225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2703/2013 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, ikastetxe publikoetako zuzendariak ebaluatzeko prozedura onesten duena, baita agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko dutenen ebaluazioa egitea ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 133. artikulutik 139. artikulura bitarte xedatutakoa garatzeko, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 2ko 202/2010 Foru Agindua onetsi zen. Horren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak eman ziren.

Aipatutako foru aginduaren 16. artikuluak ezartzen du nahitaezkoa dela hautapen batzordeak proposatutako zuzendari guztien agintaldia bukatutakoan haien zuzendaritza lana ebaluatzea. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lau urteko agintaldian egindako jarraipenean oinarriturik eginen da azken ebaluazio hori.

Foru agindu horren 15. artikuluak xedatzen du zer arlo hartuko diren kontuan ebaluazio horretan. Halaber, xedatzen du arlo horiek baloratzeko adierazleak urteroko ebazpen batean argitaratuko direla.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 148/2010 Ebazpenak (ekainaren 8ko 254/2010 Ebazpenaren bidez aldatua) hautatutako izangaien izenen zerrenda argitara eman zuen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozeduraren barrenean.

Lehen azaldutako guztiarengatik, beharrezkoa da zuzendaritza lana ebaluatzeko prozedura ezartzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetarako, baita, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz hautatu eta izaera arruntez izendaturik, agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko duten zuzendarien lana ebaluatzea ere.

Horrenbestez, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz, erabaki du:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendarien zuzendaritza lana gainbegiratzeko eta azken ebaluazioa egiteko prozedura eta adierazleak onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan ezarritakoarekin bat.

2. III. eranskineko zerrendan ageri diren zuzendarien azken ebaluazioa egitea, hau da, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 148/2010 Ebazpenaren bidez izendatu eta agintaldia 2014ko ekainaren 30ean bukatuko dutenena. Ebazpen hori ekainaren 8ko 254/2010 Ebazpenaren bidez aldatu zen.

Ebaluazio hori egiteko, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako prozedurari jarraituko zaio, ebaluazio prozesua agintaldiari gelditzen zaion denborari egokituz. Ildo horretan, behaketari dagokion ebaluazio tresna erabiltzeko, egun horretaraino gutxienez bisita bat eginen da eskola-kontseilura, klaustrora eta koordinazio pedagogikorako batzordera.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Deialdien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 7an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Ebaluazio prozedura

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako ikuskatzaileek beteko dute ebaluazio eginkizuna.

2. Honako ebaluazio tresna hauen bidez gainbegiratuko da zuzendaritza lana: dokumentuen analisia, behaketa eta elkarrizketak.

3. Dokumentuen analisirako honako dokumentu hauek hartuko dira oinarri: zuzendaritza proiektua, urteko programazio orokorra, kalitatea kudeatzeko sistemarekin lotutako dokumentazioa (halakorik bada), ikasleen errendimenduaren emaitzak (barne ebaluazioak, ebaluazio diagnostikoak, kanpo ebaluazioak, emaitza akademikoak), urteko programazio orokorra egin ondoren sortutako berrikuntza eta prestakuntza proiektuak, ordutegiak eta egutegiak, ikastetxeko organoen aktak eta ikuskaritzak egoki iritzitako dokumentu oro. Halaber, kontuan hartuko da hezkuntza-komunitatearekin egindako informazio trukea eta izandako hartu emana (web orriak, blogak, bileretan erabilitako dokumentazio idatzia edo informatikoa, gogobetetasun-inkestak, etab).

4. Ikastetxeko kide anitzeko organoen eta koordinazio organoen funtzionamendua behatzeko oinarri gisa, gutxienez, bi urtean behin bisita eginen da eskola-kontseilura, klaustrora eta koordinazio pedagogikorako batzordera.

5. Elkarrizketak zuzendariari berari, zuzendaritza taldeko gainerako kideei eta, gutxienez, eskola-kontseiluko irakasleen eta gurasoen ordezkarien erdiei eginen zaizkie. Ikuskatzaileak bidezkotzat jotzen ahal du bi urtean behingo elkarrizketak eskola-kontseiluko beste kide batzuei ere egitea, prozesuan jasotako ebidentzietan oinarrituta.

