154. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Aldaketa 14. ordenantza fiskalean, jabari publikoko zoru,
hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasak arautzen baititu, eta orobat haren 1. eranskinean, terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen baitu. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2014ko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa 14. ordenantza fiskalean, eta orobat haren 1. eranskinean, terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen baitu. Iragarkia 2014ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta egintza honetan haren testua osorik emanen da argitara.

Orkoienen, 2014ko uztailaren 11n.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

14. ordenantza

Oinarria

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 12. artikuluko baimenaren ondorioz.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

Zergapeko egintzak dira herriko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:

a) Erabilera publikoko zorupea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntal, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.

c) Pisuetako burdinsareak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko herriko edozein eremu publikotako zoru edo zorupean kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hargunea ere.

d) Toki entitateko edozein eremu publikoko hegalkina ukitzea, eraikinak ixteko elementu, terraza, behatoki, balkoi, markesina, olana edo gisako instalazioekin, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalkinak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

e) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien hegalkinean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

f) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak, beladoreak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

i) Portada, erakusleiho eta beira-arasak.

j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.

k) Toki entitateko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.

l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, herriko eremu publikoetan.

m) Azienda herriko eremu publiko edo jabari publikoko lurretan barna igarotzea.

Ordaindu beharra

3. artikulua.

Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honen xede diren erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak tasa aldizka sortzea eskatzen badute, tasa urtero sorraraziko da, urtarrilaren 1ean, eta zergaldiak urte naturala hartuko du. Erabilera edo aprobetxamendua hasi edo bukatzen den kasuetan, horren arabera moldatuko da zergaldia, halako eran non kuota hiruhilabete naturalen arabera hainbanatuko baita, hasierakoa edo bukaerakoa ere barne harturik.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua.

Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan jartzen diren edukiontzien kasuan, halakotzat joko dira Udalak emandako instalazio baimena duten enpresak.

5. artikulua.

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, hegalkinean eta zorupean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua.

Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da erabileraren edo aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua.

Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, tasaren zenbatekoa zehazteko, kontzesioa, baimena edo esleipena zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da.

Kudeaketa arauak

8. artikulua.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Indarra duen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, gordailu orokor bat jarriko da enpresa baimendu batek egin behar dituen instalazio guztietarako, eremu publikoan edukiontziak instalatzeari buruzko ordenantzan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.

Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko diren kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzetan egindakoak izanen dira.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua.

1) Ordenantza honetan araututako tasei lotutako erabilerak edo aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2) Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3) Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, likidazioak hilean behin eginen dira, enpresa baimenduek aurkeztutako aitorpenen arabera, alde batera utzi gabe hurrengo atalean xedatutakoa aplikatzea okupazioaren amaiera jakinarazteko beharkizuna betetzen ez den kasuan.

4) Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehen ordainduko da tasa, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari amaitu dela jakinarazten dionean. Partikularrak jakinarazteko duen betebeharra betetzen ez badu, ulertuko da erabilerak edo aprobetxamenduak ikuskapen zerbitzuek okupazio baimendua amaitu dela egiaztatu arte segitu duela.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa hiru hilabetean behin ordaintzen ahal da, hiruhilabetekoa iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa erabilera edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago.

5) “Mahai, aulki eta beladoreak” izeneko 1. epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake bidezko arrazoirik, obrarik, konponketarik eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Zoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak.

–Mahaiak, aulkiak, barrak eta ostalaritza jardueretarako beste baimen batzuk:

Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, 3,01 euro hilabeteko, uztaila eta abuztuan.

Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, 1,50 euro hilabeteko, ekainetik irailera.

–Ostalaritzako jardueretarako beladoreak:

Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, 6,0 euro hilabeteko, uztaila eta abuztuan.

Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, 3,00 euro hilabeteko, ekainetik irailera.

–Ostatu-ibilgailuak:

Tarifa hau kobratuko da baimendutako ibilgailu eta erabilera egun bakoitzeko, baldin eta instalatzeko eremua enkante bidez esleitzen ez bada: 6,01 euro.

–Edukiontziak eremu publikoan jartzea:

–Edukiontzi eta egun bakoitzeko: 1,20 euro.

1. ERANSKINA: ORDENANTZA, TERRAZAK ETA BELADOREAK EREMU PUBLIKOAN PARATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Orkoiengo Udalak taberna eta kafetegiei irabazizko jarduera pribatuetarako lurzoru publikoaren erabilera ematea arautzea du xede ordenantza honek, eta hura erabili eta mantentzeko baldintzak ezartzea kontzesio-hartzaileei, baita araubide tekniko eta juridikoa ezartzea ere, terrazak, beladoreak eta erretzaileendako mahai osagarriak jartzeko, baita haien instalazio osagarriak ere, hala nola, eguzki-babesak, eguzki-oihalak, berogailuak eta abar.

