148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1005/2014 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, ikerketa proiektu hau garatzeko: “Frío solar: Desarrollo de un sistema de generación de frío para el sector agroalimentario, utilizando como focos térmicos la energía solar y el calor residual”.

David Astrain Ulibarrenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Sailari atxikitako Unibertsitateko irakasle titularrak, “Frío solar: Desarrollo de un sistema de generación de frío para el sector agroalimentario, utilizando como focos térmicos la energía solar y el calor residual” ikerketa-proiektuaren arduradunak, proiektuko laguntzaile gisa, proiektu hori garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetara deitzeko egin duen proposamena ikusirik.

Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak proposatuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazteko urtarrilaren 22an emandako 66/2013 ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “Frío solar: Desarrollo de un sistema de generación de frío para el sector agroalimentario, utilizando como focos térmicos la energía solar y el calor residual” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari ebazpen hau igortzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2014ko uztailaren 21ean.–Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea proiektuko laguntzaile gisa “Frío solar: Desarrollo de un sistema de generación de frío para el sector agroalimentario, utilizando como focos térmicos la energía solar y el calor residual” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaile horien lan kontratazioa egiteko gero.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: Kalkulu konputazionaleko eredu bat ezartzea, hotzaren eta beroaren sorkuntza, metaketa, eguzki-energia eta hondar beroen ustiapena dauzkaten instalazioen prozesu termiko eta hidraulikoak simulatzeko. Nekazaritzako elikagaien industriarako prozesu termikoen azterketa eta optimizazioa. Ikertzaileak kontratatu dituzten proiektuaren 2. eta 3. faseak.

Maila profesionala: Proiektu laguntzailea.

Iraupena: 2015eko abenduaren 31ra arte.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

Lanaldi-mota: Lanaldi osoa.

Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

2. Parte hartzeko baldintzak

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko, lanbide arautuen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen arabera, beren kualifikazio profesionala lortu duten izangaiei.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.

c) Diplomadun, arkitekto edo ingeniari tekniko titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.

b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3. Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaera-eredua helbide honetan dago: www.unavarra.es, “Deialdiak/Langileak//I-Ien eskaerak” izeneko atalean, Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera idazpuruaren azpian.

Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

4. Izangaiak onartzea.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.

4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

4.4.–Izangaiak Hautaproban onartutakoen zerrendan sartzea, bai 6.2 oinarriak aipatutako hautaproba gainditu duten pertsonen zerrendan ere, ez du ekarriko inola ere unibertsitateak aitortzea deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5. Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

BAREMOA

1. atala: Irakaskuntza-espedientea: 35 puntu.

Titulazioetako ikasketa-espedienteari irizpide honen arabera emango zaizkio puntuak:

–Gainditua: Puntu 1.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

Titulazioaren batez besteko nota lortzeko formula hau erabiliko da:

–Batez batez besteko nota = (Σ titulazioko irakasgaien nota * irakasgaien kredituak osotara) / titulazioan egindako kredituak osotara.

Baremoaren atal honetan emandako puntuazioa eragiketa honen emaitza izango da:

–Ikasketa espedientearen puntuazioa = Batez besteko nota * 10 eta izangaien titulazioaren arabera ponderatuko da honela:

  • Faktorea = 1,00: Industria Ingeniaria edo Industria Ingeniari Teknikoa, Mekanika espezialitatea.
  • Faktorea = 0,5: Beste ingeniaritza batzuk.
  • Faktorea = 0,25: gainerako titulazioak.

Ikerketako, proiektuarekin lotutako gai bateko master ofizial titulu baten jabe izatea ere balioetsiko da (gehienez ere 15 puntu).

2. atala: Lan esperientzia: 30 puntu.

–Deialdi honetako xedea den kontratuan garatuko diren eginkizunekin lotutako jarduera duten lanpostuetan aritzeagatik, arlo pribatuko lan kontratuekin: 3 puntu emango dira kontratu-urte bakoitzeko (kontratuaren iraupena urtebete baino txikiagoa bada, parte proportzionala emango zaio).

Administrazio Publikoen deialdietan lortutako ikerketa-proiektuetan parte-hartzea, deialdi honen xedea den proiektuarekin lotutako gaietan: 3 puntu emango dira kontratu-urte bakoitzeko (kontratuaren iraupena urtebete baino txikiagoa bada, parte proportzionala emango zaio).

3. atala: Beste merezimendu batzuk: 15 puntu.

Ingelesaren ezagutza honela balioetsiko da:

–B2 maila edo goragokoa agirien bidez frogatua: 5 Puntu.

–Ez dira balioetsiko B2 mailatik beherakoak.

–Hautagaiak dauzkan argitalpenak aldizkarietan edo aurkezpenak nazioarteko biltzarretan, ikerketa proiektuaren aplikazio xedearekin lotutako gaietan, eta hautagaia egilea edo egile-kidea denean:

  • 2 puntu nazioarteko aldizkari bakoitzeko.
  • 0.5 puntu nazioarteko biltzar bakoitzeko.

–Programa informatikoen eta programazio-lengoaien ezagutza: Fortran, C, C++, MatLab, Simulink, Transys, Ansys Fluent: gehienez ere 10 puntu.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 40 puntu da.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batez bestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortutako kontratazio zerrendak 2015eko abenduaren 15era arteko indarraldia izango du.

7.–Balioespen batzordea.

Batzordeburua: David Astrain Ulibarrena doktorea, Unibertsitateko irakasle titularra, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Sailari atxikia, errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Antonio Rodríguez García doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Miren Gurutze Pérez Artieda doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Sailari atxikia.

Balioespen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Antonio López Martín doktorea, Unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Idazkaria: Eugenio Gubia Villabona doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Batzordekidea: Pablo Sanchís Gúrpide doktorea, Unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia, errektoreordeak delegatuta.

Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka zilegi da Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.

Iragarkiaren kodea: F1410646