141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak jartzeari buruzkoa. Behin betiko onespena

Iraganik jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak jartzeari buruzko ordenantza, 2014ko maiatzaren 28ko bilkuran hasiera batean onetsia eta 2014ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik eta epe horretan aurkezturiko alegazioa hein batean onarturik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2014ko uztailaren 12an.–Alkatea, Iñaki Crespo San José.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BERTZELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Uharten, beste herri batzuetan bezala, hostalaritzako establezimendu jakin batzuek eremu publikoan terrazak eta antzeko elementuak jartzeko ohitura dute, negozioa zabaltzeko.

Partikularrek jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dituztenean jabari publikoko ondasunak, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta gisakoak eta aprobetxamendu nahiz erabilera orokorreko gainerako obra publikoak, Udalen kontrola behar da, jabari publikoaren aldi baterako erabilera hori administrazioaren ikuspuntutik arautu beharra dagoelako, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren.

Ildo berean, Udalek bi eskubide hauek bateratu behar dituzte: batetik, jendeak zerbitzu pribatu jakin batzuk karrika, plaza eta abarretan egiteko daukan eskubidea eta, bertzetik, gainerako herritarrek espazio publiko horiek osorik eta haien aprobetxamendua eragozpenik gabe baliatzeko daukaten eskubide saihestezina.

Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatu zuen 42/2010 Legea, irailaren 30ekoa, onetsi zenetik, herritar askoren ohiturak aldatu dira eta gora egin du nabarmen eremu publikoa terrazekin edo antzekoekin okupatzeko presioak. Eremu publikoaren erabilera intentsibo berri hori ostalaritzako establezimenduen ate inguruetan gertatzen da oro har eta, hiriko paisaia aldatzeaz gain, orain arte ia ezezagunak izan diren gatazkak ekarri ditu lokal jakin batzuetako erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen artean. Komeni da bi alderdi horiek arautzea, hau da, batetik, gure karrika eta plazen estetika berria, gaurdaino erabili ez diren altzariak agertu direlako eta, bertzetik, eremu publikoaren erabiltzaile berrien eta aldameneko etxebizitzetako bizilagunen arteko harremana. Lege berriaren ondorioz, bestalde, argi da eremu publikoa urte osoan erabiltzen dela, eguraldi hobeko hilabeteetan toki zabalago okupatu behar izaten delarik eta gainerakoetan, aldiz, ttikiagoa.

Bestetik, aintzat hartu beharra dago Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen eragina, izan ere lege horrek Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an barne merkatuko zerbitzuei buruz onetsitako 2006/123/EE Zuzentaraua ekarri baitu gurera. Eta, aldi berean, hizpide dugun arloari dagozkion zenbait foru lege ere atera dira, hala nola 15/2009 Foru Legea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa; 6/2010 Foru Legea, hainbat foru lege aldatu dituena 2006/123/CE Zuzentarauari egokitzearren, eta 7/2010 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duena 2006/123/CE Zuzentarauari egokitzearren.

Merkataritzarako baliabideak izateaz gain, terrazek hiriari itxura jakin bat ematen laguntzen dute eta, gainera, topaleku bihurtzen dira maiz, baita gizarte bizitzaren dinamizatzaile ere.

Eremu publikoa okupatzen dutenez, terrazek beste erabilera batzuekin bateragarri behar dute izan, ez galarazteko ez oinezkoen joan-etorriak ez beste herritar batzuen jarduerak. Eta, bestalde, inguruarekin bat datozen baldintza estetikoen arabera instalatu behar dira eta aldameneko etxebizitzetako herritarrei ez gogaitzeko moduan.

Horrez gain, araubide juridikoa ere arautu beharra dago, eskabideen tramitazioa eta baimenak eskuratzeko baldintza orokorrak finkatzeko bederen.

Bertzetik ere, eta Terrazei buruzko 42/2010 Legea onetsi denetik, gora egin dute upelak eta gisa askotako euskarriak jartzeko eskabideek. Halako elementuak, berez mahaiak ez diren arren, mahaitako baliatzen dira eta ostalaritzako establezimendu batzuen sarreretan paratzen dira, oinezkoendako karriketan batez ere.