6. Erabilitako ebaluazio tresnek arlo bakoitzerako II. eranskinean zehaztutako adierazleei jarraitu beharko diete.

7. Dokumentuen analisian, behaketan eta elkarrizketetan nabarmen ikusten bada hobetzen ahal diren arloak badirela, horren berri emanen zaio zuzendariari aurrez aurreko elkarrizketa batean, horiek zuzentzeko neurri egokiak har ditzan.

8. Azken ebaluazioa agintaldiko ebaluazio lanetan egiaztatutako emaitzen bilakaeraren balorazioan oinarrituta eginen da. Horrela, ebaluazio txosten bat eginen da eta hartan Gai edo Ez Gai kalifikazioa jasoko da. Ikuskatzailearen azken txostenaren arabera Ez Gai bada, eman baino lehen, entzunaldia emanen zaio zuzendariari. Bertan, txosten negatiboaren oinarri diren kausen berri emanen zaio, eta kalifikazioaren aurka dagoela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio.

Agiri eta alegazio horiek aintzat hartuko dira azken txostena egin baino lehen. Txostena negatiboa baldin bada, erabakia behar bezala argudiatu beharko da.

9. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak, 2014ko maiatzaren 15a baino lehen, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiari ebaluazioaren emaitza jakinaraziko dio, kargua berritzeko dagokion ebazpena eman dezan, beste lau urterako, ebaluazio positiboa lortu eta berritzearen kontra agertu ez direnentzat.

II. ERANSKINA

Zuzendaritza lana ebaluatzeko arloak eta adierazleak

1. Zuzendaritza proiektuak ikastetxea gidatzen duten hezkuntza proiektua, eginkizuna, ikuspegia eta balio nagusiak errespetatzen ditu, eta aldian behin ebaluatuko da, proiektuak berak proposatutako adierazleei jarraikiz.

–Indarrean izan den bitartean, bai klaustroak bai eskola-kontseiluak zuzendaritza proiektuaren ildo orokorrak ezagutzen dituzte.

–Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta, kasua bada, ikastetxearen eginkizuna, ikuspegia eta balioak zehazten ez direnean, zuzendaritza proiektuan zehazten dira.

–Urteko programazio orokorra eta haren atalak koherenteak dira zuzendaritza proiektuarekin eta hezkuntza proiektuarekin.

–Zuzendariak aldian behin proiektuaren kontuak ematen dizkio hezkuntza-komunitateari.

–Zuzendariak proiektuaren ebaluazio sistematikoaren erregistroa egiten du, ikasturtean zehar, proiektuaren beraren adierazleei edo helburuei jarraikiz, baita haren betetze mailarena ere. Erregistroa memorian sartzen da urtero, zuzenketa eta hobekuntza proposamenekin, alderdi indartsuekin eta jardunbide egokiekin batera.

2. Zuzendariak lidergo partekatua praktikatzen du.

–Zuzendariak eginkizunak klaustrokideekin partekatzen ditu eta haien esku uzten, erregelamenduzko bideei jarraikiz (klaustroak, koordinazio pedagogikorako batzordeak, departamentuak/zikloak, hobekuntzarako taldeak...).

–Zuzendariak behar diren mekanismoak ezartzen ditu ikastetxeko bilerak eraginkorrak eta efizienteak izan daitezen (aktei zabalkundea ematea, erabakien jarraipena...).

–Zuzendariak berrelikadura handia ematen die irakasleei, eta informazioa trukatzeko kultura sortzen da (ezagutzaren kudeaketa).

–Zuzendariak erabiltzen dituen kudeaketa sistemek sormena, berrikuntza eta ezagutzaren kudeaketa dinamikoa sustatzen dute, bikaintasuna bilatzeko politika baten barnean.

–Zuzendariak, irakasleak lanaren bidez gogobete daitezen, eskura jartzen dizkie baliabide funtzional, teknologiko eta materialak.

