191. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

77/2014 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean kultura eta kultur sektorea garatzen laguntzea eta suspertzea, eta, horretarako, XXI. menderako mezenasgo-jardunari buruzko kontzepzio bat sustatzea. Foru lege honen bidez, sektore publikoaren eta herritarren arteko lankidetza handiagoa bideratu nahi da kultur proiektuen finantzaketan, eta partikularrek eta enpresek ondarearen kontserbazioan eta artearen eta kulturaren sustapenean egindako ahaleginak errekonozitu. Aldi berean, areagotu egiten da administrazio publikoek herritarrei, eta denei berdin, kultura eskura jartzeko duten ardura.

Hori horrela, foru lege honen helburua da tresna juridiko berariazko bat sortzea, bide emanen duena, zeharkako laguntza publikoa baliatuz, ekimen pribatutik kulturgintzara bideratutako diru-ekarpenen gaineko zerga kenkari eta murrizketak handitzeko; horrelako ekarpenetarako pizgarria izanen den diskriminazio positiboa ezartzen da.

Horretarako, foru legean zedarritzen da, modu zabalean, zein diren interes sozialeko deklarazioa jaso dezaketen kultur proiektuak eta jarduerak: zinematografiarekin, ikus-entzunezko arteekin, arte eszenikoekin eta musikarekin lotutakoak, arte plastikoekin, liburuarekin eta irakurketarekin zerikusia dutenak, eta Nafarroako kultur ondare materialaren eta ez-materialaren sustapena. Era berean, kultur mezenasgoaren onuradun izaten ahalko diren pertsonak eta entitateak zehazten dira.

8/2014 Foru Legean jasotako zerga-pizgarriak aplikatzeko, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, sektore pribatuaren partaidetza Nafarroako Gobernuan kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren aldetik interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jardueretan egin beharko da. Foru legean bertan, interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren oinarrizko ildoak arautzen dira eta aipatu deklarazioa egiteko aintzat hartu beharreko irizpideak xehetasunez azaltzen. Halaber, irizpide horietan oinarrituta xedatzen da ezen Nafarroako Kulturaren Kontseiluak interes sozialeko deklaraziorako ebaluazio loteslea eginen duela, eta kontseilu horrek deklarazioa emateko edo ukatzeko proposamena igorriko diola kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrari, eta horrek proposamen horren arabera ebatziko duela.

Bestalde, foru legean aurreikusten denez, kultur proiektu edo jarduera batzuk interes sozialekotzat hartuko dira berariazko deklarazioa egin behar izan gabe, nahiz eta Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutakoen kasuan derrigorrezkoa izanen den kulturaren arloko departamentu eskudunari komunikatzea.

Hona 8/2014 Foru Legearen azken xedapenetan hirugarrenak ezartzen duena: “Kulturaren arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio arauak emateko, beharrezkoak direnak honakoak egiteko prozedura eta aurkeztu beharreko dokumentazioa arautzeko: interes sozialeko deklarazioa, ereduko programen interes sozialeko deklarazioa, zenbait proiektu edo jardueraren interes sozialeko deklarazioa, bai eta interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jarduerei eman beharreko publizitatea arautzeko ere.” Era berean, azken xedapen berean honakoa adierazten da: “Interes sozialeko deklaraziorako prozedura hori bakarra izanen da foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako eta ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22.B) Hirugarrena artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako”; hori horrela, xedapen honen xedeko interes sozialeko deklaraziorako prozedurak aukera emanen du babesletza-kontratuetatik heldu diren publizitate gastuetarako legez aurreikusitako zerga-onurak aplikatzeko.

