148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41E/2014 FORU AGINDUA, uztailaren 18koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana,”Film labur eta ertainen 2014ko produkziorako laguntzak” izeneko diru-laguntzarako deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak txosten bat egin du, eta bertan hauxe proposatu: “Film labur eta ertainen 2014ko produkziorako” diru-laguntzetarako deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, 100.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita gastu hori baimentzeko legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna dela.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Film labur eta ertainen 2014ko produkzioa diruz laguntzeko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2520-4709-334102: Laguntzak ekoizpen zinematografikoetarako

4748

2014

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko uztailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

FILM LABUR ETA ERTAINEN PRODUKZIOA DIRUZ LAGUNTZEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.a Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Fikzio, dokumental, esperimentazio edo animazio obren produkziorako laguntzak ematea du xede deialdi honek; 60 minutuz azpikoak izan beharko dute eta zine aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman erakutsi beharko dira.

1.2. Laguntza jasotzen duten proiektuek 2014ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dute filmaketa.

1.3. Proiektu bakar bat onartuko da enpresa edo profesional bakoitzeko.

2.a Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jaso ahal izateko, pertsona fisikoek eta legez ezarritako enpresa zinematografikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eskatzailea pertsona fisikoa bada, berak izan beharko du filmaren zuzendaritzaren arduraduna.

–Zinemagintzako enpresa bat bada, Europar Batasuneko kide den estatu batean ezarrita egon beharko du eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko Zinema Enpresen Erregistroan ekoiztetxe gisa inskribatuta (Espainiako enpresen kasuan, ICAAko erregistroan inskribatua).

2.3. Proiektuak onartzeko epea ixten den unean film bihurtu eta aginduzko kalifikazioa duten proposamenek ezin izanen dute laguntzarik jaso, ezta zine aretoetan edo zinemaldietan erakutsita daudenek ere.

2.4. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte, bata bestearen gainean:

–Zuzendaritzaz arduratzen dena Nafarroan sortua izatea edo 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldaturik egotea. Inguruabar hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

–Ikus-entzunezkoa Nafarroan filmatzea, %50a gutxienez ere. Animazio proiektu bat izatera, teknika eta giza baliabideen %50ak Nafarroan ezarrita egon beharko du.

2.5. Proiektuak kostu osoa ordaintzeko behar duen finantzaketaren %30a, gutxienez ere, izan beharko du, eta baduela frogatu.

2.6. Balorazio Batzordeak salbuespen gisa onartzen ahalko ditu Nafarroako panorama artistiko, kultural edo ekonomikoan eragina duten proiektuak, edo haren errealitate kultural, artistiko eta sozialari lotuta daudenak; betiere, deialdiaren 2.4 atalean aipatu baldintzetakoren bat bete beharko dute. Baloratzeko, klausula hau aplikatzeko zer inguruabar dauden azalduko duen idazki arrazoitua aurkeztu beharko da.

2.7. Laguntza koprodukzio baterako nahi denean, eskatzaileak produkzio osoko %30eko parte-hartzea izan beharko du, gutxienez ere. Kasu horretan koprodukzioan duen parte-hartzea joko da eskatzailearen aurrekontutzat.

3.a Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 100.000 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko gastuen aurrekontuko “Zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2520 4709 334102 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz aurrekontu onartuaren %50 baino handiagoa izanen, proiektuaren puntuazio maila 75 puntutik gorakoa denean, ezta %48 baino handiagoa ere lortutako puntuazioa 50 eta 75 puntu artekoa denean. Eskatzaileek aurkezten duten aurrekontuari Balorazio Batzordearen ustez proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak eta BEZarenak kenduta ateratzen den emaitza izanen da onartuko den aurrekontua. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 54. artikuluan ikus-entzunezkoentzat aurreikusitako laguntza araubideari egokitzen zaio diru-laguntzaren zenbatekoa, hartan ezartzen baitira barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, gehigarri gisa diru-laguntzarik eskuratu ez duten onuradunei ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

4.a Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatera, eskatzailearen N.A.N.a eta erroldatze ziurtagiria, hala behar izatera.