Era berean, gero eta ohikoagoa da loreontzi-euskarri handiak eta jendea erakartzeko bertzelako apaindurak paratzea saltokietako, ostalaritzako establezimenduetako eta beheko solairuetan kokaturiko negozioetako ate inguruetan, eta halakoak ere arautu beharra dago, apaingarritako eta informazioa emateko baliatzen diren elementu horiek beren helburua bete dezaten eta, aldi berean, eremu publikoaren erabilera behar bezalakoa izan dadin, gainerako erabiltzaileei trabarik ez eragiteko.

Azkenik, ordenantza honek ostalaritzako egungo eskaera eta beharrei erantzuteko asmoa dakar.

Aipatu denez, beharrezkoa da kokalekuak definitzen dituen arauketa gaurkotu bat izatea, gisa honetako jarduerak udalerrian modurik hoberenean txertatzen direla bermatzeko, non jartzen diren, bide publiko horietako gainerako hiri altzariekin eta erabilerekin guztiz bateragarri izan daitezen.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal mugapearen barrenean dauden jabari publikoko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Eremua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak

Ordenantza honen ondorioetarako, honelakoak dira eremu publikoetan jartzen diren instalazio motak:

Terraza: jabari publikoko edo pribatuko lur eremua, ostalaritzak berezkoak dituen jarduerekin zerikusia duen aprobetxamendua izan dezakeena bertan mahai, aulki, eguzkitako, babes eta haize-babesak jarrita, gisa horretan establezimenduen barrenean egiten den jarduera handitu edo zabaltzeko eremua bihurtzen delarik. Kontzeptu hori modu zabalean ulertuko da, eta terrazak hainbat motatakoak izan daitezke (elementu finko mugatzaileak edukita edo ez, hainbat motatako mahai eta aulkiak dituztenak, itxitura iraunkorrak etab.). Instalazio horiek, nolanahi ere, aldi baterako izanen dira.

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke hiriaren paisaian ikus daitekeenez, hala nola itxitura iraunkorrak dituztenak edo upel eta tabernako aulkiak dituztenak, mahaiak eta ohiko aulkiak izan beharrean. Ordenantza honen aplikazioari begira, mota horretako terrazek gainerako terrazei aplikatzen zaizkien baldintza orokor berberak bete beharko dituzte beren ezaugarriei eta kokalekuei dagokienez.

Apaingarriak: halakotzat joko dira eremu publikoan, ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan jartzen diren elementuak, helburua dutenak inguru hori edertzea edo eremu publikoko erabiltzaileei deigarri gertatzea establezimenduaren barnean eskaintzen diren produktuei errepara diezaieten. Halakotzat joko dira loreontziak, figura apaingarriak, menuko kartak eta gisako elementu guztiak.

Eguzki-babesa: halakotzat joko dira terrazako erabiltzaileak eguzkiaren izpietatik babesteko jartzen diren elementuak oro, euskarritako paldoa duten eguzkitakoak izan edo egitura autosostengarri baten gainean paraturiko eguzki-oihalak izan. Nolanahi ere, eguzkitako horiek erraz kentzeko modukoak izan beharko dute eta, beraz, egitura arina eta desmuntagarria izanen da, eta ezin izanen da lurrari tinkatuta egon, non eta ez den udal agintaritzak erabaki beharreko kasu bereziren bat.

Berogailuak: halakotzat joko dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko ezartzen diren elementuak oro. Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologaturiko ereduak baizik ezin izanen dira jarri. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da beti ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

Galtzadako osagarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz desmunta daitezkeen elementuak, espaloi bat handitzen laguntzen dutenak, terraza bat errazago jartzeko haien gainean.

4. artikulua. Baimenak.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. Baimenaren agiria, xehetasun planoa eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta Udaleko funtzionarioen eta Udaltzaingoaren eskura. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, zer elementu dauden eta zenbat eta nolakoak diren, eta erabilera mugatzen duten baldintzak

3. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo bertze edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

4. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

5. Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.

6. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazetako elementuak.