Bestalde, aipatu foru legea aplikatzearen ondorioz, kultura eta ogasunaren arloan eskumena duten departamentuek zenbait zeregin eta betebehar izanen dituzte. Kulturaren arloan eskumena duen departamentuari, besteak beste, honako zeregin hauek dagozkio: zerrenda bat tramitatzea eta Zerga Administrazioari igortzea, non jasoko baita urte horretan zer kultur proiektu edo jarduera hartu behar diren, interes sozialekotzat berariazko deklarazioa egin behar gabe; interesdunek eskatutako deklarazioen prozedurak instruitzea eta ebaztea; informazio-kanpaina bat egitea, herritarrei jakinarazteko zein den foru lege honen irismena eta zer zerga-onura dakartzan; Mezenasgoaren Gutuna egitea, alor horretako jardunbide egokiak sustatzeko; sektoreari eta balizko dohaintza-emaileei aholkuak ematea; mezenasgoaren kultura sustatzeko jarduera arruntak prestatzea; egiaztatzea, urtero, dohaintzak egiaz erabili direla interes sozialeko deklarazioa duten kultur proiektu eta jardueretan, bai eta baloratzea ere bete ote diren foru lege honen xedeak, kultura sustatzekoak alegia.

8/2014 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusten denez, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren organigraman, unitate zehatz bati esleituko zaizkio honako eginkizun espezifiko hauek: sektorearentzako aholkularitza eta mezenasgoaren kultura sustatzeko jarduera arrunten diseinua. Zeregin horiek eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzeko, beharrezkotzat jo da Mezenasgoaren Batzordea eratzea. Izan ere, horrek eztabaidatzeko, aholkatzeko, proposatzeko eta jarraipena egiteko zeregin administratiboak sinplifikatzen eta arrazionalizatzen lagunduko du, horiek beharrezkoak baitira foru lege honek kulturaren arloan eskumena duen departamentuari esleitutako betebeharrak betetzeko.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen bidez kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onesten da, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatze aldera. Arauak prozedura zorrotza eta malgua ezartzen du, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioei lotua, non nabarmentzekoa baita Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren zeregina, hari baitagokio eskaerak baloratzea eta deklarazioa onartu edo ukatzeko proposamena egitea. Halaber, honako hauek jasotzen ditu erregelamenduak: ereduko programen edo kultur jardueren interes sozialeko deklaraziorako prozedura; Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektu edo jarduerak komunikatzeko prozedura; eta interes sozialeko deklarazioa jaso duten kultur proiektu edo jardueren publizitate araubidea.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiak proposatuta, eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Erregelamendua onestea.

Kultur proiektuen eta jardueren interes soziala deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onesten da. Haren testua ondotik erantsi da.

Xedapen iragankor bakarra.–Interes sozialeko deklarazioa 118/1999 Foru Dekretuarekin bat lortu duten jarduerak.

Interes sozialeko deklarazioa apirilaren 19ko 118/1999 Foru Dekretuan aurreikusitakoarekin bat lortu duten jardueren kasuan, 2014ko abenduaren 31 arte mantenduko dute kalifikazio hori. Foru dekretu horren bidez, kultur jardueren interes sozialeko deklarazioa erregulatu zen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko irailaren 16an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

KULTUR PROIEKTUAK ETA JARDUERAK INTERES SOZIALEKOAK DEKLARATZEKO PROZEDURAREN ERREGELAMENDUA

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Honako erregelamendu honek, Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea garatzeko emanak, honakoak arautu nahi ditu:

a) Kultur proiektuak eta jarduerak interes sozialeko deklaratzeko prozedura, kultur mezenasgoaren pertsona eta entitate onuradunek eskatuta.

b) Ereduko programak eta kultur jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozedura.

c) Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektuak eta jarduerak komunikatzeko prozedura.

d) Mezenasgoaren Batzordea eratzea eta abian jartzea.

e) Interes sozialekotzat deklaratutako kultur proiektuen eta jardueren publizitatearen araubidea.

2. artikulua. Kultur proiektuaren edo jardueraren definizioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 2.2 artikuluan jasotako arloekin lotutakoak hartuko dira kultur proiektu edo jardueratzat.

3. artikulua. Kultur proiektua edo jarduera interes sozialekotzat deklaratzeak edo interes sozialekotzat hartzeak dituen ondorioak.

1. Kultur proiektuak, jarduerak edo ereduko programak, erregelamendu honen III. eta IV. kapituluetan araututakoaren arabera, interes sozialekotzat deklaratzeak ekarriko du maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean aipatu deklarazioa egiten denetik aurrera gauzatzen diren dohaintza, erabilera mailegu edo komodatu eta lankidetza-hitzarmenentzat aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzea.

2. Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, kultur proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartzen badira, aipatu foru legean aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzen ahalko zaizkie jarraian adierazten diren inguruabarrak gertatu ondotik egiten diren dohaintza, erabilera mailegu edo komodatu eta lankidetza-hitzarmenei:

a) Kulturaren arloan eskumena duen departamentu eskudunak antolatutako kultur proiektu edo jardueren kasuan, bai eta aipatu departamentuaren mendeko fundazio publikoen kasuan ere, kultur proiektua edo jarduera egitea erabakitzen denetik aurrera.

b) Aipatu departamentuak hitzarmenen edo diru-laguntzen bidez sustatutako edo lagundutako kultur proiektu edo jardueren kasuan, hitzarmena sinatzen denetik edo diru-laguntza emanen dela erabakitzen denetik.

c) Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektu edo jardueren kasuan, kulturaren arloan eskumena duen departamentuari komunikatzen zaionetik aurrera, erregelamendu honen V. kapituluan ezarritakoarekin bat. Nolanahi ere, erregelamendu honen 20.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak komunikatu den kultur proiektua edo jarduera ez badu interes sozialekotzat hartzen, ez dira maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean dohaintza, erabilera mailegu edo komodatu eta lankidetza-hitzarmenetarako aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatuko.

3. Aurreko ataletan aipatutako kultur proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartzeak eta deklaratzeak ondorioak izanen ditu Sozietateen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 22.B) artikuluaren hirugarren atalean aurreikusitako zerga-onuren kasuan, babesletza-kontratuetatik heldu diren publizitate gastuei dagokienez, kasu bakoitzean aurreko ataletan adierazitako inguruabarrak gertatu ondoren. Aipatu testu bategina ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

4. Edozein zerga-pizgarri edo -onura aplikatzeko kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian eskatutako baldintzak bete beharko dira.

II. kapitulua

Mezenasgoaren Batzordea

4. artikulua. Eratzea, izaera, helburua eta atxikipena.

1. Mezenasgoaren Batzordea sortzen da, Nafarroako Foru Komunitateko kide anitzeko organoa. Bere helburua da kulturaren sektoreari eta balizko dohaintza-emaleei mezenasgoaren arloan aholkularitza ematea eta maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legeak kulturaren arloan eskumena duen departamentuari esleitutako zereginak betetzen laguntzea.

2. Mezenasgoaren Batzordea Nafarroako Foru Komunitatearen egitura organikoan integratua dago eta kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikia dago.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Mezenasgoaren Batzordeak ez du erabakiak hartzeko ahalmenik eta honako eginbehar administratibo hauek izanen ditu: eztabaidatzea, aholkularitza, proposamenak egitea eta jarraipena.

2. Mezenasgoaren Batzordean ondoko hauek agintzen dute: erregelamendu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoentzako xedapenek.

6. artikulua. Osaera.

Mezenasgoaren Batzordeak honako kide hauek izanen ditu: administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikoa), burua eta koordinatzailea izanen dena, eta bost kide; horietariko batek idazkari lanak eginen ditu, eta denak kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak izendatuko ditu departamentuari atxikitako langileen artean.

7. artikulua. Eginkizunak.

Hauek dira Mezenasgoaren Batzordearen eginkizunak:

a) Onuradunek eskatutako kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozedurekin lotuta erregelamendu honek esleitzen dizkion guztiak, eta kultur proiektu eta jardueren ereduko programak interes sozialekotzat deklaratzeko prozedurarekin lotutakoak.

b) Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektu eta jarduerak komunikatzeko prozedurarekin lotuta erregelamendu honek esleitzen dizkion guztiak.

c) Ogasunaren arloan eskumena duen departamentuari igortzea maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.2 artikuluan adierazitako kultur proiektu edo jardueren urteko zerrendak eta pertsona edo entitate onuradunenak.

d) Kasuan kasuko egiaztagiriak prestatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa kultur mezenasgoaren onuraduna denean.

e) Herritarrei foru legearen irismena eta ezartzen dituen zerga-onurak ezagutarazteko abiarazten den informazio-kanpaina prestatzean laguntzea eta aholkularitza ematea, eta arlo horretan jardunbide egokiak sustatzen dituen Mezenasgo Gutuna egiten laguntzea.

