152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

341/2014 EBAZPENA, uztailaren 10ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan (maiatzaren 8ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) araututako hizkuntza egiaztagiri iragankorrerako prestakuntza ikastaroak onetsi eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzen duena.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak helburu du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien zenbait lanpostu behin-behinekoz, behin betiko eta zerbitzu eginkizunen araubidean hornitzea, besteak beste atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ezartzearen ondoriozko lanpostuak, zeinek hizkuntza egiaztagiria eskatzen baitute.

Foru dekretu horren 9. artikuluak xedatzen duenez, behin betiko betetzeko atzerriko hizkuntzaren (frantsesa, ingelesa eta alemana) eskakizuna duten irakaskuntza espezialitateei dagozkien lanpostuak, irakasleek dagokion atzerriko hizkuntzaren gaitasun agiria izan beharko dute, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak luzatutakoa, PI, PF edo PALE profila eskuratuz, martxoaren 11ko Foru Aginduan aurreikusitakoaren arabera. Orobat, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren xedapen iragankorrak bide ematen du egiaztapen iragankor bat eskuratzeko, atzerriko hizkuntzaren profila duten lanpostuetan aldi baterako aritzeko. Egiaztapen horrek 2021eko abuztuaren 31n galduko du indarra.

Egiaztapen iragankor hori eskuratzeko, PI, PF edo PALE eskakizunak frogatzen dituzten titulazioetako bat eduki beharko da, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan aurreikusitakoarekin bat, eta, halaber, ondoko baldintzetako bat bete:

a) Bi ikasturte osoz (ondorio horietarako, 10 hilabete konputatuko dira ikasturte osorako) edo 20 hilabetez aritu izana, 2007/2008 ikasturtetik aurrera, Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako tutore laguntzaile gisa atzerriko hizkuntzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan.

b) Kasuan kasuko hizkuntzaren prestakuntza planetan parte hartu izanaren ziurtagiria aurkeztea, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak luzatua.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastaroak egin ditu irakasleen hizkuntza egiaztapenerako (maiatzaren 21eko 222/2014 Ebazpena, maiatzaren 31ko 294/2013 Ebazpena eta ekainaren 385/2012 Ebazpena). Gainera, Hizkuntza Eskola ofizialek C1 mailako ikastaroak egiten dituzte hainbat hizkuntzatan.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak proposamen bat aurkeztu du egiaztapen iragankorra behar den ziurtagiria eskuratzeko eta hura tramitatzeko prozedurarako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ondoko prestakuntza kurtso hauek onestea apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan araututako hizkuntza egiaztagiri iragankorra lortzeko (maiatzaren 8ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala):

–Hizkuntza Eskola Ofizialetan kasuan kasuko hizkuntzan egiten diren C1 mailako kurtso presentzial arruntak.

–Hezkuntza Departamentuak irakasleentzat kasuan kasuko hizkuntzarako dei egiten dituen C1 mailako kurtso presentzial eta semipresentzialak.

2. Kasuan kasuko egiaztagiria luzatzeko, ondokoari jarraituko zaiola onestea:

–Kurtsoak urte horretan berean egin badira, ez da egiaztagirik luzatuko martxoaren 31 baino lehenago.

–Kasu guztietan %80ko asistentzia eskatuko da egiaztagiria ematen den egunera arte. Horretarako, kasuan kasuko Hizkuntza Eskola Ofizialari asistentziari buruzko txosten bat eskatuko zaio.

3. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza errekurritua jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalera, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko uztailaren 10ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

Iragarkiaren kodea: F1410150