225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2713/2013 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaiei 2014-2015 ikasturterako hurrenkera berria emateko deialdia onesten duena.

Uztailaren 5eko 65/2013 Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren menpeko erlijio katolikoko irakasleei destinoak esleitzeko eta haien mugikortasunari buruzko arauak onestu ziren, baita aipatu irakasleak kontratatzeko kudeaketa arauak ere.

Foru agindu horren bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du 2013-2014 ikasturtean, erlijioko irakasleen kontratazioari dagokionez, 9. artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako zerrenda berrietan agertzen diren izangaiei hurrenkera berria emanen zaiela, foru aginduaren I. eranskinean ezarritako merezimenduen arabera.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 28ko 1965/2013 Ebazpenaren bidez, erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien behin betiko zerrendak onetsi ziren, bai eta zerrenda horietan onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak ere.

Ebazpen horren IV. eta V. eranskinetako zerrendetan puntuazioaren araberako hurrenkera agertu zen, aurreko araudian (Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 28an emandako 64/2007 Foru Agindua) merezimenduetarako ezarri zen baremoari jarraikiz eta baloratutako merezimenduen burutze-eguna 2007ko abuztuaren 31 izanik.

Horregatik, beharrezkoa da aipatu zerrendetan dauden erlijio katolikoko irakasleei hurrenkera berria emateko deialdia onestea, izangaiei uztailaren 5eko 65/2013 Foru Aginduan merezimenduetarako finkatu zen baremoan ezarritako puntuazio berriak emateko eta izangaiek aurkeztuko dituzten merezimendu berriak (2007ko irailaren 1etik aurrera burutuak) baloratzeko.

Adierazitakoaren bat, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaiei 2014-2015 ikasturterako hurrenkera berria emateko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute ebazpen honen eta eranskinaren kontra, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan dezan.

Erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaiei 2014-2015 ikasturterako hurrenkera berria emateko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaiek, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 28ko 1965/2013 Ebazpenaren IV. eta V. eranskinetan onetsitako zerrendetan badaude, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoko merezimenduen honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–I. atala (Irakasle lanean egindako zerbitzuak):

2007ko irailaren 1a baino lehen egindako zerbitzuak, dagoeneko aurkeztu eta aurreko baremoari jarraikiz baloratu badira, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoan esleitutako puntuazio berrien arabera baloratuko dira, ofizioz, izangaiek haien egiaztagiriak berriro aurkeztu behar izan gabe. Dena dela, izangaiek 2007ko irailaren 1a baino lehen egindako zerbitzuen egiaztagiriak aurkezten ahalko dituzte, bidezkoa bada balora daitezen, betiere aurreko baremoarekin kontuan hartu ez baziren.

Izangaiek 2007ko irailaren 1etik 2013ko abuztuaren 31 bitartean emandako zerbitzuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, merezimenduen baremoko I. atalean balora ditzaten, bidezkoa bada. Dena dela, zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe.

–II. atala (Titulazioak eta ikasketa-espedientea):

Izangaiek baremoko II.1 eta II.2 ataletako merezimenduen egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoan esleitutako puntuazio berrien arabera balora daitezen.

2013ko abuztuaren 31ra arte burututako eta gainditutako merezimenduak baino ez dira hartuko kontuan.

–III. atala (Prestakuntza):

2007ko irailaren 1a baino lehen gainditutako edo emandako ikastaroak, dagoeneko aurkeztu eta aurreko baremoari jarraikiz baloratu badira, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoan esleitutako puntuazioen arabera baloratuko dira, ofizioz, izangaiek haien egiaztagiriak berriro aurkeztu behar izan gabe. Dena dela, izangaiek 2007ko irailaren 1a baino lehen gainditutako edo emandako prestakuntza-ikastaroak baloratzea nahi badute, egiaztagiriak berriro aurkeztu beharko dituzte, parte hartzeko eskabideko laukitxo egokian berariaz adierazita, betiere aurreko baremoarekin kontuan hartu ez baziren.

Izangaiek 2007ko irailaren 1etik 2013ko abuztuaren 31 bitartean gainditutako edo emandako prestakuntza-ikastaroen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, merezimenduen baremoko III. atalean balora daitezen, bidezkoa bada.

Bigarrena.–Aurkeztu beharreko eskabidea eta dokumentazioa.

Izangaiek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan edo Hezkuntza Departamentuko web orrian (www.educacion.navarra.es) eskuragarri duten eredu ofiziala erabiliz.

Eskabidearekin batera, izangaiek aurreko oinarrian aipatu eta ebazpen honen eranskinean argitaratutako baremoan ezartzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik, eta zinpeko itzultzaileek egindako itzulpenak izan beharko dira, eta jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko dira.

