141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Artaxoan Piensos Artajona, S.L.ri gas naturalaren hornidura egiteko proiekturako; sustatzailea Gas Natural, S.A. da.

2014ko urtarrilaren 15ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du 2 barretik 5 bitarteko hornidura adar bat egitea, Piensos Artajona, S.L.ri eta Artaxoako nekazaritzako kooperatibari zerbitzua emateko. Hodi hori 1.190 metro da luze eta haren diametroa, berriz, 90-63 mm-koa. Landa lurzoru urbanizaezinean barna joaten da.

Espedientean, Artaxoako Udalak 2014ko urtarrilaren 24an eta Izarbeibarko Mankomunitateak 2014ko maiatzaren 12an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostenak daude jasota. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena egin zuen 2014ko ekainaren 4an.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Artaxoan Piensos Artajona, S.L.ri gas naturalaren hornidura egiteko proiekturako; sustatzailea Gas Navarra, S.A. da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen ukipenen azterlanean eta eranskinetan jasotako neurri zuzentzaile eta prebentzioko guztiak beteko dira. Arreta berezia emanen zaie ukitutako lurren destrinkotzeari, landare lurra zabaltzeari eta landaketak eta ereiteak zehaztutako tokietan egiteari.

–Izarbeibarko Mankomunitateak 2014ko maiatzaren 12an kokatze katei eta gurutzeak egiteko baldintzei buruz egindako txostenean zehaztutako baldintzak beteko dira.

–Udalaren hirigintzako araudian lanak egiteko aurreikusitako baldintzak beteko dira, Artaxoako Udalak 2014ko urtarrilaren 24ko hirigintzako txostenean adierazi zituenak.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak 2002ko urriaren 21eko 1385 Ebazpenean zehaztutako determinazioa bete beharko da. Lurzatiaren %20an, gutxienez, zuhaitzak eta lorategiak paratuko dira (84/90 FDaren 22. artikulua).
  • Artaxoako Udalaren 2014ko urtarrilaren 24ko hirigintzako txostenean zerrendatutako baldintzak beteko dira.
  • 2230. lurzatia hein batean sartuta dago Artaxoako Harresiaren babes eremuan. Horrenbestez, enpresa sustatzaileak Ondare Historikoaren Zerbitzuaren baimena eskuratu beharko du.
  • Herri Lanetako zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 106/2014 Ebazpeneko determinazioak bete beharko dira. Ebazpen horren bidez, baimena eman zitzaion Gas Navarra, S.A.ri hodia Mendigorria-Tafalla NA-6030 errepidearekin paraleloki paratzeko, ezkerreko albotik, 7+320 eta 6+710 k. p.-en artean (AOP 2014/31 espedientea). Bestela, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak geroago ezartzen dituenak bete beharko dira.
  • Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinetik joaten den trazadura baino ez du babesten.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Artaxoako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1408649