1. Honako hauek dira, oro har, terraza baten osagaiak: eguzkitakoak, apaingarriak, alboetako babesak, haize-babesak eta berogailuak, eta mahaiak eta aulkiak; baina beste mota batekoak ere erabili ahalko dira, upelak eta tabernako aulkiak besteak beste.

2. Zerrendaturiko elementua horiek ez daude halako instalazio jakin bati lotuta, hau da, instalazio berean elementu ezberdinak nahas daitezke, karrikaren ezaugarriei eta establezimenduaren beharrei hobeki egokitzeko asmoz.

3. Salbuespen gisa, bestelako babes batzuk ere erabili ahalko dira, baina, horretarako, teknikari eskudun batek sinaturiko proiektua aurkeztu beharko da aldez aurretik, baimenaren ebazpenean jasoko diren ezaugarriak betetzen dituena.

4. Terrazako elementuak ezin izanen dira zoladuran tinkatu, ez bada salbuespenez baimen berariazkorik eskuratzen, eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira. Nolanahi ere, behin elementua desmuntatuta, eskatzaileak zoladura lehengoratu beharko du.

5. Zeinahi ere diren terrazaren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2 x 2ko modulu bakoitzeko (hau da, 4 lagun 4 m²-ko, pasabidea barne eta 2 m² upelak edo tabernako aulkiak direnean)

6. Terrazak eremu publikoan hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistemaren bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pinturak edo antzeko zerbait.

5.1. artikulua. Elementuen segurtasuna.

1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

2. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta bildu beharko dira, baldin eta haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

3. Terraza haizeak tai gabe jotzen duen alde batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu hauek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

–Terrazako elementuek ezin izanen dute inola ere gainditu, ez lurzoruaren gainean ez garaieran, terrazarako baimenduriko eremuaren proiekzio bertikala.

5.2. artikulua. Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

–Mahaiak eta aulkiak: mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta 80-100 zentimetroko aldea edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten. Udalak bertze neurri bateko mahaiak ere baimendu ditzake, espazio erabilgarriaren arabera eta eskatzaileak eskatuta.

–Eguzkitakoak: eguzkitako delako babes elementua oihalezkoa izanen da, lonazkoa edo antzekoa. Eguzkitakoen garaiera, gutxienez ere, 2,20 metrokoa izanen da eta, gehienez ere, 3,50 metrokoa. Nolanahi ere, lehenago azaldu den moduan, eguzkitako horiek erraz kentzeko modukoak izan beharko dute eta, beraz, egitura arina eta desmuntagarria izanen da eta ezin izanen da lurrari tinkatuta egon non eta ez den udal agintaritzak erabaki beharreko kasu bereziren bat.

Eguzkitakoek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

–Alboetako babesak eta haize-babesak. Ezin izanen dira lurzoruan tinkatu, eta oro har, haize-babesek batez ere, 40 zentimetroko sakonerako eta 35 zentimetroko altuerako jardinera bat izanen dute euskarritako, kontrapisu gisa.

–Berogailuak: Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologaturiko ereduak baizik ezin izanen dira jarri. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da beti ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

Berogailuak erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ezin izanen dira zolan tinkaturik egon. Diseinuak (dimentsioak, pisua etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko eta, horrexegatik, gas-berogailuen erregai-botilak askatu eta kentzeko modukoak izanen da; argindarraren bidezko berogailua izanez gero, sarerako hargunea lurpean egon beharko da, behar den udal lizentzia eskuratu beharko delarik horretarako.

Upelak eta tabureteak: upelak eta tabureteak paratzen ahalko dira, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabernako aulkien garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

6. artikulua. Apaingarriak.

1. Elementu horietarako baimena lortzeko ez da beharrezko izanen establezimenduak bere jarduerari loturiko terraza bat izan dezan.

2. Oro har, ez da argindarra behar duten elementurik baimenduko. Karrika edo etxesail multzoen proiektuen salbuespenezko kasuetan baino ez dira onartuko argindarra behar duten elementuak eta halakoetan aplikatzekoa den araudia bete beharko da beti.