–Zuzendariak hezkuntza-komunitatearekin komunikatzeko bide errazak sortzen ditu. Zuzendariak ikastetxeko ebaluazioak, bai barnekoak bai kanpokoak, bultzatzen ditu eta/edo haietan hartzen du parte.

3. Zuzendaritzak malgutasun, eraginkortasun eta motibazio irizpideen arabera antolatzen du ikaskuntza-irakaskuntza prozesua, giltzarri den prozesua.

–Koordinazioa dago ikasgelako programazioen eta ikastetxeko laguntza zerbitzuen artean.

–Giza kapitala eraginkortasunez eta efizientziaz inplementatzen eta kudeatzen du.

–Zuzendaritzak aniztasunarekiko arreta eraginkorra emateko behar diren zerbitzuak eta estrategiak antolatzen ditu.

–Ikasle taldeak malgutasunez antolatzen dira, gaitasun eta behar mota anitzei eraginkorki erantzuteko.

–Maila bereko kurtsoen barnean, arazoak dituzten ikasleak orekaz eta irizpide pedagogikoei jarraikiz banatzen dira.

–Ikasleen eta irakasleen ordutegiak irizpide pedagogikoei jarraikiz kudeatzen dira.

–Sistematikoki ebaluatzen ditu emaitza akademikoak, helburuen betetze maila eta interesa duten talde guztien gogobetetasuna.

4. Zuzendariak erregelamenduzko egitura batzuk beste batzuekin elkartzen ditu, talde lana eta elkarlana bermatzeko.

–Erabaki gehienak negoziatuz eta adostuz hartzen dira.

–Hartutako erabakiei jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak gauzatzen dira.

–Irakasleek maiz egiten dituzte bilerak, ziklokoak, departamentukoak eta zeharkakoak, koordinatzeko gako diren prozesuak bermatzeko.

–Klaustroko bilerak ongi gidatzen eta koordinatzen ditu eta kide guztien parte-hartzea/inplikazioa sustatzen du.

–Irakasle taldeak malgutasunez antolatzen dira, ikasleen eta egoeraren aniztasunari eraginkortasunez erantzuteko.

–Egiturek beharrezko baliabide operatiboak dituzte (giza baliabideak eta baliabide teknologikoak, funtzionalak eta materialak) beren lana eraginkortasunez egiteko.

5. Zuzendariak bereziki zaintzen ditu ikastetxeko bizikidetza harremanak.

–Zuzendaritzak ikastetxearen balioak eta gatazken prebentzioa sustatzen ditu.

–Ikastetxeko zuzendaritza sentikorra da gatazkekin eta, sortzen direnean, haietan parte hartzen du bitartekaritza guneak sortuz.

–Ikastetxeak gainbegiratzeko mekanismoak ditu, bizikidetza erregelamenduko arauak betetzea errazteko.

–Zuzendariak irakasleen eta bestelako langileen arteko harremana ona izan dadila zaintzen du, baita bide eta bitarteko eraginkorrak izan daitezela hezkuntza-komunitateko sektore guztiek bizikidetza plana ezagut dezaten.

–Diziplina arloko gatazkak edo gorabeherak izaten direnean ikastetxeak hezkuntzako neurri eraginkorrak hartzen ditu.

–Bizikidetza arazoak ikaslearen eta gatazkan sartutako pertsona guztien bertsioak kontuan hartuz konpontzen dira.

6. Zuzendariak familiak inplikatzen ditu ikastetxeko bizitzan, irakasleei beren seme-alabak hezten lagun diezaieten.

–Familiak animatzen dira ikastetxearen bizitzarako lan erabilgarriak egitera, eta maiz izaten dira haiekin harreman formal eta planifikatuak zein informalak.

–Ikastetxeak familien kexei kasu egiten die, asmo eraikitzailez eta horiei erantzunak eman nahirik.

–Ikastetxeak gurasoei eskatzen die seme-alabei emandako zerbitzuen kalitateari buruzko iritzia eman dezatela.

