174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Arga ibaiko Garesko zubia (Gares, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Arga ibaiko Garesko zubia izeneko higiezina monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez (1931ko ekainaren 4ko Kazeta).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 77/2013 Ebazpenaren bidez, Arga ibaiko Garesko zubia izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu zen, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki.

Ebazpena 2013ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Arga ibaiko Garesko zubia (Gares, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Arga ibaiko Garesko zubiaren babes inguruneak lur hauek hartzen ditu: 3. poligonoko 43., 44. eta 45. lurzatiak; 3. poligonoko 60. lurzatiaren puska bat, errepidearen kanpoko mugatik ibaira arte; 1. poligonoko 245. lurzatia; 2. poligonoko 112., 113., 114., 115. eta 576. lurzatiak; 2. poligonoko 253. lurzatiaren fatxada 112. lurzatira eta 576. lurzatira; 1. poligonoko 246., 247., 248., 249., 250., 251., 252. eta 253. lurzatietan ibai aldera jotzen duten fatxadak; lurzati horietan eraiki gabe dauden eremuak ibai aldera; 254. lurzatiaren puska bat lurzati horien eta ibaiaren artekoa; ibai alderanzko ezponda, 2. poligonoko 576. lurzatitik 1. poligonoko 254. lurzatiraino; eta, orobat, lurzati horien artean dauden bideei dagokien eremua. Lur horiek guztiak Garesko udalerrikoak dira.

Monumentu honen inguruan, zubian berean izan ezik –berariazko babesa baitu–, babes maila Garesko Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ren determinazioetan ezarritakoa izanen da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren abuztuaren 26ko 208/2004 Ebazpenaren bidez txostena emanda. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312148