109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

50/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketaren zenbait alderdi arautu eta Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako irakaskuntza horiek funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta erakundeetan eginen dituzten ikasleak onartzeko prozedura arautuko duten oinarriak onesten dituena.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, artikulu bakarraren 3. idatz-zatian, 10. idatz-zatia gehitzen dio maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluari, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak sortzen ditu hezkuntza sistemako Lanbide Heziketan. Orobat, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, azken xedapenetako bosgarrenean, ziklo horiek ezartzeko egutegia ezartzen du. Horren arabera, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako lehen ikasmaila 2014-2015 ikasturtean ezarriko da.

Aurrekoa betetzeko, presako araubidea egin zen Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagokionez, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen araubidea baino lehen. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuak, V. kapituluan, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako sarrerari eta onarpenari buruzko determinazioak ezartzen ditu.

Era berean, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak 2014-2015 ikasturtean ezarri behar direnez, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean zenbait alderdi eta ikasleak onartzeko prozesua arautzea irakaskuntzen araudi orokorra egin baino lehen.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe publiko, ikastetxe pribatu, ikastetxe itundu eta erakundeetan eginen dituzten ikasleak onartzeko prozedura arautzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean ziklo horietako antolakuntzako zenbait alderdi ezartzea ere.

2. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetan sartzea.

1. Lanbide Heziketako irakaskuntza hauetan sartzeko, ikasleek baldintza hauek bete behar dituzte aldi berean:

a) 15 urte izatea (edo urte natural honetan betetzea) eta 17 urteko adina ez gainditzea irakaskuntzetan sartzean edo urte natural honetan.

b) DBHko lehenbiziko zikloa egin izana edo, salbuespenez, DBHko bigarren ikasmaila.

c) Irakasle-taldeak gurasoei edo legezko tutoreei hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartzea proposatu izana, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatutako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 30. artikuluan adierazitakoarekin bat.

2. Ikaslea irakaskuntza horietan sartzeko, baimentzeko agiria emanen dute gurasoek edo legezko tutoreek, eta agiria ikaslearen espedientean sartuko da, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan inskribatzeko prozeduran erabiltzen diren gainerako agiri guztiekin.

3. artikulua. Aholku orientatzailea.

Ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko prozeduran erabiltzen den aholku orientatzaileak honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Txosten arrazoitua, adieraziz helburuak zenbateraino bete diren eta dagozkion gaitasunak eskuratu diren.

b) Ikastetxeak ikasleari jarri dizkion aniztasunarekiko arretatako neurrien identifikazioa.

c) Aginduzko ebaluazio psikopedagogikoa, ikaslearekin izandako elkarrizketa barne.

d) Azken aholkua, adieraziz hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea ibilbide egokiena den ala ez den.

4. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea.

1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Ebaluazio akademikoa: ikasturtearen bigarren ebaluazioa bukatutakoan, hau da, azken hiruhilekoan eta ikasturtearen azken ebaluazioa burutu arte, irakasle-taldeak inskripzio-txostena nola egin adostuko du. Txostenean justifikatu beharko da zergatik Oinarrizko Lanbide Heziketarako proposatutako inskripzioa neurri egokia den ikasleak gaitasunak eskura ditzan. Tutoreak eginen du proposamen-txostena, foru agindu honen 1. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio.

b) Aholku orientatzailea: ikastetxeko zuzendariak orientatzaileari eskatuko dio aholku orientatzailea egin dezala. Aholkuaren helburua izanen da zehaztea ikaslea proposatutako neurrira egokitzen den ala ez; aurreko artikuluan adierazitako atalak izanen ditu, gutxienez, foru agindu honen 2. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio.

c) Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa: ikastetxeko zuzendariak irakasle-taldearen txosten proposamena eta aholku orientatzailea aztertu ondoren, zuzendaritza-taldeko kide bat eta tutorea gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko dira ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea komenigarria dela planteatzeko. Bilera bukatzean, gurasoek edo legezko tutoreek idazki bat sinatuko dute, foru agindu honen 3. eranskineko arabera, helburu hauekin:

–Aurkeztutako proposamenaren eta Oinarrizko Lanbide Heziketaren ezaugarrien berri eman dietela adierazteko.

–Proposamena onartzen dutenetz adierazteko.

