218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

349/2013 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez arauak ezarri ziren nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Nafarroak, bere foru araubideari esker dituen eskumenen artean, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko arauak ezarri ziren, eta 2008ko laguntzarako deialdia onetsi zen. Foru agindua 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an.

Arau hori Europako Batzordeari jakinarazi zitzaion eta, alde horretatik, Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, 2008ko irailaren 1ean jakinarazia eta XA332/2008 zenbakiarekin erregistratua; haren bidez, Espainiako agintariek Batzordeari jakinarazten diote goian aipatutako laguntza araubidea, eta bertan ezartzen da arauaren indarraldia 2013ko abenduaren 31n bukatuko dela.

Urte horietan urtero egin dira kooperatibei laguntzeko deialdiak enpresak kudeatzeko planetarako; sektoreak guztiz onartu ditu, ezagututa zein den haiek tramitatu eta kudeatzeko sistema.

Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartutako erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion 2013ko ekitaldiari egozteko gastu konpromiso berriak hartzeko, 52.440,00 eurokoak, nekazaritzako kooperatibei laguntzak emateko enpresak kudeatzeko planetarako, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 9ko 2/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan eta urriaren 18ko 701/2012 Foru Aginduaren 1.d) atalean xedatutakoari jarraituz.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak aldez aurretik diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude. Foru lege horretan ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta Europar Batasuneko araudiak aurreikusirik duenez laguntza araubide hauek 2013ko abenduaren 31ra arte izanen dutela indarra, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako kooperatibei enpresak kudeatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia onestea 2013ko ekitaldirako.

Edonola ere, Gobernuaren Erabakia berandu onesteaz gain, laguntzaren gaineko araudiak ezartzen du eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen dela urteko deialdia argitaratzen denetik hasita; hori dela eta, aurreikusten da 2013ko laguntzen deialdia urteko azken hiruhilekoan hasiko dela eta, horrenbestez, premiazkoa da kudeatzeko epeak laburtzea nahitaez. Laburtze horrek zuzenean eragiten die laguntzen eskaerak aurkezteko epeei; hori dela eta, aurreikusten da epea hiru hilabetetatik 15 egun naturaletara murriztuko dela, urteko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Horrenbestez, aurrekontua gauzatzeko epeetara egokitu beharrak eta laguntzaren arauan aurreikusitakoa errespetatu beharrak ekartzen dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduaren eranskinaren 9.1 artikulua aldatzea, eskaerak aurkezteko epeari dagokionez, eta, horrenbestez, araua bera aldatzea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 27an emandako 355/2008 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez nekazaritzako kooperatibei laguntzak emateko arauak ezarri ziren enpresak kudeatzeko planetarako.

Aldatu egiten da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduaren eranskinaren 9.1 artikulua, honela idatzita utzi baita:

“Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, urteko deialdia argitaratzen denetik hasita.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urriaren 8an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1314361