19. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

513E/2013 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Azkoienen enduro kirola praktikatzeko instalazioen proiekturako. Sustatzailea Azkoiengo Udala da.

2013ko irailaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Pista berriak eta proiektuaren instalazioek 24.750 m² hartuko dituzte, Azkoiengo 1. poligonoko 393. lurzatiaren hego-ekialdeko erdi partean. Alde horretan enduroa praktikatzeko egokia den pista bat irekiko da, sigi-sagatsua. 1650 m luze izanen da, eta 5 metrotik 8ra bitarte zabal. Ondoan, aparkalekuetarako eta zerbitzuetarako gune bat zelaituko da, Azkoiengo saihesbidetik bertan sartzeko bidearen eta El Escopar aintziraren ondoan, txosten honen xedeko instalazioaren hego-ekialdeko muga aldean. Instalazio horiek plastikozko sare batekin itxiko dira.

Proiektuaren xedeko lurrak landu gabe daude, eta nahiko degradatuak, han lurra eta beste gauza batzuk pilatu direlako, hirien inguruko eremuetan ohi den bezala. Proiektuaren eremuaren mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Azkoiengo saihesbidearekin paralelo doan sakan baten ibilgu bideratua; mendebaldeko hegoalde-mendebaldean, Pasada de las Luchas izeneko Errege Altxonbidea, Dehesa de Sagardía izeneko alderdiko mazeletako oihanen beheko aldetik doana; ekialdean, aipatutako El Escopar aintzirarekin; eta iparraldean, ipar-mendebaldean, katastroko lurzati beraren beste muturrarekin.

Lurzatiaren mendebalde horretan, kirol hori praktikatzeko legeztaturik ez dagoen pista baten zati bat dago, orain aurkezten denak ordeztuko duena, besteak beste, aipatu den altxonbidearen lurzatiak partez okupatzen dituelako. Pistaren azkeneko topografia lurzatiaren beraren eta kentzen den pistaren lurrak mugituz eginen da.

Espedienteari Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena erantsi zaio. Txosten horren arabera, jarduketa hau baimentzeko modukoa da, proiektuak eraginen duen ukipena konpongarria delako, eraikitze, zolatze, hormigoiztatze edo antzeko lanik batere egin behar ez delako.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Azkoienen enduro kirola praktikatzeko instalazioen proiekturako. Sustatzailea Azkoiengo Udala da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–Pista diseinatzean, eremuaren drainatzea kontuan hartuko da, batetik, bideratua dagoen ibilgua ez kutsatzeko olioekin eta bestelako substantziekin, eta bestetik, putzurik ez sortzeko, kutsatzaile horien immisio-iturri izan daitezkeelako.

–Instalazioetako itxituraren zuinketatik aipatutako ibilguaren kabailoiaren koroatzeraino 2 edo 3 m utzi beharko dira.

–Instalazioek ez diete ukipenik eraginen El Escopar aintziraren ezpondetan dauden zuhaitzei.

–Boxen gunean, pista kudeatzeko neurri egokiak hartuko dira zorua kutsa ez dadin, izan ere, proiektatutako instalazioetan ezin izanen da ibilgailu motordunen mantentze edo konponketa lanik egin.

–Erabiltzaileen hondakinak biltzeko sistema bat ere ezarriko da, inguruan hondakin organikorik, latarik eta abarrik geldi ez dadin.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Azkoiengo Udalari, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 27an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1400275