218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

428E/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Etaiuko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Etaiuko Udalak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Etaiuko Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Etaiuko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko apirilaren 30ean egindako txostenarekin hasi zen. 2013ko apirilaren 5eko askitasun txostenaren ondoren, Hirigintzako Udal Plana 2013ko ekainaren 21eko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri iragarkia paratuz 2013ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 8koan. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Etaiuko Udal Planean egindako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoa ukitzen dute. Eremuak 13,2 km² ditu eta Egaibarko eskualdean dago, San Gregorio mendiaren oinean.

Etaiuko planeamenduaren funtsezko helburuak dira jardueren garapen arrazoizkoa eta orekatua zehaztea lurraldean eta udalerriaren garapen jasangarria eta kohesionatua, gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren arloetan, azken xedea izanik udalerriko biztanleen bizi baldintzak hobetzea. Era berean, planeamendua eguneratu eta egokitzen da, 35/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera; izan ere, hirigintza arloko legediari egokitzen da, hirigintzako determinazioen azterketa zehatzagoa eta lurzoru urbanizaezinaren erregulazioa erantsi baitira 1979tik aurrera indarra izan duen hirigintzako araudira.

Etaiuko lurraldea okupatzeko ereduan, landa hirigune konpaktu bat eratzen da San Gregorio mendiko ipar magalean, eta, halaber, Leartzako jaurerria.

Bizitegitarako lurzoruaren handipenak egungo hirigunearen kanpoaldean planteatzen dira, mendebalde, iparralde eta ekialdeko uztaian, egungo bilbearen osagarri. Mendebaldeko muturrean, larrainen aldean, Udalaren jabetzako lurzati bat gordetzen da ekipamendurako. Iparraldean, elizaren ondoan, eraikuntzak mugatzen dira, behatoki horretako ikuspegiak gordetzeko; hartara, hiri lurzorutik kanpo gelditzen da errepideraino doan eremu arboladuna; hori garapen eredua zaintzeko lurzorua izatera pasako da.

Antolamendurako proposamenean, 41 etxebizitza aurreikusten dira guztira hiri lurzoru finkatu gabean edo urbanizagarrian, eta horretaz gain, hiri lurzoru finkatuko orubeak. Hori askiesten da Etaiuko egungo eta etorkizuneko premietarako, planak indarra duen bitartean. Justifikazioa da lurzoru urbanizatua prestatzea, egungo bilbea osatzea eta denboran iraunen duen hirigintzako agiri bat izatea.

Leartzako jaurerrian, planak egungo eraikuntzak finkatzen ditu, eta eraikitzeko baimena ematen du zehaztutako hiri lurzoruaren perimetroaren barruan, etxebizitza kopurua eta eraikigarritasuna mugatuz, baldin eta baldintza egokiak bermatzen badira ur hornidurarako eta hondakin urak husteko.

Industriako erabilerei dagokienez, planean irizten da ezen, eskaririk ez dagoenez gero, ez dela justifikatzen eremu zehatz bat ezartzea. Nolanahi ere, hirigintzako araudian erregulatuta dago bizitegitarako eraikuntzetan artisautzako jarduerak, lantegiak eta biltegiak edukitzeko aukera.

Hirigintzako planaren helburuak lurralde eremuaren gainean, batik bat, intereseko lurralde eremu bakoitza babestea da, kontuan izanda paisaiaren, naturaren, ingurumenaren edo nekazaritzaren arloko balioak, edota historikoak, artistikoak, zientifikoak edo kulturalak, eta horretarako, babes araubide bat ezartzea, balio horiei eustearekin bateragarria. Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioaren bitartez, intereseko habitatak erregulatzen dira beren ingurumeneko balioa dela-eta. Haien artean, artadiak (9340), ipurudiak (5210), Mediterraneoko sastrakak (4090), sastraka gipsofiloak (1520) eta larreak (6220) nabarmentzen dira. Orobat, Leartzako erkametzak (monumentu natural deklaratuak), oihan lurzorua eta ibai sistema sartzen dira.

Balio kulturala dela eta, aintzat hartzen dira “Peña del Cuarto” aztarnategi arkeologikoa eta San Kristobal ermitaren ingurunea. Haren irudia eta ikuspegia gorde beharrekoak dira, erreferente bat baita kulturaren eta paisaiaren aldetik, eta behatoki gisa potentziala baitauka Egaibarren, Berrotzaren, Odrongo ibarraren eta Kodesko eta Lokizko mendizerren atzealde eszenikoen gainean.

Nekazaritzako erabilerako lurzoruari dagokionez, eta LAP-4 zuzenean aplikatzearen ondorioz nekazaritzarako emankortasun handiko lurretan, udalerriaren ipar-ekialdean babeserako lurzoru eremu bat mugatu da, haren balio edafologikoa dela eta; udalerriko gainerako nekazaritzako lurzoruak, berriz, gorde beharreko kategorian gelditu dira.

Azpiegiturei dagokienez, hornidurakoak zein saneamendukoak izan, nahikoak badira ere aurreikusitako eskariari eusteko, lurzoru urbanizagarrien kasuan, beste adar bat beharko da hobi septikoraino. Planaren barruan dago udalerriaren zonifikazio akustikoa.

Ingurumen ondorioen azterlanak ingurune biofisikoaren deskribapen bat ekartzen du, baita planak garatzen dituen proposamenen ondoriozko ingurumeneko ukipenen balorazioa ere. Ingurune biofisikoaren azterketa ingurune unitateak identifikatuz egiten da, LAP 4 planean ezarritako irizpideen arabera.

Irizten da lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioak bermatzen dituela udalerriaren balioak ingurumenaren, paisaiaren, nekazaritzaren eta kulturaren aldetik. Hidrologiaren, landareriaren, faunaren, interes ekologikoko eremuen, paisaien eta ondare historiko eta kulturaren gaineko ukipenei dagokienez, bateragarritzat jotzen dira. Hain zuzen, hirigunea zabaltzeari landa lurzorua eranstearen ondoriozko ukipenek hektarea erdiko azalera bati eragiten dio, eta batez ere nekazaritzarako erabiltzen diren ondoko lurretan programatzen da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Etaiuko Udal Plan Orokorrari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Etaiuko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza gisa, lurzoru urbanizaezina ondoko azpikategoria hauetan berrikusi beharko da:

–Ibai sistema. Udalerriko ibilguetan uholdeak izateko arriskuari buruzko azterlanik ez dagoenez eta gehienak erretenak eta drainatzeak direnez, ezin da zehaztu zein den urak hartzen duen zelaia 10 urteko errepikatze-denbora baterako, azpikategoria hori aplikazio eremu gisa.

–Garapen eredua zaintzeko lurzoruaren kategorian, elizaren eta errepidearen arteko eremu arboladuna ukitzen duen horretan, antolamenduko irizpideak izanen dira berdegune gisako ezaugarriei eustea, hirigunearen profila hautematen laguntzen baitu.

–Natura aldetik ustiatzeko gorde beharreko lurzorua. Etaiuko udalerrian kategoria horren lurralde eremua lehorreko laboreei dagokie soilik, ez baita nekazaritzako erabilera duen belardirik edo larrerik identifikatu.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Etaiuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1314401