f) Egin nahi diren proiektu, jarduketa edo eskaerentzat kultur mezenasgoaren arloan indarra duen araudiak ezarritako betebehar juridiko eta teknikoei buruz aholkularitza ematea kulturaren sektoreari eta interesa duen beste edozeini.

g) Kultur mezenasgoa sustatzeko jarduera arruntak diseinatzen laguntzea.

h) Zerga administrazioari igortzea interes sozialekotzat hartutako edo deklaratutako kultur proiektu edo jardueren babesletza-kontratuei buruzko dokumentazioa.

i) Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean jasotako aurreikuspenak behar bezala betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

III. KAPITULUA

Kultur proiektuak eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzea,
kultur mezenasgoaren onuradunek eskatuta

1. ATALA

Hastapena

8. artikulua. Eskatzaileak.

Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. artikuluan jasotako kultur mezenasgoaren onuradun diren edozein pertsona edo entitatek aurkezten ahalko du kultur proiektuak eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko eskaera.

9. artikulua. Aurkezteko modua, epea eta lekua.

1. Eskaera bat aurkeztuko da interes sozialeko deklarazioa lortu nahi den kultur proiektu edo jarduera bakoitzeko, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa. Hori onuradunen eskura egonen da kulturaren arloan eskumena duen departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren Atarian.

2. Eskaerak urtero aurkezten ahalko dira, epe hauen barnean: maiatzaren 1etik 31ra bitarte eta urriaren 1etik 31ra bitarte.

3. Eskabideak kulturaren arloan eskumena duen departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

10. artikulua. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Interes sozialeko deklarazioaren eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Entitateen kasuan, haien estatutuak eta eskatzaileak duen ordezkaritza frogatzen duen agiria aurkeztuko dira.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaerarekin batera erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da, bertan adierazita eskatzaileak jarduera artistikoak garatu ohi dituela, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4.f) artikuluan ezarritakoarekin bat, eta bere negozioen zenbateko garbia gehienez ere 200.000 eurokoa izan dela aurreko urtean.

c) Pertsona edo entitate batek baino gehiagok egiten badute interes sozialeko deklarazioaren eskaera, denek aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.

d) Ez da beharrezkoa izanen aurretik adierazitako dokumentazioa aurkeztea baldin eta datu horiek dagoeneko administrazioaren esku badaude. Kasu horietan, aipatu dokumentuetan jasotako datuetan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren edo pertsona fisiko eskatzailearen aitorpen bat aurkez daiteke, aldaketarik ezaren berri emateko.

2. Interes sozialeko deklarazioaren eskabidearekin batera, proiektuaren edo jardueraren dokumentazio zehatz hau aurkeztuko da:

a) Proiektuaren edo jardueraren azalpen memoria, horretarako prestatutako ereduarekin bat, bertan adierazita zein den proiektuaren edo jardueraren izaera eta helburua, zergatik uste den interes sozialekotzat deklaratu beharko litzatekeela (maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 6.2 artikuluan ezarritako irizpideekin bat), hasiera data, garatuko den denbora tartea, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, eta finantzaketa iturrien aurreikuspena, barnean sartuta, halakorik bada, mezenasen eta babesleen balizko ekarpenak.

b) Nor den proiektuaren edo jardueraren arduraduna, hura gauzatzen duen entitatearekin duen harremana adierazita.

2. ATALA

Tramitazioa

11. artikulua. Tramitazio faseak eta organo eskudunak.

Interes sozialeko deklarazioaren eskaeren tramitazioa bi fasetan eginen dute honako organo hauek:

a) Instrukzio fasea: Mezenasgoaren Batzordeak eginen du.

b) Ebaluazio eta proposamen fasea: Nafarroako Kulturaren Kontseiluak eginen du.

12. artikulua. Eskaera instruitzeko fasea.

1. Mezenasgoaren Batzordeak, eskaera jaso ondoren, behar bezala bete ote den eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Eskaera ez badator bat horretarako ezarritako ereduarekin, edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira edo horietan akatsik badago, eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak. Eskaera erregelamendu honetako 9.2 artikuluan adierazitako epeetatik kanpo aurkezten bada edo eskatzailea ez bada maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. artikuluan sartutako pertsona edo entitate onuradunetako bat, Mezenasgoaren Batzordeak proposatuta, kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak eskaera ez onartzeko ebazpena emanen du.

