184. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, Udal mugapeko etxebizitza edo eraikuntzetan suteen kariaz gertatutako kalteetarako diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2014ko ekainaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Atezko udal mugapeko etxebizitza edo eraikuntzetan suteen kariaz gertatutako kalteetarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2014ko irailaren 9an.–Alkatea, Francisco Javier Nuin Ibero.

Ordenantza, Udal mugapeko etxebizitza edo eraikuntzetan suteen kariaz gertatutako kalteetarako diru-laguntzak arautzen dituena

Xedea

Ordenantza honen xedea da suteak Atetzen dauden etxebizitza edo eraikuntzei kalte egiten dielarik haien jabeei laguntza ematea.

Diru-laguntza honetatik bazterturik daude lanabesetarako edo aisialdirako etxolak.

Onuradunak

Laguntza hauen onuradunak izanen dira etxebizitza edo eraikuntza hauen titularrak, suteak kalte egiten dielarik, titular gisa agertzen baldin badira Atezko Udaleko katastroan.

Baldintzak

Urtero 2000 euro jarriko dira aurrekontuetan horretarako; kontu-sail hori handitzen ahal da.

Diru-laguntzaren portzentajeak

Gehienez lagundu daitekeen zenbatekoa da etxebizitza edo eraikuntza bakoitzean suteak kaltetutako obrak gauzatzeko aurrekontuaren %3, katastroan jasotzen den titular kopurua edozein izanda.

Dokumentazioa

a) Eskabidea, Atezko Udalari zuzendua.

b) Katastroaren ziurtagiria, suteak kaltetutako ondasunaren titulartasunaren egiaztagarri.

c) Suteak eragindako kalteen egiaztagiri teknikoa.

d) Aseguru konpainiari kaltearen berri emateko bidalitako gaztiguaren kopia.

e) Gauzatutako obraren justifikazioa, dokumentazio teknikoaren bidez bermatua.

Aurkezteko epea

Sei hilabeteko epea ezarri da eskabideak aurkezteko, sutea gertatu denetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bertzenaz, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozein erabilirik.

Azken xedapena

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1412431