109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1958/2014 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzaren barne araudia onesten duena.

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duen maiatzaren 23an 209/1991 Foru Dekretuak, eranskineko baldintza orokorren 1.8 atalean, ezartzen du zentro eta zerbitzuek barne araudi bat onetsi beharko dutela.

Era berean, 1.10 atalean erabiltzaileen araudi bat onetsi behar dela ezartzen du, zerbitzuak jaso nahi dituzten interesdunen eta erabiltzaileen eskura jarri beharko dena.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren 21.1 artikuluak ezartzen du Lur Gorri egoitza erakunde autonomo horren menpeko zentro bat dela.

Barne araudiaren proiektua egoitzako langileek eta egoiliarrek aztertu ahal izan dute entzute fasean.

Horrenbestez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi zituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpeko Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzaren barne araudia onestea. Testua ebazpen honen eranskin gisa jaso da.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzara eta Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzako Zuzendaritzara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 7an.–Zuzendari kudeatzailea, Gemma Botín Cociña.

ERANSKINA

1. Xedapen orokorrak.

1.1. Izena eta titulartasuna.

Ondotik adierazten diren datuak dituen zentroa desgaitasun intelektuala duten pertsonei arreta emateko egoitza-baliabide bat da, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren menpekoa. Zentroaren jabea eta kudeatzailea Nafarroako Gobernua da.

Zentroaren izena: Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitza.

Helbidea: Lur Gorri plaza, 4, 1. solairua, ABC, Barañain, 31010.

Tipologia: tutoretzapeko etxebizitza.

Edukiera: 11 plaza finko, gehi asteburuetako beste plaza bat.

Irekitze eguna: 1998-12-8.

1.2. Aplikazio eremua.

Araudi honek zentroaren barne funtzionamendua eta antolaketa arautzen ditu, eta etxebizitza funtzionalean lan egiten duten langile guztiek, erabiltzaile guztiek eta haien legezko edo egitatezko ordezkariek nahitaez bete beharko dute, baita zerbitzu horri loturik lan egiten duten boluntarioek ere.

2. Barne antolaketa.

2.1. Definizioa.

Zerbitzua desgaitasunak dituzten pertsonak elkarrekin bizitzeko etxebizitza bat da. Harremanen dinamika eta elkarbizitza familia girokoa da, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenei buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Dekretuaren I. eranskineko 3.4 atalean xedatutakoari jarraikiz, baita gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren 1. eranskinaren D) atalaren (Desgaitasuna duten pertsonentzako arreta) 6. zenbakian xedatutakoari jarraikiz.

2.2. Zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak, eta eskaintzen ez dituenak.

Lur Gorri etxebizitza funtzionalak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

–Ostatua.

–Mantenua.

–Garbiketa.

–Arreta osoa, pertsonala eta psikosoziala.

–Norberaren autonomia garatzeko sostengua une jakin batzuetan.

–Egokitzeko gaitasunak lortzeko prestatzea eta gainbegiratzea.

Lur Gorri etxebizitza funtzionalak ez du honelako zerbitzurik eskaintzen:

–Zentrotik kanpora lagun egitea eta gainbegiratzea.

–Ospitaleratuz gero, lagun egitea.

–Arreta mediko berezia.

–Honako zerbitzu hauek, ez eta haietara joateko laguntza ere:

  • Ile-apainketa.
  • Depilazioa.
  • Pedikura.
  • Aho-hortzetako arreta.
  • Arropa erostea.
  • Norberaren gauzak erostea.
  • Tindategia.
  • Arropa konponketak.
  • Kontsulta medikoak.
  • Kudeaketa pertsonalak.

2.3. Pertsona onuradunak eta onartzeko baldintzak.

Zerbitzu honen onuradun izan daitezke desgaitasun intelektual arina edo ertaina duten 18 urtetik 65 urte bitarteko pertsonak, desgaitasun horren ondorioz nahasmendu fisikoren bat eta/edo jokabidearena badute ere, eta, betiere, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ingurune normalizatu batean bere kasa ibiltzeko autonomia izatea.

b) Tutoretza eta gainbegiratzea behar izatea eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko.

c) %55eko edo hortik goitiko desgaitasun aitortua izatea.

d) Eskaera egin aurreko urtean Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

e) Jardueraren bat egiten egotea ikastetxe, zentro edo unitate okupazional batean, enplegurako zentro berezi batean, edo ohiko enplegu baterako lan kontratu bat izatea, edo Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartutako beste edozein jardueratan aritzea.

f) Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandako egokitasun-txostena izatea.

Onartua izateko betebehar horiek zuzenean aldatuko dira Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua aldatuz gero.

2.4. Egutegia eta ordutegia.

Zentroa urteko 365 egunetan egonen da irekita, eta erabiltzaileen erreferentziazko bizileku egonkorra izanen da.

Arreta 24 orduetan ematen da, eta arreta emateko langile egokiak uneoro izanen dira.

2.5. Prezio publikoa.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko Erabakiari jarraikiz, horren bidez erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezartzen baitira (2014ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 8koa), zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoa, hilero, 501,02 eurokoa da.

Zerbitzu honetako erabiltzaileren batek prezio publiko hori oso-osorik ordaintzeko diru-sarrera aski ez duela egiaztatzen badu, bere urteko per capita errentaren %50 ordainduko du. Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz egoiliarraren esku gelditzen den diru kopurua ez da urtean 3.858,20 euro baino txikiagoa izanen.

Adierazitako prezio publikoa ekitaldi ekonomiko bakoitza hasitakoan eguneratuko da zuzenean. Erabiltzaileen esku gelditzen den diru kopurua ekitaldi ekonomiko bakoitza hasitakoan eguneratuko da zuzenean, kontsumoko prezioen indizeak Nafarroako Foru Komunitatean izaten duen aldaketaren arabera.