–Proposamenarekin lotura duten alderdien gaineko alegazioak egiteko.

d) Hezkuntza Departamentuaren esku-hartzea: zuzendariak proposamena egingo du 4. eranskineko ereduaren arabera, eta ikastetxeko ikuskatzaileari bidaliko dio. Honek egiaztatuko du foru agindu honen 2., 3. eta 4. artikuluetako baldintzak betetzen dituela. Ikuskatzaileak, proposamena aztertu ondoren, ikastetxeari jakinaraziko dio onartzen duen ala ez.

2. Prozedura garaiz bukatu behar du, kontuan hartuta ikasleak denbora behar duela kasuan kasuko ikasturterako ezarritako epean inskribatzeko.

5. artikulua. Taldeak eratzea.

Orokorrean, taldearen ratioa hauxe izanen da: gehienez 16 ikasle eta gutxienez 10.

6. artikulua. Ikasleak onartzeko prozedura.

1. Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak onetsi ziren.

2. Ikasleak Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko berariazko prozedura egiteko, foru agindu honen 4. artikuluari jarraituko zaio.

7. artikulua. Jarraibideak eta inskripzio-epea.

1. Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko inskripzio-prozesuan epe bakarra dago, epe arrunta alegia. Ulertuko da ikasturtearen gainerakoa epetik kanpo dagoela.

2. Ikasturte bakoitzerako prozesua zehazten duten epe eta jarraibideak Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez ezarriko ditu urtero.

8. artikulua. Tramitazioa.

Ikastetxeek eskolatze prozesuaren tramitazio osoa EDUCA informatika-aplikazioaren bidez eginen dira.

9. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, gehienez ere hiru aukera markatuta, behar bezala betea eta eredu ofizialaren araberakoa, ikasturte bakoitzerako zehazten den epean.

2. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

3. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloa (lehenbiziko hautua) ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da inskribatzeko eskaera.

10. artikulua. Ikaspostuak erreserbatzea.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ikaspostu bat gordeko da, epe arruntean, talde bakoitzeko, zentzumenetako eta/edo mugimenduko desgaitasuna duten ikasleentzat.

2. Epe arruntean Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan ikaspostu bat gordeko da goi errendimenduko kirolarientzat irakasle-talde bakoitzeko.

3. Desgaitasun bat duten bi pertsona edo gehiago, edo goi errendimenduko bi kirolari edo gehiago, badira, hurrenkera-zerrendan gorago dagoenari erreserbatuko zaio ikaspostua. Zerrenda hori osatzeko, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritako onartzeko irizpideak aplikatuko dira. Berdinketarik izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.

4. Ikaspostu horiek ez badituzte berariazko ikasle horiek eskatzen ekaineko aurreinskripzioko epe arruntean, eskaintza orokorrera pasatuko dira.

11. artikulua. Baremazioa eta onartzeko irizpideak Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan.

1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa garatuz, honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitatean epe arrunterako ezarritako onartzeko irizpideak Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko eskatzen duten ikasleen hurrenkera-zerrenda egiteko:

–1. Zikloa lehen hautuan aukeratu duten pertsonak.

–2. Zikloa bigarren hautuan aukeratu duten pertsonak.

–3. Zikloa hirugarren hautuan aukeratu duten pertsonak.

2. Ikaspostuak esleitzeko, sortzen diren hiru taldeetako bakoitzean, ikasleak irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:

–Lehenbizikoa: eskaera aurkeztean DBHko 3. edo 4. ikasmaila ikastea (modu arruntean, curriculum aniztasuneko programa batean edo antzeko beste programa batean).

–Bigarrena: eskaera aurkeztean DBHko 2. ikasmaila ikastea edo Curriculum Egokituko Programa batean edo antzeko beste programa batean aritzea.

3. Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzeko batez besteko notaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera, aurreko puntuan adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen diren taldeak.

4. Berdinketak jendaurreko zozketa baten bidez hautsiko dira, foru agindu honen 7. artikulua aipatzen dituen urteko jarraibideekin bat.

5. Jendaurreko ekitaldia:

–Ikasleak onartzeko prozesuaren ondoriozko ikaspostu hutsak jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, foru agindu honen 7.2 artikuluak aipatzen duen urteko ebazpenak adierazitako epean.