b) Zinemagintzako enpresa bat izatera, ekoiztetxea Europar Batasuneko estatu kide batean erregistratuta dagoela adierazten duen ziurtagiria (Espainiako kasuan, ICAA zinemagintzako enpresen erregistroan inskribatuta egotea).

c) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

Proiektuaren datu ekonomikoak II-a eranskinean bete beharko dira.

d) Proiektuak bere kostu osoa estaltzeko beharrezko finantzaketaren %30, gutxienez, baduela frogatzen duen dokumentazioa, 2.5 puntuan ezarri den bezala.

e) Ekoiztetxe eskatzaileak proiektua koproduzioan eginez gero:

–Koprodukzioa frogatzen duten legezko agiriak, eta enpresak parte-hartzean duen portzentajea.

–Film bererako produkzioan diharduten beste ekoiztetxeek harturiko beste laguntza edo diru-laguntzen aitorpena edo, halakorik ezean, laguntzarik ez dela hartu dioen aitorpena. Laguntza eskabideren bat tramitazioan izanez gero, horren berri ere eman beharko da.

4.4. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.6. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5.a. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Produkzioak egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

–Proiektuan jasotako ekintzak gauzatzeko ekoiztetxeak behar dituen langileen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak, entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak barne. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio programari.

–Langile horien dieten eta joan-etorrien gastuak.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, lokalaren alokairua (3 hilabete gehienez ere) eta eginkizun horien ondoriozkoak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkundeko gastuak eta proiektua sustatzeko materiala prestatzekoak.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera.

5.2. Gastu hauentzat ez da diru-laguntzarik emanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 puntuan ezarritakoa, diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erostekoa.

b) Proiektua gauzatzeko guztiz beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Entitatea kudeatzen duten langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4 baino gehiago badira.

5.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egindakoak bakarrik jaso dezake diru-laguntza.

6.a Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak izendatutako hiru batzordek osatuko duten Balorazio Batzordeak baloratuko ditu eskaerak.

Batzorde administratiboak kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko burua; Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko goi mailako teknikari bat.

c) Idazkaria: Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, eta, bera izan ezean, Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko goi mailako teknikari bat.

Batzorde artistikoaren burua Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat izanen da, eta kideak, berriz, zinemagintzaren arloan entzute handia duten bi pertsona.

Batzorde ekonomikoaren burua Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko teknikari bat bat izanen da, eta kideak, berriz, ikus-entzunezkoen produkzioko bi aditu.

6.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Batzorde administratiboak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. 4.3 puntuan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena bete beharko da.

2. fasea.–Beste bi batzordeetako kideek onartzen diren proiektuak jaso, eta ezarrita dauden bi multzoak baloratuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka, hau da, batzorde artistikoko kide bakoitzak “proiektuaren kalitate artistikoari eta interesari” dagokiena baloratuko du; orobat “proiektuaren interesa, Nafarroako kulturaren panoraman eta ikus-entzunezkoen arteen egungo testuinguruan ekartzen duen berrikuntza, eragina eta garrantziari begira”. Bestetik, batzorde ekonomikoko kide bakoitzak atal hauek baloratuko ditu: “Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa”, “Nafarroan egindako filmaketaren portzentajea edo produkzioan erabili diren Nafarroako baliabide profesional eta teknikoena, proiektua animaziokoa bada” eta “parte hartu duten Nafarroako enpresa eta giza baliabideak”.

3. fasea.–Pertsona bakoitzak bere balorazio proposamena igorri ondotik, ebaluazio batzorde bakoitza bilduko da puntuazioak batera aztertzeko, eta kasuan kasuko multzorako puntuazio proposamena eginen du.

4. fasea.–Ondoren, batzorde administratiboa bilduko da, eta azken puntuazioa ezarriko du bi proposamenen batura eginda, eta gehien baloratutako proiektuen artean banatuko du diru-laguntza.

Gerakinarekin, baldin eta ez badago diru nahikoa proiektu jakin baten zenbateko osorako, hasieran aurkeztutako proiektua aldatzeko eskatzen ahalko zaio eskatzaile horri. Aldaketa eginda proiektu hori bideragarria ez bada, puntuazio ordenan ondoren dagoen proiektuaren txanda izanen da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Azkenik, irizpen loteslea emanen du.