2.6. Gastu pertsonalak.

Erabiltzaileak diru kopuru bat izanen du bere gastuei aurre egiteko (botikak, aisialdia, norberaren gauzak, etab.).

Diru kopuru hori erabiltzaile bakoitzarekin eta haien ardura duten ahaideekin edo tutoreekin finkatuko da, bakoitzaren beharrak, ohiturak eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta.

Ezarritako diru kopurua nola erabili erabakitzea zaintzaileei dagokie, edo erabiltzaileari berari, ahaideekin eta tutoreekin hala erabakiz gero, betiere erabiltzailearen gaitasunen arabera.

2.7. Bisiten araubidea.

Bisiten ordutegia egoiliarrei lanaldiaren ondotik libre gelditzen zaiena izanen da, betiere etxebizitzaren ohiko jarduerak galarazi gabe.

Nolanahi ere, bisitak eta irteerak aldez aurretik hitzartuko dira ahaideekin, erabiltzaileekin eta zentroko langileekin.

2.8. Osasun laguntza.

Zentroak ez du osasun zerbitzu pribaturik. Hortaz, erabiltzaileek osasun arretarako sistema orokorra erabiliko dute Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez, zentroa kokatua dagoen eremuari dagokion osasun etxean.

Zentroko hezitzaileek erabiltzaile bakoitzaren osasun egoera gainbegiratuko dute, bisita medikoen kontrola eta bakoitzari agindutako tratamendu farmakologikoen, dietetikoen eta antzekoen kontrola eramanez.

Zentroak gorabehera medikoak erregistratzeko fitxa batzuk izanen ditu, erabiltzaile bakoitzaren jarraipen medikoari buruzko guztia jasotzeko: bisita-egunak, espezialisten arreta, tratamenduak, etab.

2.9. Zentroko irteerak.

Zentroaren ezaugarriak kontuan harturik, barrenean eta kanpoan bere kasa ibil daitezkeen pertsonei zuzendua baitago, erabiltzaileek ez dute hezitzaileen laguntzarik izanen tutoretzapeko etxebizitzatik ateratzen direnean.

Laguntza behar duten egoiliarrak izanez gero, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak irailaren 20an emandako 3608/2013 Ebazpenean xedatutakoa aplikatuko da, horren bidez onetsi baitziren erakunde autonomo horren menpeko zentroetako egoiliarren irteeretan eta haiei lagun egiteko aplikatu beharreko irizpideak (2013ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 24koa).

3. Bizikidetzaren gaineko araudia.

3.1. Guneen erabilera: gune pertsonalak eta gune komunak.

–Gune pertsonala-Logela.

  • Egoiliarren intimitaterako gunea da. Hortaz, nahi bezala apaintzen ahal du, zentroko arauak betez betiere.
  • Ezin da beste egoiliar baten logelan sartu hura ez badago.
  • Logelaren erabiltzailearekin batera, ordea, sartzerik badago.
  • Atea itxita badago, atean jo beharko da, eta sartzeko baimena eman arte itxaron.
  • Zentroa utziz gero, hezitzaile arduradunek egoiliar ohiaren gauza guztien ardura hartuko dute, eta zuzendaritzak behar diren neurriak hartuko ditu jaso gabe gelditzen diren gauza pertsonalei buruz.
  • Egoiliar bakoitzak bere logelaren ordenaren ardura izanen du, nork bere ahalmenen arabera.
  • Hormetan zuloak egin edo gauzak zintzilikatu nahi izanez gero, hezitzaileei galdetu beharko zaie.
  • Debeku da edari alkoholdunak edo elikagaiak gordetzea eta jan/edatea, eta ezin da logeletan erre.

–Gune komunak.

  • Egoiliar guztiek, nork bere ahalmenen arabera, lagundu beharko dute etxeko ohiko lanetan, konparazio batera: otordu bakoitzaren ondotik mahai-tresnak biltzea, mahaia garbitzea eta jantokia eskobatzea. Plater-ontziak, garbitu ondoren, sukaldera eramanen dira, sukaldeko langileek desinfekta ditzaten. Lan horiek txandaka eginen dira. Era berean, jaiegunetan garbitzailerik ez badago, egoiliar guztien artean gune komunen oinarrizko garbiketa egin beharko da: bainugelak, egongela, jantokiak, etab., betiere hezitzaileek gainbegiraturik.
  • Zentroan egoki eta txukun jantzita egon beharko da uneoro.
  • Irrati eta telebisten bolumenarekin kontu handia izan beharko da, atseden hartu nahi duena ez molestatzeko.
  • Salbuespenezko kasuetan izan ezik (asteburuetan, programa bereziak, etab.), 23:30etik aurrera ezin da telebista aurrean egon.
  • 22etatik goizeko 8ak arte beharrik gabeko zaratak saihestuko dira, besteen atsedenaldia errespetatzeko.
  • Gauzaren bat aurkituz gero, hezitzaileei emanen zaie, gorde dezaten.
  • Toki ikusgarri batean iragarki oholak jarriko dira otorduen ordutegiak, asteburuetako irteerak, jantokiko txandak, asteko menuak eta egoiliarrentzat interesgarria diren beste kontu batzuk jakinarazteko.
  • Zentroan txanponen bidez telefono bat dago, egoiliarrek ahaideekin eta lagunekin hitz egiteko erabil dezaketena. Zilegi da zentroko telefonoan deiak jasotzea, eta, ahal den guztietan, egoiliarrei pasatuko zaizkie.
  • Zentroko zuzendaritzari eta arreta ematen duten langileei lagundu beharra dago akatsen berri emanez, zuzendu edo konpondu daitezen.
  • Jantokian eta egongeletan pisukideak errespetatu behar dira, eta, horrenbestez, pisukideei edo langileei ez zaie oihurik, irainik edo hitz edo keinu laidogarririk eginen.