Jarduerarako lizentzia eta irekitzekoa duten jarduera guztiak, hala nola, taberna, kafetegi, jatetxe eta taberna bereziak, erabilera publikorako baitira guztiak, erabilera publikoko enpresa eta lokalen erregistroan inskribatuta egonik, ordenantza honetan ezarritako aginduen mende daude, eta nahitaez bete beharko dituzte udal mugapean. Partikularren gastronomia elkarteak, gazteen lokalak eta, oro har, erabilera publikorako ez diren lokalak, ordenantza honen determinazioetatik at daude.

2. artikulua. Definizioa.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, jarduera nagusian aritzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri izanik, mahai, aulki eta behin-behineko instalazio finko edo mugigarriei esaten zaie terraza eta beladore. Hona kontzeptu horiek:

a) Mahai osagarria: mahai osagarritzat hartuko da lokalaren kanpoaldean jartzen den elementua, erretzaileek erretzen duten bitartean, haren gainean kontsumizioa eta sortzen diren errautsak-zigarrokinak uzteko.

b) Terraza: behar bezala baimenduta, leku ireki batean -eraikinik gabe- eta jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari esaten zaio terraza, bertan mahai, aulki, eguzki-babes eta bestelakoak, hala nola, landareontziak edo loreontziak, dituztela erabilera publikorako, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

c) Beladorea: estalkian babesa duten terrazei esaten zaie beladore. Itxiak edo irekiak izan daitezke.

d) Altzariak: altzaritzat jotzen dira mahaiak, aulkiak, berogailuak, landareontziak, eguzki-babesak eta horrelatsukoak, den-denak terrazaren zerbitzurako edo babes nahiz mugarri gisa.

e) Altzari osagarriak: altzari osagarritzat jotzen dira altzari osagarriak, zorupeko kableatu elektriko fokuduna, ordenagailurako kableatua eta beste zenbait gauza.

f) Denboraldia: baimenaren indarraldia da.

3. artikulua. Baimenen iraupena eta zein eremutan eman daitekeen baimena.

Baimenaren iraupena uda sasoia izanen da terrazen kasuan, edo neguko sasoia, edo beladore eta mahai osagarrien sasoia.

Uda sasoian, mahaiak eta aulkiak jartzeko, eguzkitako edo eguzki-babesekin edo gabe, instalazioak jartzeko baimena eska daiteke epe laburragoetarako, baina betiere uda sasoiaren barrenean. Eskabidean berean agertuko da epea, hau da, hasteko eta bukatzeko eguna. Eperik adierazten ez bada, sasoi osorako edo udako sasoirako eskatzen dela ulertuko da.

Neguko sasoirako baimenari dagokionez, mahai osagarrietan edo beladoreetan berogailuak jartzeko soilik izanen da, eta gehienez ere 7 hilabetekoa emanen da, urriaren 15etik maiatzaren 15era arte.

Lizentzian zehaztutako eperako ematen dira mahai osagarri, terraza, berogailu eta beladoreetarako baimenak. Ez da inoiz denbora mugagaberako baimenik emanen. Beladoreen kasuan ez bestetan, eta haiek jartzeko inbertsioa kontuan hartuta, baimenak urtekoak izanen dira eta urtez urtez luzatzen ahalko dira 4 urtera arte, lehena barne, betiere zein jardueratarako eman den, hartan jarraitzen bada.

Udal organo eskudunak baimena eman dezake beladoreak jartzeko, baldin eta bidezkotzat jotzen badu eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, bai eta aplikatu beharreko araudian ezarritako irisgarritasun baldintzak ere.

Kontzesioaldian, esleitutako lurzorua jardueraren edo lokalaren zati gisa hartuko da eta zein jarduerari lotuta dauden haren araubide juridikoaren eta erantzukizunekoaren mende egonen da

II. KAPITULUA

Paratzen ahal diren elementuen ezaugarriak

4. artikulua. Elementuen zer-nolakoak.

a) Instalatu behar den modulu mota eta haren gutxieneko eta gehieneko neurriak: mahai batek eta lau aulkik osatzen dute terrazaren modulua. Modulu horren azalera 4 metro karratukoa da. Ezin izanen da baimenik eskatu modulu baten azaleratik beherako eremurako.

Establezimendu bakoitzak gehienez okupa dezakeen azalerak ez du gaindituko lokalaren barnekoaren parekoa den ostalaritzako erabilera publikoko azaleraren %100a.

b) Mahai osagarriak: kanpoaldeko elementuak dira, zutik dauden erabiltzaileendako lagungarri direnak, gehieneko neurriak izanik 60 x 60 zabal eta metro batetik metro eta hogei zentimetrora arteko garaiera dutenak, espaloitik neurtuta. Eremu publikoan paratuko dira edo erabilera publikoko ataripeetan. Hornigarri gisa, inguruan kontsumitzen diren tabako hondakinak eta errautsa uzteko elementuak izanen dituzte. Instalatzen diren elementu horiek, nahitaez, erabilera planotik zoruraino joanen dira ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, eta debekuta daude elementu hegalkindunak dituztenak. Eremu horretako garbitasuna ostalaritzako establezimenduaren kontura joanen da eta egunean bi aldiz eginen da, gutxienez, eta behin lokala ixten denean.

