148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaleko ehorzle laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2014ko uztailaren 1eko bilkuran, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da ehorzle laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzea, eta deialdi honetan eskatzen diren beharkizunak betetzen dituzten plantillako langileentzat da. Hasierako destinoa Zerbitzu Orokorren Alorrean izanen du.

1.2. Lanpostuak, D mailakoa baita, maila horretako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatuari jarraikiz, eta hartan aritzeko izendatzen denak Iruñeko Udaleko langileei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sisteman kidetuta baldin badaude, horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzakoan kidetzeko aukera izanen dute.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) E mailako funtzionarioa izatea.

b) Ehorzle lanpostu baterako izendapena jabetzan izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

e) Eskola Graduatuaren titulua edo baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintzaren ordez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasuna frogatzea aski izanen da.

Baldintza horiek eskabideak aurkezteko unean beharko dira frogatu.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideen zuzendariak deialdia bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Nuria Larrayoz Ilundain, Ogasuneko zuzendaria.

Ordezkoa: Javier Bernabeu Llovet, Ogasuneko idazkari teknikoa.

Mahaikidea: Iosu Díaz Elcano, Hilerriko administratzailea.

Ordezkoa: Luis Enrique Munárriz Agorreta, Hilerriko arduraduna.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikidea: Mercedes Alastuey Ederra, Prebentzio Zerbitzuaren koordinatzailea.

Ordezkoa: Delia Abendaño Antoñanzas, Laneko arriskuei aurrea hartzearen arloko teknikaria.

Mahaikide idazkaria: Juan Sáez Leclercq, Giza Baliabideen arloko idazkari teknikoa.

Ordezkoa: Paula Unanua Albéniz, Giza Baliabideen Zuzendaritzako legelaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioaldia 2014ko urrian hasiko da; izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den.

Gero, epaimahaiak garaiz emanen ditu argitara hurrengo probak egiteko iragarkiak, araudiaren arabera.

6.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa.

Bete beharreko eginkizunekin zerikusia duen ariketa bat egin beharko da, gehienez ere 2 orduz. Gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta 25 puntutik beherakoak baztertu eginen dira.

b) Bigarren ariketa.

Buruz buruko elkarrizketa, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duena; ez da baztertzailea izanen. Gehienez ere 6 puntu.

6.3. Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik emanen du bere kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batez bestekoa izanen da ariketa zati bakoitzaren puntuazioa.

6.4. Ariketa bakoitza buruturik eta hamar eguneko epean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek oposizioaldian ateratako puntuazioak batu ondoren.

7.2. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio puntuaziorik altuena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko ehorzle laguntzaile izendatuko ditu puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak.

8.2. Izendapenean erabakitzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2014ko uztailaren 1ean.–Zinegotzi eta Batzarreko idazkaria, Ana María Elizalde Urmeneta.

Iragarkiaren kodea: L1409807