3.2. Norberaren zainketa.

–Garbiketa pertsonaleko oinarri-oinarrizko arauak bete behar dira, hala higieneagatik, nola pisukideenganako errespetuagatik.

–Eguneko dutxa afaldu aurretik hartuko da, salbuespen kasuetan beste ordu egokiago batzuetan hartzea galarazi gabe.

–Gosaldu, bazkaldu eta afaldu ondotik gutxienez, hortzak garbitu behar dira.

–Maindireak eta eskuoihalen aldaketa jantokietako iragarki oholean jakitera emanen diren txanden arabera eginen da. Horrekin batera, pijama eta etxeko mantala edo bainu-txabusina ere utzi beharko dira garbitzeko.

–Garbitzeko den eguneko arropa jarriko diren ontzietan utziko da.

–Barreneko arropa eta galtzerdiak egunero aldatu behar dira. Gainerako jantziei dagokienez, ahalik eta garbien jantzi beharko da, eta beharrezkoa eta egokia denean arropaz aldatu.

–Erabiltzaile bakoitzak bere armairuan gorde beharko du garbitu eta lisatutako arropa.

–Nahitaezkoa da arropa markatzea, aise identifikatu ahal izateko.

–Arropa guztia ikuztegi-zerbitzuaren bidez garbitu behar da. Debeku da logeletan arropa garbitu eta hedatzea.

–Otorduetako menua dietista batek prestatuko du, eta berdina izanen da egoiliar guztientzat. Medikuaren agiria aurkeztuz gero, dieta berezietarako menuak zerbitzatuko dira.

3.3. Harremanak: harreman pertsonalak eta pertsonen artekoak.

–Egoiliar guztiek beren ideiak errespetatuak izateko eskubidea dute. Hortaz, ez zaio inori eragozpenik jarriko bere erlijio, kultur edo gizarte arloko ideiengatik, sexu joeragatik, eta abarrengatik.

–Egoiliar guztiek entzuteko jarrera irekia izan beharko dute, eta adeitsu jokatuko dute besteen erreklamazioen aurrean. Astero, egoiliarren eta hezitzaileen arteko bilerak eginen dira, pisuko bizikidetzarako interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko. Egoiliar guztiek eztabaida horietan aktiboki parte hartzea bilatuko da, bizikidetza hobetzeko ideiak azal ditzaten.

–Maiteminduen arteko portaerak (muxuak, maitasun adierazpenak, etab.) egokiak eta ez-nabarmenak izanen dira.

–Sexu harremanak intimitatean eginen dira, parte-hartzaileek berariaz adosturik.

–Egoiliarrei gomendatzen zaie kasuan-kasuan egokien diren antisorgailuak erabil ditzaten.

–Egoiliarrek ahaideen eta lagunen bisitak har ditzakete ezarritako ordutegiaren barrenean.

–Ahaleginak eginen dira bisitariek trabarik ez egiteko gainerako pisukideei, zentroko bizitzan eraginik ez izateko.

–Egoiliarrek zilegi dute bisitariak logeletara eramatea, gonbidatu dituzten pertsonen gaineko ardura bere gain hartuta. Bisitariek beste egoiliarrak errespetatuko dituzte, hala nola haien logelak eta gauzak. Debekatuta dago logeletan burua sartzea.

3.4. Ordutegiak eta autonomia.

Zentroan bizi diren pertsonek sartu eta ateratzeko askatasuna izanen dute, betiere otorduetarako, lotara joateko, telebista ikusteko eta abarretarako ezarritako bidezko ordutegi batzuen barrenean.

Egoiliarrak zentrotik atera edo sartzen diren bakoitzean, hezitzaileari jakinaraziko diote. Zilegi da ezarritako ordutegien salbuespenak hitzartzea hezitzailearekin.

Otorduen ordutegiak:

–Gosaria: astegunetan, denbora aski izanen dute lan egitera joan daitezen, eta asteburuetan eta oporretan ordutegia libre izanen da.

–Bazkaria: asteburuetan, jaiegunetan eta oporretan, 14:00etan. Astegunetan, lan ordutegiaren arabera.

–Afaria: neguan, 20:30ean, eta udan, 21:00etan. Egoiliarrek ordutegi horretatik kanpora afal dezakete, txandako hezitzaileari abisatuta. Halakoetan, afaria mikrouhin-labean berotuko dute, eta gero dena garbitu eta bilduko dute. Afaltzeko muga-ordua 23:00ak dira.

Telebista ikusi, lotara joan eta ixilik egoteko orduak:

Ixilik egoteko ordua: 22:00ak.

–Telebista orduak: 23:30 arte, astegunetan; ostiral eta larunbatetan goizaldeko 01:00 arte.

Asteburuetan ateratzeko orduak:

–Ostiral eta larunbatetan goizeko 3ak arte atera daitezke, hezitzailearekin aurretik adostuta (hezitzaileek egoiliarren ezaugarrien arabera finkatuko dituzte ordutegiak).

Egoiliarren ondasunen eta diru-sarreren kudeaketa izendatutako legezko ordezkariaren ardura da.

4. Zentroaren hezkuntza proiektua.

4.1. Zentroaren programa. Hezkuntza arloko gogo-oinarriak.

Etxebizitza funtzionalaren helburua edo eginkizuna hauxe da: zerbitzu hori behar duten pertsona guztiei duin bizitzeko toki bat eskaintzea, beren beharrei osoko arreta ematen diena, haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Gizabanakoarenganako errespeturik zorrotzenetik abiatuta, eta haren iritzia kontuan harturik, hezkuntza arloko lanaren helburua da erabiltzaileak aberastu eta haren arazoentzat konponbide indibidualak proposatzea, erkidegoan integra daitezen, eta, orobat, baliabide komunitario normalizatuetara iristeko aukera ematea, bakoitzaren desgaitasunak ahalbidetzen duen neurrian.

