67. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

141/2013 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, deialdi publikoa onesten da 2013-2014ko ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, hezkuntza premia bereziengatik edo egoera okerrarengatik, hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko langileak izateko diru-esleipenerako.

2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legeak 22.7 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo egoera okerrean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako diru eta giza baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez. Hortaz, beharrezkoa da 2013-2014ko ikasturtean beharko diren baliabideak esleitzeko deialdia onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2013ko otsailaren 27ko erabakien bidez, 3.857.087,92 euroko urte anitzeko gastu bat onetsi zuen, eta 645.004,66 euroko beste bat; hortaz, deialdi honen finantzaketarako, guztira, 4.502.092,58 euro dira.

Hortaz, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena ikusirik, non proposatzen baita 2013-2014 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2013-2014ko ikasturtean, hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko beharrezkoak diren baliabideak esleituz eta emanez hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko deialdi publikoa onestea.

2.–Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 4.502.092,58 euroko gastua onestea, honela banaturik:

2.1. “Hezkuntza premia bereziak. Irakaskuntza pribatuarendako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322000 kontu-sailaren kargura (kontabilitateko 40000362 espedientea), guztira 3.857.087,92 euro. Horietatik, 1.285.695,97 euro 2012ko aurrekontuaren –2013rako luzatua baitago– kargura izanen dira, eta, gainerakoa, 2.571.391,95 euro, 2014ko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

2.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Diru-laguntza irakaskuntza pribatuari” izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-sailaren kargura (kontabilitateko 40000361 espedientea), guztira 645.004,66 euro. Horietatik, 215.001,55 euro 2012ko gastuen aurrekontuaren –2013rako luzatua baitago– kargura izanen dira, eta, gainerakoa, 430.003,11 euro, 2014ko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

3.–Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2013ko martxoaren 22an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken hauen kasuan gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpreteendako eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleen zaindariendako bakarrik) ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza premia bereziak dituzten edo egoera okerrean dauden ikasleei laguntzeko langileak izan ditzaten 2013-14ko ikasturtean.

Ikasle horiek hezkuntzan aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa, lankidetza handia izanik irakasle espezialisten edo sostenguko irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Behin aniztasunarekiko arretarako ohiko neurriak aplikatu ondoren gauzatuko dira sostengu horiek, eta aukera emanen dute ikasleak eskolan integratzeko, metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliz, baita antolamendurako modu malguak ere, oinarrizko gaitasunen garapena ahalbidetuko dutenak. (Ikus II. eranskina).

Hauek sartu dira:

––Hezkuntza sostengua behar duten ikasleak, hezkuntzako premia bereziengatik, dela desgaitasun fisikoa, intelektuala edo zentzumenezkoa, dela portaeraren arazo larria, dela hezkuntza sostenguko beste premia berariazko bat. Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoak dira. III. eranskineko 1. eta 2. tauletan aipatzen diren diagnostiko-kategorietakoak dira premia horiek.

–Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren edo/eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapen nabarmena dutenak (ziklo bat baino gehiago Lehen Hezkuntzan eta bi ikasturte Bigarren Hezkuntzan). Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 23,26. artikuluan ezarritakoak dira.

Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.

Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1.–Aipatu ezaugarrietako ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.

Eskaera ikastetxeen erregistro berezian agertzen den ikastetxe bakoitzeko titularrak aurkeztu beharko du.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek 7 egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

2.–Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako bosgarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2013ko irailaren 30ean bukatuko da. Atal honetako 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, leku beretan aurkeztuz.

Hirugarren oinarria.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.

1.–Hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako baliabideak eskatzeko, honako hau aurkeztu behar da:

a) Ikasleen zerrenda, 2013-2014 ikasturterako langile guztien eskatutako orduak zehaztuta, bai eta aurreko ikasturterako, 2012-2013rako, eman zirenak ere. Eskaera ebazpen honen IV. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa izanen da. Ikasle horien premiei buruzko datuak Educa hezkuntza kudeaketarako programatik kontsultatuko dira; ikastetxearen ardura izanen da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuta edukitzea, ikuskatu ahal izateko.

