141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

249E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Cortesko Udal Hirigintza Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Cortesko Udalak sustatu du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2012ko apirilaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Cortesko lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, Udal Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan izan beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

Cortesko Udalak 2013ko abenduaren 18ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez Hirigintzako Udal Plana onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen 2013ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 28an, argitaratutako iragarki baten bidez. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Cortesko Hirigintzako Udal Planaren espedientean Ingurumen ondorioen azterlana jaso da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hirigintzako Planak 1999an onetsitako planeamendua ordezten du eta udalerriari hirigintzako baliabide eguneratu bat ematen dio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 22ko 35/2002 Foru Legera egokitua.

Cortesko Plan Orokorraren funtsezko helburuak dira bizitegitarako garapen jasangarri bat proposatzea, etxebizitza sozial nagusi duena, Alde Historikoa sustatzea herriaren hauspo gisa, eta garapen ekonomikoa eta logistikoa suspertzea, hiriko erdialdean dauden enpresen irteera erraztuz.

Planak jarraitzen dio Cortesko okupazio ereduari. Horretan, hainbat atal identifikatu dira: erdialde historikoa, Cortesko gazteluaren inguruan; handik, bizitegitarako zabalguneak garatu dira, baita jarduera ekonomikoko bi alde ere, bata industriala eta bestea logistikoa, zeinek Ebroko iraganbidea jardunaren ardatz baitute.

Cortesko Udalaren hirigintza planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 36,69 km².

Bizitegitarako garapena finkatu gabeko hiri lurzoruko sektore batean biltzen da, hirigunearen barnean (S.9 sektorea), baita S.10 bizitegitarako sektorean ere, herriko hegoaldean. Horrek plan partzial onetsi bat badauka. 393 etxebizitza aurreikusten dira hiri lurzoru finkatu gabean eta sektorizatutako lurzoru urbanizagarrian. Epe luzean, sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarriaren eremu bat (A.1) gorde da herriko mendebaldean, lurzatiak berrantolatzeko prozesutik kanpo gelditu diren lurretan, non La Conservera enpresaren fabrikazio instalazioak eta zenbait pabilioi baitaude. Eremu horretan trantsizio bat sortzen da lurzoru urbanizatutik zuhaitzak dituen parke batez osatutako nekazaritzako lurzorura. Alderdi hori dagokion sektorizazio planean zehaztuko da.

Jarduera ekonomikoko eremuei dagokienez, planak ez du aurreikuspen berririk ekartzen, lehendik daudenez gain: ACICOren lurrak (S.4 sektorea); La Conserveraren lurrak (S.5 sektorea), trenbidearen hegoaldean; NASUINSAren industrialdea (S.6 sektorea); eta, A-68ren hegoaldean, hori herri aldera sartzen den tokian (S.7 eta S.8 sektoreak). Eremu logistiko gisa, planak Ebroko korridoreko Logistika eta Garraio Zentroa (CELTCE) jasotzen du. Horrek urbanizazio proiektu onetsi bat dauka. Hortaz, guztira 952.843 m² zeuden antolatuta planaren aurretik.

Bideko azpiegiturei dagokienez, Errepideen 2010-2018 Plan Zuzentzailearen aurreikuspenak jasotzen dira orientazio moduan: herriguneko saihesbidea mendebaldetik ekialdera, eta abiadura handiko trenari buruzko azterlanetako ordezko trazadurak.

Landa lurzoruari dagokionez, planak helburu du nekazaritzako jardueren jarraipena eta ezarpena bermatzea, eraikuntzari buruzko ordenantza errealistak zehaztuz nekazaritzako eta abeltzaintzako egungo beharrei buruz; eta ingurune fisikoa babestea lurzoru urbanizagarriaren kategoriak behar bezala zehaztuz eta lurzatiak berrantolatu eta ureztalurra hobetu ondoko errealitate fisikoa islatuz.

Babestu edo gorde beharreko lurzoruak, hortaz urbanizatzeko egokiak ez direnak, zenbait azpikategoriatan sailkatzen dira, haien ezaugarri fisikoen arabera eta haien interes estrategikoaren arabera, lurraldearen planeamenduaren eta hirigintzaren ikuspuntutik.

Udalerriaren ingurumeneko azterketan eta diagnostikoan, ingurumeneko unitate nagusiak identifikatzen dira, Ebroko ibarreko ureztalurrak eta Lodosako Ubideko eta Aragoiko Ubide Inperialeko ureztalurrak nabarmenduta haien hedadura zabala dela medio. Oinarri ia homogeneo horrek antropizazio handia jaso du. Zenbait puntutan Aleppo pinu birlandatuak, sasiak eta larreak daude, ezpondetan, muinoetan eta bazterretan kokatuak. Eremu babestuak izateagatik interes ekologikoa duten eremuekin batera (“Ebro ibaia” BILa eta Mejana Santa Isabel (EN-12) eta Soto de la Mora (EN-26) ibarbasoak), ibaien sarea sartzen da: Ebro ibaia, Huecha ibaia eta Lechas eta San Jorge erreka-zuloak. Horiek dira udalerrian ingurumeneko balio handiena duten eremuak.

