13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Ordenantza, Erriberriko alde historikoko eraikuntza jarduketetarako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Erriberriko Udalak, 2013ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Erriberriko alde historikoko eraikuntza jarduketetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2013ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 11n. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erriberrin, 2013ko abenduaren 19an.–Alkatea, Francisco Javier Legaz Egea.

ERRIBERRIKO ALDE HISTORIKOKO ERAIKUNTZA JARDUKETETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Erriberriko alde historikoan eraikinen zaharberritze eta berrikuntza lanak sustatzera bideratutako laguntzak arautzea du xede ordenantza honek, baita haien zenbatekoa zehaztu eta haiek onartzeko eta ordaintzeko prozedura ere.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Erriberriko alde historikoa da, Erriberriko Alde Historikoa Babesteko Plan Berezian zehaztutakoaren (1993ko urriaren 15ean onetsia) edo Erriberrin unean uneko hirigintza araudian ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen obrak eta eraikinak

3. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera, diru-laguntza izan dezakete Erriberriko alde historikoaren eremuko eraikinetan egiten diren zaharberritze eta eraberritze obrek, unean uneko hirigintza araudian ezarritako mugen barrenean.

Diruz laguntzen ahal diren obrek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zaharberritze obrak.

Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren.

Egokitzapen funtzionalerako obrak, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: sarbideak, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termikoa, instalazioak, akabera orokorrak eta segurtasuna.

Egituraren eta funtzionaltasunaren aldetik egokituta dauden eraikinen kasuan:

–Eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak, BBBPBrekin bat.

–Eraikinetan hobekuntzak egiteko obrak, energiaren kontsumoa aurrezteko xedez eta instalazioen arloan (ura, gasa, elektrizitatea, antenak, suteen aurkako babesa, saneamendua, berokuntza...) indarra duen araudiari egokitzeko xedez.

–Eraikinak hirigintza aldetik egokitzeko obrak, indarra duen planeamenduan aurreikusiak (eranskinak kentzea, estalkiak, fatxadak, lerrokadurak...).

–Oztopo arkitektonikoak kentzeko obrak, minusbaliatuei sarbidea eta erabilera errazteko asmoz, mugitzeko arazoak dituztenean.

–Lokalen errotuluetan, fatxadetan eta hiri irudian hobekuntzak egitea, eraikineko elementu komunetako obrekin batera eginez gero.

b) Eraberritze obrak.

–Araudiak baimendutakoak.

–Lehenagotik dagoen eraikinaren bizigarritasun baldintzei hobekuntza nabarmena ekartzea, baita inguruneari eta hiri irudiari ere.

4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen eraikinak.

Eraikinek, diru-laguntza jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Alde historikoaren barnean egotea.

–Azalera erabilgarritik portzentaje bat gutxienez etxebizitza gisa erabiltzea; azalera horrek bat etorri beharko du forma eta kopuru aldetik unean unean indarra duen foru dekretuan zehazten denarekin.

–50 urte baino gehiago izatea, eraikinak mugikortasun murriztua duten ezinduentzat egokitzen direnean salbu.

–Babes mailaren bat izatea BBBPBren arabera.

5. artikulua. Eremu publikoa okupatzeko tasak.

Aurreko artikuluetan aipatu obrak egiteko beharrezkoak diren materialekin, garabiekin, aldamioekin eta beste elementu batzuekin okupatzen denean eremu publikoa, diruz laguntzen ahalko dira okupazio horri dagozkion tasak.

III. KAPITULUA

Laguntza motak eta zenbatekoa

6. artikulua. Diru-laguntzen zenbateko orokorra.

Urtero, Erriberriko Udalak bere aurrekontuetan diru kopuru bat jarriko du, hau da, Erriberriko alde historikoan (ordenantza honen 2. artikuluan zehaztuan) aplikatu beharreko populazio moduluaren %2tik beherakoa izanen ez dena.

Edonola ere, kopuru hori aski izanen da hurrengo artikuluaren arabera ematen diren diru-laguntzen zenbatekoaren ondoriozko gastuei erantzuteko; hala behar denean, aldaketak eginen dira aurrekontuetan.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

a) Orokorrean, laguntzen zenbatekoa aurrekontu babesgarriaren %3aren parekoa izanen da.

b) Zenbateko hori aurrekontu babesgarriaren %5era iritsiko da Erriberriko Barne Berrikuntzarako Plan Berezian agertzen diren eraikinetako jarduketa berezien kasuan, hala nola Interes Historiko Artistikoko Eraikinetan.

c) Obretarako behar diren material, garabi, aldamio eta beste elementuekin eremu publikoa okupatzeagatik, tasek %100eko hobaria izanen dute lizentzia eskuratu ondoren obra hasi eta lehen hilabetean, eta %50, ondoren, bukatu arte.

