174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Magdalena eliza (Tutera, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Magdalena eliza izeneko higiezina (Tutera) monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1983ko abenduaren 28ko Dekretuaren bidez (1984ko martxoaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak apirilaren 3an emandako 95/2013 Ebazpenaren bidez, Tuterako Magdalena eliza izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Magdalena eliza (Tutera, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Magdalena eliza (Tutera) izeneko higiezinaren babes inguruneak honako lur hauek hartzen ditu barnean: 267. lurzatia, 81., 82. eta 384. lurzatiek Caldederos kalera dituzten fatxadak, 83. lurzatiak Ruiz de Conejares kalera dituenak, 723., 724., 725., 726., 727. eta 728. lurzatiek Portal kalera dituztenak, eta 1405., 320. eta 1669. lurzatiek Fosal kalera dituztenak, horiek denak Tuterako 5. poligonoan, eta Caldereros, Ruiz de Conejares, Fosal eta Portal kaleek lurzati horien artean dituzten eremuak.

Monumentu honen inguruan, 267. lurzatian izan ezik –hantxe monumentua bera dago eta berariazko babesa du–, babes maila Tuterako Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ren determinazioetan ezarritakoa izanen da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak maiatzaren 20ko 212/2011 Ebazpenaren bidez txostena emanda. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312146