6.4. Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, batzorde administratiboak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.a Proiektuen balorazioa.

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

7.1.1. Aurkeztutako proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (40 puntu arte).

a) Gidoiaren kalitatea (25 puntu arte).

b) Zuzendaritzaren eta produkzioaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (10 puntu arte).

c) Zuzendaritzaz, proiektuaren gidoiaz eta ekoiztetxeaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (5 puntu arte):

–Filmaren zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (2 puntu arte).

–Ekoiztetxearen ibilbidea: enpresak edo profesionalak jardunean daramatzan urteak (0,5 puntu, urte bakoitzeko. Gehienez 4 urte eta 2 puntu).

–Filmaren gidoiaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (puntu bat arte).

7.1.2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu arte).

a) Aurrekontua eta finantzaketa plana, haren koherentzia proiektua garatzeko eta esku hartzen duten giza eta enpresa baliabideak (10 puntu arte).

b) Finantzaketa planetik beteta dauden konpromisoak (10 puntu arte).

c) Ekoizlekideak, ekoizle elkartuak edo finantzaketarako beste iturri batzuk bilatzeko plana (10 puntu arte).

7.1.3. Nafarroan egindako filmaketaren portzentajea edo produkzioan erabili diren Nafarroako baliabide profesional eta teknikoena, proiektua animaziokoa bada (15 puntu arte).

7.1.4. Proiektuan parte hartu duten Nafarroako enpresa eta giza baliabideak (9 puntu arte):

–Zergetarako Nafarroan helbideratuta dagoen ekoiztetxea: 3 puntu.

–Nafarroan filmatzeko kontratatu diren aurreprodukzioko edo produkzioko zerbitzuak: 3 puntu.

–Produkzio ondokorako Nafarroan kontratatu diren produkzio ondoko zerbitzuak: 3 puntu.

7.1.5. Proiektuaren interesa berrikuntzari, egokitasunari, eraginari eta garrantziari dagokionez Nafarroako kultura panoraman eta ikus-entzunezko arteen egungo testuinguruan (6 puntu arte).

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, eskatzaileak eskabidea aurkeztu beharko du, deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberakoa; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa II-a eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian beteko da.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Aurkeztutako proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” ataleko puntuazioaren erdia (20 puntu) lortzen ez duten proiektuak ere ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.a Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenak jakinarazteko, beti baliatuko da Nafarroako Gobernuaren web orria http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39: Iruña).

8.3. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruzko edozein komunikazio Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9.a Onuradunen betebeharrak.

9.1. Interesdunek diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

9.2. Deialdi honen barrenean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

9.3. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalean frogatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

9.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan. Ekintzen berri emateko ekitaldian pertsonen parte-hartzea baldin badago, gutxienez entitateko kide bat eta Nafarroako Gobernuko kide bat izanen dira bertan.

9.5. Proiektua garatzean hura aldatzen duen edozein gertaeraren berri ematea Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalari, hura gertatu bezain laster; atal horrek bere adostasuna emanen du baldin eta aldaketak, ebaluazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

9.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, baita filmaren hasierako kredituetan ere. Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

9.7. Noiznahi ere onartzea Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da haien berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

9.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

9.10. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

9.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

10.a Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Oro har, behin entitate onuradunak egindakoa justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo haren %50 gauzatu ondoren. %50a justifikatzeko, entitateak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Zer gastu eta diru-sarrera izan diren diruz lagundutako proiektuari loturik hura hasi zenetik iragandako denboran; ezin izanen dira 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak izan.

Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da.

Film labur edo ertainaren produkzioa bukaturik ordainduko da diru-laguntzaren gainerakoa, entitateak honako hau aurkeztu ondoren:

–Filmatze amaierari buruzko deklarazioa (ICAAn aurkeztua, haren eredu ofizialean).