Era berean, lan eginen da erabiltzaileak ahalik eta autonomia handiena izan dezan bizitzaren arlo guztietan, eta lan munduan ahalik eta hobekien integra dadin, bere garapenaren eta ahalmenen arabera.

4.2. Banakako programak.

Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzan garatzen diren programa guztien ardatza erabiltzaileari osoko arreta ematea da, gizabanakoa osotasun biopsikosozial bat dela onartzetik abiatuta.

Programa horiek eguneroko bizitzaren ingurunean garatzen dira, erabiltzaileak eta langileak elkarrekin biziz.

Hortik abiaturik, programa guztiak modu orokorrean garatzen dira, hots, ez dira gune itxiak bakar-bakarrik kasuan kasuko arloan eragina duen esku-hartze bat aplikatzeko. Hori guztia Banakako Arreta Programetan gauzatzen da. Osoko arreta pertsonalizatua emateko programak direnez, erabiltzailearen eguneroko edozein egoeratan aplika daitezke.

Urte hasieran, erabiltzaile bakoitzaren Banakako Arreta Programa prestatuko da, honako hauek jasoko dituena:

1. Norberaren espedientea.

2. Esku-hartze Plana: erabiltzaile bakoitzaren garapen mailatik abiatuta, helburuak ezarriko dira egokitzapenerako trebetasun hauetako bakoitza garatzeko:

–Komunikatzeko trebetasuna.

–Bere burua zaintzeko trebetasuna.

–Etxebizitzan bizitzeko trebetasuna.

–Trebetasun sozialak.

–Erkidegoaren baliabideak erabiltzeko trebetasuna.

–Osasun eta segurtasun arloko trebetasunak.

–Aisialdiko eta denbora libreko trebetasunak.

–Norberaren erregulaziorako trebetasunak.

–Lanerako trebetasunak.

–Trebetasun akademiko funtzionalak.

3. Erregistro fitxak:

–Fitxa medikoa.

–Familia-harremanen fitxa.

–Egokitu gabeko jokabideen fitxa.

4. Indargarriak:

–Indargarri positiboak.

–Indargarri negatiboak.

5. Tutoretzak.

6. Elkarrizketak erreferentziako ahaidearekin.

Programa hauek egoiliarrei eta haien erreferentziako ahaideei jakinaraziko zaizkie, eta aldian behin berrikusi eta ebaluatuko dira.

4.3. Helburu orokor eta berariazkoak.

–1. helburu orokorra.

Erabiltzaileen elkarbizitza ona errazten duen egoitza gisako eredu bat garatzea, eta baldintza onargarri batzuk eskaintzea han bizitzeko, eta higieneari, elikadurari, segurtasunari eta norberaren intimitateari dagokienez.

Berariazko helburuak.

  • Egoiliarren intimitaterako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea bermatzea.
  • Giro goxo eta abegikorra lortzea, norberaren esparru pertsonalari garrantzia emanez eta gainerako erabiltzaileak eta zentroko elkarbizitza arau orokorrak uneoro errespetatuz.
  • Egoiliarrak etxeko giro batean bizitzeko gaitasunak eta autonomia garatzea, etxeko eginkizun pertsonaletan eta zentroko langileei laguntzen inplikatuz.
  • Erraztasunak ematea egoiliarrek, profesionalekin etengabe hitz egin eta komunikatuz, zentroko funtzionamenduan parte har dezaten elkarbizitzarako arauak ezarri eta, beharrezkoa denean, aldatzeko orduan.
  • Jarrera positiboak sustatzea, elkarbizitza eta elkartasuna errazteko.
  • Jateko dieta osasuntsu, orekatu eta askotarikoa eskaintzea.

–2. helburu orokorra.

Erabiltzailearen autonomia eta funtzionaltasun maila errespetatu, begiratu eta/edo hobetzea, hala gizarte mailan nola maila pertsonalean.

Berariazko helburuak.

  • Beren egoera fisikoa edo psikikoa dela-eta mendekotasun handiena duten pertsonei arreta berezia ematea, beren autonomia sustatu eta errazteko.
  • Eskualdeko baliabide komunitarioen erabilera erraztea (osasun arlokoak, hezkuntzakoak, etab.).
  • Egoiliarrek beren gaitasun funtzionalak mantentzea eta hobetzea.
  • Erabiltzaileen garapen kognitiboa eta trebetasun akademiko funtzionalen garapena sustatzea, beren kasa bizitzeko trebetasunak ikasi eta eskura ditzaten.
  • Eskubide osoko herritar gisa erabiltzaileek dituzten behar eta interesak bere kabuz defendatu eta erregulatzeko trebetasunak ikas ditzatela sustatzea.

3. helburu orokorra.

Hezkuntza arloko estrategiak planifikatu eta antolatzea, gizartean egokitu eta integra daitezen eta lan munduan sar daitezen laguntzeko.

Berariazko helburuak.

  • Komunikaziorako trebetasunak eskuratzen eta garatzen laguntzea.
  • Gizartean integratzeko aukera emanen dieten jarrerak, ezaupideak eta gaitasunak eskuratzen laguntzea.
  • Aisialdiaz gozatzeko jarrera eta trebetasunak ikasten laguntzea, eta praktikan jarri ahal izateko aukera ematea.
  • Erabiltzaileak bere ahaideekin dituen loturak mantentzea eta bultzatzea.
  • Norberaren ezaugarrien araberako lan batean edo jarduera okupazional batean jarraitzea eta integrazioa sustatzea, egoiliarrek beren buruaren balorazio positiboa izan dezaten.

5. Erabiltzaileak.

5.1. Profila.

Zentroan sartzen direnean 18 urtetik 65 urte bitarte dituzten pertsonak, desgaitasun intelektual arina edo ertaina dutenak. Desgaitasun horren ondorioz nahasmendu fisikoren bat eta/edo jokabidearena izan dezakete, baina eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna eta autonomia pertsonala daukate, nahiz eta, desgaitasunaren ondorioz, hartarako laguntza tekniko, pertsonal edo komunitarioa behar izan.

