225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Cabanillasko Udalak kirol eta kultura entitateei ematen dizkien
udal diru-laguntzak arautzeko ordenantzaren oinarriak

Cabanillasko Udalak, 2013ko azaroaren 8an egin osoko bilkura berezian, ondoko hau onetsi zuen, udalkideek erabakia aho batez hartuta. Hona hemen hitzez hitz:

Lehena.–Cabanillasko udalerrian 2014an kultur, kirol eta aisialdi jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri arau emaileak onestea.

Cabanillasko udalerrian 2014an kultur, kirol eta aisialdi jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko deialdia.

Cabanillasko Udalak, besteak beste kultur, kirol eta aisialdi jardueren antolatzea laguntze aldera, deialdi hau ezarri du, dagokion aurrekontuan urtero onartzen den gehieneko dotazioarekin.

CABANILLASKO UDALAK KIROL ETA KULTURA
ENTITATEEI EMATEN DIZKIEN UDAL
DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEKO
ORDENANTZAREN OINARRIAK, 2014RAKO

1.–Xedea.

Cabanillasko herritarrak, besteak beste, kultur, kirol eta aisialdi jardueretara sarbidea erraztea, herriko taldeak jarduera mota ororen antolakuntzan parte-hartzea sustatzeaz gain. Deialdian jarduera horien antolakuntza sartuko da.

Alor desberdinetan jarduera berriak sustatzea: kultura, natura eta ingurumena, musika, arte eszenikoak, kirola, turismoa, gazteria, elkartasuna eta lankidetza eta tokiko produktuen sustapena, besteak beste.

Jarduera guztiak urtean urteko abenduaren 31 baino lehen eginen dira, Cabanillasko udal mugapean.

Salbuespen gisa deialdiaren gehieneko zuzkiduraren %10 Cabanillasko udalerritik kanpo helbideratuta dauden entitate, elkarte edo pertsona fisikoek egindako jarduerak laguntzeko erabili ahalko da, betiere jarduera horiek Cabanillasko herritarren onurarako badira eta Udalak positiboki baloratzen baditu, edo herria sustatzen badute.

2.–Betebeharrak.

Hurrengo pertsona eta taldeek parte hartu ahalko dute deialdian:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, Cabanillasen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoek, Cabanillasen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Cabanillasen helbidea ez duten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, eta pertsona fisikoak, Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

3.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak Cabanillasko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, eta epea 2014ko martxoaren 5ean bukatuko da, 12:30ean.

Eskaerari hurrengo dokumentuak erantsiko zaizkio:

–Jardueraren arduradun den elkarte, entitate edo erakundearen oinarrizko datuak: legezko izena, jarduera nagusia, sozietatearen helbidea, harremanetan nola jarri (telefonoa, faxa, posta elektronikoa) eta IFZren fotokopia.

–Bankuko datuak: banketxea, kalea eta herria, sukurtsala eta bankuko kontu zenbakia.

–Eskaera aurkeztu duen pertsonaren datuak: izen-abizenak, NANa, kargua, helbidea eta harremanetan jartzeko modua (telefonoa, faxa, posta elektronikoa).

–Eskaera aurkezten duen pertsonaren adierazpen sinatua, txostenaren informazio guztiak egia direla dioena.

–Laguntza eskatzen duen egitaraua edo jarduera azaltzen duen oroit-idazkia, haren kostua eta non eta noiz eginen den aipatzen duena bereziki.

–Jarduera edo programaren aurrekontua.

–Jarduera edo programa finantzatzeko plana.

–Proiektuak jaso dituen laguntza edo diru-laguntzen berri ematen duen aitorpena edo, horrelakorik ezean, inongo laguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen aitorpena. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin bada eta deialdi honetako eskabidea aurkeztutako momentuan oraindik erabaki gabe baldin badago, hori ere adierazi beharko da.

Agiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira. Eskatzaileei 10 eguneko epea utziko zaie gehienez, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko. Halakorik egin ez badute, eta epea iraganik, eskaera ezetsitzat emanen da.

4.–Balorazioa.

Ogasunaren, Kontuen eta Langileen Informazio Batzordeak espedientea aztertuko du eta diru-laguntzak onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio Alkatetzari. Proposamen hori egin baino lehen, Udaleko Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatuko du.