Elementuak izanen dira garbiketa zerbitzuek aise mugitzeko modukoak, kalea garbitu behar dutenean (gurpil balaztadunak edo pisu txikikoak).

Instalazio hau soilik mahai altua edo “upela” izanen da, eta debeku da aulkirik, tabureterik edo bankurik atxikita izatea.

c) Aulkiak eta mahaiak: mahaiak eta aulkiak aparte joanen dira, eta oro har moduluka izanen dira, alegia, mahai batek eta lau aulkik osatuko dute modulu bat. Salbuespenez, baimendu ahalko dira banku finkoak dituzten mahaiak, baldin eta errespetatzen badira legeak finkatuak dituen pasabide libreak, betiere egunaren 24 orduetan eta baimenak iraun bitartean ez bada gatazkarik sortzen inguruko bizilagunekin, dela asotsa dela erabilera neurrigabea.

d) Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: ehunezko edo plastikozko elementu tolesgarriak, euskarri bakarrekoak, mahai eta aulkien gainean daudenak erabiltzaileak eguzkitik babesteko.

e) Landareontziak eta loreontziak: terrazen edo beladoreen kasuan soilik baimena eman daiteke loreontzi edo landareontzi lerro bat jartzeko terrazaren okupazioaren perimetroan, terrazetako erabiltzaileak babestu edo bereizteko. Baimenduko den okupazioaren zabalera 0,50 metrokoa izanen da gehienez, eta loreontziaren altuera 0,40 metrokoa gehienez. Elementu horiek okupatzen duten azalera kontuan hartuko da tasak kalkulatzerakoan eta eremuen okupazioaren mugak jartzerakoan, eta baimen eskaeran bertan azaldua eta definitua egonen da.

f) Haize-babesak: landaredunak ez diren elementuak, superfizialak eta zutikakoak, gehienez ere 1,70 metroko altuerak, espaloitik neurtuta, terrazaren hainbat leku bistatik ezkutatzeko edo haizetik babesteko. Ezin izanen dira jarri beladoreetan edo mahai osagarriak dauden tokietan, alegia, terrazetan soilik jar daitezke, une orotan oinezkoen, erabiltzaileen eta ondasunen egonkortasuna eta segurtasuna zainduz eta bermatuz.

g) Beladoreak: eremu hauek horizontalki mugatuta daude, estalki finko edo mugigarri batekin, egitura zoruaren gainean jarrita, eta bere zoladura duena, espaloiaren sestratik goiti. Iraunkorrak dira. Itxiak edo irekiak izan daitezke, 42/2010 Legean zehazten denaren arabera.

h) Berogailuak: Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak homologatutako modeloetako berogailuak baino ez dira ezarriko beladoreetan edo mahai osagarrietan. 4 modulu bederen beharko dira terraza edo beladoreetan berogailua jartzeko, eta 4 moduluko multzoan berogailu bakarra izanen da terrazaren esparruan. Mahai osagarriei dagokienez, berogailu bat baino ez da baimenduko establezimendu bakoitzeko, eta zein mahai osagarriri egiten dion zerbitzu, haren ondo-ondoan jarriko da, betiere espaloian barna iragatea galarazi gabe. Berogailuak kontsumo txikikoak izanen dira; betiere, ingurumenaren jasangarritasuna txukun errespetatuz. Berogailu elektrikoak jartzen badira, kableak lurraren azpian joanen dira eta instalazioa babesteko koadro bat, gutxienez diferentzial bat duena jarriko da, baita zirkuitulaburren kontrako babesa ere.

Gasezko estufak badira, terrazaren edo beladorearen eremuan sua itzaltzeko materiala eduki beharko da, betiere jarritako estufa motarentzat eta bero-ahalmenarentzat egokia dena eta behar den aireztapena, hori guztia beladore itxiak arriskurik gabe erabil daitezen.

i) Publizitatea: beladoreen kanpoaldean, establezimenduaren izena eta jarduera mota jartzen ahal dira. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimenduaren izena paratzeaz gain marka komertzialena ere paratzen ahal da, modu nabarmenean ez bada. Guztiz debekatuta daude publizitateko terraza eta beladore estandarrak.

5. artikulua. Elementuen eta materialen homogeneotasuna.

Oro har, mahaiak, aulkiak, eguzki-babesak eta ezartzen diren gainerako elementuak ahalik eta asots gutxien ateratzen duen materialekoak izanen dira; bestela, egokitu egin beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Mahaien eta aulkien hanka guztiek gomazko takoak eraman beharko dituzte beti jarriak, asotsa galarazteko.

Baimen eta/edo establezimendu baten multzo bateko elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira. Terrazen diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin, eta kromatismoa, materialak eta diseinua ahalik eta berdinena izan beharko dituzte.

