225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2701/2013 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak ebaluatzeko prozedura onesten duena, baita agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko dutenen ebaluazioa egitea ere.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 24an emandako 57/2013 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak eman ziren.

Aipatutako foru aginduaren 19. artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela prozedura arruntaren bidez hautatzen diren zuzendari guztien agintaldia bukatutakoan haien zuzendaritza lana ebaluatzea. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lau urteko agintaldian egindako jarraipenean oinarriturik eginen da azken ebaluazio hori.

Bestetik, 18. artikuluan zuzendaritza lanaren ebaluazioan kontuan hartuko diren arloak biltzen dira, eta aipatu foru aginduaren 3. eranskinean arlo horien ebaluazioan erabili beharreko adierazleak ezartzen dira.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak uztailaren 28an emandako 197/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariak merezimendu lehiaketa bidez hautatzeko prozedura ebatzi zen.

Lehen azaldutako guztiarengatik, beharrezkoa da zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura ezartzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetarako, baita, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz hautatu eta izaera arruntez izendaturik, agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko duten zuzendarien lana ebaluatzea ere.

Horrenbestez, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz, erabaki du:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendarien zuzendaritza lana gainbegiratzeko eta azken ebaluazioa egiteko prozedura onestea, ebazpen honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat.

2. II. eranskineko zerrendan ageri diren zuzendarien azken ebaluazioa egitea, hau da, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 197/2010 Ebazpenaren bidez izendatu eta agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko dutenena.

Ebaluazio hori egiteko, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako prozedurari jarraituko zaio, ebaluazio prozesua agintaldiari gelditzen zaion denborari egokituz. Ildo horretan, behaketari dagokion ebaluazio tresna erabiltzeko, egun horretaraino gutxienez bisita bat eginen da gizarte kontseilura, klaustrora eta koordinazio pedagogikorako batzordera.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Deialdien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 7an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Ebaluazio prozedura

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako ikuskatzaileek beteko dute ebaluazio eginkizuna.

2. Honako ebaluazio tresna hauen bidez gainbegiratuko da zuzendaritza lana:

–Ebaluazioaren xede den zuzendariaren zuzendaritza lanaren ebaluazio txostena, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emana agintaldi bakoitzaren amaieran.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuak agintaldiaren lau urteetan zehar egindako dokumentu-analisia, elkarrizketak eta, hala bada, behaketak.

3. Ebaluazioaren xede den zuzendariaren zuzendaritza lanaren ebaluazio txostenean, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emana, bereziki ikastetxe bateratuaren irakaskuntzen eta jardueren garapenarekin eta erakundearen ordezkaritzarekin zerikusia duten proiektuen sustapena eta kudeaketa jorratuko ditu, eta agintaldiaren amaieran eskatuko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak.

4. Dokumentuen analisirako honako dokumentu hauek hartuko dira oinarri: zuzendaritza proiektua, ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionala, kalitatea kudeatzeko sistemarekin lotutako dokumentazioa (halakorik bada), ikasleen errendimenduaren emaitzak, proiektu funtzionalak egin ondoren ikastetxe bateratuan sortutako proiektuak, ordutegiak eta egutegiak, ikastetxeko organoen aktak eta ikuskaritzak egoki iritzitako dokumentu oro.

5. Ebaluazioaren xede den zuzendaria elkarrizketatuko da, bai eta zuzendaritza taldeko gainerako kideak, ikastetxeko koordinazio organoetako ordezkariak eta gizarte kontseiluko kideak ere.

6. Ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko oinarri gisa, gutxienez, bi urtean behin bisita eginen da gizarte kontseilura, klaustrora eta koordinazio pedagogikorako batzordera.

7. Erabilitako ebaluazio tresnek arlo bakoitzerako ekainaren 24ko 57/2013 Foru Aginduaren 3. eranskinean zehaztutako adierazleei jarraitu beharko diete.

8. Zuzendaritza lana gainbegiratzearen ondorioz ikusten bada hobetzen ahal diren arloak badirela, horien berri emanen zaio ebaluazioaren xede den zuzendariari aurrez aurreko elkarrizketa batean, horiek zuzentzeko neurri egokiak har ditzan.

9. Azken ebaluazioa jarraipen lanetan egiaztatutako emaitzetan oinarrituta eginen da. Horrela, ebaluazio txosten bat eginen da eta hartan Gai edo Ez Gai kalifikazioa jasoko da. Ikuskatzailearen azken txostenaren arabera Ez Gai bada, eman baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta kalifikazioaren aurka dagoela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio.

Agiri eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Txostena negatiboa baldin bada, erabakia behar bezala argudiatu beharko da.

10. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak, 2014ko maiatzaren 15a baino lehen, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzendarien ebaluazioaren emaitza jakinaraziko dio, kargua berritzeko dagokion ebazpena eman dezan, beste lau urterako, ebaluazio positiboa lortu eta berritzearen kontra berariaz eta idatziz agertu ez direnentzat.

II. ERANSKINA

Ebaluatu beharreko zuzendariak

IZENA

IKASTETXEA

HERRIA

USUNARIZ MADOZ, JESUS MARIA

ENERGIA BERRIZTAGARRIEN GOI MAILAKO IB

IMARKOAIN

CIRIA FADRIQUE, JUAN CARLOS

ETI IBP

TUTERA

Iragarkiaren kodea: F1315664