225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza, Etxeko animaliak edukitzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2013ko abuztuaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

2013ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an, hura jendaurreratzeko eta alegazioak egiteko epearen iragarkia, eta Udaletxeko iragarki oholean ere jarri zen.

Hogeita hamar egun balioduneko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuak ondorioak izan ditzan, behin betiko onetsitzat jo da delako ordenantza, eta haren testu osoa argitara ematen da, orok jakin dezan.

Esan, 2013ko urriaren 29an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen babesean, Esako udal mugapeari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, Esako bizilagunek animaliekin bizi kalitate erazkoa eta babes egokia izan ditzaten.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.

3. artikulua. Baimen orokorra ematen da etxeko animaliak etxebizitza partikularretan edukitzeko, betiere jendeari traba egin gabe, zarata edo usainak edo pertsonendako egoera arriskutsuak direla eta. Esako udal mugapean etxeko animaliak izateko beharrezkoa da osasun aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

4. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabeak edo edukitzaileak behartuta daude Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek zakur horiei txertoa ematera, eta han, berriz, animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen diete. Behar-beharrezkoa izanen da amorruaren aurkako txerto programarekin hastea, zakurrek lau hilabete dituztenetik aitzina, eta txertoen ondoz-ondoko egutegiari estu jarraitu beharko zaio.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz zakurraren jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Zakurrei txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie.

5. artikulua. Zakur batek norbaiti hozka egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko die osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea. Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuari jakinaraziko dio. Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

6. artikulua. Debekaturik dago, salbuespenik gabe, basa espezieetako edo etxekotuetako animaliak lotu gabe ibiltzea eremu publikoan, eta beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez dituzten lekuetan edukitzea.

Debekaturik dago animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, baita udal igerilekuetan eta osasun kontsultategietan ere.

Debekaturik dago, espresuki, animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea, eta animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan, lorategi eremuetan eta soropiletan.

Eremu publikoan, zakurrek gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar dute, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko dute lehenago erasoak egin badituzte edo arriskutsuak izan badaitezke. Animalien jabe edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

7. artikulua. Beren jabe edo edukitzailearen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta Nafarroako Gobernuko zerbitzuek atzematen ahalko dituzte. Horien ardura izanen da animaliekin zer egin, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean.

Jabeak edo edukitzaileak animalia kendu nahi badu, Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi beharko du. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

8. artikulua. Esako udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan, herrigunetik kanpo, zakurra ibili ahal izanen da hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero. Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari eusteko, horrek pertsonei traba egiten ahal badie edo pertsonei, beste animalia batzuei edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

Udal mugapeko alde guztietan, aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

9. artikulua. Espresuki debekaturik dago era guztietako animaliak sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili, biltegiratu, saldu edo kontsumitzeko lokaletan, baita horiek garraiatzeko ibilgailuetan ere, salbu eta ikusmen urrikoen lagun diren zakur gidariak.

Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute. Debeku hori ez da beteko ikusmen urriko lagun diren zakur gidariak badira.

Arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

10. artikulua. Animaliekin ibiltzen diren pertsonek galarazi behar dute animaliek gorozkiak uztea espaloietan, parterreetan, berdeguneetan eta eremu publikoko beste edozein elementutan, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira. Animaliaren edukitzailea beharturik egonen da aipatu lekuetan utzitako gorozkiak jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden edukiontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

11. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, betiere barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude, zakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik izan ez dezan. Horretarako, jabeak ohartarazi behar du zakur zaindaria dagoela, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

12. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

–Erantzule izanen da pertsonei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

–Halaber, ardura izanen du bere animaliak bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

–Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunka edo zalapartaka hasten bada hura berehala isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

13. artikulua. Arau-hausteak:

Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

–Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea espazio publikoetan.

–Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

–Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

–Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo erregelamenduzko baldintza eta betebeharren kontra.

–Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

–Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

–Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

–Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

–Esako Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

–Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

–Arau-hauste larrietan berrerortzea.

14. artikulua. Zehapenak:

–Arau-hauste arinek 150 eurotik 300 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste larriek, 300,01 eurotik 900 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso larriek, 900,01 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

15. artikulua. Erantzukizun zibila.

Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

–Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

–Araua berriz ere hautsi dela ulertuko da, baldin eta zehapena bi aldiz gutxienez ezarri bada, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako Gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko baldintza teknikoak eta higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintzak ezartzen dituena.

Iragarkiaren kodea: L1315264