218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2013 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Ekintzaileei Laguntzeko eta haien Nazioartekotzeari buruzko irailaren 27ko 14/2013 Legeak hainbat neurri fiskal ditu II. tituluan ekintzaileari laguntzeko Gizarte Segurantzaren arloan.

Zehazki, enpresen likidezia arazoak eta kreditua lortzekoak arintzeko, kutxa-irizpidearen araubide berezi bat sortu da balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan.

Araubide berezi horri heltzeko aukera jasotzen du balio erantsiaren gaineko zergaren sistema erkideari buruzko Kontseiluaren 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren 167.bis artikuluak; agindu hori 2013ko urtarrilaren 1etik ari da aplikatzen.

Europako erkidegoaren erregulazio berriak bide ematen die estatu kideei aukerako araubide bat, kutxa biko irizpide gisa ezagutzen dena, ezartzeko 2.000.000 euroko eragiketa-bolumena gainditzen ez duten subjektu pasiboentzat; araubide horri jarraituz, zergaren subjektu pasiboek sorrarazpena atzeratzen duen sistema bat aukera dezakete eta, beraz, jasanarazitako BEZaren aitorpena eta diru-sarrera ere haien merkataritzako eragiketa gehienetan bezeroei kobrantza osoa edo zati batena egin arte, azken eguna eragiketa horiek egin eta hurrengo urteko abenduaren 31 izanik.

Dena dela, merkataritzako betebeharrak atzeratzera bultza dezaketen egoerak galaraztearren, Europako araudiak ezarrita du subjektu pasiboei modu berean atzeratuko zaiela eskurapenetan jasandako BEZaren kenkaria, harik eta hornitzaileei ordaindu arte, eta, orobat, eragiketak egin eta hurrengo urteko abenduaren 31 dute azken eguna.

Subjektu pasiboaren aukerako araubide berezi berriaren ondorioz hura eragiketa guztiei aplikatuko zaie, zenbait salbuespenekin, hala nola, Europako erkidego barreneko eragiketei eta zergaren beste araubide berezi batzuen menpe daudenei.

Azkenik, jasanarazitako kuotak sorraraztea eta haien kenkaria egitea aurreikusita daude araubide bereziaren xedeko eragiketei dagokienez, sorrarazteko edo kenkaria egiteko zain badaude hartzekodunen konkurtsoaren kasuan eta kreditu kobraezinengatiko zerga-oinarriaren aldaketaren kasuan.

Adierazitakoarekin bat, beharrezkoa da Foru Komunitateak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeari dagozkion aginduak balio erantsiaren gaineko zergari buruzko araudiak araubide erkidean izan duen aldaketara egokitzea.

Aipatu legegintzarako eskuordetza baliatuz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu bidez ematen da 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar den araua, 14/2004 Foru Legearen aipatu 54.1 artikuluari jarraituz.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta bi mila eta hamahiruko urriaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:

Bat. 65.1. artikulua, 9. zenbakia gehitzea.

“9. Kutxa-irizpidearen araubide berezia”.

Bi. X. kapitulua gehitzea VIII. tituluari.

“X. KAPITULUA

Kutxa-irizpidearen araubide berezia

108. decies artikulua. Aplikazioko baldintza subjektiboak.

1. Aurreko urte naturalean 2.000.000 euroko eragiketa-bolumena gainditu ez duten zergaren subjektu pasiboek aplikatzen ahalko dute kutxa-irizpidearen araubide berezia.

2. Subjektu pasiboak aurreko urte naturalean hasi dituenean enpresa edo lanbide jarduerak, eragiketa-bolumenaren zenbatekoa urtebetekotzat jo beharko da.

3. Subjektu pasiboak aurreko urte naturalean hasi ez dituenean enpresa edo lanbide jarduerak, abian den urte naturalean aplikatzen ahalko du araubide berezi hau.

4. Subjektu pasiboak egindako eragiketen bolumena, aurreko ataletan aipatua, zehaztearren, eragiketak egindakotzat joko dira balio erantsiaren gaineko zerga sorrarazi denean edo sorrarazi bada, noiz eta eragiketei kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu ez zaienean.

5. Urte naturalean hartzaile bat berari buruzko eskudirutako kobrantzak erregelamenduz erabakiko den zenbatekoa gainditzen duenean, subjektu pasiboak kutxa araubidetik baztertuko dira.

108. undecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten subjektu pasiboek aplikatzen ahalko dute kutxa-irizpidearen araubide berezia, baldin erregelamenduz ezarritako moduan hura aplikatzea aukeratzen badute. Aukera luzatutzat joko da, non ez zaion uko egiten. Ukazioa erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera eginen da. Uko egite horrek hiru urteko balioa izanen du, gutxienez ere.

108. duodecies artikulua. Aplikazioko baldintza objektiboak.

1. 108 decies artikuluan aipatzen diren subjektu pasiboek aplikatzen ahalko diete kutxa-irizpidearen araubide berezia zerga aplikatzen den lurraldean egindakotzat jotzen diren eragiketei.

Subjektu pasiboak egindako eragiketa guztiei buruzkoa izanen da kutxa-irizpidearen araubide berezia, artikulu honen hurrengo atalean ezarritakoa galarazi gabe.

