152. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115E/2014 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Ultzama, Odieta, Anue eta Lanzko udaletan uraren goi horniduraren soluzio bateratua handitzea, Olagueko adar berria eta Etulaingo lotunea, Anueko udal mugapean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2014ko apirilaren 1ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean (Uraren goi hornidurako eta saneamenduko hoditeria) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketaren bidez, Ultzama, Odieta, Anue eta Lanzko udaletan uraren goi horniduraren proiektua (3. fasea) handituko da, Ingurumen ukipenetarako baimena baitu, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 2ko 139/2011 Ebazpenaren bidez emana.

Bi hoditeria berri jarriko dira: Anue eta Olague arteko tartean, burdinurtu nodularreko hodia, 200 mm-ko diametroa duena eta 3.241 m luze dena, eta Etulaingo lotunetik Etulaingo biltontziaren arteko tartean, burdinurtu nodularreko hodia, 200 mm-ko diametroa duena eta 500 m luze dena.

Lan egiteko metodoa bera da bi kasuetan: 1H/3V ezponda duen zanga irekiko da lurrean hondeatzeko, eta zanga bertikala harrian hondeatzeko. Aurretik, landare-lurraren geruza, 50 cm lodi, kenduko da, gero berriz jartzeko.

Proiektuak badu Ingurumen ukipenen azterlana, proiektuak ukitutako eremuko landarediaren eta faunaren inbentario zehatza jasotzen duena.

Anueko deribazioaren lotunetik hurbilen dagoen Anue eta Olague arteko hoditeriaren 350 m-ko tartea Ultzamako eta Basaburuko hariztien paisaia babestuan sartuta dago. Ukipena belardien gainean gertatzen da tarte osoan.

Eragin orokorra negatiboa, moderatua eta aldi baterakoa da, obrak gauzatzen direnean bereziki, eta aurreneurriak eta zuzenketa neurriak aplikatzeko aukera dago.

Besteak beste, neurri hauek aplikatuko dira: katalogatuta egon daitekeen flora eta faunako espezieei jarraipena eginen zaie, ahalik eta azalera txikiena ukituko da, trazadura okertuko da Olaguetik hurbil den lezkadi bat ez hondatzeko, eta landaketak eginen dira erreka ondoko basotxoetako edo palaxuetako motzaldien osagarri.

Espedienteak aldeko txostena jasoa du, Anueko Udalak ekainaren 5ean emana, jarduketaren hirigintzako bateragarritasunari buruz.

Aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman dio proiektuari, bete egiten baitira hari erantsitako ingurumen ukipenen azterlanean eraginetarako proposatzen diren aurreneurriak eta zuzenketa neurriak eta Ingurumen ukipenetarako baimenari buruzko ebazpen honetan jasotakoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Ultzama, Odieta, Anue eta Lanzko udaletan uraren goi horniduraren soluzio bateratua handitzea, Olagueko adar berria eta Etulaingo lotunea, Anueko udal mugapean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Obrak hasi aurretik abisu emanen zaio eskualdeko basozaintzari obren zuinketan ager daitezen, eta bota beharreko zuhaitzak marka ditzaten.

–Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, behintzat zuinketa lanak eta lanerako eremua eta zanga irekitzekoak egin bitartean, eta bereziki Mediano ibaia eta Ultzamako eta Basaburuko hariztien paisaia babestua zeharkatzen direnean.

–Landaredi naturaleko unada edo palaxuren baten bazterrak ukituz gero, trazadura zertxobait desbideratuko da, ukipen hori ahalik eta txikiena izan dadin.

–Zuinketa lanak egin bitartean, eta a priori proiektatu ez bada, kontuan hartu beharko dira jada badiren bideetatik edo horien ondotik pasatzen diren trazadurak. Ingurumenaren aldetik sentikorren diren tarteetan, lanerako eremua zinta egokiekin balizatuko da. Lanerako eremua 5 metro zabal izanen da gehienez.

–Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Kasu horietan, administrazio baimena beharko da zuhaitzak botatzeko.

–Abuztuan ibaietan jarduketa puntualak egiteko baimena ematen ahalko da, baldin eta ingurumena zaintzen badute bisoi europarrean eta igaraba arruntean espezializatuta dauden langileek.

–Gurutzatzen diren ibai-ibilguen bazterretan harri-lubetak egitea saihestuko da. Horiek egitea ezinbestekoa bada, ahalik eta laburrenak izanen dira, eta landare-lurrez estali eta landareztatu eginen dira.

–Obrek ukitutako eremu guztiak lehengoratu eginen dira landareztatze proiektu bati jarraikiz. Proiektu hori obrak bukatutakoan prestatuko da eta departamentu honi igorriko zaio, adostasuna eman dezan. Edonola ere, eta landareztatze lanak hasi aurretik, zanga guztiak bete eta landare-lurra instalazioen (biltontzien, ponpaketa etxolen, deribazioko lotuneen...) inguruan zabaldu eta gero, lurren profilaketa eta finketa eginen da, lur eremu naturalari fisiografikoki ongi egokitzeko.

–Obra amaierako txostena emanen da, eta ukitutako gune guztiaren lehengoratzea azalduko da horretan. Argazki erreportajea erantsiko da.

3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Anueko Udalari, Basozaintzari (Ultzama aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 9an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1410039