218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Udal ordenantza, Etxeko animalien eta animalia arriskutsuen babesa arautzen duena. Behin betiko onespena.
Haiek edukitzeko erregulazioa

Carcarko Udalak, 2013ko maiatzaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko animalien eta animalia arriskutsuen babesa arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2013ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Carcarren, 2013ko urriaren 23an.–Alkate udalburua, Salomón Sádaba Díaz de Rada.

UDAL ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIEN
ETA ANIMALIA ARRISKUTSUEN BABESA ARAUTZEN DUENA.
HAIEK EDUKITZEKO ERREGULAZIOA

Xedea eta eremua

1. artikulua. Osasunaren eta segurtasunaren aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, etxeko animaliak dira gizon-emakumeek lagun egiteko izaten dituzten espezietakoak, gehienbat zakurrak.

3. artikulua. Carcarko udal mugapean aplikatuko da.

Identifikazioa eta zentsua

4. artikulua. Zakurren jabe edo edukitzaileek nahitaez izan beharko dute zakurraren osasun txartela, animaliek lau hilabete betetzen dituztenean.

Txartel horretan hurrengo identifikazio datu hauek sartuko dira: jabearen edo titularraren izen-abizenak, helbidea, animalia noiz txertatua den eta beharrezkotzat jotzen diren beste datuak.

5. artikulua. Animalia horien jabeak beharturik daude udal zentsuan inskribatzera. Bertan jasoko dira jabearen izen-abizenak eta helbidea, animaliaren espeziea, arraza eta sexua, eta ezarri zaion identifikazio sistema, dagokion zenbakiarekin.

Kontrolatzeko eta informatzeko beste helbururik ez dauka inskripzioak. Beraz, ez dakar beharkizun ekonomikorik.

6. artikulua. Animaliak hil edo galtzen badira, jabe edo edukitzaileek Udalari emanen diote horren berri, gertatzen denetik aste baten barrenean. Jabearen edo animaliaren helbide aldaketak hilabete bateko epean adieraz daitezke.

Animalia hiltzen denean, ez da utziko haren gorputza bide publikoan, ezta udal mugapeko orube edo lursailetan. Entitate eskudunari emanen zaio horren berri (kasu honetan Jurramendiko Mankomunitatea) behar den bezala kudea dezan, edo kudeatzaile baimendunari.

Txertaketa

7. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabeak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen txertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori.

8. artikulua. Amorruaren kontrako nahitaezko txertoa jartzea errazteko, Udalak txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, bai eta dagozkion tasak ere.

Erantzukizunak

9. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

10. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte, traba eta molestiarik egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, bere ardura izanen da beharrezkoak diren neurriak hartzea animaliek bideak eta eremu publikoak ez zikintzeko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunkaka edo zalapartaka hasten bada, berehalakoan hura isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean.

Zakurrak toki eta bide publikoetan

11. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txipik gabe ibiltzea.

12. artikulua. Zakurrak lotu gabe ibiltzea debeku da hirigune guztian eta ibilgailuak pasatzen diren errepide edo karriketan.

Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu zakurrak, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den uhala edo katea erabiliz.

13. artikulua. Zakurrak uhal edo katerik gabe ibil daitezke, pertsona arduradun batekin badoaz eta hirigunetik kanpora badaude.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aurreko 12. artikuluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

Kate edo uhalarekin lotuak joateko obligaziorik ez dute izanen artzakurrek, betiere beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

14. artikulua. Zakur deslaitzat hartuko dira identifikaziorik gabe egonik, aldean inor ez dutenak. Orobat, identifikatuta egonik, libre dabiltzanak aldean inor ez dutela.

Zakurrik edukitzen jarraitu nahi ez duenak ez du, inola ere, abandonatuko, eta horren berri eman beharko dio zakurtegiari.

15. artikulua. Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa udal mugape guztian.

16. artikulua. Debeku da zakurrak edo beste edozein animalia establezimendu edo garraio publikoetan sartzea, eta elikagaiak saldu edo kontsumitzekoetan, nahiz eta katearekin lotuta egon eta muturrekoa jarria izan edo pertsona arduratsuek eraman. Debeku hori ez da beteko ikusmen urriko lagun diren zakur gidariak badira.