5.2. Eskatzen diren baldintzak.

2.3 atalean eskatutako betebeharrez gainera, erabiltzaileei honako hauek ere eskatuko zaizkie:

–Beren familia-etxean egon ezin diren pertsonak izatea, bakoitzaren egoera sozio-familiarra dela-eta edo behar duten laguntza dela-eta baldintza egokirik ez dutelako.

–Behar besteko autonomia izatea zentroan nor bere buruaz arduratzeko, eta ongi ibiltzea, zentrotik kanpora bakarrik ibili ahal izateko.

–Erabiltzailearen gizarte trebetasunak eta erkidegoaren baliabideak erabiltzekoak egokiak izatea zentroan dauden langile-baliabideetarako.

–Ulertzeko eta adierazteko gaitasun ona izatea.

5.3. Erabiltzaileen eskubideak.

–Intimitaterako eskubidea eta bakoitzaren espedientean dauden datu pertsonalak hedatuak ez izateko eskubidea.

–Etxebizitza funtzionala bere etxebizitza gisa hartzeko eskubidea.

–Zentroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, eta, orobat, arlo horietako erabakietan ezarrita dauden baliabideen bitartez parte hartzeko eskubidea.

–Zentroaren instalazioak eta gauzak erabiltzeko eskubidea. Egoiliarren egoera pertsonalei egokituak izan beharko dira, segurtasun arloko berme guztiak zainduz.

–Elikadura orekatua izateko eskubidea.

–Osasun arreta hartzeko eskubidea.

–Doikuntza pertsonalaren arlo guztietan, egokitzapen eta hezkuntza arloko jarraipena izateko eskubidea.

–Jaioterria, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial dela-eta tratuan baztertua ez izateko eskubidea.

–Erabiltzailearen instituzionalizatzeak bere harreman sozial eta pertsonaletan ahalik eta eragin txikiena izateko eskubidea; horretarako, bere familiarekiko eta ingurunearekiko harremanetarako erraztasunak emanen dira, bisita-araubide ahalik eta zabalena ezarriz.

–Komunikazio eta kultur baliabide eta sistemetara iristeko eskubidea, eta harreman sozialak sustatzeko eta aisialdirako jarduerak egiteko aukera.

–Bere autonomia errespetatua izateko eskubidea, horren barne dela aukeratzeko eskubidea. Eskubide hau egoiliarraren desgaitasunak berak baizik ez du mugatuko.

–Osoko arreta jasotzeko eskubidea, etengabea eta pertsonalizatua, baliabideak eraginkortasunez kudeatuz betiere.

–Bere prozesuari buruzko informazio guztia etengabe jasotzeko eskubidea. Informazio hori erabiltzailearen garapen mentalari egokitua emanen zaio, eta bere egoera afektiboa eta psikologikoa kontuan hartuz.

–Erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko ohiko bideak ezagutzeko eskubidea, eta haiei emandako erantzunak jasotzekoa.

5.4. Erabiltzaileen betebeharrak.

–Zentroan ezarritako arauak ezagutu eta betetzea.

–Bizikidetzarako oinarrizko arauak betetzea.

–Zentroan ezarritako ordutegiak betetzea.

–Zentroko profesionalei eta gainerako pisukideei ahal den errespetu handienarekin tratatzea.

–Instalazioak eta altzariak zaintzea, egoki erabiltzea eta pisua bizitzeko egoera onean egon dadila laguntzea.

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ezarritako arauak betetzea, batez ere finkaturiko prezio publikoaren ordainketari dagokionez.

–Eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztea (lege eta osasun agiriak, pertsonalak, etab.).

–Zentroan egiten diren bilera orokor eta erabiltzaileen bilera guztietara joatea.

–Arauak ez betetzearen ondoriozko zehapenak onartzea.

–Bere eskubideak bete daitezela eskatzea.

–Etxeko lan batzuetan laguntzea, norberaren ohiturak sortzeko eta prestakuntzako programaren barrenean daudenetan. Erabiltzaile guztiak behartuak daude horrelakoetan parte hartzera, ezartzen den programaren arabera.

–Bere gela txukundu eta garbitzeaz eta bere gauzak zaintzeaz arduratzea.

5.5. Legezko ordezkarien eskubideak.

–Beren ordezkatuarekin zerikusia duten arazo pertsonal guztiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

–Erabiltzailearekin eta haren familiarekin zerikusia duen informazio guztia isilpean eramateko eskubidea.

–Eskatuz gero, zentroko heziketa taldeko arduradunarekin edo beste edozein kiderekin elkartzeko eskubidea.

–Bere ordezkatuaren programa indibidualari buruzko eta haren egonaldiarekin zerikusia duten inguruabar pertsonalei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

–Zentroak behar diren neurriak ezar ditzala eskatzeko eskubidea, bere ordezkatuarekiko harremanak ahalik eta zabalenak eta gogokoenak izan daitezen.

–Erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko ohiko bideak ezagutzeko eskubidea, eta langile eskudunengandik erantzunak jasotzeko eskubidea.

5.6. Legezko ordezkarien eginbeharrak.

–Zentroko arduradunen eta arreta zuzenean ematen duten langileen duintasuna eta eginkizunak errespetatzea.

–Eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztea (lege eta osasun agiriak, pertsonalak, etab.).

–Legez ordezkatzen duten pertsona zentroan bizitzen hasteko adostasuna ematea.

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ezartzen duen prezio publikoa puntualki ordaintzea.

–Ordezkatzen duten pertsonen beharretarako gastuak finantzatzen laguntzea, ordezkatuaren diru-sarrera pertsonalak aski ez badira.