2. Mezenasgoaren Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzen ahalko ditu, hala pertsona edo entitate eskatzaileari dagokionez, nola eskaerako kultur proiektu edo jarduerari dagokionez.

3. Mezenasgoaren Batzordeak egiaztapena eginen du eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluari komunikatuko dio eskatzaileak aldez aurretik interes sozialekotzat deklaratutako proiektu edo jarduerei zegozkien betebeharrak bete ez baditu.

13. artikulua. Ebaluazio fasea eta proposamena.

1. Aurreko artikuluan adierazitako jarduerak eginda, Mezenasgoaren Batzordeak Nafarroako Kulturaren Kontseiluari igorriko dio eskaera dagokion dokumentazioarekin, horrek ebalua dezan eta deklarazioa onartzeko edo ukatzeko dagokion proposamena egin dezan.

2. Hogeita hamar egun balioduneko epean gehienez, eskaera jasotzen denetik zenbatzen hasita, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak deklarazioa onartzeko edo ukatzeko proposamen arrazoitua prestatuko du.

3. Interes sozialeko deklarazioa ukatzeko proposamen arrazoitua honako arrazoi hauetako batean oinarritu beharko da:

a) Uste bada proiektua edo jarduera ez dagokiola kulturaren arloari edo, alderdiren bat kultura arlokoa badu ere, bere edukia, izaera, xedea eta helburuak direla-eta, funtsean kirol, turismo, laguntza, hezkuntza edo beste arloren batekoa bada.

b) Uste bada proiektuak edo jarduerak ez duela merezi interes sozialeko deklarazioa maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 6.2 artikuluan jasotako balorazio irizpideei dagokienez.

4. Era berean, interes sozialeko deklarazioa ez emateko proposamena eragingo du eskatzaileak aldez aurretik interes sozialekotzat deklaratutako pertsona edo entitate onuradun beraren beste proiektu edo jarduera batzuei zegozkien betebeharrak ez betetzeak.

3. ATALA

Prozeduraren bukaera

14. artikulua. Eskaeraren gaineko ebazpena.

1. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak prestatutako proposamena jasota, kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposamen horren arabera ebatziko du.

2. Interes sozialeko deklarazioan, honakoak sartuko dira gutxienez: pertsona edo entitate onuradunaren identitatea, kultur proiektu edo jardueraren izena eta hori garatuko den epea. Deklarazioak kasuan kasuko kultur proiektu edo jarduerarako baizik ez du balioko, hori gauzatzen den bitartean.

15. artikulua. Ebazpena emateko epea.

1. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaio onuradunari.

2. Epe hori bertan behera geratuko da interesdunei dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko edo proiektuari edo jarduerari lotutako argibideak emateko eskatzen bazaie. Halaber, epe hori geldiarazita egonen da Nafarroako Kulturaren Kontseiluari ebaluazioa egiteko eskatzen zaionetik aipatu organoak deklarazioa onartu edo ukatzeko emandako proposamena jaso arte igarotako tartean.

16. artikulua. Proiektua edo jarduera berrikustea.

Ebazpenak deklarazioa ukatzen badu, erabilitako argudioak ikusirik, pertsona edo entitate onuradunak aukera izanen du bere proiektua edo jarduera berrikusi eta interes sozialeko deklarazioa berriro eskatzeko, erregelamendu honen 9.2 artikuluan gaitutako epeetan.

17. artikulua. Espedientea artxibatzea.

Onuradunek eskatuta interes sozialeko deklaraziorako eskaera tramitatzen den bitartean kultur proiektua edo jarduera halakotzat jotzen bada berariazko deklarazioa egiteko beharrik gabe, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat, espedientea ofizioz artxibatuko da kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez, zeina ukitutako onuradunari jakinaraziko zaion.

IV. KAPITULUA

Kultur proiektu edo jardueren ereduko programen interes
sozialeko deklarazioa

18. artikulua. Ereduko programen interes sozialeko deklarazioaren eskaera.

