249. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

112/2013 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, unibertsitatekoak ez diren ikastetxe publikoei zuzendutako jarraibideak onesten dituena, banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden guraso edo tutoreei dagokienez.

Foru agindu honen xedea da jarraibide batzuk onestea ikastetxeetako irakasleei laguntzeko, ez bada gatazka mota hori ebazten, bai gutxienez adingabeko ikasleen babesa bermatzeko egokienak diren neurriak hartzen eta ekiditen ikasle horien guraso-agintea esleitua dutenen arteko desadostasunek eragin negatiboa izan dezaten adingabeengan hezkuntza esparruan.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.º Foru Agindu honen eranskineko jarraibideak onestea.

2.º Foru Agindu honen jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei ezarriko zaizkie, ikasleen onarpenari dagokionez.

3.º Foru Agindu hau eta eranskina Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe ez-unibertsitarioei jakinaraztea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta, orobat, adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2013ko abenduaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

ANEXO I

Unibertsitatekoak ez diren ikastetxe publikoendako jarraibideak, banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden
guraso edo tutoreei dagokienez

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eskolatuta dauden ikasleen gurasoen edo tutoreen artean geroz eta ohikoagoak dira banaketa edo dibortzio egoerak. Horren ondorioz, maiz hauek gatazka egoeran aurkitzen dira, eta horrek zaildu egiten du familiekiko ohiko komunikazio eta harreman sistema.

Zentzu honetan, Nafarroako Administrazio Publikoek adingabeei erantzuteko egindako jardueren oinarri izan behar duen printzipioetako bat da, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, adingabeen interesen eta dituzten eskubideen bermearen lehentasuna horien aurka izan litekeen beste edozein interes zilegiren gainetik.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak uste du egoki dela jarraibide batzuk finkatzea ikastetxeetako irakasleei laguntzeko, ez bada gatazka mota hori ebazten, bai gutxienez adingabeko ikasleen babesa bermatzeko egokienak diren neurriak hartzen eta ikasle horien guraso-agintea esleitua dutenen arteko desadostasunak ekiditen.

Kode Zibileko 154. eta 155. artikuluei jarraikiz, guraso-agintea da gurasoei dagozkien ahalmen eta betebehar multzoa, adingabeen zaintza, hezkuntza eta laguntza eginkizunak betetzeko. Bi gurasoek batera baliatuko dute edo horietako batek bakarrik, baina bestearen esanbidezko edo isilbidezko adostasunarekin. Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari edo Foru Berriari buruzko 63. Legean ere hala esaten da.

Bereizi behar da figura hau zaintza eta jagoletzaren figuratik. Berez, guraso-agintearen eskumen eta betebeharretako bat da. Baina, guraso-agintea da gurasoek duten erantzukizuna adingabeei eragiten dieten erabakiak hartzeko garaian eta zaintza eta jagoletza, aldiz, zuzenago dago loturik adingabeak zaindu eta artatzeko beharrezkoak diren ekintza arruntekin, hots, eguneroko eginkizunetatik eratorritako alderdiekin: elikatzea, zaintzea, heztea, kontsolatzea, ikasketa eta abarrekin.

Oro har eta, espresuki horrela adierazten duen ebazpen judizialik ez badago, gurasoen banaketa edo dibortzio egoerak ez dio kentzen guraso-agintea bietako inori eta, beraz, biek dute eskubidea beren seme-alaben hezkuntzari eragiten dioten alderdi guztietan erabakiak hartzeko eta ikastetxearen aldetik seme-alaben ikaskuntza prozesuaren gaineko informazioa jasotzeko.

Horregatik, jarraibide hauek ikastetxeei jarduera ildo batzuk eman nahi dizkiete, erantzuna eman ahal izan diezaieten esparru honetan sor daitezkeen balizko gatazka egoerei, adingabeei eman beharreko hezkuntza erantzun egokia bateratu ahal izateko gurasoei, guraso-agintearen jabe direnez, dagozkien eskubideen erabilerarekin.

