65. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2013ko martxoaren 20koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Plazaola Turismo Partzuergoak sustatutako “Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala” aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona.

2010eko maiatzaren 10ean Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakiaren bidez (2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa), Plazaola Turismo Partzuergoak sustatutako “Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala” onetsi zen.

Espediente honen xedea da udalez gaindiko proiektu sektorial hori aldatzea bi tarte hauetan:

1. Aitzoaingo Kontzejuan (Berriobeiti), Oronsuspeko auzoa eta Berriozar lotzen dituen tartean mota desberdineko trafikoek bat egitean arazoak sor litezkeenez, halakorik ez gertatzeko, proposamena da plataforma bat eraikitzea, egungo galtzadaren paraleloan joanen dena, motorrik gabeko ibilgailu eta oinezkoentzat soilik. Bestetik, Oronsuspeko auzoan aurreikusten da trazadura aldatzea eta Berriobeitiko katastroaren 16. poligonoko 42. eta 51. lurzatien artean dagoen jabari publikoko eremuan barna pasaraztea.

2. Saratsako Kontzejuan (Itza) trazaduraren aldaketaren helburua da, funtsean, trenbide zaharraren jatorrizko trazadura berreskuratzea, N-240A errepidearen paralelo, Saratsako herriguneko giroa ez aldatzeko, bide berdeak sor lezakeen mugimendutik alde batera, eta kontuan hartuta N-240A errepidearen inguruetako erabilera tertziarioak indarra galtzen ari direla. Horri esker, trenbidearen jatorrizko trazadura berreskuratu daiteke.

Aldaketarako bi proposamen horiek bermatzen dute trazaduraren jarraipena bere luzera osoan.

Bestetik, Itzako udal plan orokor berriak aurreikusirik dauka Plazaolako trazadurarako erreserba egitea, aldaketa honetan trazaduran proposatzen diren aldaketekin bat.

N-240A errepideak izan ditzakeen ukipenei dagokienez, txostena eskatu zaio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari.

Horrenbertzez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2013ko otsailaren 26ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Plazaola Turismo Partzuergoak sustaturikoa, aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzute ematea aldaketak ukitutako mugapeetako toki entitateei, hilabete batez.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta igortzea Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, eta jakinaraztea Itzako eta Berriobeitiko udalei, Saratsako eta Aitzoaingo kontzejuei eta Plazaolaren Turismo Partzuergoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko martxoaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1304429