Altzariek (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, eguzki-babesak, haize-babesak, beladoreak eta abar) eta hiri inguruneak halako harmonia eta estetika izan dezaten, ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Materialak: ahal dela aluminioa erabiliko da, eta beste material batzuekin konbinatzen ahal da, hala nola zur tratatua, biniloa, zumea, plastiko estrusionatuak jarleku eta bizkarraldeetan etab. Mahai eta aulkiek bat etorri beharko dute beren artean.

b) Koloreak: jartzen diren altzarietan kolore neutroak erabiliko dira (zuriak, kremak, metalizatuak). Ezin da kolore deigarri edo/eta biziegirik erabili.

Nolanahi ere, haize-babesen edo landareontzien kasuan, ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, inguruko zoladuraren kolorearekiko erabat bestelako kolorearekin margotuko dira.

c) Eguzkitakoak/eguzki-babesak: ehunezko edo plastikozko material lisoa erabiliko da, eta kolore argi bakarrekoak izanen dira. Euskarria arina eta desmuntagarria izanen da. Mahai bakoitzerako banakakoak ezin izanen dira lurrean finkatu. Mahai bat baino gehiago estaltzen duten eguzkitakoen eta eguzki-babesen kasuan, baimen espresa beharko da eta hori hasierako eskaeran jarriko da. Elementu horien oinplanoko proiekzioak ez ditu terraza baimenduaren mugak gaindituko. Osagai guztiek 2,20 metroko altuera utziko dute libre, gutxienez ere.

Eguzki-oihalaren moduko eguzki-babesak baldin badira mahai osagarriak estaltzeko, lokalaren fatxadan jarri beharko dira eta ASetan zehaztutako 1,5 metroko hegalkinaren muga gaindi dezakete, mahai osagarrien eremura iritsi arte, betiere errespetatzen bada gutxieneko garaiera libreko 2,30 metro.

d) Beladoreak: diseinu berezi irekia edo gardena izanen dute, bistetarako trabarik gabea, batez ere; ez dira oztopo izanen ingurua ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen. Materialen atalean zehaztu dira haien egiturazko elementuak eta koloreak. Beladore itxiak baldin badira, alboetako itxiturak material garden eta zurrunekin eginen dira; lerragarriak ere izan daitezke. Beladore irekiek eremuaren mugaketarako elementu bajuak izan ditzakete, lurretik 70 cm-koak, gehienez ere. Beladorearen edozein puntutan, barneko gutxieneko garaiera librea 2,40 metrokoa izanen da eta beti bete beharko dituzte hainbat baldintza, hala nola, suteen gaineko legeriak zehazten dituen ebakuaziokoak, irisgarritasunekoak eta CTE SUAkoak, baita aireztapenari eta airearen kalitateari dagozkienak ere, itxiak direnean.

Beladoreei eusteko plataforma lurretik 5-10 zentimetrotara egonen da. Zoladurari lotu ahal izateko, Udalak baimena eman beharko du, betiere lur azpian garajerik edo sotorik ez badago eta bermatzen bada finkatze elementuek ez dutela irazgaiztasunean eraginik izanen, eta lizentziaren titularrak ziurtatzen badu instalazioa kentzen duenean zoladura eta okupatutako lurzorua egoera ezin hobean utziko dituela; horretarako, beladorea gauzatzeko aurrekontuaren %4ko zenbatekoa jarri beharko da abal gisa.

Ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, gutxienez 40 cm-ko zerrenda bat izanen dute, lurzoruan eta beladorearen kanpoaldetik, zoladuraren kolorearekiko erabat bestelako kolorea izanen duena.

Beladorearen eredua Udalak onetsi beharko du baimenaren kontzesioaren ekintzan, eta exekuzio proiektua beharko du egina izan, teknikari eskudun batek prestatua, eta bertan frogatu Eraikuntzako Kode Teknikoa eta aplikagarria den gainerako arautegia betetzen direla.

e) Haize-babesak: aluminiozkoak, burdinazkoak edo zurezkoak soilik izanen dira edo ehunezko materialekin edo plastiko gardenekoekin nahasiak. Lurrean tinkatuak egonen dira zerbitzua ematen duen terrazak baimena duen bitartean, eta beti oinezkoen ibilbideak eta harat-honatak galarazten ez badituzte. Baimenarekin batera joanen dira, harekin batera eskatu beharko dira eta jarriko diren ereduen planoak edo argazkiak aurkeztu; dena den, handik kenduko dira terrazaren epea bukatutakoan. Beti bermatu beharko da erabilera-esfortzu guztien eta haizearen kontrako erresistentzia, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko.

Berariaz debekatuta daude lehen deskribatu baldintza edo materialak betetzen ez dituzten publizitateko terraza estandarrak.

Udal agintari eskudunak baimendu beharko ditu altzariak (mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, bereizgarriak etab.) eta estalkiak, terrazaren, beladorearen edo mahai osagarrien baimenaren egintzan berean, eta beti egokiro kontserbatuta eduki beharko dira.