1. Ikasleak onartzeko prozesua.

1.1. Guraso banatu edo dibortziatuen kasuan, edo bizikidetzari bukaera eman dioten izatezko bikoteen kasuan, edo gurasoen edo legezko ordezkarien artean desadostasuna dagoen zeinahi kasutan, lehen aldiz eskatzen dutenean ikastetxean onarpena edo ikastetxez aldatzea eskatzen dutenean, ikastetxeak honela jokatuko du:

1.1.1. Baliozko eskabide eraginkortzat joko da bi gurasoen sinadura duena;

–bietako batek bakarrik egindakoa, betiere bestearen zinpeko aitorpena badu ados dagoela adieraziz, edo.

–bietako batek bakarrik egindakoa, betiere horrekin batera aurkezten bada erabaki hori soilik berari dagokiola egiaztatzen duen ebazpen judiziala.

Azken kasu honetan, ikastetxeak eskabidearen berri eman beharko dio beste gurasoari, bost eguneko epean frogatu ahal izan dezan badagoela ondoko beste ebazpen judizial bat, beste gurasoak aurkeztu duena indargabetu edo aldatu egiten duena.

1.1.2. Gurasoen arteko desadostasuna badago:

–Guraso-agintea hezkuntza alorrean baliatzeaz Ebazpen judizialetik (edo biek ikastetxearen aurrean berretsitako adostasunetik edo biek onarturiko bitartekariak hartutako erabakitik) ondorioztatzen dena eginen da, guraso-agintea soilik esleitzen bazaio gurasoetako bati.

–Ebazpen judiziala ez bada aurkezten edo aurkeztutakotik ez bada ondorioztatzen nori dagokion erabakia, ikastetxe bakoitzean ulertuko da ondokoak direla bi gurasoek onartzen dituzten irizpideak, aurkezten ez badute bederen beraien arteko beste akordio bat edo biek onarturiko hirugarren batena, araudiari edo honi dagokion ebazpen judizialari jarraikiz:

a) Lehenengoz onartua:

–Desadostasuna denean adingabea zein udalerritan eskolatu, eta gurasoak ez direnean bizi udalerri berean: gurasoetako batek aurkezten ez duen bitartean ebazpen judizial bat (edo akordio bat edo bitartekariaren ebazpen bat) adieraziz nori dagokion erabakitzea non eskolatu behar den, lehentasuna emanen zaio eskolatzeari ohikotasunez adingabearekin bizi dela egiaztatzen duen gurasoaren bizitokiko udalerrian, edo bestela, ikaslea ikastetxera eraman eta bertatik jaso maiztasun handienez eginen duenaren bizitokiko udalerrian. Zaintza partekatua bada edo adingabea berdin bizi bada batekin edo bestearekin, edo ikastetxerako joan-etorriak erdibanaturik badaude, lehentasuna emanen zaio, lehenik, adingabearen anai-arreben ikastetxeari edo, halakorik ezean, bi gurasoetako edozeinen helbidetik hurbilen dagoen ikastetxeari.

–Desadostasuna udalerri bereko zein ikastetxetan eskolatzearen gainekoa denean: bi gurasoetako batek aurkezten ez duen bitartean ebazpen judiziala (edo bitartekariaren akordioa edo ebazpena), non erabakitzen den nori dagokion zein ikastetxetan eskolatzea, lehentasuna emanen zaio adingabekoaren anai-arreben ikastetxeari, eta anai-arrebarik ez badu, adingabekoa bi gurasoetako batekin bizi bada ohikotasunez edo bi gurasoetako batek ikastetxera eraman eta bertatik jaso maiztasun handiagoz egiten badu, haren bizitokitik hurbilen dagoen ikastetxeari. Zaintza partekatua bada edo berdin bizi bada bi gurasoekin, edo ikastetxerako joan-etorriak berdintsu egiten badituzte, lehentasuna emanen zaio bi gurasoetako edozeinen helbidetik hurbilen dagoen ikastetxeari.

b) Ikastetxe aldaketa: gurasoetako batek aurkezten ez duen bitartean ebazpen judizial bat (edo akordio bat edo bitartekariaren ebazpen bat) adieraziz nori dagokion erabakitzea ikastetxez aldatuko den ala ez, lehentasuna emanen zaio ikaslea eskolatua dagoen ikastetxean gelditzeari, salbu eta aldaketa ohikotasunez adingabearekin bizi den edo ikaslea ikastetxera eraman eta bertatik jaso maiztasun handienez egiten duen gurasoaren bizitoki aldaketa justifikatu baten ondorio bada.

