13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARMAÑANTZAS

Hirigintzako tramitazioen tasak eta Udalaren ingurumen arloko baimenen tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Udalak, 2013ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako tramitazioen tasak eta Armañantzasko Udalaren ingurumen arloko baimenen tasak arautzen dituen ordenantza, baita hura argitaratu ere 2013ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 8an, gisa hartara jendaurreko epea irekirik, hogeita hamar egun baliodunean interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epe horretan ez da inolako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu eta hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 325.1 artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak emaniko idazketaren arabera, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da.

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ETA UDALAREN INGURUMEN ARLOKO BAIMENEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa edo ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeari buruzkoak udal mugapearen edozein tokitan egiten direnean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Obra lizentziak tramitatzea.

b) Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.

c) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

d) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

e) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

f) Lur banantzeak tramitatzea.

g) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.

h) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

i) Hirigintza arloko kontsultak.

j) Alderdi batek eskaturik abiarazitako aurri espedienteak.

k) Jarduera lizentzia eta irekitzeko lizentzia ematea.

l) Emandako lizentzien aldaketak.

m) Lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko legeriak eskatzen dituen hirigintzako lizentziak ematea edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

n) Establezimenduak irekitzeko lizentziak ematea edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

ñ) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edo udal ingurumen arloko edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak edo Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra.

4. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa.

5. artikulua. Honako hauek ordaindu beharko dute: pertsona naturalek nahiz juridikoek, herentzia banatu gabeek, ondasun elkarteek, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, hirigintzako edo ingurumeneko tramitazioa eskatzen duten bertze entitateek, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.

Tarifak eta karga-tasa.

6. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko aholkularitzaren txostenek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbertze izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa.

7. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak edo Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak aipatzen dituzten edukia eta xedapenak.

Kudeaketa arauak.

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien aldeko txostena hartu ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Azken xedapen bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Armañantzasen, 2013ko abenduaren 17an.–Alkatea, Francisco Javier Oyón Sanz.

Iragarkiaren kodea: L1317582