III. KAPITULUA

Udalaren lizentzia eskuratu beharra

6. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu beharko da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

Terrazak eta beladoreak jartzeko baimenerako, nahitaezko baldintza izanen da eskaera egin duen establezimenduak JEZaren ordainketa guztiak ordainduak izatea, jarduerarako eta irekitzeko lizentzia edukitzea, Nafarroako Gobernuaren aisialdi jardueren erregistroan izena emanda egotea eta erabilera publikokoa izatea; halaber, inolako zerga-zorrik ez izatea Orkoiengo Udalean.

7. artikulua. Diskrezionaltasuna.

Orkoiengo Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilera, eta berak eman, ukatu edo kenduko ditu baimenak, edo ordutegia murriztuko, ikusita zein arazo sortzen dizkieten terraza edo beladoreek etxebizitzei, bizilagunei, saltokiei edo eremu publikoari aurreko ekitaldietan edo kontzesioaren epean.

8. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak beladore, terraza eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du, baldin eta interes publikoak, irisgarritasunak, trazadurak, kokalekuak, bidearen segurtasunak edo bestelako inguruabarrek hala eskatzen badute, hurrengo kasuetan:

–Instalazioa galtzadan edo ibilgailuek aparkatzeko eremuan jarri nahi denean.

–Hartaz arduratzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

–Bide segurtasunari kalte egiten bazaio (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.

–Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, telefono kabinak, zaborrak biltzeko sistemak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

–Traba egin, murriztu edo galarazten baditu oinezkoendako ibilbide irisgarriak, oinezkoendako eta minusbaliatuen pasabideen sarrerak, oinezkoendako pasabideetako arrapalak edo galtzadan eta autobus geltokietan sartzen badira, edota eraikinen lerroaren jarraipena hausten badute, hori ikusmen urriko pertsonen joan-etorrientzat nahasgarri izan baitaiteke (irisgarritasunari buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera).

–Ordenantza honetan zehazten diren baldintzak betetzen ez badira.

IV. KAPITULUA

Instalazioak bete beharreko baldintzak

9. artikulua. Kaleetako espaloietan paratzea.

1. Instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

2. Ahal delarik, terrazak eta beladoreak luzetara jarriko dira eta espaloiaren ertzari jarraituz, harekiko tartea gutxienez 30 zentimetro izanik, betiere 1,80 metro zabaleko pasabidea libre utzirik eraikinaren fatxadari atxikia (edo irisgarritasunari buruz indarra duen araudiaren arabera). Nolanahi ere, debeku da oinezkoen pasabideen gainean edota haien oketsen arrapalen gainean paratzea, baita haien luzapenetan ere, zabalera izanik 1,8 metro, fatxadaren ondoko zerrenda libreetaraino.

3. Nolanahi ere den, instalazioak libre utzi beharko du oinezkoendako pasabide iraunkor bat, gutxienez 1,80ko zabalera librea izanen duena, oztoporik gabea eta eraikinen fatxaden ondoan, oinezkoendako pasabideekiko eta gainerako ibilbideekiko 1,80 metro zabaleko loturekin.

4. Jardueraren fatxada berean, mahai osagarriak bateraezinak izanen dira terraza eta beladoreekin. Hortaz, terraza jartzen bada mahai osagarri guztiak handik kendu beharko dira jarduera bukatu arte.

5. Erabilera publikoko ataripeak edo arkupeak dituzten bideen kasuan, terraza espaloiaren gainean jarri beharko da, ataripea libre utzirik beti pertsonen harat-honatetarako.

6. Arkupeak eta ataripeak dituzten eremuetan mahai osagarriak ezarriko dira kanpoko zutabeei atxikirik zutabeen tarteen azpian, sekula ez arkupearen barrenaldean.

7. Gehienez ere mahai osagarri bat jarriko da fatxadaren lau metroko tarte bakoitzeko edo zatikiko, eta fatxada bakar batean soilik.

8. Orobat, debekatuta daude instalazio horiek honako hauen parean: oinezkoen pasabideak, minusbaliatuendako aparkalekuak, larrialdiko irteerak, autobusen geralekuak, taxiek aparkatzeko guneak, beira, kartoia eta zaborra biltzeko edukiontziak, ibilgailuen irtenbideak eta abar.

9. Orkoiengo Udalak baloratuko du ea beharrezkoa den urbanizazio obra osagarriren bat egitea eta, hala izanez gero, haren baldintzak ezarriko ditu. Obra hori terrazaren sustatzaileak eginen du, eta bere gain hartuko. Halako obrak egin ahal izateko, irisgarritasunari buruz indarra duen araudia betetzen dela ziurtatu beharko da.

10. Terraza behar bezala mugatuta geldituko da zoladuran, eta ezin izanen da eremu hori gainditu. Baimena bukatutakoan, lehen zegoen bezala utzi beharko da zoladura.