Unibertsitateko titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa edo aitorpena egiaztatzen duen agiriarekin batera.

Izangaiek aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hala ere, edozein unetan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak eskatzen ahalko dizkie Administrazioak izangaiei.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkeztea.

Eskabidea eta merezimenduen egiaztagiriak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2013ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13an) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, artxiboak eransteko Erregistro Orokor Elektronikoan aurreikusitako formatuetatik edozein erabil daiteke eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Merezimenduen balorazioa.

Merezimenduen baremoko I. eta II. atalen arabera izangaiei dagokien puntuazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako langileek finkatuko dute. III. atalean aurkeztutako merezimenduak, berriz, horretarako izendatuko den organoak baloratuko ditu.

Puntuazio berdina badute, izangaiak lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Seigarrena.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta izangaien merezimenduak ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoaren arabera baloratu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu bai Argibide eta Agiri Bulegoan bai Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) ondoko zerrenda hauek onesten dituen ebazpena:

–Erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien behin-behineko zerrendak 2014-2015 ikasturterako, haien puntuazioak adierazita.

–Baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda eta baztertzearen arrazoia.

Behin-behineko zerrenda horiek onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horrekin batera akta bat argitaratuko da, formazko akats batengatik baloratu ez diren merituak adierazita, izangaiek zuzen ditzaten.

Zerrenda horien kontra interesdunek zilegi izanen dute erreklamazio idazkiak aurkeztea edo formazko akatsak zuzentzea, argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

Izangairen batek ez baditu akats formalak epe horretan zuzentzen, eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epean alegatu ez dituzten merezimenduak ez dira inoiz kontuan hartuko.

Zazpigarrena.–Behin betiko zerrendak.

Interesdunek egindako erreklamazioak eta akats-zuzenketak ebatzi ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ondoko behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen du:

–Erlijio katolikoko irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien behin betiko zerrendak 2014-2015 ikasturterako, haien puntuazioak adierazita.

–Baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda eta baztertzearen arrazoia.

Ebazpen hori argitara emanen da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es).

Behin betiko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2013ko azaroaren 8an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

I.–Irakasle lanean egindako zerbitzuak (7 puntu gehienez ere).

I.1. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,700 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0583 puntu.

I.2. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailaz bestelako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,350 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0292 puntu.

Egiaztagiriak: zerbitzuen ziurtagiria, hezkuntza administrazioetatik eskuratua. Kasu guztietan adierazi behar da zein lanpostutarako edo/eta hezkuntza mailatarako izendatu zen, edo haren kode ofiziala, baita zerbitzuen hasiera eta bukaerako datak ere, zehazki. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Ziurtagiri horietan adierazten bada zerbitzuak publikoak ez diren ikastetxeetan eman direla, aipatu zerbitzuak bestelako ikastetxeetan emanak bailiran baloratuko dira, hots, I.3 edo I.4 ataletan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio batean egindako zerbitzuak egiaztatu beharko dituzte izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzuak antzinatasun gisa aitortu baditu ere.

Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialerako 1990eko urriaren 1a baino lehen egindako zerbitzuen ziurtagiria interesdunek espresuki eskatu beharko dute.

I.3. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza maila bereko espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,150 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0125 puntu.

I.4. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailaz bestelako espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0083 puntu.

Egiaztagiriak: ikastetxearen ziurtagiria edo hura emateko eskumena duen organoarena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuaren oniritziarekin, bertan espezialitatea, hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adierazita. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan bizitzari buruzko txosten eguneratua eta kontratuak aurkez ditzatela eskatuko die interesdunei.

Unibertsitatean lanean egindako urteak frogatzeko, ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle gisa izan zirela.

I. atala osatzen duten xedapenak:

1. Hona hemen definizio batzuk:

–Ikastetxe publikoak (I.1 edo I.2 atalak, kasuan-kasuan): sare publikoan integratutako ikastetxeak, hezkuntza administrazioek sortu eta finantzatuak, alegia, Estatuko Administrazioan eta autonomia erkidegoetakoan hezkuntza arloan eskudunak diren departamentu edo kontseilaritzek sortu eta finantzatuak. Halaber, ikastetxe publikoak dira Espainiar Estatuak atzerrian dituen ikastetxeak.

–Bestelako ikastetxeak (I.3 edo I.4 atalak, kasuan-kasuan): titulartasun pribatuko ikastetxeak, hezkuntzan ez diharduten administrazioenak (Toki Administrazioarenak...) eta unibertsitate publikoak eta pribatuak.