b) Hezkuntzako premia bereziak eta portaeraren nahaste larriak dituen ikasle batentzat baliabideak lehen aldiz eskatzen direnean, hura egoki baloratzeko eta ezagutzeko behar den dokumentazio guztia eta txosten pedagogikoak aurkeztu beharko dira. Horretarako, txostenaren eredu bat dago Hezkuntza Departamentuaren web orrian:

http://www.educacion.navarra.es/portal/Guia+del+Profesorado/Orientacion+escolar/Informes+de+orientacion

c) Ahozko eta idatzizko hizkuntza berandu edo arazo larriekin eskuratu duten ikasleen txosten pedagogikoak aurkeztu beharko dira. Balorazio psikopedagogikorako, III. eranskineko 2. taulako kategoria diagnostikatuak erabiliko dira, bai eta DSM-IVko eta CIE 10eko irizpideak ere arazo larrien kasuan. Ebaluazio psikopedagogiko horretan, justifikazioak proba estandarizatuen bidez eginen dira, eta “Evaluación Audición y Lenguaje: Informe final” agiriaren aholkuei jarraituko zaie (http://centros.educacion.navarra.es/creena/ helbidean dago zintzilikatuta, informazio atalean).

d) Gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretea behar duten ikasleen kasuan, txosten bat aurkeztu beharko da ikasle horiek gaztelaniazko zeinuen hizkuntza bere inguru sozialean erabiltzen dutela frogatzeko.

2.–Baliabideak eskatzeko egoera okerrean egoteagatik hezkuntzako premia duten ikasleentzat:

a) Beharrezko informazioa, V. eranskineko 1. taula erabiliz.

b) Ikasle bakoitzaren laburpen-fitxa, V. eranskineko 2. ereduaren arabera.

Laugarren oinarria.–Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

1.–Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela, maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.

2.–Gainerako giza baliabideen –irakasleez besteko langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxearen titularrak, diru-sarrera horien justifikazio gisa, Hezkuntza Itunen Bulegoan aurkeztuko ditu, irailean, urtarrilean eta maiatzean, irakaskuntzatik kanpoko irakasle osagarrien lansarien eta gizarte segurantzaren ordainketaren frogagiria eta dataren egunean kobrantzak eginak dituztela dioen adierazpena, langile osagarriek sinatua.

3.–Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean, deialdi honen ebazpenean ikastetxe itundu bakoitzerako onesten diren baliabideak agertuko dira.

4.–Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak aplikatu beharko dituzte, hain zuzen, itunak eta ebazpen honen 5. oinarrian aipatzen diren diru-laguntzak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak.

Bosgarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.

1.–Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten edo egoera okerrean dauden ikasleei laguntzeko langileak izateko, 4.502.092,58 euro izanen da guztira gutxi gorabehera, ondoko kontu-sailetan banakatuta:

1.1. “Hezkuntza premia bereziak. Irakaskuntza pribatuarendako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322000 kontu-saila, guztira 3.857.087,92 euro; honela banakatu dira: 1.285.695,97 euro 2012ko aurrekontutik –2013rako luzatu baita–. Gainerakoa, 2.571.391,95 euro, 2014ko gastuen aurrekontuan izen horrekin arestian sortuko den kontu-sailaren kontura.

1.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Diru-laguntza irakaskuntza pribatuari” izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-saila, guztira 645.004,66 eurokoa. Horietatik, 215.001,55 euro 2012ko aurrekontuaren –2013rako luzatu baita– kargura izanen dira, eta, gainerakoa, 430.003,11 euro, 2014ko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

2.–2013-2014ko ikasturterako, lehen esleipenean integrazioa sostengatzeko ondoko ordu hauek emanen dira gehienez ere, espezialitateen arabera:

a) 1.610 ikastordu astean, Pedagogia Terapeutikoko irakasleek emanak hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

b) 310 ordu astean, Entzumena eta Hizkuntzako irakasleek emanak Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.

c) 510 ordu astean, desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileekin.

d) 5 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretazioko goi mailako teknikariarekin.

e) 350 ikastordu astean, egoera soziokultural okerrean dauden eta curriculumeko atzerapen nabarmena duten ikasleen irakasleek emanak Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Espezialitate bakoitzean emandako orduen kopurua aldatzerik izanen da, gastua esleitu den kopurua baino handiagoa izan gabe.

Seigarren oinarria.–Aparteko deialdia.

Ondotik ematen direnak erreserban uzten dira, geroago banatuta sortuko diren premia berriei aurre egiteko, bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik irailaren 30era bitarte:

a) 90 ordu astean, Pedagogia Terapeutikoko irakasleek emanak hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

b) 30 ordu astean, Entzumena eta Hizkuntzako irakasleek emanak.

c) 40 ordu astean, desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileekin.

d) 5 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretearekin.

e) 10 ordu, sostenguko irakasleekin.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.

1.–Batzorde bat eratuko da baliabideak esleitzeko. Honela osatuko da:

–Batzordeburua:

–Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekideak:

Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko bi profesional, zuzendariak izendatuak.

–Idazkaria:

Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

2.–Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko batzorde tekniko bati eskatuko dio txosten labur bat egin dezala ikastetxe eskatzaile bakoitzari buruz.

