65. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Haur Eskolako hezitzaile izateko lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran jarduteko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gertatzen ahal diren beharrak asetze aldera

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakariak deialdi hau onetsi zuen 2013ko martxoaren seian, ondoko oinarriekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdia iragartzen da, Haur Eskolako hezitzaile izateko lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran jarduteko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gertatzen ahal diren beharrak –horiek hiru hilabetekoak edo hortik gorakoak direla aurreikusten den kasuetan– aldi baterako asetzeari begira.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatu finkoak izatea, D edo E maila edo taldeetan.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren titulua, Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen graduko titulua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren titulua edo horren baliokidea, betiere, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera eta eskabideak aurkezteko mugaegunean.

e) Euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko, derrigorrezkoa izanen da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailarekiko baliokidetza egiaztatzen duen ziurtagiri bat: Nafarroako Gobernuaren EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizialaren titulua edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

f) Ingelesez jakitea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1 mailarekiko baliokidetza egiaztatzen duen ziurtagiri bat, hala nola Hizkuntza Eskola Ofizialak edo horretarako gaiturik dagoen beste edozein entitatek luzatutako titulua.

2.2. Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez ezik, hala dei egiten zaienean nola prestakuntzak dirauen bitartean ere bete beharko dituzte izangaiek.

2.3. Aipatu baldintzez gain, zeinak deialdian onartua izateko ezinbestekoak baitira, elikagaien higienearen gaineko prestakuntza (elikagaien manipulatzaileen prestakuntza) egiaztatu beharko da prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran jarduteko Hezitzaile lanpostuari atxiki baino lehen.

3.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bulegoan (Oliveto Kondearen etorbidea, 4, 2.a) edo Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo, bestela, azaroaren 20ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori ondokoetan eskuratzen ahalko da: Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bulegoan (Oliveto Kondearen etorbidea, 4, 2.a), Interneten (www.pamplona.es) eta Deialdia argitaratu duen Aldizkari Ofizialean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta eskatzen zaien tituluaren fotokopia aurkeztuko dituzte, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratu eta biharamunetik aitzina.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Behin eskabideak aurkezteko epea burututa, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurrean paratuko da Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-oholean (Oliveto Kondearen etorbidea, 4, 2.a).

Oholean agertzen denetik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakariak emandako ebazpen baten bitartez izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta horiek Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-oholean argitaratuko dira. Zerrendekin batera, deialdi honetan aurreikusitako hautaprobak egiteko eguna eta tokia ere emanen dira argitara.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Kalifikazio-epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Carlos de la Dehesa Villar, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzailea.

Epaimahaikidea: Jaime Tanco Lanas, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari teknikoa.

Epaimahaikidea: Estefanía Valencia Eguaras, Rochapea Haur Eskolako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Nuria Goñi Oiz, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorreko teknikaria.

7.2. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoari hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak diren arrazoiak suertatzen diren kasuetan.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen bada.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada mahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Hautapena proba idatzi baten bidez eginen da. Izangaiek ehun galdera sortako galdetegi bat erantzun beharko dute, idatziz eta gehienez ere ordu eta erdian, Deialdi honen II. eranskinean agertzen den gaitegiari buruz. Galdera bakoitzean, hiru aukera egonen dira, eta horietako bat izanen da balio duena; akatsak ez dira zigortuko.

Probak, gehienez ere, ehun puntuko balorazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira berrogei puntu eskuratzera iristen ez diren izangaiak.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

9.–Gainditu dutenen zerrenda eta deia.

9.1. Proba idatziaren gaineko kalifikazioa amaitutakoan, Epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren iragarki-oholean, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran jarduteko gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazio-hurrenkeran. Halaber, aipatu Erakunde Autonomoari helaraziko dio zerrenda, behin betiko onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

9.2. Izangai bik edo gehiagok puntu-berdinketa izanez gero, berdinketa hausteko, haur hezkuntzako 0-3 urteko zikloan lan-esperientzia handiago daukanari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak bere horretan segituz gero, haur hezkuntzan esperientzia handiago duenaren alde ebatziko da auzia, eta, azken buruan, adinez nagusiago denaren alde.

Izangaiendako deia eta, beharrezkoa bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa indarra duen legerian ezarritakoaren arabera eginen da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2013ko martxoaren 6an.–Fermín Alonso Ibarra, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Lehendakaria.

I. ERANSKINA

IZENA

NAN/NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA

[URTEA/HILABETEA/EGUNA]

JAIOTERRIA

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA [KALEA, ZENBAKIA, ESKAILERA, SOLAIRUA]

POSTA KODEA / HERRIA

TELEFONOAK

HELBIDE ELEKTRONIKOA

Oraingo lanpostuaren gaineko datuak:

ALORRA / ERAKUNDEA

LANPOSTUA

MAILA

ADIERAZTEN DUT:

Deialdian eskatzen diren tituluen jabe naizela, eta horiek zerbitzu aktiboan jarduteko eskatutakoez bestekoak direla.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabideari atxikirik ondokoen fotokopiak aurkezten ditudala:

–Nortasun Agiri Nazionala.

