puntu atera beharko dira, guztira, eta %50 bederen multzoetako bakoitzean.

9. Proiektuak gauzatzean egiten den jarraipena eta kontrola.

9.1. Proiektua gauzatu eta hiru hilabete geroago, beranduenez, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Txosten tekniko bat, proiektua nola gauzatu den adieraziko duena, puntu hauek azalduta:

–Proiektuaren izena.

–Jardueren ordutegia.

–Proiektuaren eraginkortasuna, hura gauzatzen hastean adierazitako berariazko helburuak lortutako emaitzekin konparatuta, eta egin dena eta egin gogo zena alderatuta, proiektuan proposatutako helburuak zenbateraino lortu diren neurtzeko adierazleak baloratuta (pertsonetan lortu diren emaitzak, onuradunen kopurua, eta abar).

–Efizientzia, erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideekin lortutako emaitzak ebaluatuta eta proiektu baten helburua lortzeko erabilitako baliabideak neurtzen dituzten adierazleak ebaluatuta (zuzeneko arretara iristen den aurrekontuaren portzentajea, proiektuaren aurrekontuaren doikuntza, erabilitako baliabideak eta denbora, eta abar).

–Eragina, proiektuak hartzaileengan izan dituen ondorioak aintzat hartuta.

–Proiektuaren estrategien ebaluazioa, proiektuan azaldutako arazoen aurrean erantzun edo ikuspegi egokiena hartu ote den baloratuta.

–Parte-hartzea eta gogobetetasuna: parte-hartzea neurtzeko, Nafarroako Foru Komunitatean ukituta dagoen pertsona kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da; aldiz, gogobetetasuna neurtzeko, inkestak eginen dira, proiektuen emaitzak eta erabiltzaile edo onuradunek zer hauteman duten ezagutzeko, baita parte hartu duten langileek ere; gutxieneko eduki bat izan beharko dute, inkesten kopurua adierazgarria izanen da eta urtean bat gutxienez egin beharko da.

Departamentuak eredu bateratu bat aurkez dezake proiektuen gogobetetasunari buruzko emaitzak konparatu ahal izateko.

b) Proiektua gauzatzeko egin diren gastuen zerrenda; 9.2 oinarrian aurreikusitako sei hilean behineko txostena aurkeztu izatera, gastu horiek ez dira lehendik justifikatu direnak izanen. Gastu berri horiek justifikatzeko, proiektuaren gauzatze partzialari buruz adierazi den moduan jokatu beharko da.

c) Proiektua gauzatzeko bideratutako diru-sarreren zerrenda.

d) Beste edozein dokumentazio idatzi edo grafiko, borondatez eman nahi dena, proiektua behar bezala gauzatu dela bermatzen duena.

9.2. Proiektua gauzatutakoan eta aipatu moduan justifikatuta dagoela, organo instruktore erantzuleak haren aldeko txostena eginen du.

9.3. Aurkeztutako dokumentazioan gorabeherak edo akatsak atzemanez gero, 10 egun balioduneko epean konpontzeko eskatuko da, eta posta ziurtatuaren bidez jakinaraziko da. Konpontzen ez bada, proiektua ez da behar bezala gauzatutzat emanen, eta “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua baliogabetuko da.

9.4. Entitateari egozten ahal zaion arrazoiagatik zigilua baliogabetuz gero, zehapena izanen du, hau da, ezin izanen da aurkeztu helburu berarekin onesten diren deialdietan bi urteko epean. Proiektua osorik gauzatzeko behar diren funtsak ezin bildu izana ez da entitateari egozten ahal zaion arrazoietan sartuko.

Zehapen honek “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko urteroko deialdietan bakarrik du eragina; ez, ordea, departamentuaren ohiko deialdiak direla-eta aurkezten diren edo aurkeztu gogo diren programa, lankidetza hitzarmen edo bestelako formuletan.

Memoria eta txosten horiek guztiak departamentuak horretarako emandako inprimaki ofizial batean aurkeztuko dira.