3. Jartzen diren elementuen itxurak bat etorri beharko du ingurunearekin (koloreak, materialak, formak etab..)

III. TITULUA

Eremu publikoaren baldintzak instalazioari begira

7. artikulua. Eremu publikoaren baldintzak instalazioari begira

1. Eremu publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik eginen ere oinezkoen segurtasunari edo ibilgailuen joan-etorriei ere.

2. Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz erran diezaioke honelako inguruabarrak tarteko:

–Hartaz arduratzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

–Bide segurtasunari (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) kalte egiten bazaio edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.

–Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

3. Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko bertze kasu batzuetan, bertzelako kokalekuak eta bertzelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

4. Udal agintari eskudunak terrazak eta gisako elementuak ezin para daitezkeen eremuak finka ditzake interes publikoak hala eskatzen badu, trazadura, kokapena, bide segurtasuna, oinezkoen joan-etorri handia, saturazioa, ikuspena, irisgarritasuna edo bertze edozein inguruabar dela eta.

5. Oinezkoendako eremuetan terrazak, kioskoak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

8. artikulua. Eremu publikoaren baldintzak terrazen instalazioari begira

1. Oro har, terrazak zer establezimenduri lotuta dauden, establezimendu horren eraikineko fatxadaren ondo-ondoan kokatuko dira eta fatxada horren lerrokadurarekiko paraleloan. Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza eta haren aurrean kokatuko da. Galtzadaren aldean oinezkoak pasatzeko eremu bat gorde beharko da, terrazako langileek ez dezaten oinezkoendako ohiko joan-etorria eragotzi.

2. Terraza galtzadaren ondoan jarri behar bada, luzetara jarriko da, espaloi ertzarekin hegiz hegi eta hartatik 30 zentimetro bederen urrunduta, aparkaturiko ibilgailuetako bidaiarien sarrera-irteerak ez oztopatzeko, non ez dagoen babes-hesiren bat, halakoetan gutxienez 10 zentimetroko tartea gorde beharko baita.

3. Ez da zilegi izanen terraza bat fatxada ondoan paratzea eta, espalo tarte berean, bertze terraza bat paratzea ertzaren ondoan.

4. Oro har, ezin izanen da terrazarik jarri oinezkoendako pasabideen, elbarriendako aparkalekuen, autobus eta taxien geralekuen eta edukiontzien parean; halako tokietan jarri ahal izateko, terrazaren eta galtzadara jotzen duen espaloi ertzaren artean gutxienez ere 4 metroko tartea egonen da oinezkoak pasatzeko.

5. Oro har, ez da terrazarik baimenduko ez ataripeetan, ez arkupeetan, ezta estalitako bide tarteetan edo antzekoetan ere. Terraza eta establezimenduaren artean ataripe bat dagoenean, terraza eraikinaren kanpoko lerrokaduraren ondo-ondoan kokatuko da, ataripetik kanpo.

6. Espaloiaren zabalera 10 metrotik goitikoa duten oinezkoendako eremuetan izan ezik, eguzkitakoek ezin izanen dute alboko itxiturarik izan ez atzean ez alboetan.

8.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

1. Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere 2 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da.

Salbuespenez, ezin bada terrazarik kokatu oztoporik ez duen pasabide hori gordez, titularrak upelez edo mahai garaiz eta tabernako aulkiz osaturiko ilara bakarreko terraza bat jarri ahalko du, fatxadaren kontra. Halakoetan, terrazaren aurrean gutxienez ere 1,20 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat egonen da, eta upelez edo mahai garaiz eta tabernako aulkiz osaturiko ilarak metro bateko zabalera izanen du.

2. Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak aldatu ahalko dira.

3. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landare-ontziak, farolak, bidegorriak eta espaloietan dagoen bertze edozein elementu, bertze terraza batzuek hartzen duten eremua barne.

8.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

1. Oinezkoendako eremuetan terrazak jartzen direnean, ibilgailu ofizialak, hau da, suhiltzaileenak, poliziarenak, anbulantziak, garbiketakoak eta abarrak pasatzeko moduko oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, oztoporik gabeko 3,50 metroko zabalera duena gutxienez ere.