–%50aren ordainketatik filmaketa bukatu arte izandako gastu eta diru-sarreren zerrenda, honako hauek adierazita: enpresa, zenbatekoa eta faktura bakoitzaren zenbakia, hura zehatz eta kontzeptuen arabera banatuta azalduz. 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako fakturak bakarrik onartuko dira.

–Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren frogagiriak (fakturen kopiak). Faktura horiek Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz egin beharko dira, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako luzatuak izan. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik.

10.2. Nolanahi ere, filmatzea bukatzen den egunetik, hau da, beranduenez 2014ko abenduaren 31tik, bi hilabeteko epean, esleipen-hartzaileek frogagiri eta dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Egindako ordainketen bankuko frogagiriak.

b) Argitaratzen diren inprimakien eta publizitateko elementuen 4 ale.

c) Ikus-entzunezko lanaren kopia berri bat, behin betiko bertsioan, formatu hauetako batean: DCP, HDCam edo Blu Ray. Gainera 3 kopia aurkeztu beharko dira DVD euskarrian. Jatorrizko bertsioa gaztelaniaz ez badago, aurkezten den kopiak azpitituluak izan beharko ditu gaztelaniaz.

d) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak filma erabili eta banatzeko baimena, Nafarroan zinemagintza sustatzeko egiten dituen jardueretan.

10.3. Deialdian ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

10.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuaren gastu osoa jaso beharko dute.

10.5. 100 eurotik gorako ordainketen bankuko frogagiriak aurkeztu beharko dira.

10.6. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den ehunekoa aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero.

10.7. Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, %50a aurreratuta. Horretarako, onuradunek Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko diote, eta bidezko dokumentazioa aurkeztuta frogatu beharko dute ez dutela funts likidorik diruz laguntzen den jarduera gauzatzearen ondoriozko gastuen ordainketari aurre egiteko.

11.a Beste diru-laguntza batzuen pilaketa eta bateragarritasuna.

11.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

12.a Itzulketa.

Onuradunak proiektua gauzatu duela behar bezala justifikatzen ez badu, pagatutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, baita diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13.a Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.a Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15.a Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .......................................................... NANa/IFZ ......................

Helbidea (herria): ............................, kalea .......................................

P.K.: .................... Telefonoa ...............................................................

Posta elektronikoaren helbidea ..........................................................

Bere izenean edo ................... ordezkatuz (behar ez dena ezabatu).

Entitatea .................................................................... IFZ ..................

Bizilekua (herria): ............................, kalea ........................................

PK: ..................... Telefonoa ...............................................................

Posta elektronikoaren helbidea ..........................................................

FILM LABUR ETA ERTAINEN PRODUKZIORAKO 2014KO LAGUNTZEN ESKABIDEA aurkezten du ........aren ......(e)ko ..../2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2014ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......(e)koa).

Destinoa: Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atala.

AURKEZTUTAKO PROIEKTUAREN ZENBATEKOA, GUZTIRA

euro

ESKATUTAKO DIRU-LAGUNTZA

euro

FINANTZAKETA BERMATUAREN %

%

ESKATUTAKO DIRU-LAGUNTZAREN %

%

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Ekoiztetxea Europar Batasuneko estatu kide batean erregistratuta dagoela adierazten duen ziurtagiria (Espainiako kasuan, ICAA enpresa zinematografikoen erregistroan inskribatuta egotea).

b) Pertsona fisikoa izatera, eskatzailearen N.A.N.a eta erroldatze ziurtagiria, hala behar izatera.

c) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) Deialdiaren oinarrietan eskatutako finantzaketa bermatuaren portzentajea frogatzen duten agiriak, sinatuak eta zigilatuak.

2. Aitortzen du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik urratu.

3. Datuak eguneratzeari dagokionez, aitortzen du Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari idatziz adieraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, aitorpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan izaten den edozein aldaketa.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den produkzio proiektuari dagokionez aitortzen du:

Ez duela eskuratu edo eskatu administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako diru-laguntzarik.

Administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela. Laguntza eskabideren bat tramitazioan izanez gero, horren berri ere eman beharko da.