–Zentroko profesionalei laguntzea ordezkatzen duten pertsonen programak garatzen, zentroak ezartzen duen neurrian.

–Zentroak biltzeko deitzen dionean, bileretara joatea, eta, zentroak laguntza eskatzen dionean, zentroko jardueretan laguntzea, ahal duen neurrian.

5.7. Legezko ordezkarien eta ahaideen konpromisoak.

–Zerbitzua erabiltzen ari den ahaidearekin aldizkako harremanak izatea, zentroan abandonaturik geldi ez dadin. Zentroaren iritziz, oro har, egokiena da hamabostean behin asteburuetan elkartzea, eta egun berezi guztietan ere bai (eguberrietan, herriko jaietan, urtebetetzean, udako oporretan, etab.).

–Zentroko erabiltzaileak dituen oinarrizko beharrei buruz galdetzea. Horretarako, beharrezkoa da zentroak ezartzen dituen egokitzapen pertsonal eta sozialerako programen jarraipena egitea eta haiek garatzen laguntzea.

–Zentroan sartu aurretik hango araudia idatziz onartzea (elkarbizitza eta jokabide arauak), baita zentrotik kanporatzeko moduko zergatien araudia ere (jokabide desegokia behin eta berriz izatea, zentrotik kanpoko edo erabiltzailearen gogoz kontrako arrazoiak, konparazio batera, eritasunagatik, beste zentro batera lekualdatzeagatik, etabar).

6. Langileak.

Langileen eginkizunei dagokienez, ondotik adierazten dira lanbide figura bakoitzari berez eta ezinbestean dagozkionak; orientazio gisara ematen dira, baina abiapuntua da pisuko langile guztiek egin behar dituztela erabiltzaileen hezkuntzan, osoko arretan eta garapen pertsonalean zuzenean edo zeharka eragina duten lan guztiak.

6.1. Hezitzaileak.

–Esparru orokorra.

  • Zentroaren hezkuntza proiektua gauzatzea eguneko jardueren bitartez.
  • Osoko arreta osatzen duten arlo guztiez arduratzea zuzenean: osasuna, estetika, ekonomia, afektibitatea, familia-harremanak, intimitatea, aisialdia eta lana, eta, oro har, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko asmoa duten arlo guztiak.
  • Sendagaiak ematea.
  • Erabiltzaileek txandaka egin beharreko etxeko lanak antolatu eta gainbegiratzea.
  • Bizikidetzarako dinamikak ezarri eta gainbegiratzea.
  • Zentroko jarduerak antolatzea, erabiltzaileen oinarrizko beharrak ahal den kalitate altuenarekin asetzeko.
  • Zuzendariari laguntzea zentroko helburuak finkatu eta lortzen.
  • Zentroko langileek eta erabiltzaileek hango ekipamendua eta instalazioak zaindu eta mantentzen dituztela begiratzea.
  • Hezkuntza jarduerak ongi garatzeko behar diren baliabideak eros daitezela proposatzea.
  • Erabiltzaileekin batera bizitzeko eta antolatzeko sistemak ezartzea.

–Hezkuntza arloa.

  • Zentroko zuzendariarekin batera, lan arlo guztiak biltzen dituzten programa indibidualak prestatzea zentroko erabiltzaileentzat: helburuak, jarduerak, baliabideak eta ebaluazio sistemak.
  • Taldeko eta banakako jarduerak antolatzea, hezkuntzakoak, kultur arlokoak eta aisialdikoak, kontuan harturik erabiltzaileen ahalmenak eta eskakizunak.
  • Erabiltzaile bakoitzaren egokitzapen prozesuaren jarraipena egitea, parte hartu behar duen eremu guztietan.
  • Bere lanari dagozkion alderdi profesionaletan eta esku hartzeko arloetan etengabe prestatzea eta birziklatzea.
  • Ezartzen diren erregistro sistemak betetzea.
  • Hezkuntza taldearen bileretara joatea.

6.2. Zuzendaria.

–Hezkuntza arloa koordinatzea.

  • Zentroan gauzatu behar diren banakako hezkuntza proiektuak sustatzea, haiek prestatzen laguntzea, eta hobeki garatzeko neurriak proposatzea.
  • Hezitzaileen lana gainbegiratu eta koordinatzea, erabiltzaileak hezteko planteamenduak koherenteak direla bermatzeko.
  • Ezartzen diren erregistro sistemak betetzen direla gainbegiratzea.
  • Erabiltzaileentzako baliabide okupazionalen, hezkuntzakoen, terapeutikoen eta aisialdikoen erabileran orientatzea eta dinamizatzea.
  • Erabiltzaileen ahaideekin harremanak izatea, eta oporraldietarako, asteburuetarako eta antzekoetarako jarduketa-ildoak ematea.
  • Egoiliarrekin hurbileko harremanak izatea etengabe.
  • Erabiltzaileekin esku hartzen ari diren zentrotik kanpoko gainerako profesionalekin koordinatzea (tailerrak, osasun zentroak, aisialdiko zentroak, etab.).
  • Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziarekin koordinatzea.
  • Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziarekin koordinatzea, zentroaren kudeaketarekin zerikusia duten kontu guztietan.
  • Zentroko langile guztien lana kudeatu eta gainbegiratzea, kasu bakoitzerako ezarritako eginkizun eta arauekin, eta ordutegiak eta laneratzeak kontrolatzea, betiere pertsonen arteko harremanen harmonia begiratuz.
  • Zentroari esleitutako aurrekontu ekonomikoa kudeatzea.

–Zentroaren arduraduna.

