65. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GOLDARATZ

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Goldarazko Kontzejuak, 2011ko apirilaren 8an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Goldarazko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren proiektua.

Goldarazko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa erantsi da.

Goldaratzen, 2011ko martxoaren 7an.–Alkatea, Juan Ignacio Iturralde Vildarraz.

ORDENANTZA, GOLDARAZKO KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. titulua.–Xedapen orokorrak (1-4 artikuluak).

II. titulua.–Administrazioa eta xedapen egintzak (5-6 artikuluak).

III. titulua.–Herrilurrak zaindu eta berreskuratzea (7-13 artikulua).

IV. titulua.–Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua.

I. kapitulua.–Xedapen orokorrak (14-16 artikuluak).

II. kapitulua.–Herrilurretako larreen aprobetxamendua (17-34 artikuluak).

III. kapitulua.–Etxerako egurraren aprobetxamendua (35-38 artikuluak).

IV. kapitulua.–Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak (39. artikulua).

V. kapitulua.–Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan (40-41 artikuluak).

V. titulua.–Arau-hausteak eta zehapenak (42-43 artikuluak).

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Goldarazko Kontzejuaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Goldarazko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Goldarazko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Goldarazko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Goldarazko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Goldarazko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Goldarazko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Goldarazko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuaren Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Goldarazko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Goldarazko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Goldarazko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Goldarazko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Goldarazko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herrilurretako larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

c) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Orokorrean, familia unitateak edo norbanakoak izanen dira herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak Goldarazko Kontzejuko Azienden Erregistroan inskribaturik badituzte, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Familia unitateak:

a) Adinez nagusi izatea edo adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua.

b) Goldarazko Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebetez gutxienez.

c) Goldaratzen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Goldarazko Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

–Norbanakoak.

Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren familia unitatetik kanpora aritu nahi duten gazteak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udal erroldan izena emana izatea eta herrian jarraian bizitzea.

b) Haien bizimodua abeltzaintza edo nekazaritza izateko asmoa izatea.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubidean alta emanda egotea.

16. artikulua. Norbanakoak baldin badira nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi dutenak, eskaera egin beharko diote Kontzejuari eta honek kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala uste badu.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Goldarazko herrilurretako larreen aprobetxamenduak ordenantza honetako artikuluak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean banatuko dira.

a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

b) Enkante publikoan esleitzea edo Goldarazko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Goldarazko Kontzejuak eginen du herrilurretako larreen aprobetxamenduak esleitzeko prozesua.

18. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.

19. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehen mailako lurra: 11,42 euro/erregua/urtea.

–Bigarren mailako lurra: 9,32 euro/erregua/urtea.

–Hirugarren mailako lurra: 7,51 euro/erregua/urtea.

–Laugarren mailako lurra: 5,41 euro/erregua/urtea.

–Lehenagoko banaketa: 351,27 euro/lurzatia/urtea.

–Baltsak okupatutako lurra: 14,13 euro/erregua/urtea.

Lurrak sailkatzeko, Nafarroako Gobernuak lurzatien berrantolamenduan egindako sailkapenak hartuko dira kontuan.

20. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartutako indizeen arabera.

21. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Goldarazko Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Onuradunak bere aziendak kentzen baditu Kontzeju honen Azienden Erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenak. Neguko hilabeteetan bakarrik ematen ahal dira larreak errentan, ardiak edo bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.

c) Kontzejuaren Batzarraren txostenaren arabera, esleitutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

22. artikulua. Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Diruzaintzan.

23. artikulua. Goldarazko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egin ahalko ditu edozein unetan, lurzatietako laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

24. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa dagokion ekitaldia bukatu baino lehen gauzatuko da.

25. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 30 eguneko epean 10 urteko esleipenaldiari dagokion diru kopuruaren %5 utzi beharko du fidantza gisa.

26. artikulua. Lurrik sobratzen bada, enkante publikoan esleituko da.

27. artikulua. Herrilurretako larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilurretako larreetan bazkatzen den aziendaren babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

28. artikulua. Eskabideekin batera abelburuen kopurua egiaztatzen duen katastroko ziurtagiria aurkeztu behar da, baita hauen gaineko zinpeko aitorpena ere:

a) Goldarazko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

29. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 30 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

30. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 10 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

32. artikulua. 10 urte horiek bete gabe herrilurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten familia unitateek edo norbanakoek Kontzejuari eman beharko diote horren berri, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

33. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

34. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Goldarazko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

35. artikulua. Goldarazko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

36. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

37. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

38. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua.

b) Erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea, epaitza zozketatu baino urtebete lehenago gutxienez.

c) Herrilurraren titularra den herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Urtean bederatzi hilabetez jarraian bizi ez direnek, hiru hilabetetik bederatzi hilabete bitartera bizi badira eta erroldaturik badaude, urte bakoitietan eskatzen ahalko dute lotea.

e) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin. Honen barrenean sartzen da auzolanak egiteko betebeharra, urtean gutxienez hiru egin behar baitute bertan normalean bizi direnek, erroldatuta egon ala ez, eta gutxienez urtean bi auzolan eta hurrengoan bat egin behar baitute 3 eta 9 hilabete bitartean bizi direnek, erroldaturik egon ala ez. Hau da, epaitza bi urtean behin eskatzen dutenek gutxienez hiru auzolan egin behar dituzte bi urtean.

f) Epaitzak zuzenean aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago haiek saltzea, eta hurrengoa esleitu aurretik hartu beharko dira.

g) Urtean 9 hilabetez baino gehiago bizi direnek, erroldatuta ez egon arren, urtero aprobetxatzen ahal dute epaitza.

h) Ezarritako kuota ordaintzea, hau da, 30 euro 2010. urterako. Urtero eguneratzen ahal da kuota hori, Kontzejuko Batzarrak erabakitzen duen moduan. Epaitzak mendi zaindariarekin batera markatzen dituztenak salbuetsita daude kuota hori ordaintzetik. Pertsona horiek epaitza aukeratzea daukate, zozketan sartu gabe.

Orobat, hirugarrenak kontratatuz egiten bada markaketa edo soilketa, Kontzejuak kontuan hartuko du kasu bakoitzean zein den aplikatu beharreko kuota edo uko eginen zaion hari.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

39. artikulua. Goldarazko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

40. artikulua. 1.–Goldarazko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

41. artikulua. Kontzejuak baino ez ditu onetsiko aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herrilurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

m) Herrilurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

43. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1303661