10. Entitateen betebeharrak.

“Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua lortu duten proiektuak gauzatzen dituzten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua eskaeran eta zigilua emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) Frogagiriak aurkeztea.

c) Zigilua ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

d) Proiektuarekin zerikusia duten frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Proiektua gauzatzeko egindako ekarpen eta dohaintzen gaineko ziurtagirien edukiari buruzko informazioa prestatu eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari igortzea, baita haien destinoari buruzkoa ere.

g) Proiektuaren xedeko jarduera zuzenean egitea; hirugarrenekin azpikontratatzen ahal da haren gauzatze partziala, baina inoiz ere ez %25etik gora.

11. Aurkeztutako proiektua aldatzea.

11.1. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko baldintzak aldatzeko eskatzen ahalko dute entitateek. Eskaera hori proiektua aldatu aurretik egin beharko da, arrazoituta egonen da eta zer aldaketak egin gogo diren, zer eragin ekonomiko duten eta, zein bere kasuan, lortu nahi diren helburuek nolako ondorioak izanen dituzten azalduko da.

Aldaketa horiek ezin dira inoiz agerian jarri proiektua gauzatu ondoren. Bestela, zigilua baliogabetuko da.

11.2. Proposatutako aldaketak baloratuko ditu organo kudeatzaileak, eta haiek onartu edo baztertuko ditu. Lehen kasuan, aldaketak funtsezkoak badira, proiektuaren aldaketa baimendu eta hura gauzatzeko baldintza berriak adieraziko dituen ebazpena emanen da. Aldaketak onartzen ez badira, entitateak aukera izanen du hasieran aurreikusitako moduan proiektua gauzatzen jarraitzeko, edo haiek aldatzeko; kasu horretan, zigilua baliogabetuko da.

11.3. Dohaintzen bidez, proiektuaren hasierako aurrekontukoa baino diru-sarrera handiagorik gertatuz gero, entitateak proiektu aldaketa eskatu beharko du aurrekontu berriarekin, organo kudeatzaileak onets dezan.

11.4. “Konpromiso sozialeko proiektua” ezin bada 2014an hasi, hura abiarazteko gutxieneko diru kopururik ez dagoelako (proiektuaren memorian zehaztuta egon beharko du), entitateak hartarako aurreikusitako data berria adierazi beharko du, eta aurkeztutako proiektua eta memoria aldatu, 2014ko abenduaren 31 azken data izanik.

11.5. Entitateak eskaera arrazoitua eginez gero, noiznahi ere, proiektuak gauzatzeko epeak luza daitezke. Inola ere ezin izanen da gainditu esleipeneko deialdiak ezartzen duen gehieneko epea.

12. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua daramaten proiektuetarako ekarpen eta dohaintzak.

12.1. “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua deialdi honen arabera lortu duten proiektuei pertsona fisikoek edo juridikoek egindako ekarpen eta dohaintzek legez ezarriko diren onura fiskalak izanen dituzte.

12.2. Proiektuak gauzatzen dituzten entitateen eta haietarako dirua jartzen dutenen artean lankidetza hitzarmenak izenpetuz egiten ahalko dira ekarpen horiek; bestela, dohaintza errebokaezin, garbi eta soilen bidez, haiek gauzatzen diren epean. Dohaintza edo ekarpen guztiak ekonomikoak izanen dira, eta ez zaie onura fiskalik aplikatuko gauzatan egiten diren dohaintzei.

12.3. Aipatu onura fiskalak aplikatzeko, ekarpen eta dohaintzen entitate onuradunek ziurtagirien bidez egiaztatu beharko dute proiektuak gauzatu dituztela, honako hauek adierazita:

–Izen-deiturak edo sozietatearen izena, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai emailearena, bai dohaintza-hartzailearena.

–Berariazko aipamena, ekarpena hartzen duen proiektuak “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua hartu duela dioena.

–Ekarpenaren edo dohaintzaren data eta zenbatekoa.