  • Zentroko instalazioen, materialen, aparatuen eta antzekoen egoera orokorra gainbegiratzea, ongi funtzionatzen dutela begiratuz, eta, beharrezkoa denean, kasuan kasuko profesionalei agintzea konpon ditzatela.
  • Zerbitzu orokorretako langileen lana gainbegiratzea, baita garbiketa arloena ere, eta bakoitzaren ezaugarriak.
  • Sukaldea kudeatzen duen enpresaren lana gainbegiratzea, eta zentrora joaten diren bi sukaldarien lana koordinatzea.
  • Zentroarekin harremana duten erakunde eta estamentuen aurrean zentroaren ordezkari gisa jardutea.
  • Zentroan egiten diren bilera eta ekitaldien deialdiak egitea, eta haietan buru gisa jardutea.
  • Zentroko langileen etengabeko prestakuntza eta birziklapena sustatzea.
  • Zentroko jarduerak sustatu, antolatu eta dinamizatzea.
  • Zentroko funtzionamendu araudiak prestatu eta eguneratzea, gainerako hezitzaileekin batera.

6.3. Zerbitzu orokorretako arduraduna.

  • Bere lanbide figurari dagozkion eginkizunak egitea, honako hauetan oinarritzen direnak: zentroko lokalen, instalazioen eta etxeko gauzen garbiketa eta mantentze-lanak, eta erabiltzaileen arroparen garbiketarekin eta zainketarekin zerikusia duten eginkizun guztiak.
  • Hezitzaileekin eta zuzendariarekin elkarlanean aritzea erabiltzaileei osoko arreta egokia emateko beharrezkoak diren kontu guztietan.
  • Zentroko instalazioetan eta logeletan lan egitearen ondorioz, erabiltzaileen ohitura eta usadioei buruz dakiten informazio guztia jakinaraztea hezitzaileei eta zuzendariari.
  • Zentroko instalazio guztiak gainbegiratzea, kontuan harturik behar den ekipamendua, egin beharreko konponketak eta, oro har, egoiliarren eguneroko bizitzarako garrantzitsua den edozein akats, eta zentroko zuzendariari aurkitutako beharren berri ematea.

7. Diziplina araubidea.

7.1. Aplikatzeko irizpideak.

Oro har, azpimarratu beharra dago zehapen araubideak helburu hezitzailea izanen duela beti, eta hori ezin dela inoiz ahaztu. Helburua, beti, zuzendu beharreko jokabidea aldatzea izanen da.

Diziplina araubidea irizpide hauei jarraikiz aplikatuko da:

1. Arauen ez-betetzeak egoiliarren egoera eta ezaugarri pertsonalak kontuan harturik baloratuko dira.

2. Zehapena hutsegitearen araberakoa izanen da.

3. Zehatzeko moduko jokabidea baloratuko da zentroko helburuetan izan dituen ondorioak kontuan harturik.

4. Erabiltzailearen osotasun fisikoaren eta duintasun pertsonalaren kontrako zehapenik ez da inola ere jarriko.

5. Zentroko kide bati zehapena jarriz gero, gainerako pisukideei ere jakinaraziko zaie.

6. Zehapen bat jarri aitzin, jokabide okerrean inplikatutako alderdiei entzunen zaie.

7. Zuzendu nahi den portaera gertatu eta ahalik eta lasterren jarriko da zehapena.

8. Ezartzen diren zehapenak jasotzeko erregistro pertsonal bat sortuko da.

9. Honako hauek dira inguruabar aringarriak:

–Jokabide desegokia izan duela berez onartzea.

–Nahita egina ez izatea.

–Normalean, arau-hausleak jokabide positiboa izatea.

10. Honako hauek dira inguruabar astungarriak:

–Jakinaren gainean egitea eta hutsegiteak behin eta berriz egitea.

–Pisukideen artean jokabide desegokiak sustatzea.

7.2. Zehatzeko moduko jokabideak.

1. Zehatzeko moduko jokabideak arinak, larriak eta oso larriak izaten ahalko dira.

–Hutsegite arinak:

a) Pisukideenganako errespetu falta (irainak, laidoak, etab.).

b) Arreta ematen duten langileenganako errespetu falta (hezitzaileak eta laguntzaileak).

c) Zentroko instalazioetan kalteak eragitea zabar jokatzeagatik.

d) Honako arlo hauetan ezarritako arauak ez betetzea:

–Norberaren garbiketa eta higienea.

–Ordena eta garbitasuna.

–Zentroko ordutegietako puntualtasuna.

e) Barne araudi honetako arauen kontrako beste jokabide batzuk, larritasuna eta ondorioak ikusita hutsegite arintzat hartu behar baldin badira.

–Hutsegite larriak:

a) Pisukideei eta arreta ematen duten langileei behin eta berriz errespeturik ez izatea.

b) Eraso fisikoak.

c) Zentroko instalazioetan kalteak nahita eragitea.

d) Lehen aipatutako hutsegite arinak behin eta berriz egitea.

e) Zentroaren irudi publikorako kaltegarriak diren jokabideak.

f) Zentroa bidezko arrazoirik gabe abandonatzea.

g) Arreta ematen duten langileei behin eta berriz desobeditzea.

h) Beste egoiliar batzuei dirua edo gauzak lapurtzea.

i) Mozkortzea eta drogak hartzea.

j) Zentroaren ondoko etxebizitzetako auzokideak molestatzea.

k) Banakako tratamendu mediko edo psikologikoetan ez laguntzea.

l) Barne araudi honetako arauen kontrako beste jokabide batzuk, larritasuna eta ondorioak ikusita hutsegite larritzat hartu behar baldin badira.

–Hutsegite oso larriak:

a) Zentroaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren instalazioak nahita hondatzea edo erabilezin uztea.

b) Eraso fisiko oso larriak arreta ematen duten langileei edo zentroko kideei.

c) Barne araudi honetako arauen kontrako beste jokabide batzuk, larritasuna eta ondorioak ikusita hutsegite oso larritzat hartu behar baldin badira.