2. Informazioa.

2.1. Izatez edo legez banatuta edo dibortziatuta dagoen gurasoak, ez duenean esleituta edo ez duenean denbora gehienean zaintza eta jagoletza baliatzen, seme-alaben hezkuntzari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izanen du, betiere judizialki ez badute eskubide hortaz espresuki desjabetu. Ikastetxeari bere intereseko informazioa eskatu ahal izanen dio, eta horren barnean:

–Ebaluazioaren gainekoa.

–Eskola egutegia.

–Eskola jarduerez eta eskolaz kanpokoen programa.

–Eskola kontseiluarekin loturiko oro.

–Jarraibide hauen 4. puntuan aipatzen diren erabaki garrantzitsuei buruzkoak.

–Eskola jantokiko menua.

–Abisuak, justifikatu gabeko eskola absentziak edo baldintza higieniko eta/edo fisiko txarretan bertaratzea tarteko.

–Tutoretza baliatzen duenarekin harremana, familia bilkuren gainean informazioa jasotzeko.

–Istripu kasuetan abisua jasotzea.

–Ikastetxeak zaintzaren ardura duen gurasoari jakinarazten dion zeinahi beste informazio.

2.2. Eskatzailea guraso-aginteaz ez dutela gabetu bermatzeko, eskabidea beste gurasoari jakinaraziko zaio, bost eguneko epean aurkez dezan, kasua bada, aipaturiko gabetzea egiaztatzen duen ebazpen judiziala.

2.3. Behin ikusirik eskatzailea ez dagoela informazio eskubideaz gabetuta, ikastetxeak eskatu izan dituen informazioak gurasoari jakinaraziko dizkio, horretarako ikastetxe bakoitzean ezarritako bidearekin bat. Nolanahi ere, bermatu beharko du informaziorako eskubidea gauzatzen dela.

Posible den guztietan bide telematikoa erabiliko da, hori bada eskatzen edo onartzen duena eskatzaileak.

2.4. Informazio erregimen hori ikastetxeak mantendu eginen du denboran, ez bada erregimen aldaketa eskatzen duela zaintza baliatzen ez duen edo baliatzea ez dagokion edo denbora gehienean ez darabilen gurasoak edo beste gurasoak ez badu egiaztatzen guraso-aginteaz gabetu egin dutela.

3. Haurrak utzi eta jasotzea:

3.1. Bi gurasoek eskatzen badiote ikastetxeari semea/alaba irteeran jasotzea, ikastetxea biengana zuzendu beharko da, adieraziz aurkez dezatela ebazpen judiziala, edo bitartekariarena, edo biek izenpeturiko akordioa, sartu-irtenetarako erregimena arautuz, edo bi gurasoetako zeinahirendako mugaren bat adieraziz.

3.2. Bi gurasoetako zeinahik izendatu ahal izanen du, ikastetxeak ezarrita duen prozedurako baldintzetan eta horrekin bat, hirugarren bat (edo batzuk), berak pertsonalki haurra jaso ezin duenean hark jaso dezan berari dagozkion egunetan, ikastetxean aurkeztu den ebazpenetik edo akordiotik ondorioztatzen den erregimenaren arabera.

3.3. Desadostasunak daudenean, ez bada ebazpenik edo hitzarmenik aurkeztu, bi gurasoetako edozeini edo biek ontzat jotako hirugarrenei emanen zaie haurra.

3.4. Jasotzeko erregimen hau mantendu egin beharko du ikastetxeak, harik eta erregimen aldaketa bat eskatzen ez duten arte bi gurasoek edo harik eta bietako batek aurkezten ez duen bitartean indarrean den sistema ezartzeko baliatu zen erregimena aldatzen duen ebazpena, akordio berri bat edo ondoko ebazpena.