Txosten horiek honako hauek bilduko dituzte:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Ikasleengan atzemandako premien azterketa eta balorazioa.

c) Ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena.

3.–Batzorde teknikoaren proposamena kontuan hartu behar da deialdia ebazterakoan.

Aurkeztutako premietarako baloratutako orduek bosgarren oinarrian gehienez ezarritako orduak gainditzen badituzte, ordu horiek hainbanatuko dira ikastetxeen artean.

4.–Balorazio prozesua bukatutakoan, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak baliabideen behin-behineko proposamena prestatuko du, eta ikastetxeei jakinaraziko die posta arruntaren bidez, edo telematika bitartez interesdunak helbide elektroniko gaitua (Posta Zerbitzuari eskatua) badu eta erantzun telematiko hori espresuki eskatzen badu, eremu hori eskabidean markatuta. Proposamen horri alegazioak egiten ahalko zaizkio 10 egun balioduneko epean.

5.–Epe hori bukaturik, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioen gainean ebatzi eta baliabideak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari; hori ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da.

6.–Aparteko deialdian zehaztutako erreserbako orduak (seigarren oinarria), Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, eskaerak baloratu behar dituen Batzordeak txostena berretsi ondoan, 2013-2014ko ikasturtea hasita sor litezkeen premia larrien arabera; haien inguruan Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak izendatuko dituen langile teknikoek txostena emanen dute.

7.–Erreserbako baliabide horiek beste beharrik ez sortzeagatik agortzen ez badira, erreserban iraunen dute, ikasturtea bukatu arte sortzen diren beharretarako.

8.–Hezkuntza Departamentuak bere web orrian argitaratuko du behin betiko ebazpena, non ikastetxe interesdunek egiten dituzten erreklamazioen ondoriozko aldaketak sartuko baitira, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9.–Emandako baliabideak nola erabili diren honen bidez justifikatu beharko da:

9.1. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko du, urtarrilean, maiatzean eta irailean, langile osagarriek izenpetuta, egun horretarako kobrantzak eginak dituztela dioen adierazpena, baita ikastetxearen ziurtagiria ere, epe horretarako Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehazturik, ordaindu direla dioena.

Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren zenbatekoaren berri izan dezan.

Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta, PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean horren baliokide diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.

9.2. Ikastetxeak behartuta daude 2013ko abenduaren 31 baino lehen informatzera, Educa programaren bidez, hezkuntza premia bereziengatik edo egoera okerrarengatik, hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko orduak nola erabili diren.

10.–Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Hezkuntza sostenguko premiak dituzten ikasleei laguntzeko jarraibideak

Arrazoia edozein dela ere, eskolan daudela hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten ikasleei behar bezalako laguntza eman behar zaie.

Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira, betiere irakasle taldeen koordinazioa bultzatuta ikastetxeetan, proposatutako neurriei segimendua egiteko, hezkuntzako integrazioaren printzipioa beti errespetatuz.

Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan eginen dira, elkarlanean eta antolaketa eta metodologia neurrien bitartez (talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle izanda, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak...).

Entzumen eta hizkuntzako profesionalek esku hartzeko argibideak

–Haur Hezkuntzan entzumenaren eta hizkuntzaren arloko profesionalak (EH) arreta berezia jarriko du, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleengan. Haur Hezkuntzan, entzumenaren eta hizkuntzaren arloko profesionalak (EH) eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek, atzerapen edo nahaste latzengatik hezkuntzan eta komunikazioan oztopo larriak dituzten ikasleei lagunduko diete, curriculumean sartzea eragozten dutenean eta ikasteko arazo larriak ekartzen dituztenean.

–Desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetan badaude eta mintzamen eta komunikazioaren garapen funtzional bat lortu badute, Pedagogia Terapeutikoko profesionala izanen dute ardatz mintzamen eta idazmenaren arloko beharrak asetzeko.

–Irakurmenaren nahastearen kasuetan, Lehen Hezkuntzan entzumenaren eta hizkuntzaren arloko profesionalak eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko profesionalak irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea izanen dute helburu beren esku-hartzean. Nahaste horren ondoriozko beste arloetako curriculum atzerapenei ikastetxeak aniztasunari laguntzeko gauzatzen dituen beste neurri batzuen bidez emanen zaie erantzuna.

–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, bai eta ikasle batekin profesional batzuk batera ez aritzea ere, banan-banako arreta beharrezkoa denean. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; izan ere, ikasgela arruntean edo talde txiki batean emanen zaio arreta lehentasunez.

