13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Ordenantza fiskala, Ludotekako eta atseden emateko udal zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2013ko urriaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ludotekako eta atseden emateko udal zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2013ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 4an, eta Herriko Etxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2013ko abenduaren 13an.–Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

ORDENANTZA FISKALA, LUDOTEKAKO ETA ATSEDEN EMATEKO UDAL ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria.

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko III. kapituluaren bigarren ataleko 2. azpiatalean prezio publikoei buruz xedatutakoari jarraikiz (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua), eta lege beraren 12. eta 28. artikuluetan jasotzen den baimenaren arabera.

Ordainarazpenaren xedea.

2. artikulua. Ordainarazpenaren xedea da ludotekako eta atseden emateko udal zerbitzua erabiltzea, bertan egiten diren modalitate edo atalkako zerbitzuetako edozeinetan. Orokorrean azalduta, programa hau biltzen du:

a) Jolas libreak:

Jarduera honek jolas librean aritzen lagunduko du, norberaren nortasuna adierazteko esparru gisa, eta horretarako hainbat txoko izanen dira.

1.–Erakusmahaiaren txokoa:

Harrera, informazioa eta hasierako arreta.

2.–Psikomotrizitate eremua.

3.–Jolas sinbolikoaren edo etxetxoaren txokoa.

4.–Eraikuntzen txokoa.

5.–Liburutegia.

6.–Teknologia berriak.

7.–Erregelen jokoak eta mahaiko jokoak.

8.–Beste eremu batzuk: kalea eremu ludiko gisa.

b) Jolasen eta jostailuen trukea:

Ludotekan dagoen jolas materialaren barne mailegua egitea; erabiltzaileak eskatzen du eta erabili ondoren itzultzen.

c) Gizarte eta kultur animazioko jarduerak:

Aisialdiko hezkuntza jarduerak, giza balioak sustatzea bilatzen dutenak.

d) Jarraipen psikopedagogikoa:

Erabiltzaileek izan ditzaketen zailtasunei aurrea hartzea eta zailtasun horiei arreta ematea.

e) Teknologia berriak:

Teknologia berriak sartzea sormenaren, parte-hartzearen eta begiratu kritikoaren ikuspegitik, norberaren gaitasunak garatzen laguntzeko.

f) Haur batza:

Herritarrek parte hartzeko organo gisa, 11 urteko haurrentzat eratua eta hamahiru zinegotzi txikiz osatua.

g) Guraso eta taldeentzako arreta:

Eremu bat izanen da astelehenetik ostiralera, orientazioa, aholkularitza eta, oro har, informazioa eskatzen duten edo iradokizunak egin nahi dituzten gurasoei eta taldeei arreta emateko.

h) Atseden emateko zerbitzua:

Zerbitzu honen bidez herriko familiei laguntza eman nahi zaie zenbait ekintza egiteko denbora behar dutenean: prestakuntza, medikuarengana joatea, lan munduan sartzeko ekintzak, norberaren aferak etab.

Zerbitzu honen bitartez haurrek eremu bat izanen dute jarduera ludikoetan eta hezkuntza jardueretan parte hartzeko. Horrela jolas librea eta sormena sustatu nahi dira, beren autonomia landuz eta berdinen arteko harremanak bultzatuz. Hori horrela, zerbitzu honi ezaugarri berezi batzuk eman nahi zaizkio, alegia, ez dadila asistentziarako baliabide soil bat izan eta beste alderdi edo arlo batzuetan esku hartzeko aukera eman dezala.

Zergapeko egintza eta ordaindu beharra.

3. artikulua. Zergapeko egintza, zerga ordaindu beharra sorrarazten duena, ludoteka zerbitzuan inskribatzean eta atseden emateko zerbitzuan erreserba egitean gauzatzen da. Era berean, une horretan berean hasten da zerga ordaindu beharra, zeren eta kontsideratzen baita orduan sortzen dela ematen diren zerbitzuen onura, ordain gisa prezio publiko bat daukana.

Subjektu pasiboa.

4. artikulua. Ordenantza honetan ezartzen den prezio publikoa ordaintzera beharturik daude ludotekako eta atseden emateko zerbitzua erabiltzearen gaineko oinarrizko Erregelamenduan aipatzen diren pertsona fisikoak, zerbitzuaren hartzaile izateko inskribatzen direnak.

Zergadunaren ordezkoa izanen da, ondorio guztietarako, adingabearen legezko ordezkaria.

Kuota eta kobrantza zehaztea.

5. artikulua.

1.–Ludoteka zerbitzuaren prezioa.

Prezio publikoa 10,58 euro izanen da, eta izena ematen den unean berean eskatuko da ordaintzeko, uste baita orduan hasten dela bai Udala zerbitzua ematen bai onuraduna zerbitzua hartzen.

Prezioa osorik ordaintzeko eskatuko da, kontuan hartu gabe noiz ematen den izena, eta diru horrekin denboraldi osoari dagokiona kitatuko da, alegia, ikasturteak hartzen duen denbora tartea, eta ez da ez dirurik itzuliko ez murrizketarik eginen zerbitzuari uko egiten zaion kasuetan.

Espresuki baztertzen da kuota hainbanatzeko aukera.

2.–Atseden emateko zerbitzuaren prezioa euro batekoa izanen da orduko.

Zerbitzu hori astean 10 orduz erabil daiteke gehienez.

Gutxienez ere egunean ordu bat egon behar da bertan.

Ez da adingabekorik onartuko goizeko 11:00etatik aurrera.

Kudeaketa arauak.

6. artikulua. Udal zerbitzu honen onuradun izan daitezkeen eta ludotekan izena emateko interesa duten pertsonek zerbitzurako prestatzen den lokalean agertu beharko dute, haien legezko ordezkariarekin batera, eta bertan egiten ahalko dute izen-ematea, behar den bezala erraten zaien gisan.

7. artikulua. Ludotekaren onuradun bihurtzen duen izen-emateak denboraldiaren bukaera arte balioko du eta, beraz, hurrengoaren hasieran berriz ere egin beharko da eskaera eta berriz ere prezio publiko osoa ordaindu.

8. artikulua. Ludoteka zerbitzua erabiltzeko eskubidearen hasiera eta bukaerarako adinaren mugari dagokionez, lehenbizikorako beharrezkoa izanen da gutxieneko adina izatea; bigarren edo gehieneko adinaren kasuan, berriz, denboraldiaren barrenean gertatzen bada, ez da orduantxe onuradun izaera galduko, baina besterik gabe utziko zaio izateari hasitako denboraldi hori amaitzen denean, horretarako inolako baja edo aitorpenik tramitatu beharrik izan gabe.

Atseden emateko zerbitzuaz baliatzen ahal diren familietako adingabeen adina urte batetik sei urtera bitartekoa izanen da.

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak.

9. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Zizur Nagusiko Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

10. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Zizur Nagusiko Udaleko Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

11. artikulua. Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1317484