174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Artaxoako (Nafarroa) San Saturnino eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Artaxoako San Saturnino eliza izeneko higiezina monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez (1931ko ekainaren 4ko Kazeta).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak apirilaren 8an emandako 108/2013 Ebazpenaren bidez, Artaxoako San Saturnino eliza izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Artaxoako (Nafarroa) San Saturnino eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Artaxoako San Saturnino elizaren babes inguruneak Artaxoako udalerriko 1. poligonoko 1391., 1389., 1390., 1392., 1398., 1403., 1493., 1494. eta 1495. lurzatiak hartzen ditu, baita lurzati horien arteko bideei dagokien eremua ere.

Monumentu honen inguruan, 1391. lurzatian izan ezik –hantxe monumentua bera dago eta berariazko babesa du–, babes maila Artaxoako harresiaren babeserako plan bereziaren determinazioetan ezarritakoa izanen da. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312143