2. Hurrengo eragiketak daude kutxa-irizpidearen araubide berezitik baztertuta:

a) Araubide berezien babesekoak: erraztua, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzarena, baliokidetasun-errekarguarena, inbertsioko urrearena, bide elektronikoz egindako zerbitzuei aplikatzekoa eta entitate multzoarena.

b) 18, 19, 20, 21 eta 22. artikuluetan aipatzen diren ondasun entrega salbuetsiak.

c) Europako erkidego barreneko ondasun eskurapenak.

d) 31.1 artikuluko 2., 3. eta 4. zenbakien araberako eragiketaren xedeko enpresaburua edo profesionala denean zergaren subjektu pasiboa.

e) Inportazioak eta inportazioekin parekatutako eragiketak.

f) 9.1. eta 12. artikuluetan aipatzen direnak.

108. terdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren edukia.

1. Araubide bereziaren aplikazioaren xedeko eragiketetan, prezioaren guztirako kobrantza osoa edo zati batena egiten den unean sorraraziko da zerga, haietan benetan jasotako zenbatekoengatik edo, kobratu ez bada, eragiketa egin eta hurrengo urteko abenduaren 31n sorraraziko da.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezio osoa edo zati batena noiz kobratu den frogatu beharko da.

2. Araubide berezi honen aplikazioaren xedeko eragiketetan, faktura egin eta ematen den unean izanen du zergak bere eragina, baina eragiketa sorrarazten den unean egiten dela ulertuko da, aurreko atalean xedatutakoaren arabera.

3. Araubide berezi honen aplikazioaren xedeko subjektu pasiboek kenkariak izaten ahalko dituzte VII. tituluan ezarritako moduan, berezitasun hauekin:

a) Araubide berezi honen babeseko subjektu pasiboek jasandako kuotetan kenkariak egiteko eskubidea prezioaren ordainketa osoa edo zati batena egiten den unean sortzen da, haietan benetan ordaindutako zenbatekoengatik edo, ordaindu ez bada, eragiketa egin eta hurrengo urteko abenduaren 31n.

Noiz gertatzen ere den zergapeko egintza, aurrekoa aplikatu eginen da.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezio osoa edo zati batena noiz ordaindu den frogatu beharko da.

b) Zer likidazio alditan sortu den jasandako kuoten kenkarirako eskubidea, hari edo hurrengoei buruzko aitorpen-likidazioan erabiltzen ahalko da kenkarirako eskubidea, baldin eta ez bada lau urteko epea iragan, aipatu eskubidea sortu zenetik.

c) Titularrak aurreko letran ezarritako epean erabili ez badu, jasandako kuoten kenkarirako eskubidea iraungiko da.

4. Erregelamenduz zehaztuko dira araubide berezi hau aplikatzen duten subjektu pasiboen betebehar formalak.

108. quaterdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziari uko egitearen edo hartatik baztertzearen ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren aplikazioari uko egin edo hartatik baztertuta, hark erregulatutako arauei eutsiko zaie haren indarraldian egindako eragiketei dagokienez, aurreko artikuluan adierazitako moduan.

108. quinquiesdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziak ukitutako eragiketak.

1. Kutxa-irizpidearen araubide berezitik kanpoko baina haren barreneko eragiketen hartzaile diren subjektu pasiboen kenkarirako eskubidea, eragiketa horiek jasandako kuotei dagokienez, haien prezio osoa edo zati bat ordaintzen den unean sortuko da, benetan ordaindutako zenbatekoengatik edo, ordainketa egin ez bada, eragiketa egin eta hurrengo urteko abenduaren 31n.

Noiz gertatzen ere den zergapeko egintza, aurrekoa aplikatu eginen da.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezio osoa edo zati batena noiz ordaindu den frogatu beharko da.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziak ukitutako eragiketen hartzaile diren subjektu pasiboen betebeharrak erregelamenduaren arabera zehaztuko dira.

2. Kutxa-irizpidearen araubide berezitik kanpoko subjektu pasiboek 28.4 artikuluan aipatu zerga-oinarriaren aldaketa eginez gero, araubide berezi horren babeseko subjektu pasibo zordunak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortuko da, aipatu zerga-oinarriaren aldaketa egiten den egunean kenkaria egin gabe duten aldatutako eragiketei dagokienez.

108. sexies artikulua. Konkurtso deklarazioaren autoaren ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren babeseko subjektu pasiboaren edo eragiketen hartzailea den subjektu pasiboaren konkurtso deklarazioak ondorio hauek ekarriko ditu haren autoaren datan:

a) Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren babeseko subjektu pasiboak jasanarazitako kuotak sorraraziko dira, data horretan sorrarazteko zain badaude;

b) Subjektu pasiboak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortuko da, eragiketen hartzaile izan bada, kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu bazaie, ordaintzeko zain badaude eta, data horretan, 108 terdecies.3.a) artikuluan aurreikusitako epea iragan ez bada;

c) Konkurtsoko eta kutxa-irizpidearen araubide bereziaren babesean den subjektu pasiboak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortuko da, hartzaile izan den araubide berezi horretatik kanpoko eragiketei dagokienez, ordaintzeko zain badaude eta, data horretan, 108 terdecies.3.a) artikuluan aurreikusitako epea iragan ez bada.

Konkurtsoan den subjektu pasiboak sorrarazitako kuotak aitortu beharko ditu eta aurreko lerroaldeetan aipatu jasandako kuoten kenkaria egin erregelamenduz aurreikusitako aitorpen-likidazioan, konkurtso deklarazioaren aurreko zergapeko egintzei dagokienez. Orobat, data horretan kenkaria egiteko zain dauden gainerako jasandako kuotak aitortu beharko ditu subjektu pasiboak aitorpen-likidazio horretan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2013ko urriaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1315147