–Eskatutako titulazio akademikoa.

–Euskaraz jakitearen gaineko titulazioa (ezabatu, behar ez bada).

–Ingelesez jakitearen gaineko titulazioa (ezabatu, behar ez bada).

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzuan hezitzaile lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran jarduteko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdian. Deialdia ... Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ......(e)ko .....aren ......koan.

Iruñean, 2013ko .............(a)ren ...................... (e)an

(Sinadura)

Datuen babesa. Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Iruñeko Udalak hautatze-prozeduran berezko dituen eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Merkatuko kalea, 7-9-31001 Iruña).

II. ERANSKINA

Gaien zerrenda

1.–Ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta proposamen pedagogikoa.

2.–Hezitzailearen eginkizuna Haur Hezkuntzan. Eskumenak, trebetasunak eta jarrerak. Hezitzailearen eta haurraren arteko harreman interaktiboak.

3.–Hezkuntzako esku-hartzearen oinarriak. Ikuspuntu globalizatzailea. Ikasketa esanguratsua. Haurrak ezagupenaz egiten duen eraikuntza eta hezitzailearen laguntza pedagogikoa.

4.–Behaketan eta esperimentazioan oinarritutako metodologia. Laneko programazioa epe laburrera eta luzera. Egindako lanaren dokumentazioa.

5.–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluazioaren eginkizuna. Ebaluazioko estrategiak, teknikak eta tresnak. Behaketa, ebaluazio teknika gisa.

6.–Ikerketa praktikatik abiatuta Haur Hezkuntzan. Ikerketa heziketa-taldearen hobekuntzarako estrategia gisara.

7.–Eboluzioaren unerik esanguratsuenak 0-3 urteko fasean.

8.–Pentsamenduaren konplexutasuna. Garapen kognitiboa eta mugimenduaren garapena, 0-3 urte bitarteko haurrengan. Zentzu-mugimenezko garapenaren eta garapen kognitiboaren arteko harremana haurtzaroan. Garapen logiko-matematikoa. Pertzepzioaren garapena: zentzumenak garatzeko jarduerak eta espazioak. Psikomotrizitatea eta bere eginkizun globalizatzailea, garapen kognitibo, afektibo eta mugimenduzkoan. Gorputz-eskema eta bere garapena. Gorputz-jarreraren kontrola. Lateralizazioa.

9.–Garapen sozio-afektiboa. Nortasunaren garapena: identitatea, autonomia eta autoestimua. Indibiduazioa eta sozializazioa.

10.–Hizkuntzaren garapena. Adierazpena eta komunikazioa 0-3 urte bitarteko haurrengan. Hizkuntza eta pentsamendua. Ulermenaren eta adierazpenaren garapena.

11.–Esku-hartzea familiekin. Familiaren parte-hartzea haur eskolako hezkuntza-eginkizunean. Komunikazioko eta lankidetzako bideak. Bilerak gurasoekin: helburuak, planifikazioa eta balorazioa.

12.–Autonomia eta osasuna: haurren oinarrizko beharrak. Autonomia pertsonaleko azturen entrenamendua eta ebaluazioa. Elikadura, esfinterren kontrola, loa, garbitasuna, jantziak. Bazkalordua, hezkuntza-une gisara. Haurren atsedena.

13.–Jolasa, haurren garapen orokorrean. Jolasa, baliabide didaktiko gisa. Haur jolasaren garapena. Jolas Heuristikoa. Jolas eta jostailu motak. Jolasari laguntzen dioten materialak eta baliabideak. Hezitzailearen zeregina jolasean. Jolas eremuak eta jolastokia. Giro ludikoen sorrera.

14.–Espazioen eta denboren antolaketa eta ebaluazioa. Eguneroko erritmoak eta ohiturak. Denbora antolatu eta banatzeko ereduak: banakako jarduerak eta taldekakoak. Espazioen antolaketa. Txokoak, jolaserako eta atsedenerako eremuak.

15.–Lantegiak, haurraren interesean eta jardueran oinarritutako metodologia gisa. Adierazpen artistikoa: teknikak eta baliabideak. Adierazpen artistikoaren garapena haurrengan. Arte-hizkuntzaren oinarrizko elementuak.

16.–Eskola Berria eta Decroly, Montessori, Freinet eta Pestalozziren ideiak. Abanguardiako mugimendu pedagogikoak: Vigotsky, Bruner, Ausubel eta Emmi Pikler. Reggio Emiliako (Italia) Udaleko haur eskoletan aplikatutako Loris Malaguzziren pedagogia. Korronte psikopedagogiko nagusien eragina haur-hezkuntzan.

Iragarkiaren kodea: L1304387