10. artikulua. Instalazioak plazetan eta eremu libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Gehieneko luzera etenik gabea ez da plazaren edo eremu librearen erdia baino handiagoa izanen.

b) Instalazioaren gehieneko zabalera ez da plazaren edo eremu librearen erdia baino handiagoa izanen, eta fatxadetatik 2 metro bereizi beharko da gutxienez.

c) Bertako etxebizitzen eta lokalen sarbideak bermatu beharko dira, baita lehenbizikoen segurtasuna ere, eta bertan jarritako hiri altzarien erabilera egokia eta irisgarritasuna.

d) Udal zerbitzuen (garbiketa, garbigailuak etab.) eta larrialdiko zerbitzuen (suhiltzaileak, anbulantziak etab.) funtzionamendua bermatuko da.

e) Orkoiengo Udalak baloratuko du ea beharrezkoa den urbanizazio obra osagarriren bat egitea eta, hala izanez gero, haren baldintzak ezarriko ditu. Obra hori terrazaren sustatzaileak eginen du, eta bere gain hartuko.

Obra horiek nahitaezkoak izanen dira lorategi eremuak osorik edo hein batean okupatu nahi direnean. Lorategi eremu osoak edo haien zati bat okupatzeak berarekin ekar dezake baimen eskaerari ezetza ematea. Halako obrak egin ahal izateko, irisgarritasunari buruz indarra duen araudia betetzen dela ziurtatu beharko da.

V. KAPITULUA

Udalaren lizentzia tramitatzea

11. artikulua. Lizentzia eskaera.

1. Jardueraren titularrak eskatu beharko du lizentzia, eta jarduerari loturik egonen da. Interesdunak Erregistro Orokorrean beharko du eskaera aurkeztu, alkateari zuzenduta eta artikulu honetan aipatutako dokumentuak erantsita. Honako hauek adieraziko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

–Jardueraren izena eta kokalekua.

–Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFK etab.).

–Terrazaren erabilerarako jardueraren gaineko erantzukizun zibileko aseguruaren kopia edo zinpeko aitorpena hura baduela adierazteko, hain zuzen ere instalazioak erabiltzaileei nahiz hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalteak estaltzeko adinakoa.

2. Eskaerarekin batera interesdunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jardueran aritzeko Udalaren baimena (jarduerarako eta irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

–Orkoiengo Udalarekin zerga-zorrik ez izatearen gaineko udal ziurtagiria.

–Ondoko etxebizitza eta lokalek emandako baimenaren frogagiria, halakorik behar denean.

–Kokalekuaren planoa, gutxienez 1:200 eskalakoa, argi eta garbi zehaztuz instalazioak okupatzen duen eremua, mahai osagarrien eta/edo mahaien eta aulkien banaketa, alboetako babesak eta abar. Orobat, fatxadaren luzera eta eremu libreen zabalera adierazi beharko dira; gainera, hiri elementuak (trafiko seinaleak, arbolak, bankuak, zutabeak, hiri altzariak etab.) eta udal zerbitzuetan izan daitekeen eragina (urak, saneamendua, gasa etab.) azalduko dira.

–Instalatu gogo diren mahai, aulki, eguzki-babes edo eguzkitako, haize-babes eta abarren ereduak, Udalak baimen ditzan, baimenarekin batera.

–Beladoreen kasuan, teknikari eskudun batek prestatutako proiektua.

12. artikulua. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak. Orobat, terraza, beladore edo mahai osagarrien ordutegia finkatuko da, baita murrizketak ere, baleude.

3. Baimena ematea bidezkoa ez bada edo eskatutako lizentzia ematea egokitzat jotzen ez bada edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.

4. Eskatzaileak ez badu ordaintzen ordenantza fiskaletan zehaztutako prezio publikoa, eremu publikoa okupatzeagatik, edo ordenantza honetan zehaztutako fidantzak ez baditu pausatzen edota ordenantza honen arabera ezarritako isunak ez baditu ordaintzen, lizentzia bertan behera geldituko da, besterik gabe.

13. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardunean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala kendu edo gutxitzeko.

2. Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko, eremu publikoaren erabilerako edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera, baita erabiltzaileei edota hirugarrenei egiten zaizkienak konpontzera, jarduera nagusiari atxikia dagoen aseguruaren bidez.

4. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta bere elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita.

5. Lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, erabatean edo zati batean. Beladoreen kasuan eskualdaketa egin daiteke lokalaren jarduerarekin batean, gelditzen den denboraren gainerako eta betiere jardueraren aldi baterako geldialdia gertatzen ez bada.

6. Ekitaldiak eta Udalaren obrak direla eta, terraza eta beladoreak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte-ordainik hartzeko eskubiderik gabe.

14. artikulua. Tasa eta fidantza.

1. Lizentziaren titularrak tasa eta dagozkion gainerako zergak ordainduko dizkio Udalari, ordenantza fiskaletan ezarritako kopuruan eta moduan, eta autolikidazioa eginez kudeatzen ahal ditu.

