109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Hilerriko bidearen mugaketa

Añezkarko eta Oteitzako Kontzejuek, 2014ko maiatzaren 20an egindako bilkura arruntean, hitzez hitz honako hau dioen erabakia hartu zuten, besteak beste:

3.–Hilerriko bidea mugatzeko erabakia.

2013ko abenduaren 11n, Oteitzako Kontzejuko buruak probidentzia eman zuen eta haren bidez erabaki espedientea irekitzea, hilerriko bidearen mugaketa egiteko.

Berriobeitiko Udaleko idazkariak legezkotasun txostena egin zuen, hilerriko bidearen edo Santa Cruzekoaren mugaketa tramitatzeko; Kontzejua da jabea, eta Oteitzako eta Añezkarko mugapean dago. Hori, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 239-bis eta 322. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Espedientean erregistroko datuak sartu dira, mugaketa eremuan ukitzen diren finkei eta eremu horretan hilerriko bidearen mugakide direnei dagozkienak.

José Antonio Echarri Iribarren nekazaritzako ingeniariak txosten teknikoa prestatu du, eta horretatik ateratzen den ondorioa da egiaztatuta gelditu dela hilerriko bidea badela, eta bide horren mugak ezabatu egin direla Garden Center, Hermanos Gonzalo Biurrun saltokiaren jarduketagatik. Era berean, UTM koordenatuak ezarri dira, mugaketa egiteko.

Aurrekontuan bada kontu-sailik espediente honen tramitaziorako.

Horrenbestez, aho batez erabaki da:

1. Goian aipatu den eta Oteitzako hilerriko bideari buruzkoa den mugaketaren espedientea hastea, José Antonio Echarri teknikariaren txostenean oinarriturik.

2. Mugaketa eta behar diren neurketak egiteko eguna eta ordua finkatzea: 2014ko uztailaren 2an, asteazkena, 09:00etan. Mugaketaren txostena prestatu duen enpresako teknikari batek hartuko du parte bertan. Mugaketa eginen da mugatu behar den eremu publikoan bertan.

3. Erabaki hau jakinarazi eta igortzea Garden Center, Hermanos Gonzalo Biurruni, Eguaras Echaleku Félix José Maríari eta Jesúsi, Eguaras Tejada Jesús M.ªri eta Loiolako Probintziako Jesusen Lagundiaren ordezkariei, eta ohartaraztea egokiak iruditzen zaizkien alegazio eta agiriak aurkezten ahal dituztela kontzeju honetan, beren eskubideak frogatu eta defendatzeko, mugaketa hasteko eguna baino hogei egun lehenago arte. Epe hori iraganik, ez da agiri edo alegaziorik onartuko.

4. Erabaki hau eta mugaketa egiteko eguna eta tokia Berriobeitiko Udalaren eta Añezkarko eta Oteitzako Kontzejuen iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Oteitzako Kontzejuaren Batzarreko burua, José M.ª Uribe Oyarbide, Añezkarko Kontzejukoa, José Ingelmo García, eta Berriobeitiko Udaleko idazkaria, Kontzejuaren ordezkari izendatzea, neurketa egunerako.

6. Erabaki hau Jabetzaren Erregistroari jakinaraztea, oharra idatz dezan. Halaber, erabaki honen berri emanen zaie Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eta Herrilurren Atalari.

7. Erabaki honen aurka, mugaketa espedientea hasteko tramite hutsa denez, ez dago errekurtsorik jartzerik, ezertan ukatu gabe interesdunek eskubidea dutela bidezko iruditzen zaizkien alegazioak eta agiriak aurkezteko, erabaki honen 3. atalean zehaztutakoari jarraikiz.

Añezkar-Oteitzan, 2014ko maiatzaren 28an.–Kontzejuetako buruak, José Ingelmo García eta José M.ª Uribe Oyarbide.

Iragarkiaren kodea: L1407774