–Honako hauek joaten ahalko dira Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako ikaspostu hutsak esleitzeko jendaurreko ekitaldira:

a) Epe arruntean inskribatu baina ikaspostua lortu ez duten ikasleak.

b) Epe arruntean inskribatu eta ikaspostua lortu arren, ikaspostu horretan matrikulatu ez diren ikasleak.

c) Halaber, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoa garatuz, ikaspostu hutsak esleitzeko jendaurreko ekitaldira joaten ahalko dira sartzeko momentuan edo urte naturalean 17 urteko adina gainditu eta 21 urteko adina gainditzen ez duten ikasleak, betiere Lanbide Heziketako edo DBHko titulurik ez badute.

–Ezarritako ordenan (a), b) eta c)) esleituko dira ikaspostuak eta, aukera horietako bakoitzean, zozketa publiko baten bidez.

–Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eskola eguneko epean egin beharko dute matrikula, Hezkuntza Departamentuak ikaspostuaren esleipena iragartzen duenetik zenbatzen hasita. Matrikula egin ezean, esleitutako ikaspostua galduko dute.

12. artikulua. Onartua izatea.

1. Ikasle bat ikastetxe batean onartua izan dela ulertuko da, onartutako ikasleen behin betiko zerrendan agertzen denean, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean ikaspostua esleitzen dionean.

2. Ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean epe arruntean onartua izateak zuzenean ekarriko du jatorrizko ikastetxean okupatzen duen ikaspostua galtzea. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira.

13. artikulua. Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzeko batez besteko nota.

1. Sartzeko batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen historial akademikoa, Kalifikazio Liburua edo, besterik ezean, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da. Ikaslea zer ikastetxetatik datorren, harexek kalkulatu beharko du.

2. Sartzeko batez besteko nota, jatorrizko ikastetxeak kalkulatuko du, eta egindako azken ikasturtean eskuratutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izanen da, bi hamartarrekin, ondotik ezartzen denarekin bat:

–Curriculum Egokituko Programatik datozen ikasleak: Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloan sartzeko batez besteko nota Curriculum Egokituko Programan eskuratutako batez besteko aritmetikoa izanen da.

–DBHko ikasmaila arrunt batetik edo curriculum aniztasuneko programa batetik datozen ikasleak: Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloan sartzeko batez besteko nota DBHn edo Curriculum Egokituko Programan egindako azken ikasturtean eskuratutako batez besteko aritmetikoa izanen da.

3. Sartzeko batez besteko notarik aurkeztu ezean, ikaslea taldearen azken postura pasatuko da.

4. Behar izatera, Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 18an emandako 217/2007 Foru Aginduan agertzen den kalifikazioen taula erabiliko da.

5. Batez bestekoa biribildu beharra dagoenean bi hamartarrekin mugatzeko, biribiltzeko arau matematikoak erabiliko dira.

14. artikulua. Matrikulazioa.

1. Ikastetxean sartu berri den ikaslearen matrikula formalizatzeko, foru agindu honen 7.2 artikuluak aipatzen duen ebazpenean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, foru agindu honen 7.2 artikuluak aipatzen duen urteko ebazpenak xedatutakoarekin bat, Hezkuntza Departamentuak “hautua hobetzeko” prozesu bat eginen du ikaspostu hutsak dituzten zikloetan, matrikulan hori berariaz eskatu duten ikasleentzat. “Hautua hobetzeko” prozesua izanez gero, Hezkuntzak Departamentuak zein ikaspostu lortu duten jakinaraziko die ikasle interesdunei eta horiek ezartzen den epean formalizatu beharko dute matrikula berri bat. Hori egin ezean, hasieran egindako matrikularen eskubideak galduko dituzte.

3. Matrikula foru agindu honen 7.2 artikuluak aipatzen duen urteko ebazpenak adierazten dituen epeetan formalizatzen ez bada, ikasleak dagokion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

4. Hamasei urteko edo hamasei urtetik gorako ikasleak, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean matrikulatuta, arrazoirik azaldu gabe, 15 eguneko epean klaseetara joaten ez badira, ikasturtea hasten denetik kontatuta, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

15. artikulua. Entitate publiko edo pribatuen lankidetza.

1. Hezkuntza Departamentuak beste administrazio batzuen edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuen edo erakundeen edo elkarteen lankidetza izaten ahalko du Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko.

2. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak baimena emanen die entitate edo erakunde horiei, eta ikastetxe bati atxikiko zaizkio. Ikasleen eskolatze partekatua ezar daiteke.

16. artikulua. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari eman beharreko informazioa.

Ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetan sartzea 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan.