2. Azaleretarako eta tasak igortzeko erreferentzia gisa, mahai batek eta lau aulkik 4 metro koadro hartzen dutela kalkulatzen da, haiek erabiltzen ari direnean. Toki gehiago hartuz gero, benetan okupatutako azalerari dagokion tasa igorriko da.

3. Ordenantza honetan ezarritako eginbeharrak betetzen direla bermatzeko, lizentziaren titularrak 300 euroko fidantza jarri beharko du, eskudirutan, tasa ordaintzearekin batean. Borondatez ordaintzeko epea fidantza jarri gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu. Terraza eta beladoreak instalatzeko emandako lizentzien titularrek beren eginbeharrak bete dituztela frogatu bezain laster itzuliko dira fidantzak.

4. Beladoreen kasuan, fidantza 3.000 eurokoa izanen da, hain zuzen ere bermatzeko desmuntaketa eta eremu hura lehen zegoen bezala geldituko dela, jarduera uzten bada. Kasua hori bada, fidantza dirutan edo bankuko abalaren bidez ordaintzen ahal da.

15. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra Udalarekin harremanetan jarriko da, bertako zerbitzu teknikoek tokian berean berrets dezaten gehienez baimendutako azaleraren muga. Kontzesiodunak argi eta zehatz markatuko du lurzoruan okupatuko duen eremua, hura erabiltzen hasi baino lehen.

Markak pintura urdinez eginen dira; marra jarraiak, ongi taxutu eta zuzenak izanen dira, 4 cm lodi. Baimendutako eremua izanen da; bertan sartuko dira erabiltzaileek baliatuko dituzten mahai eta aulkiak, loreontziak, haize-babesak, eguzkitakoak, altzari osagarriak eta abar, eta ez da inola ere gaindituko.

Lurzoruaren erabilera esleitua duena arduratuko da terraza edo beladoreak garbitzeaz, baita erabiltzaileek eta kontzesio-hartzaileak berak inguruan utz ditzaketen hondarrak biltzeaz ere. Bai terrazak bai inguruak garbi eta txukun egon beharko dute.

Horretarako, beti bete beharko ditu Udaleko Zerbitzu Anitzetakoek edo Garbiketa Zerbitzuak emaniko jarraibideak, eremu hura txukun-txukun mantentzeko, eta jarraibide horiek unean berean bete beharko ditu.

Mahai osagarriei dagokienez, 42/2010 Legearen ondorioz, arreta berezia jarri beharko da eremua garbitzeaz eta zaintzeaz; hortaz, zigarrokinak eta kontsumizio-hondarrak eraman beharko dira eta hautsontziak hustu. Eginkizun horiek terrazako titularraren kargura izanen dira eta egunean bi aldiz, gutxienez, eginen dira eta beste behin lanaldiaren bukaeran.

Espazioa okupatzeagatik ezin da lokalerako sarbidea nahiz ondoko lokaletarakoa edo atarietarakoa oztopatu, ezta espaloian barnako joan-etorria trabatu ere.

Terrazek ezin dituzte inoiz eremu publikoa edo ibilgailuek aparkatzeko eremuak hartu, jaietan edo ekitaldi berezietan espres emandako baimen zehatzetan izan ezik.

Lokaletako terrazak arkupe eremuetan daudenean, eremu horiek erabat libre utzi beharko dira, nahiz egoera klimatologikoa txarra izan.

VI. KAPITULUA

Epeak eta ordutegiak

16. artikulua. Denboraldia.

–Denboraldia: urteko denboraldia, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, mahai osagarrietarako.

–Udako denboraldia: maiatzaren 1etik urriaren 31ra arte, terrazetarako.

–Neguko denboraldia: urriaren 15etik maiatzaren 15era arte, berogailuetarako.

–Beladoreen denboraldia: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte; urtez urte luza daiteke, lau urtera bitarte, lehenengoa barne.

17. artikulua. Ordutegia.

1. Zein den ere jarduera nagusirako baimendu den ordutegia, beladoreak edo terrazak ordutegi honen barrenean baino ez dira erabiliko:

–Instalazioak eremu publikoan paratzeko ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00etan, garbitze lanak oztopatu gabe.
  • Larunbat, igande eta jaiegunetan: 11:00etan.

–Instalazioak eremu publikotik kentzeko ordutegia:

  • Udako ordutegi berezia (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila):
  • Igandetik ostegunera: 24:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00ak arte.
  • Ordutegia, urtearen gainerakoan:
  • Igandetik ostegunera: 23:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 24:00ak arte.

–Mahai osagarrien ordutegia:

  • Lokala jendearendako irekita dagoen bitartean, kanpoan jar daitezke, betiere ezarritako ordutegiaren barrenean.

2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

3. Edozein arrazoi dela eta, auzoak gogaitzen direla egiaztatzen den tokietan, 21:00ak arte murrizten ahal da ordutegia igandetik ostegunera arte, eta 22:00 arte ostiral, larunbat eta jai bezperetan.