III. ERANSKINA

Laguntzen ahal diren hezkuntzako premiak

1. Pedagogia Terapeutikoko irakasleen ardurapeko hezkuntzako premia berezien taula.

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA, DBHKO 1.a ETA 2.a

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA, DBHKO 3.a ETA 4.a

Hezkuntza premia berezia, honen ondorioz:

–Desgaitasun intelektuala.

–Garapenaren nahaste orokorra.

–Portaeraren nahaste larria.

–Mugimenduaren nahaste moderatua eta larria.

–Hipoakusia neurosentsorial bilateral moderatua, larria eta sakona.

–Ikusmen eskasia moderatua eta larria, eta itsutasuna.

–Askotariko desgaitasuna.

Hezkuntza premia berezia, honen ondorioz:

–Desgaitasun intelektual arina, moderatua.

–Garapenaren nahaste orokorra.

–Portaeraren nahaste larria.

–Mugimenduaren nahaste moderatua eta larria.

–Hipoakusia neurosentsorial bilateral moderatua, larria eta sakona.

–Ikusmen eskasia moderatua eta larria, eta itsutasuna.

–Askotariko desgaitasuna.

Curriculumean sartzeko egokitzapena, zentzumenetako edo mugimenduko desgaitasunaren ondoriozko hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleek behar dutena.

Curriculumeko atzerapen nabarmena, bi ikasturteren parekoa edo handiagoa.

2. Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen ardurapeko hezkuntza premia berezien taula.

HAUR HEZKUNTZA

LEHEN HEZKUNTZA

–Atzerapen larria ahozko hizkuntza (ama hizkuntza) garatzean.

–Hizketarako arazo larria, jatorri organikoa duena

–Hizkuntza hargarri-adierazgarriaren nahaste mistoa.

–Irakurmenaren eta idazmenaren nahastea, ACSarekin (Curriculumaren egokitzapen garrantzitsua).

–Hizkuntzaren eta/edo komunikazioaren atzerapen edo nahastea, desgaitasun psikiko, entzumenezko edo mugitzekoari lotua.

–Hizketarako arazo larria, jatorri organikoa duena

IV. ERANSKINA

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak. 2013-2014 ikasturtea

Ikastetxea:

Orientatzailea:

IKASLEAK*

JAIOTZE

EGUNA

MAILA

TALDEA

(1)

DIAGNOSIA

TXOSTEN

MEDIKOA

(BAI/EZ)

BALORAZIO

PSIKOPEDAGOGIKOAREN

DATA

SOSTENGUA, ORDUTAN ADIERAZIA **

PT-KO
IRAKASLEAK (2)

EH-KO
IRAKASLEAK (3)

BEGIRALEA

INTERPRETEA

* Ikasleak taldeka antolatuko dira, maila txikienetik handienera eta hurrenkera alfabetikoan.

** Zutabe itzaleztatuak: 2012-2013 ikasturteko orduak

Itzalik gabeko zutabeak: 2013-2014ko ikasturterako eskatzen diren orduak.

(1) 1. TALDEA: luzapena zer ikaslerentzat eskatzen den

2. TALDEA: baliabideak zein ikaslerentzat eskatzen diren lehen aldiz.

(2) Pedagogia Terapeutikoko irakasleak.

(3) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleak.

V. ERANSKINA

1. Egoera okerrean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapen nabarmena dutenak.

2013-2014ko Ikasturtea.

Ikastetxea:

Orientatzailea:

IKASLEAK*

JAIOTZE

EGUNA

MAILA

TALDEA

(1)

BALORAZIO
PSIKOPEDAGOGIKOAREN

EGUNA

SOSTENGUA,

ORDUTAN

SOSTENGUKO IRAKASLEA

Curriculumeko atzerapen nabarmena, bi ikasturteren parekoa edo handiagoa.

* Ikasleak taldeka antolatuko dira, maila txikienetik handienera eta hurrenkera alfabetikoan.

(1) 1. TALDEA: zein ikaslerentzat luzatzen den laguntza.

2. TALDEA: baliabideak zein ikaslerentzat eskatzen diren lehen aldiz.

2. Banakako Curriculum Egokitzapenaren laburpena.

2013-2014ko Ikasturtea.

1.–Ikasle bakoitzari buruz aurkeztu beharreko datuak:

–Izen-deiturak:

–Gutxi gorabeherako maila pedagogikoa:

–Atzerapenaren arloak:

–Atzerapenaren zergatikoak:

–Astean zenbat laguntza ordu behar dituen:

–Zer beste neurri hartu dira ikasle honekin?:

–Ikasturte honetan zenbat sostengu ordu hartzen ditu astean?:

–Oharrak eta aipatu beharrekoak:

Iragarkiaren kodea: F1304583