1. Izaera eta edukiagatik ondoko urteetarako antzekoak izanen diren kultur proiektu eta jarduerak gauzatzen dituzten entitateek ereduko programa baten interes sozialeko deklarazioa eskatzen ahalko dute, zeinak programa horretan aurreikusitako kontzeptuen barnean sartutako jarduerak bilduko dituen.

2. Interes sozialeko deklaraziorako eskaera eta prozedura aurreko kapituluan ezarritakora doituko da.

3. Ereduko programen interes sozialeko deklarazioak bost urtez iraunen du gehienez.

V. KAPITULUA

Toki entitateek eta unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektu eta jarduerak komunikatzea

19. artikulua. Kultur proiektuak eta jarduerak komunikatzea.

1. Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutako kultur proiektu edo jarduerentzat maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean bildutako aurreikuspenak baliatu nahi badira, kulturaren arloan eskumena duen departamentuari komunikatuko zaio horretarako prestatutako ereduaren arabera. Eredu hori aipatu departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren Atarian egonen da interesdunen eskura.

2. Kultur proiektua edo jarduera gauzatzen hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez emanen da haren berri.

3. Komunikazio horretan, proiektua edo jarduera deskribatuko da, bai eta haren izaera eta helburua, hasiera data eta iraunaldia ere.

4. Mezenasgoaren Batzordeak komunikazioa behar den bezala egin dela egiaztatuko du. Komunikazioari ez bazaio eskatutako informazioa eransten edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira edo horietan akatsik badago, eskatzaileari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, komunikazioa ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak. Komunikazioa artikulu honetako 2. atalean adierazitako epetik kanpo aurkezten bada, Mezenasgoaren Batzordeak proposatuta, komunikazioa ez onartzeko ebazpena emanen du kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak.

20. artikulua. Egiaztapena.

1. Mezenasgoaren Batzordearen iritziz komunikatutako proiektua edo jarduera bat ez badator maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 2.2 artikuluan adierazitakoarekin, beharrezkotzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ondotik, Nafarroako Kulturaren Kontseiluari igorriko dizkio aurkeztutako komunikazioa eta dokumentazioa, horrek txostena eman dezan hogeita hamar egun balioduneko epean proiektuaren edo jardueraren kultur izaeraren gainean.

2. Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren txostenarekin bat, kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak komunikatutako proiektua edo jarduera ukatzen ahalko du, erabakia behar den bezala arrazoituta.

VI. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

21. artikulua. Proiektuen, kultur jardueren edo ereduko programen jarraipena.

Kulturaren arloko departamentu eskudunak, Mezenasgoaren Batzordearen bidez, interes sozialekotzat deklaratutako edo hartutako proiektuak, kultur jarduerak edo eredu programak egiazki gauzatzen ari direla egiaztatuko du, eta beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio guztia eskatzen ahalko du.

22. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte interes sozialekotzat deklaratutako proiektuari, kultur jarduerari edo ereduko programari dagokienez:

a) Eskaeran deskribatu bezala gauzatzea eta azalpen memoria egitea.

b) Proiektua gauzatzen ez bada, Mezenasgoaren Batzordeari komunikatzea, proiektua garatzea galarazten duten arrazoiak azalduz.

c) Erregelamendu honetan aurreikusitako egiaztapen jarduketak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharrekoak onartzea.

d) Mezenasgoaren Batzordearen aurrean frogatzea proiektua gauzatu dela, helburuak bete direla eta emaitzak lortu direla; horretarako, bi hilabeteko epea egonen da, proiektua bukatzen denetik hasita, eta bukaerako memoria aurkeztu beharko da. Memorian mezenasgoaren eta babesaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira eta horiek proiektuaren edo jardueraren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

e) Urtebetez baino gehiagoz luzatzen diren proiektu edo jardueren kasuan, edo ereduko programen kasuan, urteko memoria aurkeztea Mezenasgoaren Batzordeari, aurreko letran ezarritakoarekin bat, hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.

f) Mezenasgoaren Batzordeari interes sozialekotzat deklaratutako proiektuaren edo jardueraren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptuan urtesari bakoitzean jasoko duen zenbateko osoa ere.

