13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

518E/2013 EBAZPENA, abendauren 11koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Argibide Transformazio-Zentro berrira doan deribazioko aireko 20 Kv-eko linearen proiekturako, Urrotz-Hiriko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución S.A. da.

2013ko irailaren 3an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketan 20 Kv-eko aireko linea elektriko berri bat eginen da, zirkuitu sinplekoa, “Agoitz-Urrotz” lineako 902. euskarrian hasiko dena. Haren ordez, beste euskarri bat paratuko da, esfortzu egokikoa, deribazioa egin ahal izateko. Handik aurrera, lineak 300 metro zeharkatuko ditu larreetan barna, egungo tarteko euskarri bati konektatuta, zein erabiliko baita eroaleak pasatzeko. Egungo bukaerako euskarri batean amaituko da, egungo ebakigailua kenduta eta alderantzizko 20 Kv-eko ebakigailu bat, terminalak eta autobalbulak paratuta, behar bezala isolaturik, Argibide transformazio zentroaren inguruan. Euskarri horretatik, kanalizazio txiki bat eginen da eroaleak lur azpitik pasatzeko, adreilu gorriko etxola bateraino. Han, 630 Kv-eko transformadore bat paratuko da, Argibide izenekoa, zenbait bezero hornitzeko beheko tentsioan. Bere aldetik, Cordovilla-Irati 66 Kv-eko egungo linearen 1.700 bat metro desmuntatuko dira, 558. euskarrian hasita. Linea horrek egungo Argibide transformazio zentroa hornitzen du, eta hura ere desagertuko da.

Espedientean Urrotz-Hiriko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Argibide Transformazio-Zentro berrira doan deribazioko aireko 20 Kv-eko linearen proiekturako, Urrotz-Hiriko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–2013ko azaroaren 19an aurkeztutako dokumentazio gehigarrian jasotzen diren isolagailuak erabiliko dira.

–Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta alderantziz paratuko diren ebakigailuak lotzeko zubiak, baita horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak ere. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Deribazioko euskarrian, deribatutako lineako zubi lokak isolatuko dira. Orobat, linea nagusiko zubi lokak isolatuko dira, edo, bestela, beheko gurutzeta 1,5 metrora gutxienez paratuko da linea nagusiko zubi loken beheko puntutik.

–Hegaztiak babesteko balizak paratuko dira deribazioko euskarrien eta angelukoen arteko tartean (Lerruz erreka zeharkatzen du).

–Linea berria egindakoan, Cordovilla-Irati 66 Kv-eko linearen 1.700 bat metro desmuntatuko dira, 558. euskarrian hasita. Linea horrek egungo Argibide transformazio zentroa hornitzen du, eta hura zerbitzurik gabe geldituko da.

–Zuhaitzen bat moztu behar izanez gero, Oihanak Kudeatzeko Atalaren baimena eskuratu beharko da aldez aurretik.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, honako hauek:

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat; izan ere, proposatutako ibilbideak NA-150 eta NA-2327 errepideak ukitzen ditu.

–Ebroko Ur Konfederazioaren baimena, uren arloan indarra duen araudiarekin bat; izan ere, trazadura berriak Lerruz erreka zeharkatzen du.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Urrotz-Hiriko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abenduaren 11n.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1317513