Terraza 10 metrotik gorako zabalera duen oinezkoendako eremu batean badago eta oinezkoendako kale horren ezaugarriak direla-eta hala egiterik badago, fatxaden ondoan edo oinezkoendako eremuaren erdialdean jarri ahalko da terraza, Udalak zer erabakitzen duen. Kalearen diseinua eta neurriak, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, ingurunearen baldintza estetikoak eta abar kontuan hartuz erabakiko da hori. Terrazak fatxadaren ondoan jartzen badira, kalearen erdialdean oinez ibiltzeko moduko tarte bat dagoela bermatuko da beti. Tarte horrek ez du inolako oztoporik izanen eta gutxienez ere 2 metroko zabalera izanen du.

Terraza kalearen erdialdean jartzen bada, terrazaren bi aldeetan oinez ibiltzeko moduko bi pasabide daudela bermatuko da. Pasabide bakoitzak 2 metrotik gorako zabalera izanen du, eta bi aldeetako establezimenduek terrazarako eremu hori partekatu beharko dute.

Terraza oinezkoendako kalearen erdialdean jartzerik badago, establezimenduko langileen lana errazteko instalazio osagarri bat baimendu ahalko da, establezimenduko langileak ahalik eta gutxien ibil daitezen pasabidea zeharkatzen.

2. Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak aldatu ahalko dira.

3. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landare-ontziak, farolak, bidegorriak eta espaloietan dagoen bertze edozein elementu, bertze terraza batzuek hartzen duten eremua barne.

9.1. artikulua. Eremu publikoaren baldintzak apaingarriei begira.

1. Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro bat baino gehiago aterako, behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten badute oinezkoendako ohiko joan-etorria ez eragoztea.

2. Establezimenduaren beraren fatxadako mugen barneko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

3. Apaingarriek ezin izanen dituzte inola ere trabatu edo mugatu establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

9.2. artikulua. Terrazek galtzada hartzea.

1. Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak 8.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera paratzeko, udal agintariak baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, terraza haien gainean paratzeko. Espaloiak behar adinako tamaina badu terraza normala paratzeko, ez da baimenik emanen galtzadan gehigarria ezartzeko.

2. Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.

3. Galtzadaren okupazioa egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

4. Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko instalatzeko udal agintaritza eskudunaren baimena beharko da.

5. Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ezin izanen dira inola ere izan establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian).

Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.

6. Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes elementuak jarriko dira, ezaugarri hauek izanen dituztenak:

–0,90 eta 1,20 metro arteko garaiera izanen dute. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,60 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik aurrera.

–Ezin izanen dira lurrean finkatu, eta haien euskarri moduan, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, lore-aska edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena.

–Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, azkar kendu ahal izateko, prozedura arrunten bidez, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

7. Instalazioaren diseinuak aukera emanen du, beti, galtzadako euri urak husteko sistema egokia izateko, baita dagoen bestelako edozein instalazio edo zerbitzu publikotarako ere. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan.

8. Eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, 5.2 artikuluan elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, salbuespen batekin: galtzadaren gehigarriaren inguruan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.

9. Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ezin izanen da zoladuran ainguratu, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

10. Mota honetako terrazak instalatzeak proiektu teknikoa egitea eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan argi eta garbi justifikatu beharko da aurreko zehaztapenak betetzen direla, baita terraza salbuespenezko leku horretan jarri nahi izateko arrazoiak ere. Halaber, proiektu teknikoak funtzionamendu eta segurtasun baldintzak bermatuko ditu eremu publikoan ibiltzen diren oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

10. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1. Terrazak paratzeko baimena emanen da soil-soilik jarduera nagusia ostalaritzakoa duen establezimendu bateko elementu osagarriak edo lagungarriak direnean.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

3. Baimen edo kontzesioen titularren erantzukizuna da establezimenduko erabiltzaileek auzokoei traba egiten ez dietela begiratzea.

4. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

5. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur horniduraren, saneamenduaren eta/edo argindarraren harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, edo gisako bertze edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, mahai-futbolak edo gisako bertze edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailkuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak etab.)

e) Haurrendako josteta makinak paratu ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

6. Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:

a) Zoladuran deus finkatzea, non eta ez duen lizentziak halakorik baimentzen.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik altxatu edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bertzelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

11. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia goiti-beheiti, hari lotutako terraza erabiltzeko ordutegia 9:00etatik 24:00etara artekoa izanen da . Larunbat, igande eta jai bezperetan, bertze ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

Herriko bestetan eta bertzelako egun berezietan, funtzionamendurako bertzelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

2. Terrazen betebehar berariazkoak.

a) Terraza zabalik ez dagoenean, hots, baimendutako orduetatik kanpo edo oporrak direla-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazako elementuak:

–Terraza zabalik izateko baimendutako ordu tartea bukatutakoan, titularrak egunero kendu beharko ditu eremu publikotik upelak edo antzeko elementu guztiak, terrazan halako elementurik balego, eta kendu beharko ditu, orobat, gas-berogailu guztiak, bai gailua bera bai erregai-botilak.

c) Terraza mugatzen duten markak behar bezala ikusten direla egiaztatu beharko du titularrak, eta garbi ikusten ez badira Udalari eman beharko dio horren berri.

d) Titularrak terraza itxi beharko du erabiltzaileak auzokoei eragozpenak sortzen ari badira, eta hari dagokio, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo atera ditzaten.

e) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

Halako instalazioak behin-behinekoak izanen dira beti eta edozein unetan kenarazten ahalko dira, ordenantza honen kontrako arau-haustea egitearekin, Udalarekin zorretan egotearekin edo bertzelako kontuekin zerikusia duten arrazoiak direla bide.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazak

12. artikulua. Udal lizentzia.

1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak instalatu baino lehen udal baimena beharko da. Uharteko Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori.

2. Irailaren 2001/2002 Foru Dekretuaren arabera taberna, kafetegi, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa sailkaturiko establezimenduei soilik emanen zaie baimena terraza edukitzeko.

3. Horretarako, interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, honelakoak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzaileak funtzionamendurako udal lizentziaren titularra beharko du izan.

b) Titularraren datuak: helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren izena eta kokalekua.

d) Erantzukizun zibileko asegurua, gutxienez ere 3.000 euroko bermeen estalgarri.

e) Terrazako elementuak eremu publikotik kendu behar direnean, titularrak haiek gordetzeko erabiliko duen lokalaren kokalekua eta deskribapena.

4. Itxiturak dituzten terrazak badira, baimena itxitura jakin baterako emanen da. Sustatzaileak itxituraren deskribapena egin beharko du eskabidearekin batera aurkeztuko duen proiektu tekniko berariazkoan, bertan xehe-xehe zehaztuko baitira ezaugarri guztiak. Nolanahi ere, baimena eskuratzeko erabili zen intalazioaren xehetasun-planoaren kopia erantsiko zaio baimenari, behar bezala zigilatua eta izenpetua. Udalak itxitura tipologia bat homologatu ahalko du, interesa duten establezimendu guztiek antzeko elementuak eta hiri-inguruari behar bezala egokitzen zaizkionak erabil ditzaten beren terrazak ixteko.

5. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Eskatzaileak Uharteko Udalarekin zorren bat edo beste duenean ere, baimenari ezezkoa emanen zaio.

13. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, Udaleko agintari eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Aldeko ebazpena jakinarazita, Administrazioak terrazaren mugak markatuko ditu lurzoruan, dela pinturaz dela eranskailuen bidez.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2. Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta udal agintaritzak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko bertze edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

5. Aldameneko eraikinean edo establezimenduaren eraikin berean jarritako aldamioek eta/edo markesinek terrazari eragiten diotenean, udal agintaritzak ezezkoa eman diezaioke terrazaren instalazioari.

6. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

15. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Lizentziak gehienez ere hamabi hilabeterako emanen dira, eta zein urtetan ematen diren, ezin dute inola ere urte natural hori gainditu.

2. Indarraldi hori etenik gabea izanen da upel, tabernako aulki eta gisakoek osaturiko instalazioetarako eta apiriletik irailera bitartekoa izanen da terrazetarako.

3. Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu lizentzia luzatzeko baimena lortu, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, eta instalazio guztia kendu, upelak, tabernako aulkiak eta abarrak izan ezik.