2. Hutsegiteen preskripzioa:

Hutsegite arinek bi hilabeteren buruan preskribatuko dute, larriek lau hilabeteren buruan, eta oso larriek sei hilabeteren buruan.

Preskripzio epea hutsegitea egiten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

Preskripzio epea eten eginen da erabiltzaileari eta/edo haren legezko ordezkariari diziplina espedientea ireki dela jakinarazten zaionean.

3. Kautelazko neurriak:

Prozedura hasita, zentroko zuzendaritzak egoki iruditzen zaizkion kautelazko neurriak har ditzake geroago hartuko den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko, horretarako bidezko arrazoirik baldin badago.

Kautelazko neurriak kasu bakoitzean bermatu nahi diren helburuen intentsitatearen, proportzionaltasunaren eta beharren araberakoak izanen dira.

7.3. Diziplina zehapenak.

1. Hutsegite arinengatik:

a) Idatzizko kargu-hartzea.

b) Taldearen eta zentroaren onerako lanak egitea.

c) Beste zehapen batzuk, egindako hutsegitearen araberakoak.

2. Hutsegite larriengatik:

a) Zentroko aisialdiko zerbitzuez eta jarduerez gozatzeko debekua hiru egunerako.

b) Nor bere gelan gelditzea egun batetik hiru egunera bitarte, aisialdian gune komunetara atera ezin gabe.

c) Bakarrik bazkaldu eta afaltzea egun batetik hiru egunera bitarte, gainerako pisukideek bukatutakoan. Hiru egun horiek pasatuta, afaldu ondoren logelara joanen da. Zehapen hau 10 egun bitartekoa izanen da.

d) Denbora librean zentrotik ateratzeko debekua, egokitzat hartzen den epe baterako (3 egun gehienez).

e) Zentroko Zuzendaritzak erabakitako kargu-hartze idatzia.

f) Beste zehapen batzuk, egindako hutsegitearen araberakoak.

3. Arau-hauste oso larriengatik:

a) Zentroko aisialdiko zerbitzuez eta jarduerez gozatzeko debekua hilabete baterako gutxienez, baina hiru hilabeteko epea gainditu gabe.

b) Zentrotik aldi baterako kanporatzea, gutxienez hilabete baterako, eta gehienez 3 hilabeterako.

c) Erabiltzailea kanporatzea eta beste zentro batera lekualdatzea.

d) Behin betiko kanporatzea.

Zehapena kalte material edo pertsonalak eragin dituen jokabide bategatik jarri baldin bada, kalte horiek konpondu beharko dira, eta, hala badagokio, hondatutakoa ordaindu beharko da.

7.4. Zehatzeko eskumena.

Hutsegite arinen zehapenak txandako hezitzaileak ezarriko ditu.

Hutsegite larrien zehapenak txandako hezitzaileak ezarriko ditu, eta zuzendariak eta hezkuntza taldeak berretsiko.

Aldi baterako edo behin betiko kanporatua izateko proposamena dakarten hutsegite oso larrien kasuan, zentroko zuzendariak proposamen hori eta aurrekari guztiak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziara igorriko ditu. Bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, erakunde horrek diziplina espedientea irekitzeko erabakia hartu, eta instruktorea izendatuko du.

Hutsegite oso larrien ondoriozko diziplina espedientea hasi ondoren, interesdunari igorriko zaio idatziz, eragozten zaion jokabidearen berri eta prozedura instruitzeko izendatutako pertsonaren berri emanez, hamar eguneko epean egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin eta nahi dituen frogak proposa ditzan.

Epe hori bukaturik, beharrezkotzat jotzen den proba egitea erabaki daiteke, eta, orobat, behar diren txostenak eskatuko dira. Tramite horiek hamar eguneko epean egin beharko dira. Ebazpenaren proposamena eta instruktorearen jarduketa guztiak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren barrenean ebazpena emateko eskumena duen organoari igorriko zaizkio hilabeteko epean.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Kudeaketa-Zuzendaritzari dagokio hutsegite oso larrien zehapenak ebaztea, erregelamendu honen arabera zentrotik kanporatzeak egin behar direnean.

Atal honetan ezarritako prozeduraren ondorioz jartzen diren zehapenen aurka errekurtsoak eta/edo erreklamazioak jartzeko araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Aginduan xedatutakoari lotuko zaio, eta, orobat, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari.

Diziplina zehapenak 10 eguneko epean beteko dira, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

8. Zentroan baja hartzea.

Honako kasu hauetan, erabiltzaileari baja ematen ahal zaio zentroan:

a) Erabiltzaileak berak edo haren legezko ordezkariak idatziz eskatzea. Plaza 30 egunez erreserbatuko da, uko egiten zaion egunetik hasita.

b) Zentroan onartzeko aintzat hartu ziren zergatiak desagertzea.

c) Hezkuntza taldearen iritziz, plaza desegoki erabiltzea.

d) Erabiltzailearen jokabide desegokia, beste egoiliarrekin bizitzea galarazten duelako, edo zentroak erabiltzaile horri arreta egokia emateko behar diren baliabideak ez izatea.

e) Narriadura fisiko edo psikiko handia izatea, eta, horren ondorioz, autonomiarako eta elkarbizitzarako eskatzen den gutxieneko mailara ez iristea.

f) Zentroko hezkuntza taldeak ezarritako aginduak behin eta berriz ez betetzea.

Altak, bajak eta haien zergatiak zentroko Erregistro Liburuan jasoko dira.

9. Azken xedapena.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ahalmena du erregelamendu hau osorik edo partez aldatzeko, Barañaingo Lur Gorri etxebizitza funtzionaleko hezkuntza taldeak proposaturik, betiere zentroaren funtzionamendua hobetzeko asmoa duten zergati objektiboak baldin badaude.

Erregelamendu honetan jasota ez dagoen guztietan, gizarte zerbitzuetarako indarra duen araudiari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1407127