141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

258E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Caparrosoko udal mugapean zuntz mineralezko isolatzaileak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Rockwol Peninsular, S.A.U. da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 0816/2008 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako emisioei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Gainera, Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko betearazpen-erabakia argitaratu zen, beira fabrikatzeko dauden teknika hoberenei (MTD) buruzko ondorioak ezartzen dituena industriako emisioei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; horrexek, argitalpen egunetik gehienez ere lau urtean, Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritzera eta, beharrezkoa izanez gero, eguneratzera behartzen du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azkenik, Ebroko Ur Konfederazioak zuzentzeko errekerimendua egin zion aurretik, Ingurumen baimen integratuan hondakin urak isurtzeko aurreikusitako baldintzak egokitu zitzan eskatuz, hain zuzen ere, Ingurumen baimen integratua emateko prozeduran erakunde horrek hondakin uren isurketaren onargarritasunari buruz egina zuen txosten loteslearen edukiarekin egokitzeko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da hori gertatzeko arrisku maila txikia denez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Caparrosoko udal mugapean zuntz mineralezko isolatzaileak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Rockwool Peninsular, S.A.U. da.

Bigarrena.–Apirilaren 23ko 0816/2008 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinei, hondakin uren isurketei eta hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Ingurumen baimen integratu honi lotutako isurketa baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino automatikoki zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua, eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P03065008252014 zenbakiarekin inskribatzea hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Deuseztu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren iraungitze data, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Bederatzigarrena.–2014ko urriaren 31 baino lehen, titularrak programa bat aurkeztu beharko du lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko dituen neurriak mantendu eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketekin, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamargarrena.–2015eko maiatzaren 28a baino lehen, titularrak instalazioak egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, beira fabrikatzeko dauden teknika hoberenei (MTD) buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko betearazpen-erabakian ezarritakoa betetzearren, modua izan dadin Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrituko dituen prozedura bat tramitatzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Rocwool Peninsular, S.A.ri, Caparrosoko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1408594