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA

(eskatua/esleitua/ordaindua)

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. atalean xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Zure datuak “Kultur Ekintzaren informazioko harpidedunak” izeneko fitxategi automatizatuan sartuko dira, Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren maiatzaren 28ko 39/2013 Foru Aginduaren arabera. Zure datuak ez zaizkio inoiz inola ere hirugarrenei emanen, eta zurekin hartu-emana egiteko bakarrik erabiliko dira. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira, aipatutako legeriari jarraituz, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan.

.........................(e)n, 2014ko ..........................aren .....(e)an
(Sinadura) Izen-deiturak

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURAKO, TURISMOKO ETA ERAKUNDE HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA.

I. eranskinarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren laburpena:

NANa edo erroldaren ziurtagiria.

Zinemagintzako enpresen erregistroko ziurtagiria (ICAA eredua).

Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

Finantzaketa bermatuaren frogagiriak.

Koprodukzio bat aurkeztuz gero, honako hauek ekarri beharko dira:

Koprodukzioa frogatzen duten legezko agiriak, eta enpresak parte-hartzean duen portzentajea.

Film bererako produkzioan diharduten beste ekoiztetxeek harturiko beste laguntza edo diru-laguntzen aitorpena edo, halakorik ezean, laguntzarik ez dela hartu dioen aitorpena. Laguntza eskabideren bat tramitazioan izanez gero, haren berri ere eman beharko da.

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen txostena

Txostena egiterakoan kontuan hartu beharrekoak:

–Ezarritako hurrenkerari jarraitu: 1, 2, 3, 4 eta 5.

–Orrialdeak zenbakiturik aurkeztu.

–Atal guztiak bete eta kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu. Hutsik dauden atalak edo justifikatzen ez direnak ez dira baloratuko.

.................... eskaera (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak emandako zenbakia).

Erakundearen izen osoa

Izen laburtua

Kalea eta zenbakia

Posta kodea

Herria

Herrialdea

Telefonoa

Faxa

Helbide elektronikoa

Interneteko webgunea

Legezko ordezkariaren, harremanetarako pertsonaren eta proiektuko zuzendariaren izena eta eginkizuna1:

IZENA

Legezko ordezkaria

Harremanetarako pertsona

Proiektuko zuzendaria

(1) Legezko ordezkaria entitatea ordezkatzeko ahalmen juridikoa duena da; harremanetarako pertsona, berriz, hautapen prozesuan zehar solaskide izan daitekeena da; proiektuko zuzendaria da, azkenik, proiektuaren koordinazio teknikoaz arduratuko dena.

1. Aurkeztutako proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (40 puntu arte).

a) Gidoiaren kalitatea (25 puntu arte). Honako hau aurkeztu beharko da, baloratzeko:

–Behin betiko gidoi literarioa, fikzioa edo animazioa bada; edo proiektuaren garapen osoa eta xehakatua, dokumentala edo lan esperimentala bada.

–Gidoiaren eskubideak izatearen egiaztagiria, zuzendariarenak ez badira.

b) Zuzendaritzaren eta ekoizpenaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (10 puntu arte). Honako hau aurkeztu beharko da, baloratzeko:

–Zuzendariaren txostena, proiektuaren oinarri sortzaileak ezartzen dituena.

–Produkzioaren txostena.

–Zuzendariaren onarpen gutuna, enpresa batek eskaera aurkezten badu.

–Produkzio plan xehakatua, filmatzen hasteko eguna eta ikus-entzunezko lana bukatzekoa adierazita.

–Talde tekniko eta artistikoa, atal hauek zehaztuz:

  • Aktore nagusien, bigarren mailakoen eta lankidetza berezietan parte hartzen dutenen izenen zerrenda eta curriculuma.
  • Profesional hauen izenen zerrenda eta curriculuma: gidoilaria eta, hala bada, gidoiak oinarritzat duen lanaren egilea, ekoizle exekutiboa, argazkigintzako zuzendaria, zuzendari artistikoa, produkzioko zuzendaria, musikaren egilea, muntatzailea, makillatzailea eta ile-apaintzailea, zuzendariaren lehen laguntzailea eta soinu arloko burua.
  • Gidoilariaren, aktore nagusien eta talde teknikoko arduradunen konpromiso gutuna.

c) Ekoiztetxearen eta zuzendaritzaz zein gidoiaz arduratzen direnen ibilbideak (5 puntu arte).

c.1) Filmaren zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (2 puntu arte).