4. Lizentziak berez berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin edo titularra aldatu; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoan adierazi bezala egin beharko da, upelak, tabernako aulkiak eta abarrak ere kenduz, eta terrazarako eskaera berria egin beharko da.

II. ATALA

Zehapenen araubidea

16. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko bai jarduerari egiteko moduaz bai gainerako aginduei dagokienez.

17. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Alkatetzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bertzelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2. Terrazak edo bertzelako elementuak lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe paratu badira, Alkatetzak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bertzelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

18. artikulua. Betearazte subsidiarioa

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna lehengoratzea dela ulertuko da. Lehengoratze horren erantzuleak ez badu bere borondatez halakorik egiten, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

19. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen XI. Tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Ordutegiak ez betetzea.

c) Baimenduak baino elementu gehiago paratzea (mahaiak, aulkiak eta bertzelako osagarriak).

d) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Okupaturiko eremua egunero ez garbitzea.

g) Mahaiak, aulkiak eta bestelako elementuak establezimendutik eta/edo mugaturiko eremutik kanpo tolestea, pilatzea eta gordetzea, funtzionamendu orduetan.

h) Terrazetan musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

i) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteak ez badira.

j) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

k) Terrazako elementuak behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari eta apaindurari dagokienez

2. Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Terrazak eta bertzelako elementu osagarriak baimenik gabe paratzea.

b) Baimendu gabeko bertzelako elementuak paratzea.

c) Instalazioak udal lizentziarik ez duelako edo lizentzian ezarritako baldintzetara egokitzen ez direlako Udalak kentzeko errekerimendua egin duenean, hura ez betetzea.

d) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

e) Irisgarritasunari buruzko araudia betetzeko, espazioen eta pasabide libreen neurrien gainean xedatutakoa ez betetzea.

f) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea kontserbazioari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez

g) Terrazan baimendu gabeko elementuak paratzea.

h) Baimendu gabeko ezein euskarri erabiltzea terrazaren instalazioaren osagarri.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen larriak sortzea edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Espazio publikoa ez lehengoratzea.

3. Hona hemen arau-hauste oso larriak:

a) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri nahiz higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduen ondorioz ez direnean.

b) Agindua ez betetzea Udal Agintaritzak terrazak edo bertako elementu batzuk edo guztiak kentzeko agintzen duenean, trafikoarekin, urbanizazioarekin, interes orokorrarekin nahiz Udalaren interesarekin zerikusia duten arrazoiak egoteagatik, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea duten bertze batzuei erabilera hori galarazten zaielako.

c) Kontzesioaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den bertze norbaitek ustiatzea jarduera.

d) Berariaz baimendutakoa ez bertzeko edozein jardueran aritzea.

e) Eremu publikoa aprobetxatzeari dagozkion ordainarazpenak ez ordaintzea.

f) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako eremu publikoan paratuta dauden elementuak.

g) Eremu publikoaren lurzorua argitalpenekin okupatzea edo inguruan nahiz hurbilean paratzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten elementuak edo hiri-ingurunea hondatzen dutenak.

h) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

i) Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

20. artikulua. Zehapenak:

1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarrakiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 400 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 401etik 800 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako kentzea.

c) Arau-hauste oso larriak: 801etik 1.200 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia kentzea.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

21. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna

1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobexamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

22. artikulua. Graduazio irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean eta, aplikatu beharreko zehapena graduatzerakoan, legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpidei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituen horiei jarraituko zaie.

23. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan erregulaturiko arau-hausteei dagokienez, oso larriak hiru urte iraganda preskribatuko dira, larriak bi urte iraganda eta arinak, berriz, sei hilabete iraganda.

Epe horiek ekintza zigorgarria egiten denetik hasita kontatuko dira edo, arau-hauste jarraituak direnean, egiteari uzten zaionetik kontatzen hasita.

24. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenak aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dira, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik kontatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean baimena duten terrazek hiru hilabeteko epea izanen dute ordenantza honetan bildutakoa kontuan hartzen duen lizentzia berria eskatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1409729