174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

2013-2014 ikasturtean Noain Elortzibarko udal mugapetik
kanpora euskarazko eskolak ematen dituzten ikastetxe publikoetarako eskola garraiorako diru-laguntza izenduna
arautzen duen deialdia eta haren oinarriak

Noain Elortzibarko Udalak, 2013ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen onestea 2013-2014 ikasturtean Noain Elortzibarko udal mugapetik kanpora euskarazko eskolak ematen dituzten ikastetxeetarako eskola garraiorako diru-laguntza izenduna arautzen duen deialdia eta haren oinarriak.

2013-2014 ikasturtean Noain Elortzibarko udal mugapetik kanpora euskarazko eskolak ematen dituzten ikastetxe publikoetarako eskola garraiorako diru-laguntza izenduna arautzen duen deialdia eta haren oinarriak.

Noain Elortzibarko Udalak aditzera ematen du ezen, Alkatetzak 2013ko uztailean eman ebazpenaren bidez, onetsi direla 2013-2014 ikasturtean Noain Elortzibarko udal mugapetik kanpora D ereduko eskolak ematen dituzten ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailak ikasten dituzten ikasleen eskola garraiorako diru-laguntza izenduna arautzen duen deialdiaren oinarriak.

Deialdi honetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta haren Erregelamenduari lotuko zaie.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, deialdi hau onetsi da 2013ko udal aurrekontua betearazteko oinarrien ingurumarian.

1.–Justifikazioa.

Deialdi honen xede diren laguntzak arrazoiturik daude, Noain Elortzibarko udal mugapean dauden ikastetxe publikoek ez baitute D eredurik eskaintzen Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetan; horren ondorioz, beren seme-alabak eredu horretan matrikulatu nahi dituzten aita-amak beharturik daude horiek bertze udalerri batzuetan matrikulatzera, bereziki Iruñean, eta horrek garraioan diru gehiago gastatzea dakar.

2.–Aurrekontua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aurrekontuetan, 9.092,83 euro esleituko zaio, gehienez ere, deialdi honi, aurrekontuaren kontu-sail honen kargura erabiltzen ahalko direnak: 0/425/48001. Euskarazko eskola autobuserako diru-laguntza, 2013ko ekitaldiko udal aurrekontukoa.

Onuradun bakoitzari gehienez ere eman beharreko zenbatekoa hainbanatuko da eskatzaile kopuruaren eta bakoitzarendako aurreikusitako gastuaren arabera, muga izanik eskaerarekin batean aurkeztutako datuetatik heldu dena, eta aurrekontuko kontu-sailaren zenbatekoa gainditu ahal izan gabe.

3.–Diru-laguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

Diru-laguntza eskatu ahal izateko, baldintza orokorrak bete behar dira eta ez egon indarra duen legeriak debekurako ezartzen dituen arrazoietan; horrez landa, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Noain Elortzibarren erroldaturiko familia-unitatea eratzea eskaerak aurkezteko epea bukatu aitzin.

2. Seme-alaba bat edo gehiago matrikulaturik izatea 2013-2014 ikasturtean Foru Komunitatean D eredua ematen duten ikastetxe publikoetariko batean, ondoko maila hauetariko batean:

a) Lehen Hezkuntzako 4. maila.

b) Lehen Hezkuntzako 5. maila.

c) Lehen Hezkuntzako 6. maila.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek osatuko dute familia-unitatea:

a) Senar-emazteek eta arestiko paragrafoan aipaturiko ikastetxeetan matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

b) Berariazko legeriaren araberako bikote egonkorrak eta arestiko paragrafoan aipaturiko ikastetxeetan matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta arestiko paragrafoan aipaturiko ikastetxeetan matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

4.–Diru-laguntza eskatzeko espedienteak bideratzeko eta ebazteko eskumena.

Espedienteak bideratzea Noain Elortzibarko Udaleko Zerbitzu Orokorren Alorraren eskumena da, eta haien ebazpena, berriz, Alkatetzarena, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 10.4 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.s artikuluan xedatuari jarraikiz. Gauza bera da deialdiaren onespena.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak egin behar dira, deialdi honi erantsitako eredu normalizatuan, eta eskatzaileak sinatu behar du.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horren barnean, interesdunek deialdi honen zazpigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu behar dituzte beren eskaerak.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

Eskaera aurkezteak baimena ematen dio Noain Elortzibarko Udalari, bidezkotzat jotzen dituen jardueren bitartez egiaztatzeko eskatzaileek emandako informazioa zuzena den, ea eskatutako baldintzak betetzen diren kasu horretan eta onuradunak laguntza jasotzeagatik dituen betebeharrak betetzen dituen.

Eskaerak Noain Elortzibarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Foruen plaza, 3; 31110 Noain), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

6.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazteko eta jakinarazteko epea hilabete izanen da gehienez, diru-laguntza eskaerak aurkezteko azken egun baliodunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

7.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaerak, deialdi honekin batera heldu den ereduaren arabera konpliturik eta beterik, tributu eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatearen ziurtagiriak izanen ditu.

2. Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, haren egiaztagiriak.

3. Eskaera zer adingaberendako aurkeztu den, bakoitzaren matrikularen fotokopia, hura Lehen Hezkuntzako 4, 5 edo 6. mailakoa bada, 2013-2014 ikasturtekoa eta D eredukoa.

4. Eskola garraioaren aurrekontua, diruz lagundu beharreko zenbatekoa frogatzen duena, ikasturterako urteko kostuari dagokiona, 2013-2014 ikasturtean ikastetxeak dituen eskola egunen gainean kalkulatua gehienez ere egunean 15 km egiteko.

Eskaerak ez badu eskola egunen kopurua zehazten eta hura beharrezkoa baldin bada diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 175 balira bezala jokatuko da.

Aurrekontua halako garraio modu kolektibo, publiko nahiz pribatu bati badagokio, ikasle bakoitzaren arabera xehakatuko da.

Eskatzaileak deklaratzen baldin badu ibilgailu partikularra erabiltzen duela adingabeak ikastetxera eramateko, diru-laguntza banaka erabakiko da, interesdunarendako, garraiatu beharreko bidaiariak zenbanahi direla, 0,30 euro/km emanda eta gehienez ere 15 km izanik egunean.

Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela udalerriarekiko zerga betebeharrak eta erroldaturik dagoela.

8.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Laguntza emateari buruzko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari eta banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean xedatuari jarraikiz.

9.–Bateragarritasuna bertze diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honen diru-laguntza bateragarria da bertze edozein administrazio edo entitatek helburu bererako ematen dituzten diru-laguntzekin, muga izanik ondoko paragrafoak dioena.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du inoiz gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

10.–Ordainketa.

Aitortutako diru-laguntza urtean bi ordainketa eginez pagatuko da, lehenbizikoa emateari buruzko ebazpenarekin batera, eta bigarrena 2014ko urtarrilaren 31 baino lehenago.

Erranak erran, Noain Elortzibarko Udalak noiznahi eskatzen ahalko die onuradunei, diru-laguntza zertarako eman den, haren zenbatekoa egiazki hartarakoxe erabili dela frogatzeko, ordainagiriak, fakturak edo beharrezkotzat jotzen diren bertzelako gordekinak aurkeztuz, horretan barne dela ikasturtea hasierako ikastetxean edo ezaugarri berdintsuak dituen bertze batean segitzen delako ziurtagiria; hala izanez gero, kontuak ez du eraginik izanen aintzat hartzen den gehieneko kilometrajearen gainean.

11.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bertzenaz, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Noain Elortzibarren, 2013ko abuztuaren 8an.–Jarduneko alkatea, Sebastián Marco Zaratiegui.

2013-2014 ikasturtean Noain Elortzibarko udal mugapetik kanpora euskarazko eskolak ematen dituzten ikastetxe publikoetarako eskola garraiorako diru-laguntzaren eskaera

Eskatzailearen datuak.

NANa

Lehen deitura

Bigarren deitura

Izena

Helbidea

Noain (Elortzibar)

Familia-unitatearen datuak.

LEHEN DEITURA

BIGARREN
DEITURA

IZENA

N.A.N.

JAIOTEGUNA

Matrikulazioko ikastetxeko datuak.

Izena:

Helbidea:

Herria:

Erabili beharreko garraiobidea.

Garraiobidea:

Publikoa: Taxia / Autobusa / Partikularra

Aurrekontua:

..................... euro / egun kopurua ........... / Km ...................

Adingabe kopurua

Erantzukizunez aitortzen dut.

Ez dudala diru-laguntzei buruzko legerian aurreikusitako debekurik, eta eguneratuak ditudala nire zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdiaren 3. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen ditudala.

Aitzineko datu guztiak egiazkoak direla eta orobat egiazkoa aurkezten dudan dokumentazio guztia, eta jakinaren gainean nagoela horiek ezkutatzea edo faltsutzea espedientea bertan behera uzteko arrazoi aski dela, kasu bakoitzean bidezko diren gainerako ekintzak aparte utzirik.

Noain Elortzibarko Udalari baimen berariazkoa ematen diodala aurkeztutako datuak egiaztatzeko.

Noain Elortzibarren, 2013ko ..................aren .......................(e)(a)n.

Stua.: ...........................

Datuen babesa: Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa bete beharrez, aditzera ematen zaizu ezen emandako datu pertsonalak Noain Elortzibarko Udalaren Gizarte Prestazioen fitxategian sartuko direla, zer administrazio prozeduratarako eskatu diren, haren tramitazioa kudeatzeko. Datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko Erregistro Orokorrera jo beharko da (Foruen Plaza, 3, 31110 Noain).

Iragarkiaren kodea: L1311427