193. ALDIZKARIA - 2014ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1997/2014 EBAZPENA, irailaren 22koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran betetzeko izangaien beste zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrei erantzuteko.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontratazioaren aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, deialdi hau iragartzen da:

PRESTAKUNTZARAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA, PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO ERDI MAILAKO TITULUDUNAREN LANPOSTUAK ZERBITZU BEREZIETAKO EGOERAN BETETZEKO

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, gerora Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko, salbu eta Osasun Departamentukoei.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, graduatuaren, unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo horien baliokidea den beste bat edukitzea edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturaren bateko lehenengo hiru kurtsoak gainditu izana. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludun gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, deialdiaren bederatzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren mendeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Ebazpen horren bidez onetsitako deialdirako eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Eskabideak.

4.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, artxiboak eransteko Erregistro Orokor Elektronikoan aurreikusitako formatuetatik edozein erabil daiteke parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko.

4.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Nafarroako Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo beren nortasun datuak eta nazionalitatea frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute bakarrik.

Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuetan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, prestakuntzarako zerbitzu berezien adierazpena egiten denean.

4.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

5.1. Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenetik abiatuta (“Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamena, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa” atalean), hautaprobak egiteko deialdi honetan ezarri diren egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Seigarrena.–Proba.

6.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdirako hautapen prozesuan, proba hauek eginen dira.

Proba teorikoa: aukera anitzeko 40 galderako sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Gaiak ebazpen honetako I. eranskinean ageri direnak izanen dira. 0,5 puntu kenduko da erantzun oker bakoitzeko.

Proba praktikoa: epaimahaiak planteatutako kasu bat ebatzi beharko da, ebazpen honetako I. eranskinean jasotzen diren gaietako edukiari buruz.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Bi probak egun berean eginen dira. Hasi aurretik, epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duten.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2. Proba teorikoan 40 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta proba praktikoan, berriz, 10 puntu gehienez. Zerrendan sartuko dira bi probak batuta ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

6.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Beren nortasuna frogatzen ez duten izangaiak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

6.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Ana Arteaga Martínez andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: José Ángel Alonso García jauna, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Bitartekaritza eta Orientazio Zerbitzuko burua.

Mahaikidea: Marta Álvarez Alonso andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Jesús Carlos Adín Sanz jauna, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Amaya Bengochea Carpena andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Bitartekaritza Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Inmaculada Rández López, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Enplegua Sustatzeko Ataleko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: María Jesús Pérez Lafuente andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Erregistro eta Langileriaren Bulegoko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Nazareth Yábar Martínez andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Araubide Juridikoaren eta Langileariaren Ataleko burua.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahal die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Hautaproba gainditzen dutenen zerrendak.

8.1. Puntuetan berdinketarik gertatuz gero, deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, lehenbiziko proban puntu gehiago lortu duenaren alde joko da.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako hautagai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkari alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutako izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu izanik. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

8.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena).

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio arau honetan aipatzen den zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.–Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako teknikari lanean aritzeko izangaien zerrenda.

9.1. Behin betiko zerrenda.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez, izangaien zerrenda onetsiko da. Zerrenda Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena).

9.2. Deiak.

Arau honetan aipatzen den zerrendan ageri diren langileei ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko arauetan xedaturikoarekin bat deituko zaie.

Deia jasotzen duten izangaiek deialdian eskatutako titulazioaren betebeharra betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, graduatuaren, unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo graduatuaren tituluaren edo baliokidetzat aitortutako beste titulu baten fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunaren lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Hamargarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

10.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko eskubidea duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

10.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2014ko irailaren 22an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Gaitegia. Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituluduna

1. Enplegurako 2009-2012 IV. Plana, 2013ra eta 2014ra luzatua.

2. 56/2003 Legea, abenduaren 16koa, Enpleguari buruzkoa.

3. Hazkunde, lehiakortasun eta eraginkortasunerako presako neurriak onesten dituen uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretuaren IV. Tituluaren I. kapitulua.

4. 395/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen duena.

5. Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Ministro Agindua, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duena. Errege dekretu horren bidez enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen da, eskaintzaren araberako prestakuntzaren arloan, eta hura finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

6. TIN/2805/2008 Ministro Agindua, irailaren 26koa, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duena. Errege dekretu horren bidez enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen da, prestakuntzarako laguntza eta sostenguko ekintzen arloan, eta haiek finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

7. Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen III., IV., V. eta VI. tituluak.

8. 15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa.

9. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

10. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen II. Tituluko I. kapitulua.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Nafarroako Gobernuari. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabidea, ...........................................… lanpostuan lehen prestakuntzaldia egiteko izangai berrientzako deialdian parte hartzeko. Deialdia ........…(e)ko ......…..aren …..(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).

1) Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

NAN zenbakia:

Nazionalitatea:

Jaioteguna:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Telefonoak (3 gehienez):

Helbide elektronikoa:

2) Zein lanpostutarako izan zen izendatua (datuak).

Departamentua:

Zerbitzua:

Lanpostua:

Maila:

3) Desgaitasuna frogatzea. (bidezko denean bakarrik)

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

4) Euskarazko lanpostuak (deialdian hala adierazten denean soilik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:

Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua dudala (2. eta 3. jakite mailak).

Hizkuntza Eskola Ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite-maila).

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

5) Horrez gain, hauxe diot:

Jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, .........(e)ko ....................aren ..............(e)an.
(Sinadura)

Oharrak: Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1412973