2. 2007ko irailaren 1a baino lehen egindako zerbitzuak, dagoeneko aurkeztu eta aurreko baremoari jarraikiz baloratu badira, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoan esleitutako puntuazio berrien arabera baloratuko dira, ofizioz, izangaiek haien egiaztagiriak berriro aurkeztu behar izan gabe. Dena dela, izangaiek 2007ko irailaren 1a baino lehen egindako zerbitzuak baloratzea nahi badute aurkezten ahalko dituzte, bidezkoa bada balora daitezen, betiere aurreko baremoarekin kontuan hartu ez baziren.

3. Ez dira kontuan hartuko interesdunek izenpetutako kontratuen fotokopien bidez soilik frogatzen diren zerbitzuak, ezta ikastetxe pribatuek edo udal ikastetxeek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman dituela agertzen ez bada.

4. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak (eguna, hilabetea eta urtea) ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

5. Zerbitzuak zein kidego edo mailatan eman diren zehazten ez bada, beste kidego edo hezkuntza maila batean emandakotzat joko dira.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan emandako zerbitzuen balorazioari dagokionez, zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman badira eta Hezkuntza Administrazioaren ziurtagiriak adierazten badu maisu edo maistra gisa eman direla, Haur eta Lehen Hezkuntzan emandakotzat joko dira. Bestetik, zerbitzuak bestelako ikastetxeetan eman badira eta ziurtagiriak Maisutzako diplomadun gisa eman direla adierazten badu, Haur eta Lehen Hezkuntza mailan baloratuko dira.

7. Atzerrian egindako zerbitzuak dagokion herrialdeko Hezkuntza Ministerioak edo Espainiar Estatuak Atzerrian duen Administrazio Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan ondokoa adierazi beharko da: eman den hezkuntza maila eta arloa, zerbitzuen iraupena eta horiek hasi eta bukatu zireneko data zehatzak. Hezkuntza maila edo arloa frogatzen ez denean edo hori izangaiaren helburu den kidegoko espezialitateekin bat ez badator, ulertuko da zerbitzuak beste hezkuntza kidego edo maila bateko espezialitateetan eman direla. Ziurtagiri horiek gaztelaniazko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

8. Atal honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II.–Titulazioak.

II.1. Unibertsitateko titulazioak:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, kontrataziorako izangaien zerrendetan parte hartzeko baldintza gisa alegatu ez badira, honela baloratuko dira:

1. Lehen zikloko titulazioak:

Erlijio zientzietako eta eliza ikasketetako diplomatura bakoitzarengatik eta urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan ezarritako lizentzietako baten lehenengo zikloari dagozkion ikasketengatik edo azaroaren 14ko 1619/2001 Errege Dekretuan ezarritako graduko tituluengatik: 1,5 puntu.

Diplomatura, Ingeniaritza Tekniko edo Arkitektura Teknikoko titulu bakoitzeko edo legez baliokide diren tituluak eta Lizentzia, Arkitektura edo Ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketak edo baliokide den graduko tituluak: bakoitzeko puntu bat.

B taldeko irakasle mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lehen titulua edo era horretako ikasketak.

A taldeko irakasle mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lizentziadunaren, arkitektoaren, ingeniariaren edo graduatuaren lehenbiziko titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketen titulua.

2. Bigarren zikloko titulazioak:

Urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan jasotako lizentzietako bigarren zikloari dagozkion ikasketak, edo azaroaren 14ko 1619/2011 Errege Dekretuan ezarritako graduko tituluak: 1,5 puntu.

Lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako bigarren zikloari dagozkion ikasketak edo legez balio berekotzat emandako tituluak edo baliokide den graduko tituluak izateagatik: bakoitzeko puntu bat.

A taldeko irakaskuntza mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lizentziadunaren, arkitektoaren, ingeniariaren edo graduatuaren lehenbiziko titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketak (lehen zikloa, bigarren zikloa edo, hala badagokio, irakaskuntza osagarriak).

Bigarren ziklokoak bakarrik diren titulazioak eta ondorio guztietarako lizentziadunaren tituluaren baliokidetzat jotako tituluak bigarren ziklo baten gisan soilik baloratuko dira.

Egiaztagiriak: ezinbesteko baldintza den tituluaren fotokopia, baita merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomadunaren tituluaren fotokopia aurkeztea edo, bestela, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasmailetako edo lehen zikloko irakasgai guztiak edo gradua osatzen duten lehen bi ikasmailetakoak egin eta gainditu direla azalduko duen ikasketa-ziurtagiri pertsonala. Egokitzapen ikastaroa gainditzea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren fotokopia aurkezten bada, soilik bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa hartuko da aintzat, non ez diren aurreko lerroaldean aipatutako ikasketa-ziurtagiriak eransten, 1. azpiatalaren arabera baloratzeko.