17. artikulua. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea karrika, espaloi, pasealeku eta lorategietan eta hiriguneko erabilpen publikoko bertze edozein alderditan. Animaliaren ardura duenak gorozkiak jaso eta kendu beharko ditu eta bide publikoa garbitu ere bai. Horretarako gorozkiak jaso eta poltsa batera bilduko ditu, poltsa itxi eta utziko du paperontzi batean edo udal zerbitzuek ezarritako hondakinak biltzeko ontzietan.

18. artikulua. Okupatu gabeko etxebizitzetan animaliak edukitzea erabat galarazita dago. Debeku da, orobat, animalia horiek etxe azpiko lokaletan edo haietatik hurbil daudenetan edukitzea, auzoentzat nabarmen gogaikarri direnean.

19. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egoten ahal, betiere barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erasoak gertatuz gero egin beharrekoak

20. artikulua. Zakur batek hozka edo eraso egin dion pertsonak, berehala emanen die horren berri osasun agintariei. Jabea edo edukitzailea behartua dago zakurraren osasun txartela eta beste datu lagungarriak zauritutako pertsonari edo haren ordazkiriei eta datuak eskatzen dituzten osasun agintariei.

Pertsonei edo beste animaliei hozka egin dieten zakurrak behaketan jarriko dira, albaitaritzako zerbitzu ofizialek ezartzen dituzten denbora eta moduetan.

Haien zakurrek amorrua izan dezaketela uste duten jabe edo edukitzaileak behartuta daude horren berri Udalari ematea. Adierazten zaizkien jarraibideak bete beharko dituzte.

Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak

21. artikulua. Indarra duen legeriak arriskutsutzat hartzen dituen zakurrak izanez gero, dela ezaugarri morfologikoengatik, izaerakoengatik edo arriskutsu gerta daitezkeen arraza batekoak izateagatik (martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua. I-II. Eranskinak), jabeak nahitaez eduki behar du Udalak emandako administrazio lizentzia, horretarako gaitzen duena. Ziurtagiri bat ere izan beharko du, arriskutsu gerta daitezkeen animalien Udal erregistroan animalia inskribaturik dagoela egiaztatzen duena.

Arriskutsu gerta daitezkeen zakurren jabeak beharturik daude betetzera Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoa eta zentzu berean onets daitezkeen beste neurriak.

Aipatu Errege Dekretuaren I. Eranskinaren arabera, ondokoak gerta daitezke arriskutsu:

a) Pit Bull Terrierra.

b) Staffordshire Bull Terrierra.

c) American Staffordshire Terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

Arau-hausteak

22. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1.–Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

b) Animalia zentsatua ez izatea.

c) Arriskutsu izan daitezkeen zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo hederik gabe eramatea.

d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

e) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea, bai eta ikastetxeetan, osasun etxeetan, igerilekuetan eta lokal publikoetan oro har.

g) Arriskugarri gerta daitekeen animalia lotu gabe, edo muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

h) Eginez edo ez eginez, animaliei bide ematea erasotzeko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko, bertzenaz, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

i) Carcarko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

j) Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

k) Zakurrek basafaunari kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.

l) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

3.–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

23. artikulua. Zehapen prozedura Udalaren zerbitzuek abiarazten ahalko dute, edo edozein herritarrek edo entitatek eskaturik. Ustezko arau-hauste horiek salatzen dituztenek interesdun izaera izanen dute prozeduran.

24. artikulua. Pertsona natural edo juridiko orok Carcarko Udalaren aurrean salatzen ahalko du ordenantza honen arloan egindako arau-haustea bat, material grafikoa edo arau-hauste hori frogatzen duen zerbait aurkeztuz.

Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

–Arau-hauste arin eta larriak: alkateari.

–Arau-hauste oso larriak: Udalaren Osoko Bilkurari.

25. artikulua. Arau-hauste arinek 30etik 50 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek 60tik 100,00 eurora bitartekoa, eta oso larriek 150etik 200,00 eurora bitartekoa.

Xedapen iragankorra

Bakarra.–Arriskutsu gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

Azken xedapena

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1190 Foru Legea, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea, Zehapen prozedura arautzen duen azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretua, Zakurren identifikazioari buruzko azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua, Amorruaren aurkako txertaketa arautzen duen 1994ko irailaren 19ko Foru Agindua, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1314850