2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan Lanbide Heziketako irakaskuntza hauetan sartzeko, foru agindu honen 2. artikuluko 1.b) idatz-zatian ezarritako baldintza honela interpretatuko da: “DBHko hirugarren ikasmaila egin izana edo, salbuespenez, bigarrena.”

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Argitaratzea.

Foru agindu hau eta bere 7.2 artikuluan aipatzen den urteroko ebazpena ikastetxe interesdun guztietako iragarki oholean jarriko dira, agindua argitaratu eta biharamunetik onartzeko eta matrikulatzeko prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek horien berri izan dezaten.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 23an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

1. ERANSKINA

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko prozeduraren dokumentazioa

Irakasle-taldearen proposamen-txostena

Ikaslearen datu pertsonalak:

Deiturak: ......................................... Izena: ............................................................

Jaioteguna: .................... / ..... / ........ Herrialdea: ..................................................

NAN/AIZ/AIT: .........................

Helbidea: ...................................................................... P.K.: .................................

Herria: .................................................... Telefonoa: ..............................................

Ikaslearen datu akademikoak:

Zein ikastetxetan dagoen matrikulatua: ..................................................................

Zein ikasmailatan edo programatan dagoen matrikulatua: ....................................

DBHko ikasmailaren bat errepikatu du? BAI EZ

Hala, bada. Zein maila? 1.a 2.a 3.a 4.a

Kurtso batean edo gehiagotan gainditu gabe dituen irakasgaiak:

................................................................................................................................

................................................................................................................................

Irakasle-taldeak goian aipatutako ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa aztertu du, behaketa sistematikoaren, lanen balorazioaren eta berariazko proben bidez bildua, eta honako hau uste du:

1. Ikasle horrek zailtasun handiak izanen dituela etapako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortzeko, hala talde arrunt batean (irakasgaien arabera soilik antolatua) nola curriculum aniztasuneko talde batean.

Erabakiaren oinarri diren zailtasun pedagogikoak eta jarreraren ingurukoak, labur azaldurik:

2. Ikaslearen interesa eta motibazioa nahikoak direla Oinarrizko Lanbide Heziketan etengabeko ikaskuntzaren gaitasunak eskuratzeko edo osatzeko.

Oharrak:

Hori guztia dela bide, irakasle-taldeak .............eko ..........................aren .........ean egindako bileran erabaki du ikasle hori Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea proposatuko duela, hori iruditzen baitzaio neurririk egokiena etengabeko ikaskuntzaren gaitasunak eskuratzeko edo osatzeko eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako lanbide gaitasunak lortzeko.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Tutorea

Sinatua ..........................................

Irakasle-taldea

Sinatua ...................................... Sinatua ..........................................

Sinatua ...................................... Sinatua ...........................................

Sinatua ....................................... Sinatua ............................................

Ikastetxeko zuzendaria ....................................................

2. ERANSKINA

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko prozeduraren dokumentazioa

Aholku orientatzailea

Ikaslearen datu pertsonalak:

Deiturak: ......................................... Izena: ............................................................

Jaioteguna: .................... / ..... / ........ Herrialdea: ..................................................

NAN/AIZ/AIT: ...........................................

Helbidea: ................................................. P.K.: ......................................................

Herria: ............................................... Telefonoa: ...................................................

Ikaslearen DBHko eskolatze-datuak:

IKASTURTEA

IKASTETXEA

HERRIA

ETAPA

IKASMAILA

HARTUTAKO HEZKUNTZA-NEURRIAK ETA ANIZTASUNAREKIKO ARRETARAKOAK (1)

(1) Ikasmaila errepikatzea, Curriculum Egokituko Programa, curriculum aniztasuneko neurriak, bestelakoak (zehaztu).

Ebaluazio psikopedagogikoa: garapen pertsonala eta hezkuntza garapena:

Ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko informazio garrantzitsua ematea:

a) Etapen zein jarduera motatan moldatu den hobekien.

b) Etapen zein jarduera motatan izan duen zailtasun gehien.

c) Lanean duen autonomia maila eta jarraikitasuna.

d) Zailtasunei aurre egiteko ahalegina.

e) Ikasketarako motibazioa eta autoestimu maila.

f) Gelako giroan eta ikaskideen artean nola egokitzen den.

g) Etapako oinarrizko gaitasunen garapen maila.

h) Ikaslea neurriarekin nola identifikatzen den.

i) Ikaslearen interesak eta espektatibak.

j) Beste edozein argibide interesgarri.

