109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Alesbesko udal mugapeko bide publikoak arautzen
dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2014ko martxoaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Alesbesko udal mugapeko bide publikoak arautzen dituen udal ordenantza. 2014ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2014ko maiatzaren 23an.–Alkatea, Maria Carmen Segura Moreno.

ALESBESKO UDAL MUGAPEKO BIDE PUBLIKOAK
ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua.–Ordenantza hau ezarri da honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1.985 Legearen 25.2 B artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1.990 Foru Legearen 29. artikulua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Alesbesko bide publikoen sarea herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du Alesbesko udal mugapeko nekazaritza finketako eta mendietako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ezinbesteko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Alesbesko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Aplikazio eremua

2. artikulua.–Ordenantza hau Alesbesko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua.–Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Alesbesko bide publikoak.

4. artikulua.–Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Dena dela, berariaz debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erabilera debekatuak:

5. artikulua.–Alesbesko bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, soroetan nekazaritzako lanak egiten direnean.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, bideekiko hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita.

f) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

g) Finketako hustubideak areketara ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Udalak ez badu baimentzen.

h) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

i) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

j) Ureztatze eremuetatik ura bideetara botatzea.

k) Bideetan egurra edo beste material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua.–Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu.

b) Garbi eduki beharko dira norberaren finketako areka gaineko pasabideak eta arekak, ura erraz igaro dadin.

c) Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita.

Seinalizaziorik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu:

–Pisua, gehienez ere: 42 tona.

–Abiadura, gehienez ere: 40 euro/ordua.

d) Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta.

e) Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko beste bat jarri beharko da haren lekuan.

7. artikulua.–Landa bideekin mugakide diren finkak hesitzea.

Landa bideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek behar den udal lizentzia eskatu beharko diote Udalari, finkak hesitu nahi badituzte.

8. artikulua.–Landa bideekin mugakide diren finketan landaketak egitea.

Landa bideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek, zuhaitzak landatu nahi badituzte, udal baimena eskatu beharko dute baldin landaketa, edozein puntutan, bide ertzetik bi metro baino gutxiagora egin nahi bada.

9. artikulua.–Bideetan gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak.

Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta Udalak erabakitzen duenari jarraikiko zaio, haiek zaintzeko.

10. artikulua.–Ureztalurretako finkak.

Landa bideekin mugakide diren ureztalurren jabe edo edukitzaileek ureztaketa gutxienez metro batera jarri beharko dute bide mugakidetik.

Ureztaketa aspertsio bidezkoa bada, txapa bat jarriko da aspertsore bakoitzean ura bidera joan ez dadin, edo zatikako aspertsoreak paratu, urak bidea ez bustitzeko moduan.

11. artikulua.–Arau-hausteak.

a) Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

b) Arau-hausteak eta zehapenak larriak eta arinak dira.

1.–Arau-hauste larriak dira:

a) Landa bideen mugak adierazteko erabiltzen diren mugarri, zedarri edo adierazgarriak, orohar, aldatzea.

b) Landa bideetan baimenik gabeko obrak egitea, edozein motatakoak direla ere.

c) Oztopoak jartzea, atoiak edo nekazaritzarako beste ibilgailuak aparkatzea barne, alorretako lanak bukatutakoan; edo ibiltzea erabat galarazten duten edo bideetan dabiltzan pertsonentzat edo gauzentzak oso arriskutsu diren egintzak egitea.

d) Alorretako lanean estalitako arekak ez libratzea.

e) Ur ibilgu naturalak desbideratzea eta bidera botatzea.

f) Bideetan edozein azpiegitura paratzea Udalaren baimenik gabe.

g) Edozein landa bidetan baimenik gabe eginiko luberritze edo landaketa lanak.

h) Landa bideetan isurkinak edo hondakinak botatzea.

i) Ordenantzan aurreikusitako polizia, ikuskaritza edo zaintza eginkizunak eragoztea.

j) Urtebetean bi hutsegite arin egiteagatik Batzordearen zehapena jaso izana.

2.–Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Ureztatzeko urarekin bideak ureztatzea.

b) Landa bideetan kalterik edo galerarik ekar dezaketen eginak edo ez eginak, nahiz eta joan-etorriak ez galarazi.

c) Administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

d) Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak edo batzuk ez betetzea eta haien arabera egin beharrekoak ez egitea.

12. artikulua.–Zehapenak.

1.–Zehapenak graduatuko dira ondoko hauek kontuan harturik: pertsonengan, ondasunetan eta ingurumenean duten eragina, erantzulearen inguruabarrak, berriro egin ote duen, parte-hartzearen gradua eta eskuratu dituen onurak.

2.–Arau-hauste arinak 30 eurotik 100 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Arau-hauste larriak 100 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

3.–Nahiz eta zehapenak legerian eta/edo hirigintza planeamenduan diren aginduak ez bete, zehapena jarriko da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

13. artikulua.–Egindako kaltea konpontzea.

Dagozkion zehapen penal edo administratiboak galarazi gabe, egindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izanen da landa bidea zaharberritzea zehapena egin aurreko izatera eta egoerara eta sortutako kalte-galerak pagatzea.

Propio eginiko zehapen prozeduran edo prozedura independente modukoan zehaztu daiteke konpontzeko betebeharra eta kalteordainak ordaintzekoa.

Udalak egin dezake konponketa arau-hauslearen kontura eta kostua hark ordaintzen duela. Arau-hausleak beti ordaindu beharko du egindako kalte-galeren balioa, kasu bakoitzean dagokion ebazpenak ezartzen duen epean.

14. artikulua.–Zehapen prozedura.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Ebazteko ahalmena alkateari dagokio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1407550