4. Hezkuntza erabaki garrantzitsuak:

4.1. Nahitaezkoa da bi gurasoen berariazko onarpena ikastetxeak badakienean bien arteko desadostasuna dagoela ondoko gaiei dagokienez:

1. Ibilbidea edo aukerako irakasgaiak hautatzea.

2. Erlijioa edo haren hezkuntzako ordezko irakasgaia hautatzea.

3. Irudiak eta/edo datu pertsonalak biltzea edo ematea.

4. Hizkuntza ereduz aldatzea.

5. Eskola jantokiko zerbitzuan izena ematea edo baja ematea.

6. Eskolaz kanpoko jardueretan eta/edo eskola esparrutik kanporako irteeretan izena ematea edo izen-ematea indargabetzea.

7. Ohiko gaiez kanpoko zeinahi erabaki.

4.2. Ez dagoen bitartean akordiorik edo hitzarmenik edo ebazpenik aurkezten ez den bitartean, edo emandako hitzarmen edo ebazpenak ez badu berariaz ebazten zein gurasoren irizpidea nagusitu behar den, ondoko irizpideak izanen dira ikastetxe bakoitzak hartuko dituenak, harik eta aurkezten ez duten bitartean beste akordio bat beraiena edo hirugarren batena, bi aldeek onartua, araudiarekin edo dagokion ebazpen judizialarekin bat:

–1. erabakia: ibilbideari edo aukerako irakasgaiak hautatzeari buruzko erabakia, ikaslearena da.

–2. erabakia, erlijioa edo ordezko hezkuntza aukera hautatzea:

  • Erlijio irakasgaian emanen du izena, bi gurasoetako batek bataio agiria aurkezten badu. Beste edozein kasutan ordezko hezkuntza aukeran emanen du izena.
  • Aurrekoa galarazi gabe, afera aukeraz aldatzea bada, lehentasuna emanen zaio jada hautatua dagoenean jarraitzeari adingabeak 12 urte baino gutxiago baditu eta lehentasuna emanen zaio adingabearen irizpideari 12 urte baino gehiago baditu.

–3. erabakia, irudi eta/edo datu pertsonalak jaso edo uzteko baimenaren gainekoa: ikasleari dagokio 12 urte baino gehiago baditu, eta ez baditu, ezin izanen da irudi eta/edo datu pertsonalik jaso edo utzi.

–4. erabakia, hizkuntza eredua aldatzearen gainekoa: ikasleari dagokio 12 urte edo gehiago baditu, eta ez baditu, lehengo ereduan mantenduko da.

–5. erabakia, eskola jantokiari buruzkoa: zaintza daramanari edo esleitua duenari edo ikaslearekin bizi denari eta/edo ikaslea maizen eramaten eta jasotzen duenari dagokio. Galarazi gabe, ikastetxeak baldin badaki desadostasuna soilik arazo ekonomiko baten ondoriozkoa dela eta, izena ematea nahi duen gurasoa prest badago zerbitzua edo jarduera bere kargu ordaintzeko, haren iritzia gailenduko dela. Aurreko irizpideek ez badute ahalbidetzen desadostasuna ebaztea, ikaslearena izanen da azken iritzia.

–6. erabakia, eskolaz kanpoko jarduerei eta/edo eskola esparrutik kanpoko irteerei buruzkoa: zaintza daramanari edo esleitua duenari edo ikaslearekin bizi denari eta/edo ikaslea maizen eramaten eta jasotzen duenari dagokio. Galarazi gabe, ikastetxeak baldin badaki desadostasuna soilik arazo ekonomiko baten ondoriozkoa dela eta, izena ematea nahi duen gurasoa prest badago zerbitzua edo jarduera bere kargu ordaintzeko, haren iritzia gailenduko dela. Aurreko irizpideek ez badute ahalbidetzen desadostasuna ebaztea, ikaslearena izanen da azken iritzia.

5. Beste desadostasun batzuk:

Jarraibide hauetan ezarritako irizpideak aplikatu daitezke, gurasoen arteko desadostasun kasuetarako, zeinahi delarik ere gurasoen egoera zibila.