Balorazioak alderdi hauek izanen ditu kontuan:

a) Proiektuaren izaera: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira garatu beharreko proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna, eta programatutako jardueraren oinarriak, helburuak eta metodologia bat etorri eta koherenteak izatea, eta proposatutako helburuak betetzen direla bermatzeko baliabideen eskuragarritasuna.

b) Programaturiko obraren interesa: gehienez ere 40 puntu. Aintzat hartuko da norentzat den (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian.

c) Proposatzen den obraren apartekotasuna: gehienez ere 20 puntu.

Proposatzen diren obrak aintzat hartzeko, gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dituzte.

5.–Diru-laguntzak ematea.

Eskaerek diru-laguntzen zenbatekoa gainditzen badute, balorazioan puntuaziorik txikiena izan dutenei ezezkoa ematen ahalko zaie edo diru-laguntzaren zenbatekoaren banaketa proportzionala egin aurkeztutako eskaeren arabera.

Diru-laguntza emanda, onartutzat joko da, interesdunari jakinarazi eta 10 eguneko epean espresuki uko egiten ez badio. Eskatzaileei batzordearen aurrean agertzea eskatu ahalko zaie, beharrezkoak diren azalpenak eskain ditzaten.

Emandako zenbatekoa bi epeetan ordainduko da, organo eskudunak zehaztuko dituen salbuespeneko kasuetan izan ezik: %50, diru-laguntza eman eta berehala. Gainontzeko %50, jarduera burutu eta oinarria beteta, alkatetzaren ebazpenaren bidez ordainduko da, kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren.

6.–Betebeharrak.

Onuradunek proiektua hitzartutako moduan eta datetan garatu beharko dute eta diruz lagundutako jardueraren garapenean gertatutako edozein gorabehera jakinarazi, gertatzen den unean.

Halaber, derrigorrezkoa izanen den jardueraren zabalkuntzan Cabanillasko Udalaren laguntza aipatzea, Udalaren logotipoak paratuz.

Jardueraren memoria, edukia eta egin den modua, balantze ekonomikoa (gastuak eta diru-sarrerak) baita egindako gastuen frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, Cabanillasko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, hurrengo urteko urtarrilaren 15eko 13:30 baino lehen.

Indarra duen legeriarekin bat aurkezten diren fakturek ez bestek izanen dute balioa (“jaso dut” eta justifikatzeko beste modu desegokiak baztertuko dira).

Oso garrantzitsua: jarduerak irabaziak ematen baditu, emandako udal diru-laguntza itzuliko beharko da lortutako mozkinen arabera.

Diruz lagunduko den jarduera onartutako aurrekontuaren ehuneko bat izanen da. Hori dela eta, benetako azken kostua hasieran aurreikusitako kostua baino txikiago bada, batzordeak bere ekarpena bi emaitzen arteko diferentziaren %an gutxituko du. Hortaz, arrazoizko aurrekontuak aurkeztea aholkatzen da.

Diru-laguntza jaso aurretik, onuradunek erakutsi beharko dute Cabanillasko Udalarekiko zerga arloko betebehar guztiak bete dituztela.

Deialdiaren oinarrietako bat betetzen ez bada edo memoria zehaztutako epeetan aurkezten ez bada, organo eskudunak diru-laguntza baliogabetu ahalko du eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

7.–Baldintzak ez betetzea.

Deialdi hau agiri honetan bildutako arauei jarraikiz eginen da eta aurreikusten ez den orotan, berriz, hurrengo araudian ezarritakoari: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea eta, ordezko gisa, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra, diru-laguntzei buruzko Estatuko araudia.

8.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio egintzen aurka errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da:

1.–Jakinarazpen hau jaso eta hurrengo hilabetean eta aukeran, berraztertzekoa, hura egin zuen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua). Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin da ez gora jotzekorik ez administrazioarekikorik aurkeztu, harik eta lehenbizikoa ebatzi edo ustez ezesten den arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.

2.–Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ez da administrazioarekikorik aurkezten ahalko, harik eta gora jotzekoa ebatzi edo ustez ezesten den arte.

3.–Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

9.–Indar hartzea.

Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik aitzina hartuko du indarra.

Cabanillasen, 2013ko azaroaren 8an.–Alkatea, Alberto Santos Alegría.

Iragarkiaren kodea: L1315643