7. Zuzendariak eskolaz kanpoko kultura jarduerak sustatzen eta animatzen ditu, ikastetxeko curriculuma ikasleen bizi eskarmentuan txertatzeko asmoz.

–Ikastetxeak jolas eta kultura jarduerak planifikatzen ditu, eta ikasleak haietan parte hartzera animatzen.

–Ikastetxeak hezkuntzako helburu instituzionalak eta ikasleen interes pertsonalak batzen dituzten jarduerak planteatzen dizkie ikasleei, haien adinaren, ingurunearen eta moda nagusien araberakoak.

–Departamentu-ziklo bakoitzaren iradokizunak kontuan hartuz diseinatzen dira eskolaz kanpoko jarduerak.

–Natura eta kultura zikloak baliatzen dira, ikasleen integrazioa eta harremana –beren historiarekin, kulturarekin, hizkuntzarekin, folklorearekin eta ikastetxearekin lotutako gertaerekin– sustatzen duten jarduerak antolatzeko.

–Ikastetxeak aurrekontu berariazko bat du jarduera osagarriak, kulturalak eta eskolaz kanpokoak sustatzeko eta egiteko.

8. Zuzendariak ikastetxearen ordezkaritza hartzen du bere gain.

–Administrazioek eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuak eskatutako aginduzko dokumentazioa epe barnean betetzen eta bidaltzen du.

–Dokumentu inprimatuak zein informatikoak egiteko erantzukizunak zehazturik daude (urteko plan orokorra, memoria, ikastetxea antolatzeko agiria, hutsegite parteak, programazioak, etab.).

–Dokumentuek Departamentuaren jarraibide formalei eta edukizkoei jarraitzen diete.

–Ikastetxeak Departamentuaren eredurik ez duten agiriak egiteko eredu estandarrak ditu.

III. ERANSKINA

Ebaluatu beharreko zuzendariak

IZENA

IKASTETXEA

HERRIA

DOMBLAS HERMOSO, CARMEN

HLHIP

ABARTZUZA

SOLCHAGA LOS ARCOS, LUIS

SAN FAUSTO HLHIP

ANTZIN

OSORIO MARTIN, FRANCISCO MANUEL

VIRGEN DE LA CERCA HLHIP

ANDOSILLA

EGUILUZ GAUBEKA, KOLDOBIKA GONTZAGA

SAN MIGUEL HLHIP

AGOITZ

ANDUEZA LOPEZ, JOSE IGNACIO

ALAIZ HLHIP

BARAÑAIN

MARTINEZ ALONSO, GLORIA

SAN JUAN DE JERUSALEN HLHIP

CABANILLAS

RODRIGUEZ NATERA, RAFAEL

LA PAZ DBHI

CINTRUENIGO

DIAZ BARCOS, LUIS CARLOS

MARQUES DE VILLENA BHI

MARTZILLA

CARMONA LOPEZ, ANTONIO

HLHIP

MURIETA

GARDE YOLDI, TOMAS JUAN ANGEL

PRINCIPE DE VIANA HLHIP

ERRIBERRI

JUBERA PELLEJERO, MARIA PURIFICACION

GARCIA DE GALDEANO HLHIP

IRUÑA

TOLLAR ESTEBAN MARIA PILAR

MENDIGOITI HLHIP

IRUÑA

CASERO LEAL, MARIA TERESA

HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALA

IRUÑA

ARACAMA AZCONA, EPIFANIA

HLHIP

GARES

PEREZ FERNANDEZ, MARIA VISITACION

ELVIRA ESPAÑA HLHIP

TUTERA

HUGUET MUNARRIZ, ALFREDO

HUERTAS MAYORES HLHIP

TUTERA

GALDEANO RESA, MARIA DEL MAR

FELIX ZAPATERO HLHIP

VALTIERRA

MAÑERU SANZ DE GALDEANO, LUIS JUAN

SAN VEREMUNDO HLHIP

VILLATUERTA

Iragarkiaren kodea: F1315658