6. Ikastetxe pribatu itunduak:

Jarraibide hauetako irizpideak orientazio gisa erabili ahalko dituzte ikastetxe pribatu itunduek, galarazi gabe honen harira unibertsitatekoak ez diren ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleak hartzeko arau eta jarraibideetan ezarritakoa.

7. Hedapena:

Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztietara igorriko dira jarraibide hauek, eta ikastetxe publikoen kasuan, kopia bat eskaini beharko zaie eskatzen duten guraso guztiei edo ikastetxean ustez jarraibide hauek balia ditzakeen orori.

EREDUAK

1.–Beste gurasoarendako kautelazko komunikazioa, ikaslea onartua izan denean edo ikastetxez aldatzea eskatu denean.

..................... datarekin, ikastetxe honetan .................... jaunak/andreak ............................ semea/alabarendako egindako eskabidea jaso dugu. Guraso horrek ebazpen judiziala (edo bi aldeek onarturiko bitartekariaren ebazpena) aurkeztu du, eta bertan ondorioztatzen da berari dagokiola erabakitzea semea/alaba zein ikastetxetan eskolatu.

Komunikazio hau jasotzen duzun unetik bost egun naturaleko epean ez baduzu aurkezten ondoko beste ebazpen bat non ondorioztatzen den zuri ere badagokizula edo zuri baino ez dagokizula semearen/alabaren onarpenaren gainean erabakitzeko eskubidea, ulertuko dugu beste gurasoak egindako eskabidea baliozkoa eta eraginkorra dela.

Oharrak:

1.–Ikastetxeak komunikazio hori egin behar du, hartzaileak zein egunetan jaso duen adieraziz.

2.–Denbora faltagatik ez balitz posible prozedura horri jarraitzea beste gurasoari jakinarazpena formalki emateko, ikastetxea bestelako modu azkarrago batez jarriko da harremanetan (telefono edo posta elektroniko bidez).

Espedientea tramitatu duenaren sinadura:

2.–Beste gurasoarendako kautelazko komunikazioa, informazioa eskatu denean.

................. datarekin ikastetxe honetan .................... jaunaren/andrearen informazio eskabidea jaso da, .................... semearen/alabaren hezkuntzaren gaineko zenbait gai aipatuz. Atxikia igortzen zaizu.

Komunikazio hau jasotzen duzunetik bost egun naturaleko epean ez baduzu ebazpen judizial bat aurkezten non ondorioztatzen den guraso.aginteaz gabetua dagoelako edo bestelako arrazoiren batengatik beste gurasoari ez dagokiola eskatu duen eskubidea edo eskatu duen informazioren bat, eskaera ontzat joko da.

Oharrak:

1.–Ikastetxeak komunikazio hori egin behar du, hartzaileak zein egunetan jaso duen adieraziz.

2.–Ofizioa ere igorriko da, beste gurasoaren eskabidearen kopia atxikiz.

Espedientea tramitatu duenaren sinadura:

ONARTUA IZATEKO EREDURAKO JARRAIBIDEAK

–Oro har, onartua izateko eredua baliagarria eta eraginkorra izan dadin, guraso aurkezleak egin beharko du:

a) Beste gurasoaren sinadura jaso edo.

b) Zinpeko aitorpenean sinatu beste gurasoaren onarpena duela.

–Horrez gain, banaketa, dibortzio edo izatezko bikoteen kasuan bizikidetza etete egoeran daudela -hala adieraz dezakete horretarako prestatu den laukitxoan- adierazi nahi duten gurasoek bi gurasoen helbidea adierazi beharko dute, eta era berean:

a) Egiaztatu dagokion ebazpen judizialaren bidez (edo biek onarturiko bitartekariaren ebazpenaren bidez) berari dagokiola bakarrik onarpenari buruzko erabakia edo.

b) Gainerako kasuetan, desadostasuna badago bi gurasoen artean, ebazpena aurkeztu beharko du, lehentasuna zein den adieraziz, bestelako erabakirik ez den bitartean.

Aurkeztutakotik ez bada ondorioztatzen nori dagokion erabakia hartzea, jarraibide hauen 1.1.2 puntuan zehaztutakoaren mende izanen da.

Iragarkiaren kodea: F1317975