65. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza fiskala, gimnasioko instalazioen erabilera
arautzen duena. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2012ko abenduaren 10eko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gimnasioko kirol instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza fiskala.

Iragarkia 2012ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 31n, argitaratu ondoren, jendaurrean egon bitartean ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, aipatu ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, eta ondoren argitaratzen da eduki osoa.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Otsagabian, 2013ko otsailaren 28an.–Alkate udalburua, María Luisa Sáez García-Falces.

UDALAREN GIMNASIOKO KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu egin zuen lege hori).

2. artikulua. Otsagabiko Udalaren gimnasioko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoek dituzte ordainarazpen hauek ordaindu behar.

3. artikulua. Instalazio horretarako sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaindu beharra.

4. artikulua. Otsagabian erroldatutako bizilagun guztiak izan daitezke instalazioetako abonatuak.

Erroldatu gabeak abonatu bilaka daitezke, horretarako ezarritako tasak ordainduta. Abonamendu hori bukatuko da Udalari instalazioaren saturazioa dela-eta komenigarria iruditzen zaionean.

14 urtetik beheitikoak ezin daitezke abonatu izan.

Salbuespenez, Udalak aztertuko ditu ibarrean bizi arren bertan arrazoi bereziengatik erroldaturik ez daudenen kasuak.

Udal kiroldegiko instalazioak erabiltzeko abonatuei luzatzen zaien txartela pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrari baizik ez dio ematen instalazioak erabiltzeko eskubidea.

5. artikulua. Orobat, abonatu izateko eskaera egiten ahalko dute, erroldaturik ez egonik ere, ibarreko klubekin lotura zuzena dutenek monitore edo jokalari gisa edozein kirol motatan ibarra ordezkatzen duten talde federatuetan egoteagatik; halakoei erroldatuen tasak aplikatuko zaizkie. Eskaera hori urtero berritu beharko da eta ukatuko da horretarako aukera eman zuen egoera bukatzen denean.

Eskaera hori zuzenean dagokionari baizik ez zaio kontuan hartuko; ez zaie, beraz, haren ezkontideei, gurasoei eta seme-alabei zabaltzen ahalko.

6. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Erabiltzaile bakoitzak hileko edo urteko kuota ordainduko du kirol instalazioak erabiltzeagatik; kuota hori hilabete naturalarekin edo urte naturalarekin bat etorriko da, hurrenez hurren.

Kuota ezin izanen da hainbanatu, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen zenbatekoa itzultzeko, ongi justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik; udal administrazioko organo eskudunak baloratuko ditu inguruabarrak eta, bidezkoa bada, gelditzen diren hilabete naturalen zenbatekoa itzuliko du, bajaren data onartzen den hilabetea izan ezik.

7. artikulua. Ez da egun baterako sarrera-txartelik emanen.

8. artikulua. Instalazioak abonamenduaren bitartez erabili nahi dituztenek, Udalak finkatzen duen moduan eta finkatzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.

Horretarako, instalazioetan txartel elektronikoaren bidez sartzeko sistema ezarriko da. Txartel horretan agertuko dira erabiltzaileak ordaindutako kuotaren arabera baimenduta dauden egunak, orduak eta sarrerak.

Baja emanez gero, txartel elektronikoa udal bulegoetan utzi beharko du erabiltzaileak.

9. artikulua. Udalak, hala dagokionean, zehaztuko du denboraldiak noiz hasi eta noiz amaituko diren, urtaro bakoitzean instalazioak zein ordutan ireki eta itxiko diren, eta zein egunetan egonen diren itxita.

10. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bertzenaz kanpora bidaliko baitituzte.

11. artikulua. Erabiltzaileek beti errespetatuko dituzte instalazioak erabiltzeko arauak; horiek instalazioak erabiltzeko erregelamenduan bildurik daude eta ikusgai daude haien esparru bakoitzean.

12. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskineko kuotak.

13. artikulua. Udalaren kiroldegian sarrera-txartelik edo erabiltzeko baimenik gabe sartze hutsa iruzurtzat joko da.

14. artikulua. Udalak urtero zehaztuko du urte bakoitzeko kuoten zenbatekoa.

15. artikulua. Taldeek, bai bertakoek bai kanpokoek, instalazioak erreserbatzeko egin nahi dituzten eskaerak udal bulegoetan aurkeztuko dituzte, erreserbarako eskaeraren edo horretarako prestatutako eskabidearen bitartez.

Tarifen eranskinean ezarritakoa izanen da tasa, kirol motaren batean ofizialki lehiatzeko antolaturiko abonatuen taldeen kasuan izan ezik, haiendako Udalak kuota berezi murriztuak ezartzen ahalko baititu.

16. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko dagoen araudiari jarraituko zaio.

17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, edo, bertzenaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta erabateko ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

Honela finkatu da inskripzio kuota:

1.–14 urtetik beheitikoak: debekatuta.

2.–14 urtetik 16 urtera bitartekoak: gurasoen, tutoreen edo guraso-ahala dutenen baimenarekin: doan.

3.–16 urtetik goiti:

–Hileko kuota: 15,00 euro/hilabetea.

–Urteko kuota: 120,00 euro/hilabetea.

Iragarkiaren kodea: L1303916