245. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

361/2013 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistikoaren mugaketa berrikusi eta eguneratzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat eman du, honako hau dioena:

“1. Iruñeko Udalak idazki bat igorri du non Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari eskatzen dion Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistikoaren mugaketa berrikusi eta eguneratzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, errealitatera eta indarrean dagoen legeriako kontzeptuetara egokitzeko.

2. Udalak honako hau adierazten du:

–Iruñeko harresiak monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1939ko irailaren 25ean.

–Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistiko izendatu zuten 1968ko apirilaren 6an, 883/1968 Dekretuaren bidez. Izendapen horretan lau eremu bereizi ziren, plano batean mugatuak:

  • Eremu historiko-artistikoa, berez, hiriko alde zaharra, bastioiak eta zitadela biltzen dituena. Eremu hau osorik babestu behar da.
  • Errespetu-eremua, alde zaharraren eta zitadelaren arteko sektore eraikia biltzen duena (lehen zabalgunea).
  • Antolamendu bereziko eremuak. Eremu horietako eraikuntzak Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik onetsitako planaren arabera eraiki behar dira.
  • Berdeguneak.

–Iruñeko zitadela monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1973ko otsailaren 8an.

–Bestetik, gero, Iruñeko harresietako babesgunea (urtarrilaren 19ko 7/1998 Foru Dekretuaren bidez) eta Iruñeko zitadelako babesgunea (urtarrilaren 19ko 8/1998 Foru Dekretuaren bidez) mugatu ziren.

–Aipatu eremu-kontzeptuak egun horietan indarrean zegoen legeriarekin ados zeuden (Ondare historiko-artistiko nazionala babestu, gorde eta handitzeari buruzko 1933ko maiatzaren 13ko Legearekin eta Ondare Historiko-artistikoa Gordetzeari buruzko 1955eko abenduaren 22ko Legearekin), baina ez, ordea, ondarearen arloan orain indarrean dagoen legeriarekin (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearekin eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearekin).

–Halaber, geroago harresi-hondarrak agertu dira ekipamendu publikoetarako hainbat obratako sektoreetan (Orreaga etorbideko eta Karlos III.aren etorbideko aparkalekuak). Horiei esker, Iruñeko hegoaldeko harresiaren jatorrizko trazadura nahiko zehazki mugatu da, baina haren babesa ez da behar bezala aurreikusi.

Udalak adierazitakoari gehi dakioke berriki aurkitutako San Anton bastioia babesten duen aldea Iruñeko Ziudadela Interes Kulturaleko Ondasunaren deklarazioan finkatutako mugaketaren barrenean sartzea onetsi zela urriaren 9ko 329/2000 Foru Dekretuaren bidez.

3. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalaren iritziz, Iruñeko Udalaren eskaera aski justifikatua dago eta, hari erantzuna emateko, Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistikoaren mugaketa berrikusi du eta mugaketarako proposamen bat prestatu.

4. Berrikuspena egiteko, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak zeregin hauek gauzatu ditu:

a) Formatu digitalean, Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak 1:5000 eskalan egindako katastro-kartografiaren gainean (2012ko urtarrilaren 1ean eguneratua), honako hauek marraztu ditu:

–Iruñeko zonifikazio planoa, 1:2500 eskalakoa, 1968ko apirilaren 6ko izendapenaren Dekretuari erantsitakoa (Ondare Arkitektonikoaren Ataleko artxiboan gordetako paperezko kopia, Kultura Ministerioko Arte Ederren, Artxiboen eta Liburutegien Zuzendaritza Nagusiak konpultsatua); beharrezkoa izan da berdeguneen eta Arrotxapeko antolamendu bereziko eremuaren mugak arinki doitzea ibai ondoko zerrendaren hiri antolamendura egokitzeko (jatorrizko muga ez da nabarmenki aldatu).

–Iruñeko harresien eta zitadelaren mugak, mugaketarako jatorrizko planoak oinarri hartuta. Plano horiek 1998an eta 2000n paperean marraztu ziren, Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zerbitzuak 1:500 eskalan egindako kartografiaren gainean (1987ko abuztukoa), eta kasuan kasuko espedienteetan daude Ondare Arkitektonikoaren Ataleko artxiboan.

b) Harresi eta zitadelako elementuak nabarmendu ditu haien irudikapen kartografikoaren gainean, hobeto ikusteko, bi kolore erabilita, fosoak eta gainerakoa bereiziz; glazisak ez dira koloreztatu.

c) Harresi- eta zitadela-hondarren kokapena irudikatu du. Hondar horiek auditorioa eta kongresuen jauregia eta Orreaga eta Karlos III.aren etorbideetako aparkalekuak eraikitzeko hondalanetan agertu ziren.

d) Harresi eta zitadelako elementu desagertuen oinplanoaren lehengoratze-marrazkia egin du, eta aurretik erabilitako kolore berak (baina motelduak) erabili ditu elementuak hobeto ikusteko. Lehengoratze-lanak honako hauek ditu oinarri:

–Hondalan horietan lurpean agertutako harresi- eta zitadela-hondarren kokapena.

–Dionisio Casañal y Zapaterok 1882an 1:2500 eskalan egindako Iruñeko planoa. Iruñeko Udal Artxiboan dago, eta kopia bat eman diote Atalari.

–Radaren 1929ko hegaldian ateratako Iruñeko aireko argazkia. Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zerbitzuan gorde da, eta Atalak positibo bat du.

