109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Ordenantza, Helduen euskarazko klaseetarako
diru-laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2014ko martxoaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Galar Zendean helduen euskarazko klaseetarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2014ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoa bihurtu da eta, beraz, bidezkoa da argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2014ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Cecilio Lusarreta Echarri.

GALAR ZENDEAN HELDUEN EUSKARAZKO KLASEETARAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1.–Helburua eta xedea. Ordenantza honen helburua da euskara ikasten ari diren Galar Zendeako herritarrei diru-laguntzak emateko modua arautzea.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen xehetasun eta kontzeptuak. Irailaren 1 eta ekainaren 30 bitarteko ikasturte akademikoaren matrikularako emanen dira laguntzak. Kilometrajea ez da diruz lagunduko. Ikastaro estentsiboak eta autoikasketakoak diruz lagunduko dira.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa. Xede horretarako 6.040,00 emanen dira, urteroko aurrekontuetan horretarako prestatzen den kontu-sailaren kredituaren kargura.

Aurrekontuetan aurreikusitako gehieneko asignazioa behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da. Deialdian ezarri baldintzak bete beharko dituzte. Matrikularen %60 lagunduko da diruz. Langabeei %80 emanen zaie.

Dena den, diru-laguntzen onuradunek ezin izanen dute 151 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso deialdi bakoitzeko. Langabeen kasuan, gehieneko kopurua 201 eurokoa izanen da.

4.–Deialdia. Diru-laguntzetarako deialdia urtero eginen da, alkateak emandako Ebazpenaren bidez, eta Galar Zendeako Udalaren web orrian eta iragarki oholean iragarriko da. Argitara emanen da, halaber, ordenantzaren testu osoa.

5.–Eskaerak aurkezteko epea. Eskaerak aurkezteko epea dagokion urteko uztailaren 1ean hasiko da, eta 31n bukatuko. Epea luzaezina izanen da.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak. Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Galar Zendeako erregistroan:

a) Behar bezala betetako eskaera.

b) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

c) Erroldatze agiria.

d) Klasera joan izanaren egiaztagiria (%), euskaltegiak emana. Gainditutako maila edo mailak agertuko dira.

e) Matrikularen ordainagiria. Haren %100 ordaindu dela agertu beharko du.

f) Gizarte Segurantzak luzatutako lan bizitzaren agiria aurkez dezakete langabeek, Galar Zendeko Udalak, inguruabar hori kontuan harturik, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkula dezan. Langabe-txartelaren fotokopiak ez du ziurtagiri baliorik izanen.

g) Administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztien aitorpena. Zehaztu beharko da ebazpenik baden edo ez; emateari buruzko ebazpenik bada, kopia bat erantsiko da.

Dena zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako baliabideen bidez egin daiteke. Udal bulegoen helbidea ondoko hau da: Galar Zendeako Udala. Udal plaza, 1. 31191 Getze Galar. Telefonoa: 948 317762. Faxa: 948 317508. Helbide elektronikoa: ayto@cendeadegalar.es.

7.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean hurrengo balditzak betetzen dituztenek eska ditzakete diru-laguntzak:

a) Diruz lagundutako ikastaroaren %80ra joan izanaren ziurtagiria.

b) Galar Zendean erroldatua egotea. Galar Zendeako Udaleko langileek eta Zendeako Udalean karguak dituztenek diru-laguntza eska dezakete, nahiz eta udalerrian erroldaturik ez egon.

c) Galar Zendeako Udalari betebehar fiskalak ordainduak izatea (Udalak ofizioz egiaztatuko du gorabehera hori eta behar den prozedura erabiliz jasoko du).

d) 16 urtetik gorakoa izatea.

8.–Eskabideko akats zuzenketa. Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan akatsik bada edo dokumenturen bat falta bada, hamar eguneko epea emanen zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Epe hori iraganik eskatzaileak akatsak zuzendu gabe edo dokumentazioa osatu gabe, ulertuko da eskabideari uko egin diola.

9.–Ebazpena. Deialdi honetako diru-laguntza emateari buruzko ebazpena Alkatetzak emanen du, Euskara Zerbitzuaren proposamena ikusi ondoren, 15 egun baliodunen epearen barrenean. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie.

Ebazpena emateko eta diru-laguntza ordaintzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori diru-laguntza eskatzen denetik zenbatuko da. Epe horretan ebazpen espresurik hartzen ez bada, eskatzaileak eskaera ukatu zaiola ulertuko du.

10.–Diru-laguntza ordaintzeko modua. Diru-laguntzak behin ordainduko dira, emateko ebazpena hartu ondoren; eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakira eginen da transferentzia.

11.–Bateragarritasuna. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste entitate publiko edo pribatuekin emaniko beste batzuekin, finantzazio handiegia gertatzen ez denean, betiere.

12.–Diru-laguntzak itzultzea. Onuradunek diru-laguntza guztia edo zati bat itzuli beharko dute, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Diru-laguntza eskuratu izana eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari dagozkion arrazoiak direla medio.

b) Eskatzen diren dokumentuak aurkeztu ez izana horretarako ezarri epean.

c) Bateraezinak diren laguntzak batera jaso izana.

d) Bete beharreko egiaztapenak onartu ez izana, edo eragozpenak paratu izana.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio. Zehapen prozedura abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. Tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Datuen babesa. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

15.–Aplikatu beharreko arauak. Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

Eskabidea

Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak

NANa

Helbidea

Posta kodea

Herria

Telefonoa

Helbide elektronikoa

Banku-kontuaren zenbakia

..............(e)ko urriaren 1etik ...........(e)ko ekainaren 30 arteko matrikularen gastuak: ................ euro.

Eguna eta sinadura

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, aditzera ematen zaizu zure datu pertsonalak fitxategi batean sartuko direla. Horren helburua izanen da deialdi honen diru-laguntzen kudeaketa eta horrekin lotuta beste edozein administrazio txostenena. Fitxategi honen arduraduna da Galar Zendeako Udalaren Euskara Zerbitzua. Horri zuzenduta datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zara. Horretarako, Galar Zendeako Udalaren herritarrendako laguntza bulegora joan, NANa aldean duzula (Udaleko plaza, 32, Getze Galar).

Iragarkiaren kodea: L1407151