2. Zerga administrazioari dagokionez, onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dohaintzak, erabilera maileguak edo komodatuak eta lankidetza-hitzarmenak benetan egin izanaren frogagiriak luzatzea, maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 10., 13. eta 15. artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta horrekin batera, horiek interes sozialekotzat deklaratutako proiektu, kultur jarduera edo ereduko programetarako erabili direla.

b) Zerga arloko araudian ezarritako ereduetan eta epeetan luzatutako frogagirien edukiari buruz informatzea.

3. Nafarroako toki entitateak eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoak aurreko bi ataletan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte, erregelamendu honetako V. kapituluan aurreikusitakoarekin bat komunikatutako kultur proiektu edo jarduerei dagokienez.

4. Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetan, onuradunek frogagiriak luzatu beharko dituzte eta kasuan kasuko informazioa bidali beharko diote Zerga Administrazioari, eta kasuan kasuko hitzarmenean edo deialdian aurreikusitakoa zehatz-mehatz bete beharko dute.

23. artikulua. Proiektua, jarduera edo ereduko programa birformulatzea.

1. Onuradunek Mezenasgoaren Batzordeari interes sozialeko proiektuan, kultur jardueran edo ereduko programan egin nahi dituzten aldaketak komunikatuko dizkiote. Komunikazio hori aldaketak egin aurretik eginen da, eta aldaketa horiek zein diren azalduko da.

2. Aldaketak funtsezkoak badira eta proiektua interes sozialekotzat deklaratzeko aintzat hartutako irizpideekin lotutako alderdiak ukitzen badituzte, Mezenasgoaren Batzordeak, interesdunei entzutea eman ondotik, Nafarroako Kulturaren Kontseiluari igorriko dio proiektuaren birformulazioa, horrek gehienez ere hogeita hamar egun balioduneko epean ebalua dezan eta dagokion proposamen arrazoitua igor diezaion kulturaren arloko zuzendaritza nagusi eskudunari, eta azken horrek aipatu proposamenarekin erabakiko du interes sozialeko deklarazioa mantentzen edo kentzen duen.

3. Baldin Mezenasgoaren edo babesaren edozein modalitateren bidez izandako diru-sarrera handiagoa bada hasiera batean proiektua, kultur jarduera edo ereduko programa gauzatzeko aurrekontuan aurreikusitakoa baino, onuradunak aurrekontu berriarekin bat birformulatuko du, eta Mezenasgoaren Batzordeari jakinaraziko dio.

24. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.

1. Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak bete ezean, onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, interes sozialeko deklarazioa kentzen ahalko da. Interes sozialeko deklarazioa kulturaren arloko zuzendaritza nagusi eskudunak emandako ebazpenaren bidez kenduko da; hori Mezenasgoaren Batzordeak eskatuta eginen da, onuradunei entzutea eman ondotik eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluak horretarako igortzen duen proposamen arrazoituarekin bat. Proiektua edo jarduera gauzatzeko behar diren funtsak ezin bildu izana ez da onuradunari egozten ahal zaion arrazoietan sartuko.

2. Aurreko atalean jasotako aurreikuspenak ez du galaraziko onuraduna kulturaren arloko departamentu eskudunaren diru-laguntzen deialdietara aurkeztea edo aipatu departamentuarekin hitzarmenak edo bestelako akordioak egitea.

VII. KAPITULUA

Publizitatea

25. artikulua. Interes sozialekotzat deklaratutako proiektuaren, kultur jardueraren edo ereduko programaren publizitatea.

1. Kulturaren arloko departamentu eskudunak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian interes sozialekotzat hartutako edo deklaratutako proiektu, kultur jarduera edo ereduko programa guztien zerrenda eta horien onuradunak, enpresek eta herritarrek jakin dezaten. Web orri horretan, lotura bat gaituko da kultur proiektu eta jarduerei modu elektronikoan dohaintzak egin ahal izateko.

2. Aurreko atalean adierazitako publizitatearen barnean honako hauek sartuko dira gutxienez: pertsona edo entitate onuradunaren identifikazioa, proiektuaren, kultur jardueraren edo ereduko programaren izena eta deskribapen laburra eta hori gauzatzeko epea.

Iragarkiaren kodea: F1412617