–Iruñeko harresien, zitadelaren eta hiriaren gaineko bibliografia eta liburu horietako plano zaharren erreprodukzioak, bereziki liburu hauetan: Víctor Echarri Iribarren, Las murallas y la ciudadela de Pamplona, Iruña, 2000; José María Ordeig Corsini, Diseño y normativa en la ordenación urbana de Pamplona (1770-1960), Iruña, 1992; Asunción de Orbe y Sivatte, Arquitectura y urbanismo en Pamplona a finales del siglo XIX y comienzos del XX, Iruña, 1985; eta Esther Elizalde Marquina, Pamplona plaza fuerte 1808-1973, del derribo a símbolo de identidad de la ciudad, Iruña, 2012.

5. Aurreko dokumentazioa ikusirik, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako hau proposatu du:

a) Iruñeko multzo historiko-artistikoa hiriko gotorlekuek mugatutako barrutiarekin bat egitea, multzo historikoko gotorleku horiek barne. Gotorlekuak hiriko mugertzak izan dira XX. mendearen hasieran harresien zati bat eraitsi zen arte. Mugaketa honek ez du eremurik.

Harresiek eta zitadelak beren mugak dituzte. Gotorlekuek, berez, perimetro bat sortzen dute, eta horregatik haien mugek eta multzo historiko-artistikoarenek bat egiten dute. Errealitatean, 1998an finkatu zen gotorlekuen mugek eta 1968ko izendapenak berdegunetzat jo zituen eremuen mugek bat egiten dute. Berdegune horiek harresiak eta zitadela inguratzen dituzte, harresietako glazisak integratuz. Alde txiki horiek ikusirik, egokiagotzat jo da mugaketan izendapenari erantsitako planoan gotorlekuen ondoan agertzen ziren berdeguneei dagozkien mugak (handixeagoak) erabiltzea, hau da, ibaialdeko ezpondenak eta harresi eta zitadelako mendebaldeko glazisenak. San Bartolome bastioiaren hego-mendebaldeko eremua mugaketatik kanpo geldituko da, gotorlekuaren hego-ekialdeko sektorearekin erlazioa baitu (ondoren jorratzen den sektorea, hain zuzen ere).

b) Aurreko mugetatik kanpo gelditzen da harresien hego-ekialdeko sektorearen ondoko hiri eremua, 1968ko izendapenaren muga-planoan multzo historiko-artistikotik kanpo dagoena. Hain zuzen ere, eremuaren zati batean harresien sektore hori eraitsi aurreko hiri-trazadurak oraindik badaude ere, ez dago etenik hiriko bigarren zabalgunearekin, eta zabalgunearekin lotuta dago argi eta garbi. Izan ere, eraispenari esker zabaldu zen hiria alde horretatik.

Bistan denez, beharrezkoa da babesa ematea zitadelaren eta San Bartolome bastioiaren artean dagoen eremuko harresi-hondarrei. Iruñeko Udal Planeko katalogoak ematen duen babesa (haren araudi orokorraren 42. artikuluan arautzen diren prozedura-arauen bidezkoa) nahikotzat jo da. Eremu arkeologikoen planoan, sektore hori A eremu arkeologikoan agertzen da, eta eremua memoriaren 8.1 atalean eta katalogoaren araudi orokorraren 9. eta 10. artikuluetan definitzen da.

Hori dela eta, komenigarritzat jo da harresiaren trazaduraren lehengoratze-plana Iruñeko Udaleko hirigintza planeamenduaren dokumentazioan sartzea.

6. Iruñeko alde zaharrerako proposatu den mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena hauxe da:

Yanguas y Miranda kaletik, Bakearen plaza eta Foruen plaza arteko tartean, zenbaki bikoitiei legokiekeen espaloitik; Gaztelugibeleko espaloitik, Foruen plazatik Joan XXIII.aren plazarekiko gurutzagunera; Larraina aldaparen ardatzetik, Gipuzkoako etorbideraino, eta hortik Arga ibaiaren ezkerreko bazterrera zeharkatzen du; Arga ibaiaren ezkerreko bazterretik, Vergel zubiraino, eta hortik Vergel kaleko errepidearen albotik, Labriteko bastioiraino; 6. poligonoko 1089. lurzatiaren ekialdeko mugatik eta San Bartolome bastioiaren ibaialdeko ezpondaren ertzetik, Arrieta kaleko gurutzaguneraino; kale horren ardatzetik Aralar kaleko ardatzera, 2. poligonoko 25. lurzatiaren alboraino; lurzati horren atzealdetik, antzinako Caparrosoren Errotara jaisten den kaleraino eta Joan Labritekoaren kalera; Joan Labritekoaren kaleko errepidearen mugatik, eta Ahumada Dukearen kaleko espaloitik; hortik Karlos III.aren etorbidea zeharkatzen du, Nafarroako jauregiaren etorbide horretako eta Gazteluko plazako fatxadak inguratuz; Sarasate pasealekutik, Nafarroako jauregiaren fatxadatik Yanguas y Miranda kalera; kale hori zeharkatzen du beste aldeko espaloiraino, eta Parlamentuko eraikinaren alboko fatxadako espaloitik, gero Yanguas y Miranda kaleko ardatzetik Bakearen plazako espaloiraino.

Laburbilduz, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak proposatu du Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistikoaren mugaketa aldatzea txosten honetan azaldutakoaren arabera.”

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko alde zaharra multzo historiko-artistikoaren mugaketa behin-behinekoz aldatzea, ebazpen honen azalpen zatiko berrikuste- eta eguneratze-proposamenaren eta erantsitako dokumentazio grafikoaren arabera.

2. Ebazpen hau eta mugaketaren eguneratze-planoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, biharamunetik, 30 egunez, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.

4. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen zaio haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko azaroaren 18an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

ERANSKINA

F1316315_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1316315