4. Debekatuta dago auzoen atsedenaldia galaraztea zarata, oihu, kantu edo bestelakoekin, 22:00etatik aurrera batez ere. Betiere, debeku da megafonia/giroko musika paratzea kanpoan.

18. artikulua. Instalazioa kentzea.

1. Aitzineko artikuluan ezarritako ordutegia bukatuta, instalazioaren titularrak terrazetako elementu guztiak kenduko ditu kanpotik: mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta abar. Egunero bilduko dira terrazari dagokion lokalaren barrenean edo interesdunak horretarako prestatua duen lokal batean.

Zein den ere arrazoia, ezin izanen dira eremu publikoan utzi instalazioaren ordutegia bukatu eta 30 minutu iragan ondoren. Begi-bistan gordetzea baimenduko da baldin eta lokalaren lurretan gordetzen badira (hala nola, ateak irekitzeko egiten diren atzeraemangune eta horrelatsukoetan).

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

3. Beladoreak hain dira bereziak non ez dira kenduko baimena bukatu arte, edo jarduera eteten bada.

4. Salbuespenez, Orkoiengo Udalak baimena eman dezake altzariak ez kentzeko, honako baldintza hauetan:

–Behar bezala pilatuta eta lotuta utziz gero, segurtasunezko baldintza guztiak betez.

–Oinezkoentzat edo instalazioak izan ditzakeen erabiltzaileentzat irisgarriak ez badira.

–Ostalaritzako erabilerarako funtzionala izateari utziz gero.

19. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, instalazioaren titularra behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2. Debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita bozgorailuak edo musika makinak ere.

3. Jardueraren titularrak etengabe zainduko du ez daitezen kokalekuaren baldintzak eta baimendutako elementuen mugak aldatu, lizentzian ageri direnak, alegia.

4. Lizentziaren titularrak uneoro izanen du jarduerarako lizentzia prest, agintaritzako agenteen eskura, bertan adieraziko baita zenbat mahai, beladore eta/edo eguzkitako dauden baimenduta, baita zehazki non kokatu ere.

5. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 22:00etatik aurrera.

6. Zein den ere arrazoia, terraza edo beladore bat behin betiko kentzen bada, titularrak behar bezain ongi utzi beharko du okupatua duen lurzorua eta eremu publikoan ezarrita dituen elementu egonkor guztiak handik eraman beharko ditu astebeteko epean, baimendutako denboraldia bukatzen denetik edo instalazioa erretiratzeko agindua ematen denetik.

7. Udalak hotsari buruz onartutako ordenantza eta zaratei buruzko gainerako araudia bete beharko da.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Hona hemen ordenantza honetako arauen kontrako arau-hausteen sailkapena: arinak, larriak eta oso larriak.

1. Hutsegite arinak:

a) Terraza paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.

b) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %30etik beheiti.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia urratzea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo jartzea.

e) Beladoreak, terraza eta/edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea.

f) Bizilagunak gogaitzea.

g) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

h) Hartutako eremua behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

j) Lizentzian jaso baino mahai eta aulki edo osagai gehiago paratzea.

k) Mahai eta aulki tolestu eta pilatuak izatea establezimendutik kanpo.

l) Ordenantza honetan ezarritako ordutegia ez betetzea.

m) Ordenantza honetan ezarritako epean eremu publikotik ez kentzea: mahaiak, aulkiak, berogailuak, eguzkitakoak, eguzki-babesak, loreontziak, haize-babesak, altzari osagarriak eta abar, terrazak eta beladoreak jartzeko baimena bukatzen denean.

n) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako edozein betebehar eta debeku, hutsegite larriaren kalifikazioa ez duena, ez bete eta haustea.

2. Hutsegite larriak:

a) Terraza paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Hutsegite arinak bitan egitea.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %30etik goiti.

d) Beladoreak, terrazak eta/edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

e) Bizilagunak gogaitzen behin eta berriz aritzea.

f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriz ez betetzea.

g) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

3. Hutsegite oso larriak:

Hiru hutsegite larri egitea.

24. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatik egiten da arau-haustea eta, ondorioz, zehapen espedientea ireki ondotik, hurrengo zehapenak ezarriko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 307/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 47/1999 Legeak aldatua) ezarritako prozedurari jarraituz. Zehapen horiek ez dira inoiz arau-hausteak arau-hausleari ekarri dion etekina baino txikiagoak izanen.

–Hutsegite arinak: 500 euro arteko isuna.

–Hutsegite larriak: 501etik 1000 euro arteko isuna.

–Hutsegite oso larriak: emandako lizentzia baliogabetzea.

25. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udalaren organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahal ditu lizentzia gabe ezarritako terraza eta beladoreak eta haiek Udalaren biltegietara eraman, arauzko zehapenak baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea tramitatu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hau jartzen ahal da: establezimendua ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko desgaitzea, 2 urterako gehienez ere.

26. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren edo horretarako pausatu den fidantza konfiskatu eta gero.

Iragarkiaren kodea: L1410072