Udalerriko arriskurik handiena dago urak har ditzakeen eremuetan. Ebro ibaiaren kasuan, 500 urteko birgertatzealdirako eremua zehazten da “Ebro ibaiak har ditzakeen eremuen mugaketa, Inglares eta Huecha ibaien arteko tartean” (EUK, 2004) izeneko azterlanaren arabera. Huecha ibairako ez dago zedarritze grafiko zehatzik. Hala ere, Ebroko ur mugapean Huecha ibaiko arroaz adierazten da uholde arrisku potentzial nabarmena duela. Arrisku maila A1-ekoa da (handia eta nabarmena).

Kultura ondarearen babesaren barnean 15 aztarnategi arkeologiko sartzen dira (haien babes araubidea katalogoan arautzen da), baita bide erromatar augustoa eta abelbideak ere (Aragoiko Errege Altxonbidea, Morako adarra, Buñuelgoa eta Unióngo adarra).

Oinezkoen sarea bizikletaz joateko ibilbideekin eta udalerriko intereseko bidexka markatuekin osatzen da: Ebroko bide naturala (GR-99), Ebroko Done Jakue bidea, Soto de Morako ibilbidea, eta mugakide diren udalerriekin lotzen diren oinezkoentzako bideak, hala nola, Buñueletik Novillasera doana, Cortestik Mallenera doana, Atalayakoa eta CELTCE eta NASUINSA zubiaren gainetik herriarekin lotzen dituena.

Hirigintza plana baloratzen duen Ingurumen ondorioen azterlanak diagnostiko osatua dakar lurraldearen eta ingurumenaren aldetik. Orobat, aztertzen du hirigintza planak duen erlazioa Cortesko herriaren gainean eragina duten lurraldeko eta sektoreko planifikaziorako gainerako baliabideekin, eta batez ere Ebroko Ardatzaren Lurraldearen Antolamenduko Planarekin (LAP 5). Planak lurralderako eta planeamendurako determinazio lotzaileak biltzen ditu, bai eta LAP-5ean zehaztutako orientazio determinazioak ere. Halaber, kontuan hartu dira jasangarritasunari buruzko auditoretzaren ondorioak eta Tokiko Agenda 21eko esparruan dagoen tokiko ekimen planaren ondorioak.

Planaren ondoriozko ingurumeneko ukipenen gaineko balorazio orokorrari dagokionez, Ingurumen ondorioen azterlanak zehazten du landa lurraren sailkapenak ingurumenaren hobekuntza eta babesa dakartzala eta ukipen positiboa dela. Hirigintzako eta industriako garapen berriek ekartzen dituzten ukipenak bateragarriak dira, erabileraren aldaketa hiriaren barnean eta inguruan kokatzen baita, lur elkorren gainean. Nolanahi ere, kontuan hartu beharreko puntu bat hiriko hondakinak arazteko sistema da; izan ere, ez da nahikoa urbanizazio berrietan sortzen diren hondakinei zerbitzu emateko, eta, hortaz, araztegiaren errendimendua hobetzeari edo hura handitzeari heldu beharko zaio.

Zaratari dagokionez, Cortesko herria zeharkatzen duen A-68ko korridorea zaratari buruzko mapa estrategikoen esparruaren barnean dago. Bide horren zortasun akustikoak identifikatzen dituen plano bat dakar planak, baita udalerri osoko zonifikazio akustikoa ere, ondoko eremuak zehaztuz: bizitegitarakoa; industriakoa; osasunekoa, irakaskuntzakoa eta kirolekoa; eta garraio azpiegiturakoa.

2013ko abenduaren 4an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Cortesko Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa. Espedientean jasota daude Uraren Zerbitzuaren 2012ko maiatzaren 31ko txostena, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2012ko martxoaren 16koa eta 2014ko martxoaren 10ekoa, abelbideei dagokienez.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Cortesko Udal Plan Orokorrari gehitu zaizkion moduaren berri eman du, eta aldeko txostena egin du zenbait baldintzarekin (ebazpen honetan jasotzen dira).

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Cortesko Hirigintzako Udal Planaren alde, Udala bera planaren sustatzaile izanik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

–Erabileren araubidea arriskuak prebenitzeko lurzoruan sartzea dagoen arriskuaren arabera (Ebroko ardatzeko LAP 5 planaren eranskina).

–Inguruneko zaratari dagokionez, eremu akustikoen mugaketa berri bat erantsiko da, CELTCE eremu logistikoa industriako eta hirugarren sektoreko eremutzat hartuta, zaratari buruzko mapa estrategikoetan jasotzen den bezala. 8. sektoreko kalitate akustikoaren helburuak betetzeari dagokionez, dagozkion neurriak sartuko dira helburu horiek bermatzeko, kontuan izanik urbanizatu gabeko industria eremu bat dela. 7. sektorearen kasuan, zehaztu beharko da eremuaren barneko antolamenduan edo erabileran edozein aldaketa egiteko, industria sektore horri aplika dakizkion helburuak beteko direla.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Cortesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1408576