Zerrendetan sartzeko, ezinbesteko baldintza gisa alegatzen ez diren titulazioak soilik baloratuko dira.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkeztuz gero, horien homologazioa edo onarpena egiaztatzen duen agiriaren jabe izan beharko dute. Horiek tituluaren fotokopiarekin batera aurkeztu beharko dira.

II.2. Ezinbesteko baldintza gisa eskatutako tituluaren espediente akademikoa:

Atal honetan izangaiak baldintza gisa alegatu duen tituluaren ikasketa-ziurtagiriaren batez besteko nota baloratuko da soilik, honela:

0TIK 10ERA

BITARTEKO ESKALA

0TIK 4RA

BITARTEKO ESKALA

PUNTUAZIOA

6tik 6,99ra bitarte

1,5etik 1,99ra bitarte

Puntu bat

7tik 8,49ra bitarte

2tik 2,74ra bitarte

1,250 puntu

8,5etik 10era bitarte

2,75etik 4ra bitarte

1,500 puntu

Egiaztagiriak: izangaiak ikasketen ikasketa-ziurtagiri pertsonala igorri beharko du, non titulazioan lortutako batez besteko nota agertuko den.

Betiere, aurkeztutako ikasketen ziurtagirian ageri den batez besteko nota hartuko da kontuan.

Batez besteko nota zenbakien bidez agertzen ez bada, ondoko baliokidetzak aplikatuko dira:

Nahikoa: 5,5 puntu.

Ongi: 6,5 puntu.

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Batez besteko nota berariaz agertzen ez duten ikasketa-espedienteak ez dira inola ere baloratuko.

Izangaia Haur eta Lehen Hezkuntzako zerrenda batean badago, Maisutzako diploma edo graduaren ikasketa-espedientean agertzen den batez besteko nota hartuko da kontuan

III.–Prestakuntza (4 puntu gehienez ere).

Atal honetan 1990eko irailaren 1etik aurrera egindako etengabeko prestakuntza besterik ez da baloratuko, honela:

a) Bukatutako ikastaro, mintegi, lan talde eta ikastetxeetako prestakuntza proiektu bakoitza, hezkuntza administrazioek ILZko erlijioko irakasleak prestatzeko planaren barrenean dei eginik eta Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzek koordinaturik, edo hezkuntza eskumen guztiak dituzten administrazioek edo unibertsitateek dei eginik; bestela, prestakuntza iraunkorreko planean sartutako jarduerak, hezkuntza administrazioekin lan egiten duten entitateek antolatuta, edo hezkuntza administrazioak onartutako jarduerak, eskola antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntzaren soziologiarekin zerikusia badute: 0,05 puntu, ikastaroko hamar orduko edo kreditu akademiko bakoitzeko.

Ondorio horietarako, ikastaro guztien orduak batuko dira, eta ez dira puntuatuko hamarretik beherakoak diren gainerako orduak.

b) a) atalean aipatzen diren prestakuntza ikastaro edo jardueretan zuzendari, koordinatzaile, txostengile, irakasle edo tutore moduan parte hartzeagatik: 0,01 puntu, prestakuntza jardueraren ordu bakoitzeko.

Egiaztagiriak: ikastaro edo prestakuntza jardueren ziurtagiria, dagokion erakundeak emana, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azaltzen duena.

Eliza erakundeek antolatutako ikastaroen egiaztagiria dagokion Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzak luzatuko du. Haietan, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azalduko da.

Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituen horietan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela; bestela, hori gabe, homologazioa edo onarpena erantsi beharko da.

2007ko irailaren 1a baino lehen gainditutako edo emandako ikastaroak, dagoeneko aurkeztu eta aurreko baremoari jarraikiz baloratu badira, ebazpen honen eranskinean merezimenduetarako ezarri den baremoan esleitutako puntuazioen arabera baloratuko dira, ofizioz, izangaiek haien egiaztagiriak berriro aurkeztu behar izan gabe. Dena dela, izangaiek 2007ko irailaren 1a baino lehen gainditutako edo emandako prestakuntza-ikastaroak baloratzea nahi badute, egiaztagiriak berriro aurkeztu beharko dituzte, parte hartzeko eskabideko laukitxo egokian berariaz adierazita, betiere aurreko baremoarekin kontuan hartu ez baziren.

Merezimenduen baremo osorako xedapenak:

1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik aurkeztu eta 2013ko abuztuaren 31ra arte gainditu eta burutu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

3. Izangaiek merezimenduak egiaztatzeko aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Iragarkiaren kodea: F1315687