Hobari hori aplikatuko da, orobat, lizentzia duen eraikina alde historikoan egonik, metaturiko materialak, obra-hondakinak, garabiak etab. kanpoan jartzen badira, alde horretako zirkulazioa ez oztopatzeko.

Aurrekontu babesgarritzat joko da zaharberritze eta eraberritze obren benetako kostua, horren barnean direla aldamioak jartzearen kostua eta obren proiektuko eta/edo zuzendaritza teknikoen zerbitzu-sari profesionalak.

–Inbertsioaren konputurako, baita diru-laguntza kalkulatzeko ere, ez da kontuan hartuko eskatzaileak ordaindutako inolako zerga edo tasarik, esate baterako eskatzaileak jasaten duen BEZa edo Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ).

IV. KAPITULUA

Tramitazioa, ematea eta itzultzea

8. artikulua. Laguntzak emateko baldintzak.

Udalaren lizentzia eta obrak egiteko behar diren era guztietako baimenak eskuratu gabe, ez da diru-laguntzarik emanen obretarako.

Onetsitako laguntzak eskuratzeko, sustatzaileak aldez aurretik ordaindu beharko du Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ), obren lizentzia eta beste edozein udal zerga edo tasa, laguntzaren xede diren obrei dagozkienak.

Halaber, eskatzaileak ordaindua izan behar du Erriberriko Udalean ordaindu beharrekoa.

9. artikulua. Tramitazioa.

Obren lizentzia eskatu aurretik edo aldi berean, obren sustatzaileek aldez aurreko txostena eskatu beharko diete Udaleko zerbitzu teknikoei, eta horiek txostena eginen dute diru-laguntzaren zenbatekoari eta baldintzei buruz, baldin eta ordenantza honetan aipatzen diren baldintzekin bat badatoz.

Kalifikazioaren elementu eta oinarri gisa aurkeztutako proiektu teknikoaren alderdi guztiak errespetatu beharko dira obrak gauzatzean eta, beraz, ezin izanen da aldaketarik egin Udalen zerbitzu teknikoen baimena eskuratzen ez bada.

10. artikulua. Laguntzak ematea.

Erriberriko Udalak, eskaera jaso eta udal teknikarien txostena ikusirik, eta behar den tramitazioa eginik, interesdunari jakinaraziko dio eskatutako laguntza ukatu ala eman zaion. Azken kasu horren zenbatekoa zein den ere adieraziko da.

Udalak edozein unetan eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar eguneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

11. artikulua. Diru-laguntza kobratzeko beharrezkoak diren agiriak.

Interesdunek, obrak bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udal Erregistroaren bitartez:

a) Fakturak, egindako inbertsioaren frogagarri.

b) Zuzendaritza teknikoaren obra amaieraren ziurtagiria edo, halakorik ezean, udal arkitektoaren txostena, zer obra egin diren eta amaitu egin direla ziurtatzeko.

c) Behar diren udal zerga eta tasen ordainagiria.

12. artikulua. Laguntzak deuseztatzea eta itzultzea.

Edozein agintarik diruz lagundutako obren legezkontrakotasuna deklaratuz gero, onuradunak errekerimendua jaso eta hilabetean itzuli beharko dizkio Erriberriko Udalari, aurkezten ahal diren errekurtso administratibo eta jurisdikzionaletatik atera daitekeena ukatu gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, hura itzuli egin beharko da.

Aldez aurretik onartutako laguntzak ukatzea erabakitzen ahal du Udalak, hartarako inguruabarrak daudenean.

Diru-laguntza ordainduta, Erriberriko Udalak itzul dadila erabakiko du, aurreko lerroaldean aipatu edozein inguruabar gertatu dela frogatzen bada.

Dirua itzuli beharra premiamendu prozeduraren bidez tramitatuko da, itzultzeko errekerimendua egin eta hilabeteko epean itzultzen ez bada.

Azken xedapena

Ordenantza honek 2014ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoaren kontrakoak diren udal xedapen guztiak eta, bereziki, Erriberriko alde historikoko eraikuntza jarduketetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza, Udal honek onetsia eta 2008ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 24an, argitaratua, data honetara arte indarra izan duena.

Erriberrin, 2013ko urriaren 18an.–Alkatea, Francisco Javier Legaz Egea.

Iragarkiaren kodea: L1317752