19. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2014 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzua sortzen duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte –horiek baitaude jatorrian–.

Nafarroako Ospitaleko Pneumologia Atala eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pneumologia Zerbitzua pixkanaka-pixkanaka eratuz eta garatuz joan ziren. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.

Gaur egun, bidezkoa da besteak beste osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Pneumologia Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Pneumologia Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzua sortzen da, A Ospitaleko Pneumologia Ataleko eta B Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuko baliabide materialak eta giza baliabideak integratuta bertan, Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzuan.

2. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu pneumologiaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua. Pneumologia Zerbitzuaren egitura.

1. Pneumologia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) Ospitalizazio Atala.

b) Jarduera Anbulatorioaren Atala.

2. Pneumologia Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek pneumologiaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo inguruabarrek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen gehigarri bakarra.–Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu baino egun bat lehenago zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, A Ospitaleko Pneumologia Atalaren eta B Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuaren egiturari buruzko arauen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Pneumologia Atalari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

2. Indarrik gabe uzten da Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuaren aipamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko antolaketa unitate batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 65/2007 Foru Aginduan arautu zena.

3. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

Azken xedapen bakarra.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1400602