–Berariazko aipamena, dohaintza errebokaezina eta itzulezina dela dioena.

12.4. Proiektua entitate batek baino gehiagok batera gauzatuz gero, haietako bakoitzak ziurtatu beharko du hartu duen ekarpena edo dohaintza.

13. Emaileen aintzatespena gizartean.

13.1. Izan ditzaketen onura fiskalak gorabehera, deialdi honen babesean “Konpromiso sozialeko proiektu” gisa identifikatuta dauden proiektuetarako ekarle edo emaile nagusi diren pertsona fisikoek edo juridikoek Gizarte Politiketako Departamentuaren aintzatespena jasoko dute. Betiere, aintzatespen hori borondatezkoa izanen da.

Orobat, diruz bestelako ekarpen batzuen bidez, hala nola, borondatezko lana, ekarpenak gauzatan eta konpromiso sozialeko proiektuekiko aholku, zabalkunde eta zuzeneko lankidetza gisa balioetsitako ekarpenak eginez nabarmendu diren enpresa, entitate edo erakundeek aintzatespen sozial hori eskuratzen ahalko dute.

13.2. Aintzatespen hori eskuratzeko, ekarle edo emaileek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

b) Epai edo zehapen administratibo irmo baten bidez, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuta ez izatea.

c) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izatea, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua ez izatea, Konkurtsoari buruzko Legearen arabera desgaituta ez izatea konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitasun aldia amaitu gabe.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontratu irmoki suntsitzeko bide ez ematea, hartan errudun deklaratuta.

e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

f) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 18.1. artikuluan ezarritakoaren arabera kontratatzeko debekurik ez izatea.

g) Desgaitasunak dituzten langileentzako %2ko erreserba kuota betetzea 50 langileko edo gehiagoko enpresetan, Minusbaliatuen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legean aurreikusita bezala, edo Desgaitasunak dituzten langileentzako lanpostuak gordetzeko kuotaren betetze alternatiboa arautzen duen apirilaren 8ko 364/2005 Errege Dekretuan aurreikusitako neurri alternatiboak betetzea.

h) Enpresaburuaren konpromiso etiko-soziala.

Espainia barrenean eta kanpoan (haurren enplegua, lan egiten den herrialdeko arauak betetzea, eta abar) EGE (enpresaburuaren gizarte erantzukizuna) konpromisoa baloratzeko, kontuan hartuko da enpresak edo entitateak ba ote duen Nafarroako Gobernuaren InnovaRSE zigilua haren modalitateetako batean, edo IQNet SR10 Gizarte Erantzukizuna Kudeatzeko Sistemari dagokion ziurtagiria, edo Nazio Batuen Itun Globala izenpetua, edo gizarte erantzukizun korporatiboari buruzko txosten bat prestatua azken ekitaldian GRI edo SGE 21 adierazleen metodologia erabiliz, edo onartu ohi den beste metodologia bat erabiliz, edo enpresaren edo entitatearen erantzukizuneko aitorpen baten bidez.

13.3. Emaileen aintzatespen soziala egitearren, adierazitako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, eta organo eskudunek antolamendu juridikoaren arabera komenigarritzat jotzen dituzten egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

13.4. Jendaurreko ekitaldi batean egiten ahalko dira aintzatespen horiek.

14. “Konpromiso sozialeko proiektua” anagrama erabiltzea.

F1416159_0.pdf

Entitateek, beren komunikazioetan, aurkezpenetan, argitalpenetan eta agirietan, “Konpromiso sozialeko proiektua” anagrama erabil dezakete, baldin zigilua eman zaien proiektuekin erlazionaturik badaude.

“Konpromiso sozialeko proiektuetarako” ekarpenak egin dituzten emaileek, anagrama erabili nahi badute, idatziz egin beharko diote eskaera Gizarte Politiketako Departamentuari, eta hark baimena emanen du, deialdiaren 13.2 oinarri arautzaileko baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2014ko azaroaren 25ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martinez.

Iragarkiaren kodea: F1416159