109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182E/2014 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Antsoaingo Udalak sustatutako Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira.

Antsoaingo Hirigintzako Udal Planaren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz 2010eko urtarrilaren 15ean egindako txostenarekin hasi zen.

Gero, 2012ko martxoaren 28ko bilkuran, Antsoaingo Udalak Hirigintzako Plana onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen 2013ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (apirilaren 16an) argitaratutako iragarki baten bidez.

Jendaurreko aldian zenbait alegazio jaso dira, Ana Sada Urabayen andreak Bildu udal taldearen izenean sinatuak. Horien bidez eskaera egiten da Ermitapea hegoaldeko sektorea kentzeko, Antsoain zaharraren paisaian izanen dituen ondorioak eta hiriaren egituran eraginen den deformazioa direla-eta. Bestalde, Ezkaba mendiaren hegala osorik babesteko eskatzen da, Antsoain zaharraren eta iparraldeko ingurabidearen artean proposatutako kiroletako erabilera aldatzea saihesteko. Nabarmentzekoa ere bada ebazpen honen baldintza zerrendan neurriak ezarri direla alegatzaileek adierazitako eragina murrizteko.

2013ko urriaren 9an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Antsoaingo Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa.

Plan orokorraren jarduketa eremua Antsoaingo udal-mugartea da, zeinak 1,9 km²-ko azalera duen. Antsoainen, bi eremu ezberdintzen dira argi eta garbi: Iparraldeko ingurabidearen hegoaldean, eraikitako eremua dago, Iruñerria osatzen duten herrien jarraipena dena, eta bestetik, landa eremu bat dago Ezkaba mendiaren hegalean, non Antsoaingo gune historikoa dagoen.

Udalerriaren ezaugarri fisikoek eta orografikoek lurzoruaren erabilera eta xedea baldintzatu eta zehazten dituzte hirigintzaren ikuspegitik. Zentzu horretan, planak errealitate horri egokitutako proposamena planteatzen du, halako moduz non Iparraldeko ingurabidearen hegoaldean industriako, hirugarren sektoreko eta bizitegitarako erabilerak sendotuko diren eta erabilera berrietarako aukera emanen den. Erabilera horiek ez daude aurreikusiak gaur egun indarrean den planeamenduan. Ezkaba mendiaren hegalak oihan eta nekazaritzako lurzoru gisa mantenduko dira. Eremu horretan bertan finkatzen da Antsoaingo herria eta bizitegi eremua ermitaren inguruan garatzea proposatu da, gehienez ere 30 etxebizitza izanen dituena, eta kiroletako erabilera izanen duen espazio bat ere garatuko da, ingurabidearen ondoan eta nekazaritzako lursailetan.

Eskualdeko Hirigintza Arauekin eta ondorengo Eremu Zentraleko Lurraldearen Antolamenduko Planarekin (LAP 3) bat, Ezkaba mendia Iruñerriko konektagarritasun eraztunaren zati da eta hirigintzako planean babestu beharreko lurzoru gisa sartzen da, bertan baitaude otabera sastrakadiak eta elorri-triskak, larizio pinuaren basoberritzeak eta harizti ilaundunak.

Ingurumen ondorioen azterlanean udalerriaren analisia, diagnostikoa eta balorazioa egiten dira ingurumenaren aldetik, eta Ezkaba mendiaren iparraldeko hegalak ingurumen balio handiena duten eremu gisa identifikatzen dira. Horiek oso bereziak dira, izan ere eskualde mailako konektore ekologikoak dira.

Planak ingurumenean izanen dituen eraginak ez dira oso garrantzitsuak izanen herriaren ingurumenaren kalitatearen gaineko eraginari, lurzoruaren eta baliabideen kontsumoari, flora eta faunaren gaineko eraginari, eta paisaiaren eta biztanleen gaineko ondorioei dagokienez.

Ezkaba mendiaren paisaiaren kalitateari dagokionez, kontuan hartu beharko da Ermitapeako bizitegi-area paisaian integratzea, halako moduz non etxebizitza motak inguruko paisaian eta Antsoain zaharrean identifikatzen den tipologia tradizionalean txertatuko diren, eta horretarako, beren eskalagatik eremu horren tamaina eta proportzionaltasuna desitxura dezaketen osagaiak saihestuko dira.

Kalitate akustikoaren ikuspuntutik, adierazi beharra dago PA-30 errepideko trafikoak eragindako zarata baldintza nagusia izan dela ermitaren inguruan (Ermitapea) proposatutako garapenean. Iparraldeko ingurabidean egindako azterlan akustikoa erantsi bada ere, bateragarritasun akustikoari buruzko balorazioa hasiera batean EMOTen egindako proposamenaren gainean egin da. Zentzu horretan, espedientean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2010eko martxoaren 5eko, 2011ko maiatzaren 23ko eta 2013ko urtarrilaren 23ko txostenak ageri dira.

Zarataren azterlanean lortutako emaitzak aztertu ondoren, eta horiek proposatutako bizitegi-arearen garapenarekin alderatu ondoren, Ingurumen ondorioen adierazpen honetan planean sartu beharreko baldintzak xedatu dira, kalitate akustikoaren helburuak betetze aldera.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduran, txostena egin du ingurumeneko baldintzak eransteari buruz Hirigintzako Udal Planean, eta aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Antsoaingo Hirigintzako Udal Planaren alde, Udala bera planaren sustatzaile izanik.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau emanen da, betiere ingurumen baldintza hauek gehituz gero:

–Trantsizio akustikoaren gune bat definituko da Ermitapea bizitegi-arearen eta PA-30 errepidearen artean. Espazio hori, hiri-arean integratua, gauerako, 50 dezibeleko isofonoak definituko du eta erabilera eraginkorrik gabeko eremua izanen da, xedetzat zarata eragiten duen iturri nagusitik urruntzea izanen duena, eta beraz, ez da egoteko zona bat bezala ekipatu beharko. Alderdi hori lotzailea izanen da Ermitapea hegoaldeko sektorea garatuko duen plan partzialerako.

–Hirigintzako planean beste zonifikazio akustiko bat sartuko da honako irizpide hauetatik abiatuta:

  • Aurretik zeuden erabileretarako, irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako eremu akustikoen mugaketa hartuko da aintzat, eta hirigintzako planean aurreikusitako erabilera berrien zonifikazio akustikoarekin osatuko da.
  • Kirol erabilerak c) eremu akustikoko eredutzat hartzen dira (gehienbat aisialdirako eta ikuskizunetarako erabiltzen diren sektoreak).
  • Hiri lurzoruaren eta urbanizagarriaren esparruak baizik ez dira zonifikatuko. Hortaz, ez da bidezkoa garapen ereduaren zaindu eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezina sartzea (hirigunearen mendebaldea).
  • Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta V. eranskinean ezarritako terminologia erabiliko da.

–Ermitapea bizitegi-area paisaian txertatzeko hiri paisaia babesteko irizpideak eta xedeak beteko dira, LAP 3-an sartutakoak, halako moduz non beren eskalagatik Antsoaingo gune historikoaren tamaina eta proportzionaltasuna edo Ezkaba mendiaren hegalaren paisaiaren balioa desitxura dezaketen osagaiak agertzea saihestuko den.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Antsoaingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 7an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1407017