245. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Udal ordenantza, Castejongo landabideen
erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2013ko irailaren 27an egin osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze hasiera batean onetsi zuen Castejongo landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2013ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 7an, baita Castejongo Udalaren ediktu oholean ere.

Jendaurrean egoteko epea bururatu ondoan, eta hasiera batean onetsitako testuari alegaziorik inork aurkeztu ez dionez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantzaren testua; Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Aditzera ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

CASTEJONGO LANDABIDEEN ERABILERA
ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Castejongo landabide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

Helburua du landabide publikoak babestea, erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea, eta bide horiek egoera onean edukitzea.

2. artikulua. Erabilera komun orokorra.

Orokorrean, bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute eta hertsiki bete behar dituzte pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Oro har, seinale berezirik ez badago, trafikoko arau orokorrek arautuko dute Castejongo udal mugapeko landabide publikoetako zirkulazioa.

3. artikulua. Mugak.

Muga hauek ezarri dira landabideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat:

a) Pisua, gehienez ere: 7 tona ardatz bakoitzeko.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 kilometro / orduko ibilgailu guztiek. Bide meharretan edo oso aldapatsuetan 20 kilometro / orduko. Uzta biltzeko makinek eta antzeko ezaugarriak dituzten nekazaritzako makina guztiek, errepideetan betetzen dituzten baldintza berak beteko dituzte bideetan.

Beharrezkoa bada, erabilera mugatu daiteke sasoi batzuetan, lurzoruaren hezetasunaren eta egoeraren arabera, lurzoruan edo gainerako azpiegituretan kalterik egiteko arriskurik badago.

Lehentasuna dute nekazaritzan eta abeltzaintzan dabiltzan ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

4. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Salbuespen gisa, aurreko artikuluan zehaztutako karga muga gainditzen duten ibilgailuen zirkulazioa baimendu dezake Udalak.

Ibilgailu astun hauentzako baimena eskuratzeko, 200 euroko fidantza paratu beharko da. Baimenak zehaztutako epean paratuko da fidantza hori eta, beti, bidea erabili baino lehen. Bestela, baimenak ez du ondoriorik izanen.

Lizentziaren titularrak, nahiz eta fidantza eman, bere gain hartuko ditu bideetan egiten diren kalteak, horien konponketak fidantzaren zenbatekoa gainditzen duenean, eta fidantza itzuli eginen da, udal zerbitzu teknikoek bidea kalterik gabe lehengoratu dela egiaztatzen dutenean.

Baimen berezia Castejongo Udaleko Alkatetzak emanen du.

5. artikulua. Erabilera debekatuak.

Landabide publikoetan espresuki debekaturik daude ekintza hauek:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen abiadurari, pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

b) Areka eta/edo bideak goldatzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.

d) Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka edo hustubideetara.

e) Areketara eta hustubideetara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

f) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

g) Lasto metak egitea areketatik zortzi metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

h) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

i) Nekazaritzako lurzatietatik heldu den urarekin bideak betetzea. Areketara edo hustubideetara ateratzea baizik ez da baimentzen.

j) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

k) Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

l) Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

6. artikulua. Finka pribatuetan sartzeko pasabideak.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere.

Udalak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea. Arau-haustea da, orobat, alkateak bandoen bidez emandako arauak edo jarraibideak ez betetzea.

Arau-hausteetan maila hauek izanen dira, larritasunaren arabera:

1.–Arau-hauste arinak. Arau-hauste arinak izanen dira ordenantza honen 5. artikuluko c), d), e), g), h), j), k) eta l) puntuetan jasotako debekuak ez betetzean egindakoak, bai eta ordenantza honen 3. artikuluan adierazten den abiadura gainditzeagatik egindakoa ere.

Arau-hauste arina izanen da, orobat, Alkatetzak bandoen bidez xedatutakoa ez betetzea.

2.–Arau-hauste larriak. Arau-hauste larriak izanen dira ordenantza honen b), f) eta i) puntuetako galarazpenak ez betetzea.

Arau-hauste larritzat hartuko dira, halaber, bi arau-hauste arin egitea eta xedatutako abiadura baino handiagoan ibiltzea, hori landabide publikoetan dabiltzan beste ibilgailu, pertsona edo aziendentzat oso arriskutsua denean, eta 6. artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

3.–Arau-hauste oso larriak. Arau-hauste oso larria izanen da bi arau-hauste larri egitea eta 3. artikuluan zehaztutako zama baino handiagoa duten ibilgailuak ibiltzea landabide publikoetan, baldin erabilera hori eskatu ez bada edo eskatutako erabilera Udalak galarazi badu.

8. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak larritasunaren arabera zehatuko dira, honela:

1. Arau-hauste arinei isuna ezarriko zaie, gutxienez 60 eurokoa eta gehienez 150ekoa.

2. Arau hauste larriek 151 eurotik 300 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

3. Arau-hauste oso larriek 301etik 600 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

Zehapenak ezartzea arau-hausleek eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Castejonen, 2013ko azaroaren 19an.–Alkatea, Yolanda Manrique Albo.

Iragarkiaren kodea: L1316193