–Zuzendariaren curriculuma aurkeztu beharko da, batez ere ikus-entzunezkoen arloan duen jarduerari dagokiona.

c.2) Ekoiztetxearen ibilbidea: enpresak/profesionalak jardueran daramatzan urte kopurua. (0’5 puntu, urte bakoitzeko; 4 urte gehienez: 2 puntu).

–Eraketa aktaren edo agiri baliokidearen kopia erantsi.

c.3) Filmaren gidoiaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (puntu bat arte).

–Curriculuma erantsi.

2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu arte).

a) Aurrekontua eta finantzaketa plana, haren koherentzia proiektua garatzeko eta esku hartzen duten giza baliabideak eta enpresa baliabideak (10 puntu arte).

b) Finantzaketa planetik beteta dauden konpromisoak (10 puntu arte).

c) Ekoizlekideak, ekoizle elkartuak edo finantzaketarako beste iturri batzuk bilatzeko plana (10 puntu arte). Honako hauek erantsiko dira:

–Proiektuaren finantzaketa plana, honako hauek zehaztuta: baliabide berekiak, lortutako laguntzak eta beste ekarpen batzuk (horiek abalatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta).

–Proiektuaren kostu guztia ordaintzeko behar den finantzaketaren %30 gutxienez ere badela frogatu beharko da.

3. Nafarroan egindako filmaketaren portzentajea edo produkzioan erabili diren Nafarroako baliabide profesional eta teknikoena, proiektua animaziokoa bada (15 puntu arte).

–Filmaketa plana erantsi, Nafarroan zein Foru Komunitatetik kanpo zein tokitan eginen den zehaztuta.

–Filmatzea deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen hasiz gero, filmaketaren hasiera eguna zein izan den adierazi beharko du eskatzaileak, baita noiz bukatuko den ere, halakorik bada.

4. Proiektuan parte hartzen duten Nafarroako enpresa eta giza baliabideak (9 puntu arte):

–Zergetarako Nafarroan helbideratuta dagoen ekoiztetxea: 3 puntu.

–Nafarroan filmatzeko kontratatu diren aurreprodukzioko edo produkzioko zerbitzuak: 3 puntu.

–Produkzio ondokorako Nafarroan kontratatu diren produkzio ondoko zerbitzuak: 3 puntu.

  • Erantzi kontu-sailen arabera zehaztutako aurrekontua, Nafarroako enpresa eta profesionaletan egin gogo den gastua zehaztuta.

5. Proiektuaren interesa berrikuntzari, egokitasunari, eraginari eta garrantziari dagokionez Nafarroako kultura panoraman eta ikus-entzunezko arteen egungo testuinguruan (6 puntu arte).

–Txostena erantsi eta, bidezkoa bada, Nafarroan estreinatzeko konpromiso gutuna.

II. eranskinarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren laburpena.

Helbide fiskalaren ziurtagiria.

Ekoiztetxearen eraketa-aktaren kopia edo baliokidea.

Filmatze hasierari buruzko deklarazioa, edo/eta bukaerari buruzkoa, bukatu bada.

Gidoiaren eskubideak izatearen egiaztagiria, zuzendariarenak ez badira.

Produkzio plana eta txostena.

Zuzendariaren onarpen gutuna, enpresak eskaera aurkezten badu.

Gidoilariaren, aktore nagusien eta talde teknikoko arduradunen konpromiso gutunak.

II-A ERANSKINA

1. Proiektuaren gutxi gorabeherako aurrekontua.

Aurrekontua aurkeztuko da, Kultura Ministerioak - ICAAk filmeen kostuaren aurrekonturako duen eredu ofizialean Hemendik deskargatzen ahal dira dokumentuak: http://www.mcu.es/cine/SC/procedimientosAdministrativos/.

2. Oharrak:

GASTU MOTA

KALKULATZEKO METODOAREN AZALPENA

Iragarkiaren kodea: F1410390