Ebaluazio psikopedagogikoa: familia eta gizarte inguruneari buruzko alderdiak:

Ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko informazio garrantzitsua ematea:

a) Familiak ikaslearen garapenean duen eragina.

b) Gizarte inguruneak ikaslearen garapenean duen eragina.

c) Familia neurriarekin nola identifikatzen den.

d) Familiaren interesak eta espektatibak.

e) Beste edozein argibide interesgarri.

Ebaluazio psikopedagogikoa: hezkuntza premien identifikazioa:

Ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko informazio garrantzitsua ematea:

a) Curriculum-atzerapena.

b) Oinarrizko gaitasun eskuratuak.

c) Oinarrizko gaitasun garatugabeak.

d) Eskola inguruneari egokitzea.

e) Azken ikasturteko absentismo maila.

f) Beste edozein argibide interesgarri.

Aniztasunarekiko arretarako hartutako neurriak identifikatzea:

Azken aholkua:

Aholku orientatzaile hau egiteko eskura dagoen informazioa aztertu eta goian aipatzen den ikaslearekin aginduzko bilera egin ondoren, orientatzaileak honako hau erabaki du:

Ikasle hau Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea proposatzea,

a) Uste baitu ikasleak ezin dituela etapako oinarrizko gaitasunak garatu talde arruntetan edo DBHko aniztasuneko taldeetan.

b) Uste baitu neurri hau egokiena dela etengabeko ikaskuntzaren gaitasunak eskuratzeko edo osatzeko eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako lanbide gaitasunak lortzeko.

Ikasle hau Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea ez proposatzea, uste baitu ikasleak etapako oinarrizko gaitasunak gara ditzakeela talde arruntetan edo DBHko aniztasuneko taldeetan.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Orientatzailea

Sinatua ..........................................

IKASTETXEKO ZUZENDARIA .................................

3. ERANSKINA

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko prozeduraren dokumentazioa

Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa:

Izena:............................................ andrea NAN/AIZ/AIT:

Izena:............................................ jauna NAN/AIZ/AIT

..................................................... ikaslearen aitak/amak/legezko tutoreak

NAN/AIZ/AIT

–Ikastetxearen aldeko proposamenaren berri eman digute aipatu ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeari buruz.

–Oinarrizko Lanbide Heziketaren ezaugarrien berri eman digute: iraupena, antolaketa, eskuratzen den titulazioa, etab.

–Irakaskuntza hauetan onartzeko prozesuaren berri eman digute.

–Proposamenaren garrantzia ulertzen dugu.

Horrenbertzez:

Inskribatzeko proposamena onartzen dugu eta, horren ondorioz, Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko baimena ematen dugu.

Inskribatzeko proposamena ez dugu onartzen eta, horren ondorioz, Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko baimena ez dugu ematen.

Egindako alegazioak:

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Gurasoak edo legezko tutoreak

Sinatua .......................................... Sinatua ..........................................

Tutorea eta zuzendaritza-taldearen ordezkaria

Sinatua .......................................... Sinatua ..........................................

4. ERANSKINA

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko prozeduraren dokumentazioa

Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko azken proposamena

Ikaslearen datu pertsonalak:

Deiturak: ........................... Izena:............

Jaioteguna: .................... / ..... / ........ Herrialdea:

NAN/AIZ/AIT: ............................

Helbidea: ................................................. P.K.: ............................

Herria: .................................. Telefonoa: .................................

Egindako kurtso edo programa: ....................... Ikasturtea: ...................................

Ikastetxea: ....................................................................

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 50/2014 Foru Aginduan ezarritako prozedurari jarraitu ondoren, ikastetxeko zuzendariak, irakasle-taldeak eta orientatzaileak proposatzen dute aipatu ikaslea hezkuntzako sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzea.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Zuzendaria

Sinatua ..........................................

Ikastetxeko ikuskatzaileak

Ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko azken proposamena onartzen du.

Ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketan onartzeko prozeduran inskribatzeko azken proposamena ez du onartzen, arrazoi hauengatik:

1. eranskina (Irakasle-taldearen txosten-proposamena) ez delako edo zuzena ez delako.

2. eranskina (Aholku orientatzailea) ez delako edo inskribatzearen aurkako aholku orientatzailea delako.

3. eranskina (Guraso edo legezko tutoreentzako informazioa) ez delako edo Oinarrizko Lanbide Heziketan inskribatzeko proposamena onartzen ez delako.

Sinatua ..........................................

Iragarkiaren kodea: F1407618